134. ALDIZKARIA - 2007ko urriaren 26a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.4. Ebazpenak

23/2007 EBAZPENA, urriaren 16koa, Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroko zuzendariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Ardoak Dastatzeko Panela eratzeko arauak ematen dituena.

Mahastizaintza eta ardogintza arautzeari buruzko abenduaren 5eko 16/2005 Foru Legearen 22. artikuluak ezartzen du ardoak kontrol-organo bakar batek kontrolatuko dituela, eta organo hori zuzenbide publikoko instituzioa, erakunde publikoa edo sozietate publikoa izanen dela.

Aipatutako foru legea garatzen duen abuztuaren 16ko 56/2006 Foru Dekretuaren 31. artikuluak ezartzen du Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Kalitatearen Institutuak kontrolatuko dituela "Lurraldeko ardoa" Adierazpen Geografikoa duten ardoak, "Nafarroa" Jatorri Deiturako ardoak eta Lur-eremuko ardoak.

Hortaz, Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Kalitatearen Institutua arduratuko da kontrola egiteaz eta kalifikazio proposamena igortzeaz babes mailetako kudeaketa organoei. Horretarako, beharrezkoa izanen da kasuan kasuko azterketa kimikoak eta organoleptikoak egitea.

Azterketa kimikoak Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroak kreditatutako laborategietan eginen dira, eta azterketa organoleptikoak dastapen-panel berria osatuko duen dastatzaile taldeak eginen ditu, Europako ISO-17020 kalitate araudiaren arabera.

Hori dela eta, Ardoak Dastatzeko Panela osatuko duten eragileak hautatzeko prozedura ezarri beharra dago.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. eta 49. artikuluetan ezarritakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskurantzak zehazten dituen otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretua ikusirik,

EBATZI DUT:

1.-Nafarroako Foru Komunitateko Ardoak Dastatzeko Panela eratzea. Horren bidez, abenduaren 5eko 16/2005 Foru Legearen babesean aitortuko Lurraldeko ardoen, "Nafarroa" Jatorri Deiturako ardoen eta Lur-eremuko ardoen kalitate organoleptikoaren berri emanen zaio Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Kalitatearen Institutuari.

2.-Panelak, eratu eta funtzionatzeko, Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroan izanen du egoitza (Valle de Orba k., 34- 31390, Erriberri).

3.-Dastapen-panela osatzen ahalko dute hala eskatzen duten eta ezarritako probak gainditzen dituzten pertsona fisikoek, jarraian adierazten diren baldintzetako bat betetzen badute:

a) Enologo lanetan aritzeko gaituak izatea, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariaren irailaren 27ko 151/2004 Foru Aginduaren babesean. Foru agindu horrek enologo, mahastizaintzako eta ardogintzako teknikari espezialista eta ardogintzako teknikari lanetan aritzeko gaitasunaren arauak ematen ditu.

b) Jarduneko enologo eta/edo mahastizaina izatea eta gutxienez hiru urteko esperientzia egiaztatua edukitzea mahastizaintzako eta ardogintzako sektorean.

c) Gastronomiako eta/edo kazetaritzako (sustapena/ komunikazioa) sektoreetako jarduneko profesionala izatea eta gutxienez hiru urteko esperientzia egiaztatuta edukitzea mahastizaintzako eta ardogintzako gaietan.

Halaber, Dastapen Batzordeko kide izanen dira "Nafarroa" Jatorri Deiturak proposatutako dastatzaile aditu bat, Nafarroako Mahastigintza eta Enologia Zentroak proposatutako dastatzaile aditu bat eta babes mailak kudeatzeko organo bakoitzak (Nafarroako Foru Komunitateak aitortzen ahal dituena) proposatutako dastatzaile aditu bat.

4.-Dastapen Batzordeko kide izateko izangaien ebaluazioa ardo dastapenean aditua den epamahai batek eginen du. Adituak entitate eta erakunde hauek proposatuko dituzte:

-Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioa.

-"Nafarroa" Jatorri Deitura.

-Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroa.

-Errioxako, Nafarroako eta Euskadiko Enologoen Elkartea.

-Madrilgo ETSIAgrónomos unibertsitate hedapeneko Mahastizaintzako eta ardogintzako masterra.

-Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Kalitatearen Institutua.

Entitate eta erakunde horietako bakoitzak dastatzaile aditu bana proposatuko du.

5.-Probak.

Dastapen Batzordeko dastatzaileak hautatzeko probetan, lagin kopuru zehatz baten azterketa organoleptikoa egin beharko da, Epaimahaiak zehaztutako moduan.

Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroan eginen dira, interesdunei jakinarazten zaien egunean, behin eskaerak aurkezteko epea amaituta eta hautagaiak zehaztuta.

6.-Eginkizunak.

Dastaspen Panelak eginkizun hauek izanen ditu:

-Proposatzen dizkioten ardoen azterketa organoleptikoa egitea, kontrol-organoak, hau da, Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Kalitatearen Institutuak, ezarritako irizpideen eta parametroen arabera.

-Karaktere organoleptikoen arloaren gaineko erreklamazioei eta errekurtsoei buruzko aginduzko txosten loteslea egitea. Horretarako, 8 kidez osatutako azpibatzorde bat osatuko da. Azpibatzordeak 5eko taldean lan eginen du, eta Apelazio Batzordea eratuko da.

Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Kalitatearen Institutuak Dastapen Batzordearen funtzionamendu oinarriak ezarriko ditu eta dastatzaile guztiei horien berri emanen die.

7.-Dietak. Saio bakoitzeko 50 euroko dieta ezartzen da. Horri gehituko zaizkio joan-etorrietako gastuak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak kilometroko ezarritako zenbatekoa kontuan hartuta. Dastatzaile bakoitzak gehienez ere 100 euro jaso ditzake saio bakoitzeko.

8.-Eskabideak ebazpenaren eranskinean gehitzen den ereduaren araberakoak izanen dira eta Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroaren webgunetik ere behera kargatzen ahalko dira.

Eskaerak Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroan (Valle de Orba k., 34, Erriberri) aurkezten ahalko dira edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38. artikuluko 4. idatz-zatian aipatzen diren erregistroetako edozeinetan.

3. puntuko b) eta c) ataletan aipatutako kasuetan, kasuan kasuko enpresek edo entitateek igorritako egiaztagiria aurkeztu beharko da eskabideekin batera.

9.-Eskaerak aurkezteko 15 egun naturaleko epea egonen da, ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

10.-Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroaren 2007ko gastuen aurrekontuko "Zenbait gastu" izeneko 730000-73000-2269-412100 kontusailaren kontura ordainduko dira ardoak Dastatzeko Panelaren hautapenak sortutako gastuak.

11.-Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

12.-Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Erriberrin, 2007ko urriaren 16an.-Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroko zuzendaria, Emilio Gurrea Asensio.

ERANSKINA

Eskabidea

Nafarroako Foru Komunitateko Ardoak Dastatzeko Panela osatzeko hautaprobetan parte hartzeko.

Eskatzailearen datuak.

Izena eta bi deitura:

Helbidea:

Harremanetarako tel.:

Posta elektronikoa:

Eskatzen dut:

Onartua izatea Nafarroako Foru Komunitateko Ardoak Dastatzeko Panela osatzeko hautaprobetan, Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroko zuzendariaren 2007ko urriaren 16ko Ebazpenaren oinarriei jarraikiz.

Sinadura:

.....................(e)n, 2007ko ................aren

Aurkezten diren agiriak: (Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroko zuzendariaren 23/2007 Ebazpenaren 3. puntuko b) eta c) ataletako eskaerentzat soilik).

Iragarkiaren kodea: F0716008