134. ALDIZKARIA - 2007ko urriaren 26a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

391/2007 FORU AGINDUA, urriaren 2koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, "Los Arcoseko abiadura zirkuitua" udalez gaindiko proiektu sektoriala instalatzearen gaineko Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena. Sustatzailea Construcciones Samaniego S.L. da.

Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeak ezarritakoaren arabera, udalez gaindiko proiektu sektorialei Ingurumen ebaluazio estrategikoa eta Ingurumen ondorioen adierazpena egin behar zaizkie, proiektu sektorial horiek onestearekin batera edo lehenago.

2007ko maiatzaren 3an, aurkeztutako Ingurumen ondorioen azterlana aski zela adierazi zen.

Nafarroako Gobernuak 2007ko maiatzaren 14an hartutako Erabakiaren bidez (2007ko 74. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, ekainaren 15ekoa) jendaurrean jarri zen, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 33. artikuluan ezarritakoa betetzeko. Jendaurreko epean ez da alegaziorik aurkeztu.

2007ko irailaren 20an dokumentazio osoa jaso da, Ingurumen ondorioen adierazpena egiteko.

Jarduketa gehiena Los Arcosen eginen da, Lukingo hainbat lurzati ere ukitzen dituela. Ondoko mugak ditu eremuak: iparraldean Barbaringo udalaren muga; mendebaldean Senda de guiadores delakoa eta hegoaldean NASUINSAk sustatutako Lizarrerriko Jarduera Ekonomikoen Eremua eta zati batean Cardiel edo Mahoma ibaiarekin muga egiten duen berrantolamenduko bidea.

Lur horiek, landa bideek hartzen dituztenak izan ezik, lehorreko belarkien laborantzarako erabiltzen dira. Lurren jabetza pribatua da batik bat, eta azalera 160 hektareakoa, gutxi gorabehera.

Mugatutako esparruak "Los Arcoseko abiadura zirkuitua" gunearen azalerak hartzen du, hirugarren sektoreko askotariko erabilera osagarrietako eremuak eta alboetako lur urbanizaezinek.

Iparraldetik eta hegoaldetik sartzeko lehendik dauden bideak baliatuko dira. Gunearen hegoekialdetik kanpoko bide bat, perimetrala, aurreikusi da, aurreko bi sarbideekin eta zerbitzubide batekin lotuko dena. Berrantolamenduko bideen ezaugarriak izanen ditu eta jarduera ekonomikoen gunetik zirkuituraino joanen da.

Argindarraren hornidura lurrazpikoa proiektatu da, zerbitzubide berriaren ondoan, NASUINSAk sustatutako jarduera ekonomikoen gunea hornituko duen linea berriarekin eginen den konexiotik. Aurkeztutako proiektuaren arabera, hornidura bermatua dago Los Arcoseko TAtik.

Orobat, telefono zerbitzua eta ur hornidura jarduera ekonomikoen eremuko sareetatik eginen dira.

Ur beltzak jarduera ekonomikoen eremuko ponpaketa-estaziora bideratuko dira; euri urak, berriz, ondoko erreketara. Plataformetako eta zirkuituaren drainadurako ura bildu eta berdeguneak ureztatzeko erabiliko da eta, sobran dena, aipatu erreketara bidaliko.

Ez da proiektatu gas hornidurarik jarduketa eremuan. Girotzea behar duten erakinetarako ponpa geotermikoen bidezko sistema bat ezartzea planteatu da.

Ingurumen-eraginik nabarmenenak dira Mahoma-Cardiel ibaiaren mendebaldeko eta iparraldeko izkinetatik landaretza kendu behar izatea, baita berezko landarediaren zerrenda batzuk ere.

Azpiegiturek toki gutxitan ukitzen dute berezko landaredia, lursailak lehorreko belarkien laborantzarako erabiltzen baitira gaur egun. Ingurumen ondorioen azterlanak eragin akustikoaren azterketa biltzen du.

Ingurumen ondorioen azterlanak biltzen du, orobat, Ingurumena Zaintzeko Plana. Bertan garatzen dira zirkuitua egiterakoan eta funtzionatzerakoan ezarriko diren kontrolatzeko eta zaintzeko neurriak.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusita, kontuan izanik Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela, eta Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 28,1 artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Ingurumen ondorioen adierazpena egitea udalez gaindiko proiektu sektorial honen gainean: ingurumenaren aldetik egokia da onestea "Los Arcoseko abiadura zirkuitua", Construcciones Samaniego S.L.k sustatua.

2. Ingurumen eraginaren azterlanean ageri diren babesteko eta zaintzeko neurriak kontuan hartuz garatuko da proiektua. Horretaz gain, baldintza hauek bete beharko dira:

-Ingurumen ondorioen azterlanaren arabera, azpiegiturak eta instalazioak egiterakoan, 15 metro zabal utziko dira Mahoma-Cardiel ibaiaren ondoko lurretan. Eremu hori behar bezala balizatuko da. Ukipenik izanez gero ibaian edo ondoko landaredian, lehengoratu egin beharko da.

-Euri uren sarean bilduko den ura kudeatzeko proiektua eginen da. Ura drainatzen duten eremuen deskripzioa eta kokapena ere sartuko dira proiektu horretan, eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari igorriko zaio, txostena eman dezan.

-Ingurumena zaintzeko programa. Obra bukatzean txostena aurkeztuko da. Bertan bilduko dira eraikitzerakoan izan diren inguruabarrak eta ezarritako neurri zuzentzaileak. Jarduera hasi eta hurrengo 3 urteetan, ingurumen jarraipeneko txostena aurkeztuko da urtero.

3. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Los Arcoseko Udalari, Lukingo Udalari eta sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, 2007ko urriaren 2an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

Iragarkiaren kodea: F0715523