134. ALDIZKARIA - 2007ko urriaren 26a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ARAS

Arasko herrian eraikinak eraiki eta zaharberritzeko laguntzak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

2007ko 14. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu baitzen, urtarrilaren 31n, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako epea iraganik, eta inork erreklamaziorik aurkeztu ez duenez, Udalak, 2007ko maiatzaren 10ean egin osoko bilkuran, eta han zirenak bat etorrita, erabaki zuen behin betikoz onestea Arasko herrian eraikinak eraiki eta zaharberritzeko laguntzak arautzen dituen ordenantza. Hona hemen, hitzez hitz:

Xedea

1. artikulua. Ordenantza honen xedea Arasko herrian eraikinak eraiki eta zaharberritzeko laguntzak arautzea da, azken urteotako despopulazioaren aurkako neurri gisa eta Arasko herriguneko etxebizitzen etengabeko hondatzea galarazteko.

Jarduketa babesgarriak

2. artikulua. Arasko Udalak laguntzak emanen dizkie erroldatze baldintzak betetzen dituzten biztanleei, aurrekontuko mugen barrenean, etxebizitzen zaharberritze, birgaitze, sendotze edo eraikitze lanak egiten badituzte eta egungo ustiapen osagarrietan handitze, hobetze edo obra berrien lanak egiten badituzte eta baita botatzeagatik ere.

Laguntzak jasotzeko hurrengo artikuluetan azaltzen diren baldintzak bete beharko dira.

Onuradunek bete beharreko baldintzak

3. artikulua. Laguntza jasotzeko hurrengo baldintzak bete beharko dira:

A.-Arasko udal erroldan gutxieneko antzinatasunaren justifikazioa: hiru urte laguntza eskatzen den egunetik kontatzen hasita.

B.-Eskatzailea lanen sustatzailea izatea eta Udal honek ezarritako zergak eguneratuta edukitzea.

C.-Lanak egin behar diren etxearen jabea dela justifikatzea.

Dokumentazioa

4. artikulua. Laguntza jasotzeko eskatzaileak hurrengo agiriak aurkeztu beharko ditu:

A.-Laguntza eskaera.

B.-Beharrezkoak diren udal baimenak.

C.-Agiri teknikoak: eginen diren lanen arabera, ikus-onetsitako proiektua, memoria baloratua, obra bukaerako ziurtagiria, egindako inbertsioa justifikatzen duten fakturak edo Udalaren oniritzia, kasua bada.

D.-Udal Plan Orokorrean eskatutako gainerako dokumentazio osagarria.

E.-Instalazio, eraikuntza eta obren gaineko zerga eta dagokion tasen ordainketaren ziurtagiria.

F.-Aurreko artikuluan ezarritako baldintzen betearazpenaren akreditazioa.

Bazterketak

5. artikulua. Honako hauek ez dute laguntzarik jasotzen ahalko:

A.-Jabeak ekarritako materialak, dokumentatutako eta normalizatutako justifikazioa ez baldin badute.

B.-Etxe berria egiteagatik laguntza jaso dutenek ezingo dute, hamar urteko epean, zaharberritzeko, birgaitzeko edo eraberritzeko laguntzarik eskatu.

Laguntzen zenbatekoa

6. artikulua. Justifikatutako inbertsioaren gainean, laguntzen zenbatekoa hau izanen da:

Zaharberritze, birgaitze, sendotze edo eraikitze lanak egiteagatik eta egungo ustiapen osagarrietan handitze, hobetze edo obra berrien lanak egiteagatik eta baita botatzeagatik ere, inbertsioa sei mila euro (6.000 euro) baino gehiagokoa bada, EIOZaren %50 eta %100 bitarteko laguntza emanen da.

Ekonomia ekitaldiren batean aurrekontuko kontusaila nahikoa ez bada Ordenantza honetan aurreikusitako zenbatekoetan aurkeztutako eskaerei aurre egiteko, emandako laguntzen zenbatekoa egokitu eginen da, aipatu ekitaldiko aurrekontuan aurreikusitako zenbatekoa eskaeren artean proportzionalki banatuta.

Aurreko paragrafoan aurreikusitako kasua gertatzen bada, Udalak aurrekontuko kontusaila handitu ahalko du egoki iruditzen zaion zenbatekoan, beharrezkoa dela baderitzo eta egoera ekonomikoa egokia bada.

Laguntzak aintzatesteko baldintzak

7. artikulua. Aurreko artikuluetan eskatutakoaz gain, laguntzak izapidetzeko eskabidea aurkeztu beharko da Udalera, inbertsioa bukatutako urtearen barruan edo hurrengo urteko abenduaren 31 baino lehen. Honako agiri hauek aurkeztu beharko dira eskabidearekin batera:

A.-Eskabidea.

B.-Ordenantza honen 4. artikuluan ezarritakoa.

C.-Ordenantza honen bidez diruz laguntzen diren jarduketa guztiek hirigintzako lizentzia izan beharko dute aldez aurretik.

D.-Legeak ezartzen duenetan, etxea lehen aldiz okupatzeko lizentzia eskuratu beharko da.

E.-Kasu guztietan idatziz jakinaraziko da obren bukaera, Udalaren zerbitzu teknikoek obrak eskatutakoarekin bat datozela baiezta dezaten eta diruz laguntzeko moduko obra den ikus dezaten.

Betebeharrak

8. artikulua. Udalak edozein unetan eska diezaieke eskatzaileei espedientea argitzeko bidezko juzgatzen dituen datu edo agiriak aurkez ditzaten, horretarako hogeita hamar eguneko epea emanez. Epe hori eskatzaileak aipatu dokumentazioa aurkeztu gabe iragaten bada, espedientea besterik gabe artxibatuko da.

Araudi honetan zehaztutako baldintzak ez baldin badira betetzen, onuradunak emandako datu edo argibideetan faltsukeriarik edo itxuragabekeriarik baldin badago eta laguntzak emateko eta ordaintzeko gertaerak edo inguruabar erabakigarriak izkutatzen badira, emandako dirulaguntzak galduko dira, eta hala balitz, jasotakoak itzuli beharko dira.

Laguntzen zenbatekoa

9. artikulua. Laguntzak kalkulatzeko ez da kontuan hartuko:

A.-Eskatzaileak jasaten duen BEZa.

B.-EIOZa.

Laguntzen kontzesioa

10. artikulua. Ekarritako agiriak azterturik eta behar diren egiaztapenak eginik, Udalbatzak, osoko bilkuran, dirulaguntza behin betikoz onartuko du eta hura ordaintzeko erabakia hartuko du.

Araubide juridikoa

11. artikulua. Ordenantza honen interpretazioaz sor daitezkeen zalantzak Udalbatzak argituko ditu. Ordenantza honetan espresuki arautzen ez den orotan toki araubidearen gaineko legeria aplikatuko da, baita administrazio prozeduraren gainekoa ere toki entitateei aplikatzen ahal zaien neurrian.

Indarra hartzea

12. artikulua. Ordenantza honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe geratzen dira inongo balio eta ondoriorik ez dutela, ordenantza honek indarra hartzen duen unetik hasita, haren aurka egin eta ezarrita diren lerrun bereko edo txikiagoko xedapen, erregelamendu eta ordenantza guztiak.

Iragarkiaren kodea: L0715737