131. ALDIZKARIA - 2007ko urriaren 19a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ETXARRI ARANATZ ALDEKO GIZARTE ZERBITZU OINARRIZKOEN MANKOMUNITATEA

Ereduko ordenantza, Etxarri Aranatz Aldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko udalen Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuak arautzeko. Behin betiko onespena

Etxarri Aranatz Aldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen Batzarrak, 2007ko martxoaren 21ean egindako bilkura arruntean, besteak beste, hasiera batean onetsi zuen udalen Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuak arautzeko ereduko ordenantza.

Erabaki hori 2007ko 67. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, maiatzaren 30ean, eta jendaurrean hogeita hamar egunean egon ondoan, inork haren kontrako erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu ez duenez, behin betikoz onetsitzat jotzen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 9/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluari jarraikiz.

Etxarri Aranatzen, 2007ko abuztuaren 14an._Mankomunitateko burua, María Asunción Razkin Razkin.

ETXARRI ARANATZ ALDEKO GIZARTE ZERBITZU OINARRIZKOEN MANKOMUNITATEKO UDALEN ETXEZ ETXEKO LAGUNTZA ZERBITZUAK ARAUTZEKO EREDUKO ORDENANTZA

I._Zioen azalpena.

Etxez etxeko laguntza zerbitzuak Nafarroako gizarte zerbitzuen eskualde oinarrizko guztietan ezarri ziren Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoak arautzen dituen urtarrilaren 16ko 11/1987 Foru Dekretuan babespean. Programa berariazkoak dira, beren buruaz baliatzeko zailtasuna duten pertsonak beren etxeetan gelditzea bilatzen dutenak eta horretara bideratuak, horretarako etxe, norbanako eta gizarte arloko prestazio multzoaren eskaintza eginez.

1. artikulua. Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuaren definizioa (ELZ).

EZL Etxarri Aranazko Mankomunitatearen zerbitzua da, oro har bere oinarrizko premiak bere ohiko inguruan asetzeko mugak dituzten herritarrendako, eta banakoarendako zerbitzu batzuen prestazioa eskaintzen du aldi baterako edo modu iraunkorrean, egoera bakoitzaren ariora. Xedeak dira pertsona bere inguruan ahalik eta hobekien txertatzea, haren beregaintasun funtzionala handitzea eta haren bizi kalitatea hobetzea.

2. artikulua. Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren (ELZ) esku hartzea oinarritzen duten printzipioak.

Gizarte zerbitzuei buruzko martxoaren 30eko 14/1983 Foru Legean bildutako printzipio orokorrak garatzen dituzte. Hona zein diren:

_Erantzukizun publikoa, Administrazioak bere gain hartzen baitu baliabideak sustatzeko ardura, finantza, teknika, jende eta antolaketa aldetik.

_Prestazioaren unibertsaltasuna eta berdintasuna, menpekotasun egoera dagoen edozein lagunek hura eskuratzeko eskubidea izan dezan, batere bereizkeriarik gabe.

_Osagarritasuna, pertsonak etxean ahalik eta denbora gehien atxikitzeko helburua duten beste zerbitzu eta baliabide batzuekin.

_Aurreneurri izaera, laguntza hartzen duenaren gaitasunen andeatzea eta sostenguen eta gizarte harremanen galera eragotzi edo mugatzeko, eta autonomia bultzatu eta handitzeko.

_Osotasuna/integralitatea, behar sozialei osotara eta ez atalka erantzuteko.

_Erantzukizuna, hau da, familiaren sostengua eta gizartearen sostengu sareak (auzoak, boluntarioak, ...) mantendu, iraunarazi eta handitzeko.

_Errespetua, laguntza hartzen dutenen eta zaintzaileen lehentasunekin.

_Laguntzaren malgutasuna, kasu bakoitzean laguntza hobea eskaintzeko aukera emanen duten baliabideak konbinatuz.

_Koordinazioa baliabideekin, izanik horiek instituzionalak nahiz sostengu informalekoak, esku hartzearen sinergia hobetu eta eraginkortasun handiagoa bermatzearren.

3. artikulua. ELZ programaren ezaugarriak:

ELZ honelako zerbitzua da.

_Balioaniztuna, autonomia falta duten pertsona edo familia taldeen premia ugari bere gain hartzen baititu.

_Normalizatzailea, inguruko baliabideak erabiltzen baititu premiak betetzeko.

_Etxez etxekoa, funtsean erabiltzailearen etxean egiten baita.

_Integrala, bizikidetza unitateen beharrei osotasunean heltzen baitie.

_Prebentiboa, gaitasun pertsonalen galera saihestu edo mugatuko duena, baita sostengu eta harreman sozialena ere; orobat, erakundeen beharrik gabeko esku hartzea, non ez den horrela bizi kalitate handiagoa bermatzen.

_Osagarria, oinarrizko beste laguntza batzuekin batera, helburuak lortzearren.

_Akuilatzaile eta pizgarria, erabiltzailearen beharrak betetzen lagunduko duena, haren gaitasunak indartuz, aldaketaren eragile eginez eta familiaren partaidetza bultzatuz.

_Teknikoa, jarduerak teknikoki planifikatzen baitira eta profesionalek taldean esku hartzen baitute, behar bezain aditu izanik.

_Pertsonalizatua, erabiltzaile bakoitzak bere beharretara egokitutako programa eta segimendua behar baitu, bitarteko hoberenak konbinatuz.

_Laguntza hartzen dutenek eta haien zaintzaileek gustukoa dutena errespetatzen duena.

4. artikulua. Helburuak.

Mankomunitate honen Etxez etxeko laguntza programak helburu hauek ditu:

_Pertsonak beren ohiko inguruan ahalik eta denbora gehien eta ahalik eta bizi kalitate gehienarekin atxikitzea, gisa horretara, behar bezalako aukera emanez, eragozten baita inor beharrik gabe zentro batera eramatea, inguruarekiko horrek dakarren deserrotzearekin.

_Pertsonaren eta familiaren trebetasun, gaitasun eta abilezien optimizazioa lortzea, beregaintasun handiena izateko aukera eman beharrez, ohitura osasungarriak bultzatzea eta norberaren segurtasun eta autoestimua handitzea.

_Ohiko bizilekuan prestazio multzo bat eskaintzea, modu integralean eguneroko jarduerak egitea erraztu eta haietan sostengu emateko.

_Osasun eta gizarte zerbitzuetatik esku hartzen duten profesionalen sarearekin jarduketak koordinatzea, baliabide egokiak erabili eta aplikatuz, esku hartzea eraginkorragoa izan dadin.

_Oreka pertsonala, familiarena eta inguruarena hobetzea familia, auzo eta adiskide loturak sendotuz, eta sostengu sare naturalen lankidetza handiagoa bultzatu eta indartzea, bereziki familiarena, zaintzaileei behar bezalako sostengua eman diezaieten.

_Beregaintasun pertsonal eta sozialari eragiten dioten krisi pertsonal eta/edo familiarren unean uneko egoeretan laguntza ematea.

_Laguntza hartzen dutenen harreman sozialak eta haien jendarteko jarduerak indartzea, sor litezkeen isolamendu eta bakartasun arazoak saihesteko.

_Komunitateko boluntarioen sostengua bultzatzea eta bideratzea, erabiltzaileei lagun egiteko balio dezaten.

5. artikulua. ELZren erabiltzaile eta hartzaileak.

ELZren erabiltzaileak izaten ahalko dira Etxarri Aranatz Aldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko udalerrietariko batean erroldaturiko pertsona edo bizikidetzako familia unitate guztiak, bizia beren gain egiteko mugaturik badaude eta horien ondorioz beren kasa beren premia pertsonal eta sozialak berdindu ezinean badabiltza eta laguntza behar badute beren ohiko bizilekuan jarraitu ahal izateko.

Erabiltzaile izateko, hauek izanen dute lehentasuna:

_Beregain izateko arazoak dituzten zaharrak.

_Beregaintasunari modu larrian eragiten dion ezgaitasuna dutenak.

_Familia unitateak, beren baitan adin txikikoak edo beren buruaz baliatzeko zailtasuna duten lagunak izanik, eguneroko bizitzako jardueretan etxean berean behar bezalako zaintza eta arta ematen ahal ez badiete, edo, gizarte, ekonomia edo kultura aldetik, haien egoerak komenigarri egiten badu etxez etxeko laguntza, garapen normal eta orekatua bermatze aldera.

Premia maila bera izanik, kargaren gero eta gehiagorako eskalan prezio publikoaren %100 baino gutxiago ordaindu behar dutenek izanen dute lehentasuna.

6. artikulua. ELZan esku hartzen duten profesionalak.

Profesional hauek osatuko dute Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko lan talde oinarrizkoa:

_Gizarte-langilea: eskaria jasotzea dagokio eta, orobat, haren ardura dira kasuaren azterketa eta balorazioa, komeni den esku hartze programa diseinatzea eta proiektua gainbegiratu, segitu eta ebaluatzea.

_Familia langilea: horrenak dira erabiltzaileari berari eta haren etxeari dagozkion egitekoak, baita hura laguntzea ere ohiturak eta gaitasunak sortzen eta mantentzen; horrez gain, aldian behin balorazioa eta txostena egin beharko du bere esku hartze jarraituaren ondorioz egoerak duen bilakaerari buruz.

Aipatu lanetatik kanpo geldituko dira osasun arlokoak baizik ez diren prestazio guztiak, halako espezializazioa behar badute eta osasun arloko baliabideen eskumenari badagozkio.

_Administrariak: zerbitzuaren ondoriozko administrazio eta antolaketa lanak eginen dituzte.

Prestazioak hala behar duenean, Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoko beste profesional batzuek esku hartzen ahalko dute, hala nola honako hauek:

_Hezitzailea: horren ardura erabiltzailearekin, haren familiarekin eta inguruarekin hezkuntza arloko lanak egitea da, bizikidetza gunean familiaren autonomiari on eginen dioten gaitasun eta trebeziak eskuratzen lagungarri izan daitezen.

_Psikologoa: esku hartzea dagokio sostengu psikosoziala behar duten egoeretan, baita begiraleei sostengu eta aholku emateko jardueretan eta zerbitzuko langileen prestakuntza etengabean ere.

_Beste profesional batzuk: eragile soziokulturalak, enplegu teknikariak, berdintasun teknikariak...

7. artikulua. Eskuratzeko irizpideak: menpekotasuna baloratzeko tresnak.

Mankomunitate honen Etxez etxeko laguntza zerbitzua nork nola eskuratu baloratzean, Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoak kontuan hartuko du:

_Onuradun izan daitezkeenek zenbaterainoko autonomia funtzionala duten eguneroko bizitzako oinarrizko jarduketak eta tresna bidezkoak egiteko.

_Sare naturalaren eta bereziki familiaren sostengua duten.

_Onuradun izan daitekeenaren egoera soziofamiliarra.

Horretarako, egungo araudiari jarraikiz indarra duten balorazio eskalak erabiliko dira.

8. artikulua. Zerbitzuen zerrenda.

Etxez etxeko laguntzaren prestazioaren barrenean, gisa honetako jardueretako bat edo guztiak sartzen dira:

a) Etxeko zeretan sostengu emateko jarduerak. Hona hemen etxeko zeretan sostengu emateko jarduketak:

Erabiltzailearen elikadurarekin ikusteko dutenak, hala nola:

_Elikagaiak erostea.

_Etxean elikagaiak prestatzen laguntzea.

_Etxez etxeko janarien zerbitzua.

Erabiltzailearen arroparekin ikusteko dutenak, hala nola:

_Etxean eta etxetik kanpo arropa garbitzen laguntzea.

_Arropa pasaratu eta zaintzea.

_Arropa antolatzea.

_Etxean edo etxetik kanpo arropa lisatzea.

_Arropa erostea.

Etxebizitzaren mantentze-lanekin ikusteko dutenak, hala nola:

_Etxearen garbiketa.

_Konponketa txikiak.

_Etxearen egoera orokorra gainbegiratzea, etxeko istripuak saihesteko.

b) Sostengu pertsonaleko jarduketak. Hona hemen, eguneroko oinarrizko zereginetan, sostengu pertsonaleko jarduketak:

_Norberaren txukuntasun eta garbiketa: gainbegiratzea, eguneroko garbiketa, bainua.

_Janzten eta jaten laguntzea.

_Erabiltzailearen elikaduraren kontrola.

_Osasun tratamenduaren segimendua, oinarrizko osasun laguntzako lan taldeekin koordinatuz.

_Etxe barreneko mugikortasunerako sostengua.

_Aisialdiko jarduketak bizilekuaren barnean.

c) Sostengu psikosozialeko jarduketak. Honako hauek dira laguntza psikosozialeko jarduketak:

_Autoestimua sendotzea eta bultzatzea.

_Familiaren dinamikan agertzen diren egoera guztiak gainditzeko balio positiboak indartzea.

_Bakartasun eta isolamendu sentimenduak piztean sostengu ematea.

_Diruaren eta familiaren antolaketan bidea erakustea.

_Familiaren higienearen plangintzan sostengu ematea.

_Familiari eta inguruari dagokionez bizikidetzako usadioen gaineko prestakuntza ematea.

_Gizarteratzeari eta sozializazioari sostengu ematea.

d) Sostengu soziokomunitarioko jarduerak. Hona hemen sostengu soziokomunitarioko jarduketak:

_Lagun egitea etxetik kanpo, kudeaketa pertsonaletan laguntzeko.

_Kultura, aisialdi edo denborapasako jarduketetan lagun egitea.

_Boluntarioen esku hartzea erraztu eta bultzatzea, etxean lagun egiteko.

e) Familiari sostengu emateko jarduketak. Hona hemen familiari sostengu emateko jarduketak.

_Zaintzaileendako prestakuntza eta aholkularitza.

_Zainketen gaineko prestakuntza.

_Sostengu teknikoa eta gainbegiratzea.

f) Etxean sostengu teknikoa emateko jarduketak. Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren bitartez argibideak eta orientazioa ematen da honako hauen gainean:

_Etxean artatzeko sostengu teknikoko materiala eskuratzea (mailegu sistema, prestazio ekonomikoen kudeaketa, etab.).

_Etxez etxeko sostengurako baliabide osagarriak, beste erakunde batzuen ardurapekoak, hala nola larrialdietarako telefono zerbitzua, etxez etxeko laguntzarako dirulaguntzak, eguneko zentroak, etab.

_Etxebizitza egokitzeko baliabideak.

Etxez etxeko laguntza zerbitzua gehienez ere 2 orduz emanen da egunero etxe bakoitzean.

9. artikulua. Prezio publikoa. Tarifen sistema.

Finantzaketa sistemari aplikatzen ahal zaizkion irizpide eta printzipioak ondokoak dira:

Zerbitzu unitatearen definizioa: ordenantzan eskainitako edozein zerbitzu emateko zenbat denbora ematen den etxean; gehienez ere bi ordu izanen da egun bakoitzean.

Familia unitatearen definizioa: prezio publikoa kalkulatzeko erabiliko da PFEZn definitzen den familia unitatea:

_Legez bereizirik ez dauden ezkontideek eta adingabeko seme-alabek osatua (gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak salbu); unitate horretan sartzen dira, halaber, judizialki ezgaituta eta guraso-aginte luzatu edo birgaituaren menpe dauden adin nagusiko seme-alabak.

_Berariazko legeen araberako bikote iraunkor bateko kideek eta adingabeko seme-alabek osatua (gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak salbu); unitate horretan sartzen dira, halaber, judizialki ezgaituta eta guraso-aginte luzatu edo birgaituaren menpe dauden adin nagusiko seme-alabak.

_Legezko banakuntzaren kasuetan edo, ezkontzaren bidezko loturarik edo bikote iraunkorrik ez dagoenean, aitak edo amak eta batarekin edo bestearekin bizi diren seme-alaba guztiek osatzen dutena, aurreko atalean aipatu baldintzak betetzen badituzte. Ahalmen ekonomikoa zehaztea: errenta eta gastu kengarriak.

_Errenta: PFEZaren etekin garbien eta pentsio edo prestazio salbuetsien kontzeptuak.

_Gastu kengarriak: kuotan desgrabazioa izateko oinarria eratzen dutenak, ondoko arrazoiak direla eta: pertsonalak, etxebizitza alokairuan hartu edo erostea, eta menpekotasunagatik emandako laguntzaren ingurukoak (eguneko zentroak, garraioa, etxeko lanak eta bestelakoak).

_Hileko per capita errenta garbia: aurreko kontzeptuen arteko aldea familia unitateko kide kopuruaz eta 12 hilabetez zatitzetik sortzen dena.

Erabiltzailea PFEZaren aitorpena egitera behartua ez dagoenean, aurreko ekitaldian izandako dirusarreren arabera zehaztuko da ahalmen ekonomikoa.

Kostuaren oinarrizko unitatea zehaztea:

_Zerbitzuaren kostu guztiak egotzi eta emandako laguntzaren guztirako kostuaren balioa, ordu bakoitzeko, zenbat den ateratzeko, honela eginen da:

Urtero zehaztuko da kostu zentro bat, eta horri egotziko zaizkio zerbitzuaren zuzeneko eta zeharkako kostu guztiak: lanaldi osoko famili langile baten kostua eta gizarte langilearen eta administrari laguntzailearen kostuaren %15, horiek biak programaren kudeaketan zuzenean parte hartzen duten profesionalak baitira.

Guztirako kostua lanaldi osoko familia langile batek etxez etxeko laguntzarako egiten ahal dituen orduen kopuruaz (lanaldi horren %80) zatituta ateratzen da laguntza orduaren kostua.

Tarifaren oinarrizko unitatea:

Zerbitzua etxean ematen iragandako denbora da tarifaren oinarrizko unitatea.

Laguntza orduaren %50 izanen da prezio publikoa edo tarifa.

Prezio publikoa kargatzeko gero eta gehiagorako eskala:

Karga eskala familia unitatearen per capita errenta garbiari egotziko zaio, eta errenta horrek urteko OAEAParekiko (ondorio askotarako errentaren adierazle publikoa) gordetzen duen proportzioan oinarrituko da.

ERRENTA MAILAREN TARTEAK ETA TARIFEN ESKALA

Ordu bakoitzaren kostua zehazten da, 2007rako.

_PCEG (per capita errenta garbia) < OAEAP: tarifarik gabe.

_OAEAP %105 / OAEAP. 582,40-611,52 euro: tarifarik gabe.

_%105 OAEAP / %120 OAEAP prezio publikoaren 0,15: 611,52 euro - 698,88 euro (1,71 euro/ordua).

_%120 OAEAP / %135 OAEAP prezio publikoaren 0,30: 698,88 euro - 786,24 euro (3,41 euro/ordua).

_%135 OAEAP / %150 OAEAP prezio publikoaren 0,45: 786,24 euro - 873,60 euro (5,12 euro/ordua).

_%150 OAEAP / %165 OAEAP prezio publikoaren 0,60: 873,60 euro - 960,96 euro (6,83 euro/ordua).

_%165 OAEAP / %180 OAEAP prezio publikoaren 0,75: 960,96 euro - 1.048,32 euro (8,54 euro/ordua).

_%180 OAEAP / %195 OAEAP prezio publikoaren 0,90: 1.048,32 euro - 1.135,68 euro (10,24 euro/ordua).

_PCEG > OAEAP %195 Prezio publikoa: 11,38 euro/ordua.

10. artikulua. Esku hartzeko protokolo teknikoa.

Esku hartzeko protokolo teknikoak ondotik adierazten diren urratsak jasotzen ditu eta haien edukia I. eranskinean azaltzen da:

_Eskariaren harrera eta aurkezpena.

_Kasuaren azterketa.

_Egoeraren diagnostikoa.

_Banakako laguntzarako proposamena. Esku hartzearen diseinua.

_Alderdien arteko konpromisoen formalizazioa.

_Esku hartzea abiatzea.

_Segimendua eta ebaluazio jarraitua.

11. artikulua. Kudeaketa arauak: etxez etxeko laguntza zerbitzua emateko administrazio prozedura.

a) Prozedura hasteko eguna:

ELZ emateko prozedura ofizioz edo interesdunaren eskariz abia daiteke:

_Ofizioz: Prozedura ofizioz abiatzen bada, organo eskudunaren erabakiaren bidez izanen da, dela organoaren beraren ekimenez, dela goiko agintarien agindu baten ondorioz, beste organo batzuek arrazoiturik eskatuta.

Ofiziozko prozedura irekitzen duen ebazpenaren datatik aitzina hasiko da epea kontatzen ofizioz abiatutako prozeduretan.

Betiere, prozedurak bat eginen du Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 68.etik 72.era bitarteko artikuluetan ezarritakoarekin.

_Alderdi batek eskaturik: Alderdi batek eskaturik abiatuz gero, eskabideekin batera agiri honen 2. eranskinean aipatu dokumentazio administratiboa aurkeztu beharko da gutxienez, eta eskabidea behar bezala bete.

Aipatu dokumentazioa gorabehera, espedientea tramitatzen den bitartean aurkeztutako eskabideari dagokionez egokitzat jotzen diren agiri osagarriak eskatzen ahalko dira.

Eskabideak Etxarri Aranazko Zerbitzu Mankomunitatearen Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aurreikusitakoa ukatu gabe; eskabidea aipatu erregistroan sartzen denetik kontatuko da prozedura tramitatzeko epea.

b) Tramitazioa: eskabideak behar diren datu eta agiri guztiak biltzen ez baditu, interesdunari errekerimendua eginen zaio hamar egunean akatsak zuzendu edo aginduzko agiriak ekar ditzan, eta ohartaraziko da hala egin ezean eskariari uko egin diola ulertuko dela. Hala izanez gero, artxibatuko da tramite gehiagorik gabe.

Zerbitzuen Mankomunitate honen ELZko teknikari arduradunek, aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, txosten-proposamen bat prestatuko dute, interesa duen bizikidetza unitatearen premia egoeraren berri emateko eta eskatutako prestazioaren edukia, maiztasuna eta egokitasuna zehazteko.

Proposamena dagokion organoari igorriko zaio, onets edo ezets dezan. Fase honetan sortuko da ELZren eskaria ebazteko agiri-proposamena.

c) Ebazpena: zerbitzua baiesteaz edo ezesteaz ebazpena emateko eskumena duen organoa Mankomunitateko burua da, beste inor espresuki eskuordetu ezean.

Ebazpena aldekoa edo kontrakoa izan daiteke. Kontrakoa izanez gero, espedientea artxibatuta bukatuko da tramitea; aldiz, ebazpena aldekoa bada, sarreraren data edo zerbitzua hasteko eguna erabakiko da, baldin eta laguntza emateko ordurik bada. Ordurik ez dagoenean, kasua itxaron zerrendara pasatuko da.

Ematen den ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio gehienez ere hamar eguneko epean, eta hartan adieraziko da zerbitzua baietsi edo ezetsi zaion, edo itxaron zerrendan sartu duten harik eta zerbitzua ematea posible den arte, eta orobat ebazpenaren kontra zein errekurtso diren bidezko.

Ebazpenak alderdi hauek aipatuko ditu, besteak beste:

1._Zerbitzua ukatzen den edo ematen.

2._Zerbitzua zein baldintzaten ematen den, eta gutxienez ere hauek:

_Banakoarendako laguntza programa.

_Egin beharreko lan/jarduketak.

_Laguntzaren iraupena.

_Prestazioaren ordutegia.

_Astean laguntza emateko egunak.

_Zerbitzuaren prezio publikoa, onuradunak ordaindu beharrekoa.

3._Onuradunarentzat ezarritako beste betebehar edo baldintza batzuk.

4._Ebazpena dela-eta aurkez daitezkeen administrazio errekurtsoak.

Interesdunak eskaturik abiatutako prozeduretan ebazpen espresurik ez izateak ondorio positiboak sorraraziko ditu, eta beraz baietsitzat hartzen ahalko da.

Aitzineko puntuak aipatzen duen ebazpenaz landara, atzera egiteak, uko egiteak eta iraungitzeko deklarazioak amaiera emanen diote prozedurari, baita ezustean gertatutako arrazoiengatik jarraipena emateko ezintasunak ere.

d) Jakinarazpena.

Zerbitzua baietsita, onuradunari edo haren legezko ordezkariari jakinaraziko zaio. Gaztigu hori zerbitzuan sarrera izateko aginduaren pareko izanen da; bertan, zer prestazio mota emanen dioten, zenbat orduz eta zer tarifa dagokion zehaztuko da. Orobat, jakinaraziko zaio Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoari eta dagokion profesionalari.

e) Iraungipena eta etena:

_Iraungipena: honako hauengatik gertatuko da:

1._Interesdunak hala nahi duelako edo uko egin diolako.

2._Behar diren baldintzak bete gabe zerbitzua eskuratzeagatik, edo une batetik aitzina betetzen ez dituelako.

3._Ezarritako betebeharrei huts egiteagatik.

4._Beste udalerri batera bizitzera joateagatik, zahar etxe batean sartzeagatik edo hiltzeagatik.

5._Ezustean gertatutako arrazoiengatik zerbitzu ematen jarraitzeko ezintasunagatik.

6._Hiru hilabete baino gehiagotan zerbitzua etenda edukitzeagatik.

7._Egoera hobetzeagatik edo ELZren esku hartzea ekarri zuten arrazoiak gainditzeagatik.

ELZtik irteteko, GZOko gizarte langileak agiri bat sinatu beharko du; delako agirian, erabiltzaileari dagozkion datuak eta irteteko arrazoiak agertuko dira, baita zerbitzutik gelditzeko eguna ere.

Behar den organoak zerbitzua uzteko ebazpena emanen du, eta hartan arrazoia eta eguna agertuko dira.

Irteeraren arrazoiak bigarrena eta hirugarrena badira, ebazpena eman aurretik entzunaldia emanen zaio interesdunari.

_Etena: zerbitzua denbora baterako etetea izanen da ondorioa.

Gehienez ere 3 hilabete iraunen du.

Lehen hilabetean dagokion tarifa kobratuko da.

Zerbitzua interesdunek eskaturik abiaraziko da berriz. Hilabete baino motzagoko etenetan, prestazioa istanteko berrezarriko da. Etena hilabete baino luzeagoa baldin bada, eskaria zuzenean sartuko da itxaron zerrendan.

f) Ebaluazioa, jarraipena eta berrikuspenak:

_Segimendua eta balorazioa:

Behin zerbitzua hasita, ELZko lantalde arduradunak eginen du kasuaren segimendua, eta dagokion espedientean agertuko da.

Familia unitatearen datu ekonomikoak urtero eta ofizioz eguneratuko dira. Behin esleituta, ikusten bada emandako datuak okerrak direla, zuzendu eginen dira.

_Berrikuspena:

Behin zerbitzua baietsita, aldatzen ahalko dira bai prestazioaren edukia bai esleitutako denbora, zer eta nolako gorabeherak gertatzen diren erabiltzailearen egoeran, alegia, hasierako baiespena ekarri zuen hartan.

Interesdunak eskaturik gertatzen ahalko dira aldaketak. Horretarako, eskari idatzia aurkeztu behar du, berak sinatua, edo bestenaz GZOko profesionalak proposatu beharko du, baiespena ekarri zuen egoeran gertatu ahal izan diren goiti-behitiak ikusirik.

Zerbitzu egiteko ezarritako ordutegiak ere berrikusten ahalko dira. Halakoetan, dagokion toki entitateak behar diren aldaketak egiteko eskubidea gordeko du beretako, erabiltzailearen egoerari eta aldi bakoitzean dagoen eskariari egokiturik.

Nolanahi ere, aldaketa tramitatzeko, dagokion balorazio teknikoa egin beharko da.

g) Prozedura berezia.

Premia larriei erantzuteko, ELZak proposamen arrazoitua eginez gero istanteko abiatuko da etxez etxeko laguntza zerbitzua, deusetan ukatu gabe geroago tramitatzea ezarritako prozedurari jarraikiz.

12. artikulua. Erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak.

a) Eskubideak: Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren erabiltzaileek eskubide hauek dituzte:

_Banakako esku hartze planaren berri izatea.

_Prestazioa manera egokian jasotzea, ebazpenean zehazten den eduki eta iraupenarekin.

_Aukerako beste baliabide batzuk egokiagoak badira, haietara bideratuak izatea.

_Prestazioaren araubidean gerta litezkeen aldaketen berri garaiz izatea.

_Zerbitzua hartzean edozein gorabehera izanez gero, kexa aurkeztuz erreklamatzea.

b) Betebeharrak: etxez etxeko laguntza zerbitzuaren erabiltzaileek betebehar hauek dituzte:

_Behar den informazio guztia ematea inguruabar pertsonal, familiar eta sozialak baloratu eta zerbitzuaren beharra ote den erabakitzeko.

_Prestazioa garatzeko jarrera egokia eta laguntzailea agertzea.

_Banakako laguntza programatik kanpoko lan eta jarduerak ez eskatzea.

_Zerbitzuko langileak haien duintasunari zor zaion begiruneaz tratatzea.

_Prestazioaren kostuan parte hartzea, zein bere ahalbide ekonomikoaren arabera, dagokion ordaina pagatuz, hala behar badu.

_Pertsona, familia, gizarte eta ekonomia aldetik bere egoeran gertatzen den edozein aldaketaren berri ematea, baldin eta etxez etxeko laguntzaren prestazioa aldatzea, etetea edo iraungitea badakar.

1. ERANSKINA

Esku hartzeko protokolo teknikoa

ELZren esku hartzea gertatzeko, honako hauek behar dira:

a) Eskaerari harrera egin eta aurkeztea:

Profesionalaren eta eskatzailearen arteko lehen harremanari dagokio; aukera ematen du hastapenean adierazitako eskariari harrera egiteko, premien lehen balorazioa egiteko, lehen erantzuna emateko eta erreferentziazko harreman profesionala sortzeko.

Zer eskatzen den, eskaria nork aurkezten duen eta zerbitzua norentzat eskatzen den, horien guztien berri izanen du profesionalak.

Une horretan, baliabidearen berri ematen da, espero daitekeena argi geldi dadin; orobat, argibide eta aholku ematen da etxez etxeko laguntzarako izan daitezkeen beste baliabide batzuez edo eskariari lehen erantzuna eman liezaioketen bestelakoez.

Baliabide honen aplikazioaren komenigarritasuna baloratuta, eskabide eredua emanen zaio eskatzaileari. Hartan zehazten da ekarri behar duen dokumentazioa.

b) Kasuaren azterketa: balorazio tresnak erabiliz, beste baliabide batzuekin koordinatuz (osasuna, hezkuntza....), etxean bisitak eginez eta erabiltzailearekin eta sostengu sare informalarekin solastuz, baita onuradunak ekartzen duen dokumentazioaren bidez ere, informazioa biltzen da bizikidetza unitatearen egoera soziosanitarioaz eta pertsonak, familiak eta sostengu sare informaleko beste batzuek (auzoak, komunitatea) egoerari aurre egiteko dituzten baliabideez.

c) Egoeraren diagnostikoa: horren barrenean zehaztu beharko da:

_Erabiltzailearen premia zein den.

_Erabiltzaileak bere kasa betetzen ahal dituen premiak.

_Lagundu ohi duen sostengu sare informalak (familia, auzoak, boluntarioak...) betetzen ahal dituen premiak.

_Erabiltzailea etxean atxikitzeko behar direnetan zer premia gelditzen diren bete gabe, eta horietarik zenbat har litzakeen ELZk bere gain eta horretarako zer beste baliabide behar liratekeen.

d) Banakako laguntzarako proposamena edo esku hartzearen diseinua: horren barrenean zehaztu beharko dira:

_Esku hartzearen helburuak.

_Egin beharreko lan/jarduketak.

_Laguntzaren maiztasuna.

_Esku hartu behar duten profesionalak.

_Laguntzaren ordutegia.

_Laguntzaren iraupena.

_Alderdien betebeharrak.

_Koordinazio premiak, bai barnean, segimendu jarraitua egiteko, bai kanpoan, koordinazioa egin behar den zerbitzuekin, eta horretarako erabili behar den sistema.

_Erabiltzaileen ekarpen ekonomikoaren kalkulua.

e) ELZak erabiltzaileei eta familiari eskaintzen dien laguntzaren planteamendua, eta konpromisoak formalizatzea egin beharreko lanen gainean, tarteko diren guztien dedikazio denbora.

f) Esku hartzearen hasiera: familia langilearen esku hartzearekin abiatzen da, zuzeneko laguntza emanez programatutakoaren aplikazioaren bitartez, eta malgutasun eta egokitasun maila handia izanik erabiltzailearen egoeraren bilakaerari dagokionez. Lehenbizikoan, funtsezkoa da hasierako laguntza egokia den baloratzea, baita bestelako sostengurik behar ote duen, eta laguntzarako ematen den denbora nahiz esku hartze planean ezarritako jarduketak aski ote diren. ELZaren laguntzaren hasieran, prestazioaren lehen egunean, gizarte-langilea eta familia langilea izanen dira hartzailearen etxean, alderdi guztiek sina dezaten konpromisoen kontratua.

g) Segimendu eta ebaluazio jarraitua: segimenduan banakoarendako proiektuan aldaketak egitea dakarten egoerak atzematen ahal dira. Aldaketa funtsezko bat gertatu bada (hala nola: familia unitateko kideen aldaketa, autonomia handitu duen aldaketa edo gizarte eta familiaren sostenguan, sostengu ekonomikoan etab.) kasuaren beste balorazio bat eginen da. Aldaketak beste baloraziorik ez badakar, hala nola ordutegiaren aldaketa, langileena, etab., banakako proiektuan aplikatuko da.

Itxaron zerrendan daudenen egoerak berrikusiko dira; urtebetean, gehienez ere.

Espedienteari ondoko agiriak gehituko zaizkio:

_Txosten soziala.

_Menpekotasuna baloratzeko tresna.

_Zerbitzua abiatzeko proposamena.

_Banakako laguntzarako proiektuaren proposamena.

_Zerbitzuaren baldintzen gaineko dokumentua.

_Alderdiek konpromisoak hartuz gero, haien gaineko dokumentua.

Eskaria eta balorazio profesionala behar diren euskarri dokumentaletan (espedientea) eta informatikoetan (SIUSS) erregistratuko dira.

2. ERANSKINA

ELZ eskatzeko aurkeztu behar den dokumentazioa

ELZ hartzeko eskaria Mankomunitate honen erregistroan aurkeztuko da, horretarako ereduan, eta horri ondotik ematen den dokumentazioa gehituko zaio, famili unitatearen kide guztien gainean (9. puntuan ezarritakoari jarraikiz):

_NANaren fotokopia.

_Norberaren osasun txartelaren fotokopia.

_Osasun txostena eta, hala bada, izan litezkeen onuradunen Minusbaliotasunaren Onarpen Agiria, haren osasun egoera eta bere buruaz baliatzeko gaitasunaren maila egiaztatzeko.

_Erroldako eta bizikidetza agiria.

_Azken ekitaldi fiskaleko PFEZren aitorpenaren fotokopia. Egin ez badu, PFEZaren aitorpen negatiboa, Ogasun Departamentuak emana, eta horrekin batean aitzineko ekitaldiko dirusarreren gordekinak (nominak, pentsio eta/edo bestelako prestazioak hartu direlako ziurtagiria, kapital higigarri eta higiezinaren etekinak...), edo, halakorik ez bada, dagozkien dirusarreren zinpeko aitorpena.

_9. puntuan jasotzen diren gastu kengarrien ziurtagiri behar bezala egiaztatuak, honako hauetatik heldu direnak:

-Etxebizitzaren alokairua edo erosketa.

-Familia unitateko kideen menpekotasunaren ondoriozko laguntza: eguneko zentroa, garraioa, etxeko lanak egitea, bestelakoak...

Bizikidetza unitatea nolakoa den, beste agiri batzuk aurkezteko errekerimendua egiten ahalko da eskariaren gaineko ebazpena emateko.

Entitatearen eskutan dagoen dokumentazioa ez da aurkeztu beharko, ezta hark zuzenean eskuratzen ahal duena ere.

Iragarkiaren kodea: L0715290