134. ALDIZKARIA - 2007ko urriaren 26a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

AGUILAR KODESKOA

Aguilar Kodeskoko Udaleko Ezkondu gabeko bikote egonkorren Udal Erregistroa arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

2007ko 80. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu baitzen, ekainaren 29an, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako epea iraganik, eta inork erreklamaziorik aurkeztu ez duenez, Udalak, 2007ko irailaren 17an egin osoko bilkuran, eta han zirenak bat etorrita, erabaki zuen behin betikoz onestea Aguilar Kodeskoko Ezkondu gabeko bikote egonkorren Udal Erregistroa arautzen duen ordenantza. Hona hemen, hitzez hitz:

1. artikulua. Izaera administratiboa.

Aguilar Kodeskoko Ezkondu gabeko bikote egonkorren Udal Erregistroak administrazio izaera du eta bertan ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzeak, baita haien iraungitzea ere, inskribatzen ahal dira ordenantza honetan ezartzen den eran eta baldintzetan.

2. artikulua. Ezkontzaz kanpoko elkartzea.

Hau da ezkontzaz kanpoko elkartzea: elkartze libre eta publikoa, adin nagusiko bi lagunek edo adingabeko bi emantzipatuk osatzen dutena, haien sexu orientazioa edozein dela ere, senar-emazteen gisako maitasun harremana izanik, zuzenean edo albotik bigarren maila arteko odolkidetasun edo adopzio bitarteko ahaidetasun loturarik izan gabe, baldin eta bietako inor ez badago beste bati ezkontza bidez edo bikote egonkorra osatuz loturik.

3. artikulua. Elkartze egonkorra.

Elkartzea egonkortzat hartuko da bikotekideak urtebete jarraian senar-emazteen gisa bizi izan badira. Halaber, bien arteko seme-alabarik dagoenean, orduan elkarrekin bizitzea aski izanen baita, edo bizikidetasunezko elkartzea osatzeko nahia agiri publiko batean agertu badute.

4. artikulua. Erregistroan inskribatzea.

Bikoteek, sexua kontuan izan gabe, erregistroan inskribatzeko eskatzen ahal dute, baldin eta haien adostasun libre eta osoarekin aurreko artikuluan azaldutako elkartzeren bat osatzen badute.

Erregistratu ahal izateko, elkartze egonkorra izan beharko du, hirugarren artikuluan xedatu bezala.

Gutxienez, elkartutako kide batek egon beharko du Aguilar Kodeskoko udalerrian erroldatua, bertan bizi ohi delako,

Halaber, bi kideek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, ez daudela ezkonduak ezta inskribatuak ere ezkondu gabeko bikoteen beste erregistro batean.

5. artikulua. Lehenbiziko inskripzioa.

Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa egiteko, bi lagunek batera agertu beharko dute erregistroaz arduratzen den funtzionarioaren aurrera, haien artean ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzen dutela deklaratzeko.

Ez da inskripziorik eginen bikoteko bat burujabetu gabeko adingabea bada, edo lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaide badira, nahiz alboko lerrotik bigarren maila bitarteko odolkidetasunezko ahaide badira.

Bikoteko batek akats edo anomalia psikikorik badu, orduan ere ez da inskripziorik eginen. Halakoetan, medikuaren irizpena beharko du, ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzeko gaitasuna aitortzen diona.

Era berean, inskripzioa ukatuko da bikoteko bat ezkondua baldin bada edo ezkontzeko gaitasun gabea deklaratua bada.

6. artikulua. Bikoteari buruzko inguruabarrak eta hitzarmena idatzita.

Lehenbiziko idazpena egitean, bikoteko kideek nahi dituzten argitasun guztiak agertarazten ahalko dituzte beren elkartzeari buruz.

Hitzez hitz idazten ahalko dira elkartutako kideen giza eta ondare harremanak arautzen dituzten hitzarmenak: idazpen horretan agerraraziko dira hitzarmenaren izaera, hitzarmenaren izena eta araubide ekonomikoarena, halakorik baldin bada, eta idazpena egiteko bide ematen duen agiri publiko edo pribatua. Agiri horren hiru kopia aurkeztu beharko dira; bikoteko kideei kopia bana itzuliko zaie eta hirugarrena dagokion paper-sortan artxibatuko da, Aguilar Kodeskoko Ezkondu gabeko bikote egonkorren Udal Erregistroan. Interesdunei itzuliko zaizkien titulu horietan ohar bana idatzi eta sinatuko da, idazpena zenbatgarren liburukian eta orrialdean dagoen adierazteko.

Aurreko lerroaldetan aipatutako edukiak geroago ere inskribatzen ahalko dira, bikoteko bi kideak agertuta.

Ezkontzaz kanpo elkartutako bi kideek batera eskaturik eginen dira idazpen guztiak Bikote egonkorren Udal Erregistroan, elkartzea bukatu edo iraungitzeko idazpena izan ezik, kide batek bakarrik eskaturik egiten ahal baita.

7. artikulua. Bikote egonkorra iraungitzea:

-Kide bat ezkontzen denean.

-Bien artean hala erabakita.

-Bikoteko kide batek bere aldetik hala nahita, beste kideari modu frogagarrian jakinarazita.

-Urtebetetik gora elkarrekin bizitzeari utzita.

-Kideek eskritura publikoan adostutako kasuetan.

Aipatutako kasu guztietan, bi kideak daude behartuak Bikote egonkorren Udal Erregistroaren arduradunari jakinarazi eta elkartzea desegiteko eskatzera. Alabaina, kide bakar batek eskatzen ahalko du elkartzea bukatu edo iraungitzeko idazpena.

8. artikulua. Erregistroaren kokapena.

Erregistroa Udalaren idazkaritza orokorrean egonen da.

9. artikulua. Erregistroko Liburu Orokorra.

Aurreko artikuluetan aipatzen diren inskripzioak erregistratzeko Liburu Orokorra erabiliko da.

Liburua orri mugigarri, zenbatu eta zigilatuez osatua egonen da, eta irekitzeko eta ixteko eginbideak paratuko dira hasieran eta bukaeran.

10. artikulua. Oinarrizko izen-ematea.

Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa izanen da bere oinarrizko inskripzioa, eta haren bazterrean jarriko dira geroago Liburu Orokorrean elkartze horri buruz egiten diren gainerako idazpen guztiak.

11. artikulua. Liburu Lagungarria.

Erregistroak Liburu Lagungarri bat izanen du, inskribatuen deituren arabera ordenaturik, eta bertan adieraziko da Liburu Orokorreko zenbatgarren orrialdean dauden haiekin zerikusia duten oharpenak.

12. artikulua. Idazpenen publizitate eza.

Erregistroan inskribatutakoen intimitatea, norbanakoarena nahiz familiarena babesteko ez zaio publizitaterik emanen idazpenen edukiari, Erregistroaz arduratzen den funtzionarioak luzatzen dituen egiaztagiriak salbu, bikoteko edozein kidek, epaileek edo auzitegiek hala eskatu ondotik.

13. artikulua. Erregistroaren doakotasuna.

Egiten diren inskripzioak eta luzatzen diren ziurtagiriak doakoak izanen dira. Tratamendu bera.

Izatezko bikoteen Udal Erregistroan inskribatzen diren ezkondu gabeko bizikidetasunezko elkartzeek, ezkontza bidezko elkartzeen tratamendu bera izanen dute Aguilar Kodeskoko Udalean.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Ordenantza honek aipatzen ez duen orotan, bikote egonkorren berdintasun juridikorako 6/2000 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

I. ERANSKINA

Aguilar Kodeskoko Udalean, ................ egunean, honako hauek agertu gara:

Izena: ......................................., jaioterria: ......................................., helbidea (erroldakoa): ........................................, adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitugu), N.A.N. zenbakia: .................

Izena: ......................................., jaioterria: ......................................., helbidea (erroldakoa): ........................................, adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitugu), N.A.N. zenbakia: .................

Eta adierazten dugu:

Ezkondu gabeko bikote egonkorren Udal honen Erregistroan inskriba gaitzatela nahi dugula, horri buruzko ordenantzaren arabera, eta horretarako,

Adierazten dugu:

Lehenbizi.-Aipatu ordenantzan aurreikusitako bizikidetasuna dela eta, gure helbidea honako hau izanen dela: ........................ (oroitararazi behar zaio .......... jaun/andreari TAOALaren 15. artikuluari jarraikiz, erroldatu beharra duela ohiko bizilekuko udalerrian).

Bigarrenik.-Ez gaudela gu biok ezkontzaren bidez lotuak, ez eta gutako inor beste inorekin ere.

Hirugarrenik.-Gure artean ez dagoela lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaidetasunik, ez eta alboko lerrotik bigarren maila bitarteko odolkidetasunezko ahaidetasunik ere.

Laugarrena.-Gutako inork ez duela akats edo anomalia psikikorik, ez eta elkartzeko inolako ezgaitasunik ere.

Bostgarrena.-Ez dugula nahi (nahi dugula) gure arteko giza nahiz ondare mailako harremanen gaineko hitzarmena erregistroan inskribatzea.

Seigarrena.-Baimena ematen dugula Aguilar Kodeskoko Udal Erroldan datu hauek egiaztatzeko.

Eta zin egiten dugu gutako inor ez dagoela ezkontzaren bidez lotua, ez gure artean ez beste inorekin ere, eta gutako inor ez dagoela inskribaturik antzeko eduki eta xedeak dituen inolako erregistrotan.

Horiek horrela,

Ezkondu gabeko bikote egonkorren Aguilar Kodeskoko Udaleko Erregistroan inskriba gaitzatela eskatzen dugu.

Stua: ....................... Stua: ........................

II. ERANSKINA

Aguilar Kodeskoko Udalean, ................ egunean, honako hauek agertu gara: Izena: ...................................., N.A.N. zenbakia: .................

Eta Ezkondu gabeko bikote egonkorren Udal Erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantzan zehaztutakoarekin bat, adierazten dugu gure arteko bikote egonkorra, Udal Erregistroan inskribaturik dagoena, bukatutzat edo iraungitzat jotzeko asmoa dugula.

Horregatik guztiagatik, eskatzen dugu bukatutzat edo iraungitzat jo dadila aipatutako elkartzearen inskripzioa.

Stua: ....................... Stua: ........................

Iragarkiaren kodea: L0715733