134. ALDIZKARIA - 2007ko urriaren 26a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

365/2007 FORU AGINDUA, irailaren 26koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, Ozkoidiko lurzati berrantolamenduari dagokion Ingurumen eraginaren adierazpena egiten duena. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak sustatu du lurzati berrantolamendua.

Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeak 3C eranskinaren D atalean ezartzen du 300 hektareatik goitiko lurzati berrantolamenduetan Ingurumenaren gaineko eraginaren azterlana egin behar dela.

Ozkoidiko lurzati berrantolamenduari buruz Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egiteko prozedura hastearren, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak proiektuaren laburpen-memoria aurkeztu zuen, 2005eko uztailaren 11n, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 38. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

2005eko abuztuan, aurretiazko kontsulten tramitea egin zen, aipatu den artikuluan xedatu bezala. 23 entitateri egin zitzaien kontsulta eta 5ek erantzun zuten, Ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean (I.E.A.) kontuan hartu beharreko alderdi batzuk aipatuz. Kontsultatuen zerrenda eta jasotako erantzunen laburpena I. eranskinean daude. Aurretiazko kontsulten tramitearen emaitza, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak IEAren irismenari buruz egindako txostenarekin batera, 2005eko urriaren 6an eman zen. Gero (2006ko maiatzaren 11n), Plangintza eta Laguntza Atalak (Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzua) idazki bat igorri zuen, "T-13 zeharbidea" izeneko abelbidearen inguruan.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak, 2006ko azaroaren 28an, "Ozkoidiko lurzati berrantolamenduari dagokion Ingurumen eraginaren azterlana" aurkeztu zuen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan, oinarrizko proiektuarekin batera, martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean aurreikusitakoaren arabera tramitatzeko.

Txosten honen II. eranskinean jaso dira proiektuaren laburpena eta ingurumenean eragina izanen duten lanak. Ingurumen eraginaren azterlanean (III. eranskinean laburturik ageri da) proiektuak ingurumenaren gainean izanen dituen eraginik nabarienak egoki aztertzen dira eta neurri zuzentzaile batzuk ezartzen, ingurumenean eragin nabarmenik ez eragiteko.

Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariak emandako abenduaren 19ko 389/2006 Ebazpenaren bidez Ingurumen eraginaren azterlana, Oinarrizko Proiektuarekin batera, jendaurrean jarri zen hogeita hamar egun baliodunez. 2007ko 18. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, otsailaren 9an, argitaratu zen ebazpena. Epe horretan Jesús Induráin Ibañez jaunak alegazioa aurkeztu du eta eskatu bidea (13. zeharbidea) konpon dadila Ozkoidiko Kontzejuko 5. finkari sarbidea emateko, ez baitu ibilgailuak sartzeko bestelako biderik. Alegazioa onartu egin da, Plangintza eta Laguntza Atalaren oniritziarekin.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak aditzera eman du espedientea osorik dagoela eta foru agindu honetan ageri diren ingurumen baldintzak betez gauzatzen ahal dela.

Espedientean dauden txostenak ikusita eta Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 28.1 artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak sustatu duen Ozkoidiko lurzati berrantolamenduari buruzko Ingurumen eraginaren adierazpena egitea, aurkeztutako proposamenari ingurumenaren aldetik bideragarria iritzi baitzaio.

2. Proiektuak baldintza hauek bete beharko ditu:

-Ingurumen eraginaren azterlanean kartografiatu diren ingurumen unitateak eta mugak ("Elementu ekologiko eta kultural garrantzitsuen mapa", 1:5000 eskalakoa), "oso balio handikoak" eta "balio handikoak" direnak, oso-osorik errespetatuko dira (ikus III. eranskineko deskribapena: IEAren laburpena). Ezpondak ordezkapen finka berrietan sartzen badira, zelaitze-lanak egitea eremu txiki batean baizik ez da baimenduko (6 metro inguru), horrek finkaren barnean bereizten dituen eremuen artean pasabidea utzi ahal izateko.

Horrez gain, Ingurumen eraginaren azterlaneko elementu ekologiko hauek sartuko dira "balio handiko" kategorian:

-7, 9, 10, 11, 19, 29, 53, 59, 97, 98, 100 eta 118. esparruak: ilara itxurako elementuak dira, zuhaixka altudunak, gehienbat larre-sastrakadien ertzean eta batzuetan erreka txikien ondoan.

-113. esparrua: hegoaldeko muturra, bertan dagoen zuhaitzetik hasita.

Lurzatiren baten jabeak "balio ertaineko elementu" bat kendu nahi izanez gero, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan tramitatu beharko du horretarako eskabidea.

-Bide sareari dagokionez, IEAn sartutako babes eta zuzenketa neurriez gainera (8.1.1.2 kapitulua), zehaztapen hauek ere kontuan hartu beharko dira:

-A bidea: bi ertzetako zuhaitz eremuan (bidearen bukaeran) egiten ahal diren handitze lanetan lehentasunezkoa izanen da bertako espezieak (erkametza, ipuruak) kontserbatzea, baso-berritze lanetan erabiltzen direnen aldean.

-C bidea, T-4 zeharbidearen gainean: hirigunetik 5. finkaren sarbiderainoko tartean, abelbidean 4 metroko zabalerako bide bat izanen da, eta horri gehitu beharko zaizkio abelbideak berak zabalean izan ohi dituen 30 metroak. Finka horretatik Kontzejuaren bukaerarainoko tartea orain dagoen bezala geldituko da, abereak pasatzeko erabilera baitu, bai eta beste erabilera bateragarri eta osagarri batzuk ere.

Abelbide horretatik pasatzen den bidean, obren fasean ibilgailuak errodadurako geruzan baizik ez dira ibiliko, abelbide horiekin lotura duten larre eta sastrakak uki ez daitezen.

-Ozkoidiko ibai-ibilguak "oso balio handiko" elementu ekologikoak dira Eraginaren Azterlanaren arabera eta, a priori, hustubidetarako ahalmen handia dute. Horregatik, ez da ibai-ibilgurik ukituko, nahiz eta oinarrizko proiektuan ageri den 1.000 metroko tartea garbitzeko aukera, ez bada behintzat jarduketa aldez aurretik justifikatzen azterlan hidrologiko zehatz baten bidez eta ez bada behintzat ingurumen ukipenen azterlan bat egiten.

-Zingira-kubetak sortu edo hobetzea (IEAko 9. kapitulua, "Neurri konpentsatzaileak", eta 2. mapa, "Jarduketak"), egokitzat jotzen da hiru txikienen kasuan, abeltzaintzako erabilera baitute. Errepidearen ondoko istilaren kasuan, ez da jarduketa hau gomendatzen, alde batetik orain duen neurria aski izan daitekeelako anfibioen habitat gisa eta, bestalde, ez direlako larre higrofiloak eta horiei lotutako ihidiak ukitu behar.

-Dokumentatu diren aztarnategi arkeologikoak eta obrak egin bitartean aurkitu litezkeenak zaindu eta babestu egin behar dira, eta Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanari erantsi zaion txosten arkeologikoan dauden zehaztapenak betetzen direla bermatu.

-Proposatu den lur hondakindegiak (2. mapa: jarduketak) goialdeko plataforma soilik okupatuko du, mazelak ukitu gabe, malda handikoak baitira eta sastrakadi mediterraniarra baitute. Edukiera handiagoa behar izanez gero, lurrak zabortegi baimendu batera eramanen dira edo beste toki bat aurkeztuko da (berrantolamenduaren inguru horretan eremu higatu asko daude eta ingurumenaren gaineko eragina txikia izanen litzateke horietan). Lur hondakindegiek -salbu eta alorren gainean zabaltzen diren lurrak, betiere metro batetik beherako altuera badute- proiektu bereizi gisa tramitatu beharko dira, ingurumen ukipenen azterlana eta guzti, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 2C eranskineko O letraren arabera.

-Legar-hobi baimenduetatik aterako da legarra.

-Bideen eta drainatzeen sareko obrak bukatutakoan eta ordezkapen finka berriak emandakoan, Ingurumen Zuzendaritza Nagusira igorriko dira obra garaian ingurumenean egindako jarraipenari buruzko txostena eta neurri zuzentzaileak aplikatu ondoko hondarreko ingurumen eraginen balorazioa.

3. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan.

4. Foru agindu hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari, Ingurumen Zaintzari, Urraulgoitiko Udalari, Ozkoidiko Kontzejuari eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiari igortzea.

Iruñean, 2007ko irailaren 26an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

I. ERANSKINA

Aurretiazko kontsulten tramitearen emaitza. Kontsulta egin zaien erakundeen zerrenda eta jasotako erantzunen laburpena

URRAULGOITIKO UDALA

LONGIDAKO UDALA

IRUROZKIKO KONTZEJUA

SANTSOAINGO KONTZEJUA

IMIRIZALDUKO KONTZEJUA

KULTURA ETA TURISMO ZUZENDARI NAGUSIA

LURRALDEAREN ANTOLAMENDU ETA HIRIGINTZA ZUZENDARIA X

BIODIBERTSITATEA ZAINTZEKO ZERBITZUKO ZUZENDARIA X

HERRI LAN ZUZENDARI NAGUSIA X

EBROKO UR KONFEDERAZIOA X

LAB

UGT

NAFARROAKO UNIBERTSITATEA X

ELA

UNION DE AGRICULTORES Y GANADEROS

NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOA

E.H.N.E.

GOROSTI NATUR ZIENTZIEN ELKARTEA

GURELUR

NAFARROAKO UDAL ETA KONTZEJUEN FEDERAZIOA

EKOLOGISTAK MARTXAN

BIOLUR NAFARROA

CCOO

Aurretiazko kontsulten aldian jasotako erantzunek ondoko eduki hau dute ingurumenaren aldetik:

1. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzua: erantzunean aipatzen da Urraulgoitik ez duela planeamendurik hirigintzaren aldetik, eta inguru horretatik Larraine-San Adrian gasbidea pasatzen dela adierazi eta trazadura erantsi da (Nafarroako Gobernuak 1991eko abenduaren 23ko Erabakiaren bidez onetsitakoa UPSa).

2. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzua: Habitaten Atalak informazioa eman du Batasunaren intereseko habitaten gainean, basa fauna berreskuratzeko planen gainean (apoarmatu istilzalea, ur-ipurtatsa, igaraba, ugatza eta tokiko karramarroa), eta IEAren alderdi metodologikoak aipatu ditu. Beste alde batetik, Plangintza eta Laguntza zerbitzuak txostena eman du (2006ko maiatzaren 11n) eta horren arabera ez da baimengarria abelbideko jarduketa (ondoren zehaztu eginen da, ikus alegazioen IV. eranskina).

3. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Herri Lan Zuzendaritza Nagusia: adierazi du ez duela inolako ohar edo iradokizunik.

4. Nafarroako Unibertsitatea (Zoologia eta Ekologia Departamentua): proiektuaren justifikazioa eta horrek eskatzen duen inbertsioa indartzea gomendatu du, bai eta murrizketa indizeen eta berrantolamendu indizeen esanahia argiago deskribatzea ere, kasu honetan duten balio zehatza aztertuz. Adierazi da beharrezkoa dela jarduketa eremuan ohikoak diren higadura fenomenoak kontuan hartzea (proiektuarekin handitzen ahal dira), eta iradoki da laburpen-memorian zehaztu ez diren jarduketen kokalekua eta unea zehatz azal daitezela.

5. Ebroko Ur Konfederazioa: erantzun du ez dela eragin negatibo larririk ikusten proiektua gauzatzeari dagokionez. Nolanahi ere, gomendatzen du Ingurumen eraginaren azterlanean jabari publiko hidraulikoa babesteari garrantzi berezia ematea, eta, halaber, azterlan hori egiteko jarraibide batzuk ematen ditu.

II. ERANSKINA

Proiektuaren laburpena

Lurzati berrantolamenduaren eremuak Ozkoidiko mugape osoa hartzen du (497 ha), Urraulgoitiko udalerriaren barnean, bai eta Argaitz aldeko eremu txiki bat ere (Ozkoidi aldeko jabeena da zatirik handiena).

Eremu horretan 9 jabe daude eta 267 lurzati guztira (lurzati bakoitzak 2,09 ha batez beste); guztira 599,5 ha-ko azalera osatzen da. Berrantolamendu planaren arabera lurzatiak 89 izanen dira azkenik, eta bakoitzak 6,28 ha izanen ditu batez beste (beraz, berrantolamendu koefizientea %68,99koa eta murrizketa indizea 3koa).

Proiektatutako sarea ondokoek osatuko dute: 3 bide berri (errodadurarako guneak 4 m-ko zabalera) eta egokitu beharreko zenbait bide, 4 m zabal, guztira 4.110 m-ko luzera, horietatik 3.110 m berriak eta 1.000 m egokitu beharrekoak.

Oinarrizko proiektua gauzatzeko aurrekontua 154.050,00 eurokoa izanen dela kalkulatu da.

III. ERANSKINA

Ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanaren laburpena

Ozkoidiko lurzati berrantolamenduaren eraginari buruzko azterlanean azaltzen da tokiaren gainean 6 ingurumen-unitate homogeneo identifikatu direla, eta horien barnean gune ekologiko eta kultural interesgarriak daudela (unitate horietako bakoitzak azpiunitateak dauzka):

-1. ingurumen-unitatea: oihan aldea. Horren barnean azpiunitate hauek bereizi dira: erkameztiak, artadi mediterraniarrak, ipuruen eremu txiki bat, landatutako pinuekin batera (Pinus nigra, bar. austriarra) eta sastrakadi mediterraniarra, ezpeldia, ipurudia eta elorri-triskak, toki batzuetan larre eta belardi xerofitikoekin mosaikoan.

-2. ingurumen-unitatea: Flysch-a belarki laboreekin, eta higadura arazoak. Sastrakadi-larre eremuak ditu lehorreko alorren tartean.

-3. ingurumen-unitatea: higadura arazo gutxiko belarki laboreak. Ezpel, elorri-triska eta ezkai basofiloak ere badaude.

-4. ingurumen-unitatea: sakanak. Ur bazterreko landaredia.

-5. ingurumen-unitatea: higadura arazorik gabeko alorrak.

-6. ingurumen-unitatea: hirigunea.

Azterketa eremuaren barruan ikusi diren landare komunitateak kontuan hartuz, ondoko sailkapena egin da (elementu ekologiko eta kultural garrantzitsuen mapa, 1:5000 eskalakoa), bakantasunaren, eboluzio egoeraren eta proiektuak landaredian izaten ahal duen eraginaren arabera:

-Oso balio handia dutenak: erraz hondatzen diren landare formazioak dira, sakabanatuak eta eboluzio maila handia dutenak. Atal honetan sartzen dira ibarbasoak, edo erreken ingurukoak eta paisaiaren aldetik interesa dutenak (sakanak). Garrantzitsuak dira faunarentzat.

-Balio handia dutenak: eboluzio maila ertain edo handiko landare formazioak dira (zuhaixka formazioak); maldetan egoten dira, edo noizbehinka uholdeak izaten diren tokietan (urbazterrak, erretenak etab.), eta hondatuak izanez gero suspertu ahal izanen lirateke, baina nahiko denbora luzea beharko lukete. Honako hauek dira: "Bertako zuhaitzen eremuak (erkameztiak, ipuruak, arteak), hegaztientzat garrantzizkoak", "sastrakadi-larre eremuak" eta "sastrakadi-larre eremuak alorren tartean".

-Balio ertaina dutenak: aurreko ezaugarrietakoren bat bete dezaketen komunitateak dira, baina azterketako eremuan hedadura handia dutenez, aldaketaren bat izanez gero jasangarria izan daiteke (neurri bateraino) ingurumenaren aldetik. Hala gertatzen da landare komunitate hauetan: "mendi pinu landatuak" eta "sastrakadi-larre eremuak alorretan tartekatuak".

-Balio gutxikoak: eragin antropikoaren edo abereen eraginaren ondorioz eratutako komunitateak dira eta kaltea izanez gero laster berrosatu daitezke; zenbaitetan, hondatzen direnean balio handiagoko landare komunitateen introgresioa gertatzen ahal da. Honako hauek dira: "Ozkoidiko hirigunea eta inguruak" eta "laborantzako eremu esklusiboak ibaiaren ibarrean".

Berrantolamendu eremua tuparri karetsuz osatuta dago batik bat, tuparrizko flysch gisako formazio batean, eta toki askotan higadura arazoak ditu.

Berrantolamendu eremutik 13. zeharbidea pasatzen da, zeinak lotzen baititu Murillo el Frutotik Zaraitzura arteko Errege Altxobidea eta Milagrotik Aezkoara arteko Errege Altxonbidea, Urraulgoitin barrena. Berrantolamenduaren perimetroan ez dago Natura 2000 Sarean sartutako inolako eremurik, eta "Areta ibaia" da BIL hurbilena, gutxi gorabehera kilometro batera dagoena.

Eraginaren Azterlanean inguru horretako inbentario arkeologikoa ageri da.

Hona hemen lurzati berrantolamenduak ingurumenean izanen dituen ondorio nagusiak:

a) Paisaia zertxobait pobretuko da, ezponden eta mugen dentsitatea gutxitzea aurreikusi baita, funtzionaltasunik gabe geldituko direlako ordezkapen finka berrien barrenean sartu eta gero.

b) Sastrakadiek eta larreek okupatutako lurren erabilera aldatzeko aukera, luberritu eta landaketak egin baitaitezke.

c) Lehengo bide sarea eraldatzea, oraingoen zabalera handitu eginen baita, proiektatutako azpiegiturak eskatzen duen bezala.

d) Finkak ustiatzeko baldintzak hobetzea, gaur egun ez baitira oso egokiak sarbide txarra dutelako eta oso zatituta daudelako.

e) Azkenik, azpimarratu behar da gune arkeologikoei tratamendu berezia eman behar zaiela berrantolamendua diseinatzerakoan. Horrenbestez, ez da uste bereziki zaindu beharreko gune horiei kalte nabarmenik eginen zaienik.

Lurzati berrantolamenduaren ingurumen integrazioa bermatzeko hartu diren babes, zuzenketa eta konpentsazio neurri nagusiak honakoak dira:

1. Neurri orokorrak eta ordezkapen finken banaketari eta diseinuari dagozkienak:

a) Eremu horrek ingurumenaren aldetik dituen elementu garrantzitsuen babesa bermatzea, hain zuzen ere paisaiaren, ekologiaren, kulturaren edo ekoizpenaren inguruan garrantzitsuak diren eta berrantolamenduaren ondorioz arriskuan egon daitezkeen elementuak.

b) Berrantolamenduaren ondorioz desagertzeko arriskua izateagatik zaindu behar diren elementuak (berez duten balioa alde batera utzita) mantenduko direla bermatzea, desagertuz gero eremua oro har pobretuko bailitzateke.

c) Eremuaren barnean dibertsitate maila bat mantentzea, era askotako erabilera izan dezan eta eskaintzen dituen aukerak aprobetxa daitezen.

d) Lurzati berrantolamenduaren eremuan ingurumen balio handienak dituzten ondoko eremu eta elementuak mailarik gorenean kontserbatzeko proposamena egin da: eremu horretan interesgarriak diren landare komunitate edo espezieak, ekologiaren eta/edo ehizaren aldetik balio ekologiko handia duten animalien babesleku edo janari diren elementuak, paisaiaren aldetik balio handia duten elementuak eta balio hidrologiko handikoak. Zehazki, istil eta putzuak, erretenak eta ur-ibilguak, inguruan zuhaitzak dituztenak, sakanak, eta %15etik gorako malda duten lurzatietako ezpondak edo zapaldak.

e) Ahal den neurrian zaindu beharreko beste eremu batzuk: kasu horietarako zenbait neurri proposatu dira, hala nola aldatzen ez den zatia ingurumenaren aldetik hobetzea, edo ezponda landaredunak sortzea luberritutako lurzatien antzeko azalera duten lurzati berrien artean.

2. Bide sarearen inguruko neurriak:

Eraginaren Azterlanean zehatz azaltzen dira bide bakoitzaren inguruko ingurumen balioak eta komunikazio sareko obrek izan dezaketen eragina.

Aipatzekoa da bide gehienen trazadurak lehengo bideenak direla; horrek eragina gutxituko du kasu gehienetan.

Saihestu eginen dira faunari habiak egiteko garaian kalte egin diezaioketen obrak. Bide berriak egiteko erabiliko diren materialak ateratzean eragina gutxitu eginen da.

Azkenik, obrengatik egiten diren eraikin eta sarbide behin-behineko guztiak deuseztatu eginen dira, bai eta haien ondoriozko edozein hondar ere.

3. Neurri konpentsatzaileak:

a) Zingira-areka txikiak sortzea 1. ingurumen-unitatearen eremuan, non freatismo fenomenoak izaten baitira, horrela anfibioei ugaltzen laguntzeko eta eremu horren kontserbazioan ere laguntzeko.

b) Ahalegina eginen da zereal zerrenda batzuk landu gabe uztea bultzatzeko, horrela estepako eta ehizako hegazti batzuen habitata hobetu dadin, zereal alorrak habiak egiteko eta lurreratu eta jateko eremu gisa erabiltzen baitituzte.

c) Lurzoruak kontserbatzeko lanak eta higadura saihesteko lanak egitea gomendatzen da, horien beharra baitago fauna ugari duten sakanen goialdetik pasatzen diren tarteetan.

Ondorio gisa esan daiteke eremu zaurkorrenak mosaiko erako paisaia dutenak direla, landaredi naturala duten lurzati landu gabeek eta ingurumen balio handiko muga eta ezpondez inguratutako lurzati landuek osatuak. Kontuan hartu dira, bereziki, inguruko kultur balioak. Ozkoidiko ondare arkeologiko garrantzitsuaren gainean ez da inolako eraginik sortuko, eta haren erabilera publikoa eta kontserbazioa sustatuko dira.

Beraz, Eraginaren Azterlanaren ondorioa hauxe da: ingurumen integraziorako hartutako neurriei esker, ez da aurreikusi inguruko paisaia edo bertako landare eta animalia espezieak nabarmen aldatuko dituen eraginik; gainera, proposaturiko neurrietako batzuk lagungarriak izan daitezke zenbait eremuren kalitatea hobetzeko.

Iragarkiaren kodea: F0715255