134. ALDIZKARIA - 2007ko urriaren 26a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

389/2007 FORU AGINDUA, urriaren 2koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Lizarrako AR-1 exekuzio unitatea urbanizatzeko obren lurrak Deierriko (Bearin) 16. poligonoko 83. eta 361. lurzatietan ("Las Adobas" izeneko alderdian) botatzeko. Sustatzailea Construcciones Luciano Elcarte, S.L. da.

2007ko uztailaren 26an Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuan sartu da goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko O) letran sartuta dago. Beraz, Ingurumeneko ukipenetarako baimena behar du. Foru dekretu horrek Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen erregelamendua onesten du.

Proiektua honetan datza: arestian aipatu obretako 48.637 m³ lur inguru Deierriko (Bearin) 16. poligonoko 83. eta 361. lurzatietako 19.463 m² inguruko azaleran botatzea. 23.850 m²ko bi lurzatiak Muruko iturriaren errekaren bi aldeetan daude eta iturria ez da ukituko.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeko ebazpen arrazoitua emanen duela, eskaera aurkeztu eta lau hilabeteko epean.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimendu ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Aurkeztutako dokumentazioak abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 34. artikuluak ezarritakoa betetzen du eta neurri zuzentzaile hauek sartzen ditu, neurri nagusi gisa: lurzatian landare lurra hedatzea, erreka ez okupatzea, eta hidroereintza egitea, bertako belarki eta zuhaixken bidez.

2007ko irailaren 3an Deierriko Udalak adierazi zuen jarduketak ez duela indarreko planeamendua hausten.

Espedientean dauden txostenak ikusita eta Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 28.1 artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, Lizarrako AR-1 exekuzio unitatea urbanizatzeko obren lurrak Deierriko (Bearin) 16. poligonoko 83. eta 361. lurzatietan ("Las Adobas" izeneko alderdian) botatzeko. Sustatzailea Construcciones Luciano Elcarte, S.L. da.

2. Baimenak, tramitatu den espedientean proposatutako ingurumen ukipenak kontrolatzeko neurriak betetzeaz gain, baldintza hauek ere bete beharko ditu:

-Botako diren lurrak zein urbanizazio obrak eskatu dituen, horrenak baizik ez dira izanen. Sustatzailea arduratuko da leku horretan beste obretako materialak edo lurrak ez botatzeaz.

-Hondakinak botatzeko eskatu diren bi lurzatien artean doan errekaren uharka ez eta ertzak ere ez dira ukituko eta, ondorioz, ez da ukituko ertzeetako zuhaitzen oinik ez eta zuhaixkarik ere.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 34.880 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu, horiek konpondu edo txikiagotuko direla bermatzeko, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Foru dekretu horrek Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten du.

4. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu (lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura).

5. Foru agindu honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

6. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematea.

7. Foru agindu hau igortzea sustatzaileari, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Ingurumen Zaintzari, Deierriko Udalari, Lizarrako Udalari eta Bearingo Kontzejuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko urriaren 2an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

Iragarkiaren kodea: F0715522