134. ALDIZKARIA - 2007ko urriaren 26a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

4679/2007 EBAZPENA, urriaren 10ekoa, Enpresaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroarako interesgarri diren atzerriko merkatuen arloko teknikariak prestatzeko dirulaguntzak emateko deialdia onesten duena.

Enpresak nazioartera ateratzea, gaur egun beharrezko estrategia da enpresa sendotzeko eta lehiakortasunari eusteko.

Hori gauzatzeko beharrezkoak dira adituak, kanpoko merkatuak ezagutzen dituztenak eta beste herrialdeetako eragileekin aritzen ohituak daudenak.

Bestalde, atzerriko merkatu konplexu batzuetara hurbiltzeko, beharrezkoa da nazioarteratzearen alderdi batzuei buruzko ikasketak izatea, enpresek herrialde horietan eman beharreko lehenengo urratsak errazteko.

Interes estrategikorik handienetakoa duten bi merkatu Estatu Batuetakoa eta Txinakoa dira, eta, hortaz, Enpresaren Zuzendaritza Nagusiak Shangaiko (Txina) eta Los Angelesko (Estatu Batuak) Merkataritza Bulegoetan teknikariak prestatzeko bi plaza eskatu eta lortu ditu. Bulego horiek Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioko Estatuko Turismo eta Merkataritza Idazkaritzakoak dira.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Nafarroarako interesgarri diren atzerriko merkatuen arloko teknikariak prestatzeko 2008ko dirulaguntzak emateko deialdia onestea.

2. Dirulaguntzak emateko oinarriak onestea. Oinarri horiek ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. 76.120 euroko gastua baimentzea, aurrekontuko kontusail hauen kargura:

-8.000 euro, 2007ko ekitaldiko gastuen aurrekontuko 850001/81410/4819/431302 kontusailaren kargura.

-68.120 euro, 2008ko gastuen aurrekontuko kontusail baliokidearen kargura.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Ebazpen honek ez dio administrazio bideari amaiera ematen. Espedientean interesa dutenek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete ebazpen honen kontra, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2007ko urriaren 10ean.-Enpresaren zuzendari nagusia, Begoña Urien Angulo

ERANSKINA

Nafarroarako interesgarri diren atzerriko merkatuen arloko teknikariak prestatzeko 2008ko dirulaguntzak ematea arautzeko oinarriak

1. oinarria.-Xedea.

Oinarri hauek Nafarroarako interesgarri diren atzerriko merkatuen arloko teknikariak prestatzeko dirulaguntzak arautzen dituzte.

Merkatu jakin batzuei buruzko espezializazio horri esker, teknikarien lanbide jarduketa hobetu eta horiek hartuko dituzten enpresak nazioarteratzeko aukerak ere bultzatuko dira. Bestalde, teknikariek prestakuntza aldian egiten dituzten txostenak onuragarriak izanen dira Nafarroako enpresa guztientzat, denen eskura egonen baitira.

2. oinarria.-Dirulaguntza har dezaketen gastuak eta diru-zenbatekoa.

Prestakuntza jarduerak Shangaiko (Txina) eta Los Angelesko (Estatu Batuak) Merkataritzako Bulegoetan eginen dira. Bulego horiek Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioko Estatuko Turismo eta Merkataritza Idazkaritzakoak dira.

Hautatutako pertsonek 2008ko urtarrilaren 1etik otsailaren 28ra bitartean sartu beharko dute dagokien postuetara, eta egonaldia bukatuko dute 2008ko azaroaren 15etik abenduraren 31ra bitartean.

Dirulaguntzak ondoko kontzeptu hauek izanen ditu:

1. Hileko zenbateko bat, prestakuntzarako laguntza gisa, 2.900 eurokoa Shangaiko postuan eta 2.700 eurokoa Los Angeleskoan.

2. Destinoko hirira joan eta itzultzeko txartela, gehienez 1.500 euro postu bakoitzean.

3. Destinoko tutoreak proposaturiko jardueretan izena ematetik eta jardueretan parte hartzetik heldu diren gastuak, joan-etortzekoak, ostatu hartzekoak, mantenukoak etab. Gehienez 2.000 euro postu bakoitzean.

4. Txinera ikasteko eskolak Shangaiko posturako, gehienez ere 160 euro hilean.

3. oinarria.-Onuradun izateko baldintzak.

Onuradun izan ahal izateko, beharkizun hauek bete beharko dira:

1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 13. artikuluan ezarritako beharkizun orokorrak.

2. Horiez gainera, interesdunek berariazko baldintza hauek ere bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa.

b) Nafarroan erroldaturik egotea deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu baino urte bat lehenagotik gutxienez.

c) Unibertsitateko goi mailako titulua izatea, ahal dela Zuzenbidekoa edo Ekonomiakoa, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu aurreko bost urteetan eskuratua. Atzerrian ateratako tituluak onartuko dira baldin eta Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak homologatu baditu.

d) Atzerriko merkataritzari buruzko master baten zati lektiboa, gutxienez, gainditua izatea deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu aurreko hiru urteetan.

e) Ingelesez jakitea ahoz eta idatziz, hala nola gaztelaniaz, nazionalitate espainiarra ez duten izangaien kasuan.

f) Txinera jakitea, Shangaiko postua nahi dutenen kasuan.

g) Prestakuntzarako bi urte baino gehiagoko helburu bereko laguntza jaso ez izana inolako Administrazio Publikotatik.

4. oinarria.-Betebeharrak frogatzeko modua.

1. Aurreko oinarrian adierazi betebeharrak frogatzeko modua honakoa da:

a) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebeharrak www.navarra.es helbidean eskura daitekeen Fc7.07.18 galdetegia aurkeztuz frogatuko dira.

b) Aurreko oinarriko betebehar berariazkoak frogatzeko, 5. oinarriko inprimakiak eta dokumentuak aurkeztuko dira.

2. Eskatutako betebeharrak bete beharko dira gutxienez dirulaguntzaren xede diren jarduerak amaitu arte.

5. oinarria.-Eskaeren aurkezpena eta ekarri beharreko agiriak.

1. Eskaerak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabideak aurkeztuko dira Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko erregistroan (Iruñeko Tomás Caballero parkeko 1ean, 31005 posta kodean), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetako batean.

Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean egin beharko da, lehenengo orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) adierazi ahal izateko. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira.

2. Eskabidearekin batera ondoko agiri hauek aurkeztu behar dira (Fc7.07.18 inprimakia):

a) Eskatzailearen curriculum vitae-a, non jasoko baitira, zehatz-mehatz, aipatutako merezimendu guztiak eta dagozkien frogagiriak.

b) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia. Beste estatuetako herritarrek balio bereko agiriak aurkeztuko dituzte.

c) Nafarroako erroldan ageri dela frogatzen duen agiria, erroldan sartzeko eguna azaltzen duena.

d) Unibertsitate tituluaren eta egindako masterraren ziurtagirien fotokopia. Titulua atzerriko unibertsitate batek eman baldin badu, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren homologazioaren ziurtagiria aurkeztuko da.

e) Ikasketa-espedientearen fotokopia, 0tik 10erako eskalan batezbestekoa azaltzen duena.

f) Ingelesez eta, hala denean, txineraz dakiela frogatzen duen agiriaren fotokopia, noiz eskuratu zen zehazturik.

g) Ikasten zein lanean emandako egonaldiak frogatzen dituzten agiriak, datak eta iraupenak zehazturik.

6. oinarria.-Dirulaguntzak emateko irizpide objektiboak

Postuetako bat eskuratzeko gutxienez 50 puntu lortu beharko dira.

Hona hemen dirulaguntza emateko eskabideak baloratzeko irizpideak:

1. Espediente akademikoa: gehienez 4 puntu. Zuzenbide zein Ekonomia arloarekin loturiko titulazioak atal honetako balorazioa %25 handituko dute, eta gehienez 5 puntu lortzen ahalko dira.

2. Atzerriko merkataritzari lotutako arloen gaineko prestakuntza:

20 ordu baino gehiagoko jardunaldi, ikastaro edo mintegiak: gehienez 20 puntu.

3. Ikasten zein lanean beste herrialde batzuetan 4 hilabetez edo gehiagoz egoteagatik: gehienez 25 puntu.

4. Ingelesez jakitea: gehienez 25 puntu. Gutxienez 15 puntu lortu beharko dira elkarrizketa fasera pasatzeko.

Txinera jakitea, Shangaiko postua nahi dutenen kasuan: gehienez 5 puntu.

5. Buruz buruko elkarrizketa: gehienez 20 puntu; gutxienez 10 lortu behar dira.

Elkarrizketan ondoko alderdi hauek baloratuko dira: ingelesaren jakite maila, atzerriko merkataritzari buruzko ezagupenak, erantzunen argitasuna eta ordena eta gai desberdinak lotzeko gaitasuna. Txinerako ezagupenak baloratzeko mailakatze proba egiten ahalko da.

Elkarrizketa egiteko tokia eta eguna aldez aurretik jakinaraziko zaizkie hautatutako izangaiei.

7. oinarria-Ebaluazio Batzordearen osaera.

Ebaluazio Batzordea betebeharrak egiaztatu eta bekak eskatzen dituztenen merezimenduak ebaluatzeko organo kolegiatua da.

Kide hauek osatuko dute:

1. Merkataritza eta Nazioarteratze Zerbitzuko zuzendaria, batzordeburua izanen dena.

2. Nazioarteratze Ataleko ordezkari bat, idazkari lanetan arituko dena.

3. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Unibertsitatea-Gizartea Fundazioko ordezkari bat.

Ebaluazio Batzordeak eskabideak aztertuko ditu, haien artean lehentasunak ezartzeko, 6. oinarrian aipatutako balorazio irizpideei jarraikiz, eta irizpen bat prestatuko du.

Irizpena lotzailea izanen da organo instruktorearentzako, ebazpen proposamena aurkeztuko duenarentzako, Ebaluazio Batzordeak eginiko ebaluazioa ikusirik.

8. oinarria.-Dirulaguntza emateko ebazpena.

Eskabideak jasotakoan, Merkataritza eta Nazioarteratze Zerbitzuak haien edukia aztertuko du, eta eskatutako baldintzak ea betetzen diren ziurtatuko.

Eskatutako dokumentazioa zuzena ez bada edo osorik ez badago, hamar eguneko epean osatzeko eskatuko zaio eskatzaileari. Aditzera eman zaio horrela egiten ez badu, eskabidea bertan behera utzi duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da. Ebazpen hori jakinaraziko zaio.

Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkeztu ez badira, ezin izanen da hori zuzendu.

Ebaluazio Batzordearen irizpena ikusirik, Merkataritza eta Nazioarteratze Zerbitzuak esleipen proposamena eginen du 6. oinarriko irizpideak aplikatu ondoren puntuaziorik handiena izan duten eskabideen alde.

Proposamen horretan zerbitzuak adieraziko du onuradunek dirulaguntza hartzeko eskatzen diren betebehar guztiak betetzen dituztela.

Dirulaguntzak emateari buruz ebazteko eskumena Enpresaren zuzendari nagusiari dagokio. Ebazpena bi hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko du, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe horretan ebazpen espresurik jakinarazten ez bada, eskaera ezetsitzat jo beharko da.

Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

9. oinarria-Postuak eman gabe uztea.

Aurkeztutako eskabideak aztertu ondoren posturen bat betetzeko eskatzen den puntuazioa gainditzen duen izangairik ez badago, 5. oinarrian ezarritako epea agorturik, eskabidea aurkeztu zutenei eslei dakizkieke, betiere deialdian eskatutako baldintzak betetzen badituzte.

10. araua.-Dirulaguntzaren ordainketa.

Dirulaguntza honako modu eta epeetan ordainduko da:

1. Hautaturiko pertsona bakoitzak prestakuntzarako jaso beharreko laguntzaren zenbateko osoa kalkulatuko da eta postu bakoitzean 4.000 euro emanen zaizkie aurrerakin gisa, onuradunek prestakuntza eginen duten hirian bizitzen hasteko gastuei aurre egin diezaioten.

Laguntzaren gainerako zenbatekoa hilabetero ordainduko zaie zati berdinetan hilabetea bukatu ondoren.

2. Joan-etortzeko bidaiei dagozkien dirulaguntzak, gastuak justifikatu eta hurrengo hilabetean ordainduko dira, txartelak, fakturak eta ordainagiriak aurkeztu ondoren.

3. Destinoko tutoreak agindu eta aldez aurretik Departamentuak baimendutako jardueretan parte hartzetik heldu diren bestelako kontzeptuen gastuei dagozkien dirulaguntzak justifikatu ondoko hilabetean ordainduko dira, hileko zenbatekoarekin batera.

4. Txinera ikasteko eskolak justifikatu ondoko hilabetean ordainduko dira, hileko zenbatekoarekin batera.

Aurretik Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarik jaso ez bada, eskatzaileak transferentzia bidez ordaintzeko eskaeraren inprimakia (jatorrizkoa) aurkeztu beharko du.

11. oinarria.-Onuradunen betebeharrak eta haiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntzaren onuradunek honako betebehar zehatzak bete beharko dituzte:

a) Atxikitzen diren bulego ekonomiko eta komertzialaren egituran sartuko dira eta ordutegia, arauak eta diziplina betetzeko konpromisoa hartuko dute. Bulego horretan tutore bat esleituko zaie.

b) Halaber, konpromisoa hartuko dute hiru hilabetetik behin txosten bat eta beste bat prestakuntza bukatutakoan egiteko egindako jarduerei buruz.

c) Interesdunek zortzi egun baliodun izanen dituzte baimen eta oporretarako. Egun horiek nahi dutenean hartzen ahalko dituzte, betiere tutoreari behar besteko denboraz eskatzen badiote, eta horrek baimena emanen du baldin eta bulegoaren funtzionamenduari loturiko premia larriak oztopatzen ez badira.

d) Herrialdetik atera nahi izanez gero, baita asteburuetan nahiz lanegunak ez diren egunetan ere, horren berri eman beharko diote tutoreari aldez aurretik.

e) Postua esleitzeko ebazpenean jartzen duen data baino lehenago onuradunak bere egonaldia bukatutzat ematen badu, hilabeteroko ordainketekin konpentsatu ez zaion aurrerakina itzuli beharko du.

f) Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak onuradunentzat bigarren prestakuntza aldia ezartzen badu onuradunak behartuta daude hartan parte hartzera gutxienez sei hilabetez.

2. Onuradunek Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.

Zerga arloko eginbeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik dauzkala frogatzeko, eskabidean eskatzaileari jakinarazten zaio baimena ematen diola departamentuari hura frogatzen duten datuak dirulaguntzaren gaineko ebazpen proposamena ematen denean begiratzeko.

3. Dirulaguntza emateko ebazpenean, arau hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarririko betebeharrak bete ezik, onarturiko dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege hartako 35. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharrak hein batean bete ezik, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere zehaztuko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz edo, hala badagokio, dagokion zenbatekoa itzuliko.

12. oinarria.-Laguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honen dirulaguntzak bateraezinak dira jarduera berbererako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo partikularrek emandako bestelako laguntzekin.

Era berean dirulaguntza horiek bateraezinak izanen dira langabezia prestazioarekin edo lanean jarduteagatik jaso daitekeen ordainsariarekin.

13. oinarria.-Lan edo administrazio harremanik eta istripu-asegururik eza.

Dirulaguntza hau jasotzeak ez dakar berarekin lan edo administrazio harremana egotea onuradunaren eta merkataritza bulegoaren edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren artean. Era berean, ez da horregatik Gizarte Segurantzan sartuko.

Onuradunek osasun laguntzarako eta istripuetarako aseguru poliza baten estaldura izanen dute, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak kontratatua.

14. oinarria.-Lanen jabetza.

Onuradunek egindako lanak dagokion bulego ekonomiko eta komertzialaren jabetzara pasako dira, baina Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak zilegi izanen du horiek erabili edo argitaratzea.

15. oinarria.-Oinarrien aurkako errekurtsoa.

Oinarri hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

16. oinarria.-Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Merkataritza eta Nazioarteratze Zerbitzuak Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren webgunean jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, ondokoak zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuradunak, emandako diru-kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Iragarkiaren kodea: F0715880