134. ALDIZKARIA - 2007ko urriaren 26a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

404/2007 FORU AGINDUA, urriaren 5ekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, zenbait baldintzarekin, Bidaurreko ur-biltegiko adarra berritzeko proiekturako. Izarbeibarko Ur Mankomunitateak sustatu du.

2007ko uztailaren 6an Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuan sartu da goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espedientea Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N epigrafean sartuta dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du.

Foru dekretu horren 36. artikuluan ezartzen da Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela, Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeari buruz.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimendu ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak proposamenaren aldeko txostena egin du, trazadura halako azpiegiturak baimentzen ahal diren lurzoru motatik pasatzen delako eta lurzatietan ez delako ukipen handirik izanen. Txosten horren arabera baimena lotuta dago Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean ezarritakoarekin (lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura) eta, zehazki, bide-zorrei eta azpiegiturekin gurutzatzeko baimenei buruz ezarritakoarekin.

Espedientean dauden txostenak ikusita eta Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 28.1 artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, zenbait baldintzarekin, Bidaurreko ur-biltegiko adarra berritzeko proiekturako. Izarbeibarko Ur Mankomunitateak sustatu du, Gesalazko udalerrian.

2. Baimena neurri zuzentzaile hauek betetzearen baldintzapean emanen da:

-Ahal dena eginen da bidearen plataformaren ertzarekin muga egiten duen larrea hondeaketatik ateratzen diren lur pilekin ez hondatzeko. Lur pila horiek ez dira inolaz ere bertan utziko edo eremu horretan zabalduko.

-Sobran gelditzen diren materialak eta eraispenaren ondoko hondarrak hondakindegi batera eramanen dira, eta obrak bukatu ondoren lur eremua garbi eta obra arrastorik gabe utzi beharko da.

-Erreka hodiarekin gurutzatzen den tokian lehengoratu eginen da lur eremuaren profila, uren hustubideari kalterik ez egiteko moduan.

-Egin nahi diren jarduerek (errepideak, bide publikoak, ubide publikoak edo beste) ukitu ditzaketen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta bide-zorrei dagokienez, enpresa sustatzaileak behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoei eskatu eta gero.

3. Foru agindu honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio Publikoek ebazpenaren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epeak foru agindu hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira.

4. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

5. Foru agindu hau igortzea Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Ingurumen Zaintzari, Gesalazko Udalari, Bidaurreko Kontzejuari eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko urriaren 5ean.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

Iragarkiaren kodea: F0715744