134. ALDIZKARIA - 2007ko urriaren 26a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

2860/2007 EBAZPENA, urriaren 8koa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana. Haren bidez onesten dira ezgaitasuna duten langileak mugagabe kontratatzeagatik dirulaguntzak ematea Nafarroako Foru Komunitatearen antolamendu eremura egokitzeko oinarriak. Maiatzaren 11ko 1451/1983 Errege Dekretuan arautua dago, hautazko enplegua eta langile minusbaliatuen enplegua sustatzeko neurriak arautzen baititu.

Maiatzaren 11ko 1451/1983 Errege Dekretuak hautazko enplegua eta langile minusbaliatuen enplegua sustatzeko neurriak arautzen ditu, haien artean enpresa arruntek ezgaitasuna duten langileak mugagabe kontratatzeagatik jaso ditzaketen dirulaguntzak besteak beste.

Espainiako Konstituzioaren 149.1.7 artikuluaren arabera, Estatuak erabateko eskumena du lan arloko legeriaren eremuan, Autonomia Erkidegoetako organoek bete beharko dutela ezertan ukatu gabe. Konstituzio Auzitegiak agindu hau interpretatu du (158/2004 epaia, irailaren 21ekoa, esaterako) eta dio dirulaguntzak ezin direla lan arloko legeriaren barruan sartu eta Estatuak dirulaguntzen destinoa, baldintzak eta izapideak arautu ahalko dituela eta Autonomia Erkidegoei, beren burua antolatzeko ahalmena erabiliz, soilik dagokiela haiek betetzea.

Azaldutakoarekin bat, maiatzaren 21eko 47/2007 Foru Dekretuak onetsi zituen Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuen 13. artikuluaren bidez eman dizkidaten eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Onestea ebazpen honen eranskinean dauden oinarriak, ezgaitasuna duten langileak mugagabe kontratatzeagatik dirulaguntzak ematea Nafarroako Foru Komunitatearen antolamendu eremura egokitzen dutenak, hautazko enplegua eta langile minusbaliatuen enplegua sustatzeko neurriak arautzen dituen maiatzaren 11ko 1451/1983 Errege Dekretuan arautuak.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, 2007ko urriaren 8an.-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, José Luis Ruiz Ciruelos.

ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

Lehen oinarria.-Eskabideak aurkezteko epea.

Lanpostua Nafarroako Foru Komunitatean duten langile ezgaituak mugagabe kontratatzeagatiko dirulaguntzak, maiatzaren 11ko 1451/1983 Errege Dekretuan arautuak, eskatzeko epea 3 hilabetekoa izanen da kontratazioa egiten den egunaren biharamunetik hasita. Kontratu horiek Nafarroako Foru Komunitatean kokaturiko enpresetan edo lantokietan aritzeko izanen dira.

Bigarren oinarria.-Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak.

Maiatzaren 11ko 1451/1983 Errege Dekretuan ezarritako laguntzak emateko prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duen organoa Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko eta Aukeren Berdintasunerako Zerbitzuko Enplegurako Laguntzen Atala izanen da.

Aurkeztutako eskabideak Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak ebatziko ditu. Ebazpen honek ez dio administrazio bideari amaiera ematen eta gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke bere kontra, Berrikuntza, Enplegu eta Enpresa kontseilariari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Hirugarren oinarria.-Ebazpena emateko epea.

Ebazteko epea sei hilabetekoa izanen da, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita. Epe horretan ebazpenik jakinarazten ez bada, eskaera ezetsitzat joko da.

Laugarren oinarria.-Errekurtsoak.

Deialdi honek eta bere oinarriek ez diote administrazio bideari amaiera ematen eta gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke bere kontra, Nafarroako Gobernuaren Berrikuntza, Enplegu eta Enpresa kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Bosgarren oinarria.-Publizitatea.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak jendaurrera aterako ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Enplegu Atarian (www.empleo.navarra.es), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzekin bat.

Seigarren oinarria.-Deialdiari buruzkoa.

Oinarri hauetan ezarri ez denerako, maiatzaren 11ko 1451/1983 Errege Dekretuan arautuak izanen du indarra, hautazko enplegua eta langile minusbaliatuen enplegua sustatzeko neurriak arautzen baititu.

Iragarkiaren kodea: F0715653