134. ALDIZKARIA - 2007ko urriaren 26a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

400/2007 FORU AGINDUA, urriaren 4koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, Arintzanoko lur-eremuko ardoen babes mailaren aitorpena onesten duena.

2007ko maiatzaren 29an, Bodegas Julián Chivite, S.L.k Arintzanoko lur-eremuko ardoen babes mailaren aitorpena eskatu zuen.

Espedientea, osatu eta gero, jendaurrean egon da hilabetez, 2007ko 99. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, abuztuaren 13koan, argitaratuz, Mahastizaintza eta ardogintza arautzeari buruzko abenduaren 5eko 16/2005 Foru Legearen 24.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeko 41. artikuluak eta Mahastizaintza eta ardogintza arautzeari buruzko abenduaren 5eko 16/2005 Foru Legearen 24. artikuluak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. "Arintzanoko lur-eremuko ardoen" babes mailaren aitorpena onestea, bai eta I. eranskinean ageri den araudia ere.

2. Foru agindu hau jakinaraztea Bodegas Julián Chivite, S.L.ri, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari, Nafarroa Jatorrizko Deituraren Kontseiluari eta Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroari, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

4. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematea.

Iruñean, 2007ko urriaren 4an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

I. ERANSKINA

"Arintzanoko lur-eremua" izeneko eskualdean egiten diren kalitateko ardoen ekoizpenari buruzko araudia

a) Aipamen horren barrenean sartzen ahal diren ardo motak edo ardo kategoria:

Ardo beltzak eta ardo zuriak.

b) Erabiliko den adierazpen geografikoaren izena:

"Arintzanoko lur-eremuko ardoak".

c) Horren barnean sartzen den eremu geografiko zehatza:

"Arintzanoko lur-eremuak" gaur egun 127,95 hektareako mahastia du, zehazten diren lurzatietan banatuta, Aberingo udalerrian. Katastroko datuak I. eranskinean eman dira.

d) Barietate egokien adierazpena.

-Beltzak: Tempranillo, Merlot eta Cabernet Sauvignon.

-Zuriak: Chardonnay.

e) Ardoen ezaugarri organoleptikoak:

1.-Chardonnay barietatea.

Kolore hori-berdea. Ez zurbila.

Aroma ahaltsua, konplexua eta fina aldi berean. Fruitu exotikoen ukituak nagusitzen dira, harri alderako hondo mineralarekin. Lore ukituak. Intxaur freskoa.

Ahoan hedadura eta konplexutasuna agertzen du sartzen denetik beretik. Aho-igarotzea ahaltsua eta atsegina da. Bukaera oso luzea eta oso garbia, sudurreko aromen oroipenekin.

Ondu ondoren konplexutasuna handitzen da eta aroma txigortuak, krematsuak agertzen ditu. Mineralagoa eta espeziatuagoa.

2.-Merlot ardo beltza.

Granate iluna, pikota. Altua.

Sudur konplexua, sendoa. Fruitu beltza, basa baiak. Oihanpearen, zuraren, lur hezearen ukituren bat.

Ahoan zabal, sarrera ahaltsua. Aho-igarotzea tanino leun eta biribilen gainean. Gorputz ona. Luzea.

Ontzean ñabardura espeziatuak zabaltzen ditu, curry-a. Enpireumatikoak, egurra, zur errea eta mineral ukituren bat.

3.-Cabernet Sauvignon ardo beltza.

Intentsitate handiko kolorea. Granate oso iluna.

Sudur fina, basa fruituak.

Espezieak, piperbeltz arrosa. Boilurra, mineral ñabardurak. Tinta, galipota. Konplexua, intentsitate onekoa.

Soila ahoan. Trinkoa ahotik igarotzen denetik bukaeraraino. Tanino zaporetsu eta noblea.

Azken gorputz ona, luzea, oroipen mineral eta espeziatuekin. Ontzean ukitu espeziatuak nabarmentzen dira eta batez ere mineralak, tinta, harria. Tabako habanarraren kutsuren bat.

4.-Tempranillo ardo beltza.

Gorri granatea/morea. Ertaina-altua.

Sudur fruitu lurrinekoa, garbia, fruitu gorri eta beltzeko ukituak. Mineral ñabarduraren bat. Fina. Intentsitate onekoa.

Ahoan sarrera atsegina, nabarmena. Aho-igarotze sendoa. Gorputz ertaina-altua. Bukaera luze eta garbia, oroipenekin eta fruituarekin.

Ontzean txigortuen, torrefaktuen, tabako gorriaren ukituak garatzen ditu.

f) Kudeaketa sistema.

Kudeaketa sistema enpresak berak hartuko du bere gain.

g) Aipamena izateko eskubidea duten ardoen gutxieneko graduazio bolumetrikoa.

Ardo beltzen gutxieneko alkohol graduazio bolumetriko naturala 12,5º izanen da eta ardo zuriena 12º.

h) Babesturiko ardoen gehieneko azidotasun lurrunkorra.

Ardoen azidotasun lurrunkorrak, elaborazio prozesua bukatu eta gero, 0,048 gramo litroko neurriaren azpitik egon beharko du, azido azetikoan adierazirik; ardo gazteetan 0,65 gramo litroko izanen da muga, eta 0,85 gramo litroko ardo zahartuetan.

i) Babesturiko ardoen gehieneko anhidrido sulfuroso osoa.

"Arintzanoko lur-eremuko ardoak" aipamen geografikoa izateko eskubidea duten ardoek gehienez izaten ahal duten anhidrido sulfurosoa, merkatura atzeratzean, < 125 miligramo litroko izanen da ardo beltzen kasuan, eta < 150 miligramo litroko ardo zurietan.

j) Intentsitate koloratzailea, DO420, DO520 eta DO620 baturik.

Intentsitate koloratzailea, DO420, DO520 eta DO620 baturik, > 8 izanen da.

k) Polifenol osoen indizea (IPT: DO280)

Polifenol osoen indizea (IPT: DO280) > 60 izanen da.

l) Hektareako baimenduriko gehieneko etekina barietate bakoitzean.

Ez dira gaindituko hektarea bakoitzeko ondoko etekinak, bestela ez baita kasuan kasuko uzta osoa kalifikatuko:

-Tempranillo: 6.000 kg/ha.

-Cabernet Sauvignon: 7.000 kg/ha.

-Merlot: 7.000 kg/ha.

-Chardonnay: 6.000 kg/ha.

Iragarkiaren kodea: F0715680