131. ALDIZKARIA - 2007ko urriaren 19a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

373/2007 FORU AGINDUA, urriaren 1ekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, Ingurumen baimen integratua ematen duena Tafallako udal mugapean arrisku gabeko hondakinen zabortegi bat jartzeko, V. Luzuriaga Tafalla, S.A.k sustatuta.

Instalazio hori Kutsaduraren aurkako aurreneurri eta kontrol integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Foru Legearen I. eranskineko 5.4. epigrafean jasota dago, hots, "Mota guztietako hondakinen zabortegiak, eguneko 10 tonatik gora jasotzen badute edo guztira 25.000 tonatik gorako edukiera badute, hondakin inerteen zabortegiak izan ezik" izenekoan, eta beraz, Ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe dago.

Era berean, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzeko Erregelamenduaren 2B eranskineko 5.3 epigrafean jasota dago, hots, "Arrisku gabeko hondakinen zabortegiak, eguneko 10 tonatik gora jasotzen badute edo guztira 25.000 tonatik gorako edukiera badute, hondakin inerteen zabortegiak izan ezik" izenekoan, eta beraz, Ingurumen baimen integratuaren araubidearen eta Ingurumenaren gaineko eraginaren nahitaezko ebaluazioaren araubidearen menpe dago. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Bestaldetik, instalazioa sarturik dago Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua aldatzen duen maiatzaren 8ko 6/2001 Legearen I. eranskineko 8. taldeko c) atalean, eta beraz, ingurumenaren gaineko eraginaren nahitaezko ebaluazioaren araubidearen menpe dago.

Instalazioa ez dago ekainaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan. Istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen dekretu horrek, gai arriskutsuak tarteko diren kasuetarako.

Foru agindu honen V. eranskinean orain arte egin den tramitazio administratiboaren laburpena ageri da eta VI. eranskinean, berriz, jendaurrean egoteko aldian aurkeztutako alegazioak eta bakoitzari eman zaion erantzuna.

Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Ingurumen baimen integratua ematea Tafallako udal mugapean arriskurik gabeko hondakinen zabortegi bat instalatzeko. Instalazioaren titularra V. Luzuriaga Tafalla, S.A. da.

2. Instalazio horren proiektuari dagokion Ingurumen eraginaren adierazpena egitea. Proiektua bideragarritzat jotzen da ingurumenaren arlotik.

3. Instalazio horri lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena ematea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean xedaturikoaren arabera.

4. Jarduera hori Ingurumen baimen integratuaren eskaeraren oinarrizko proiektuan eta 469/07 espediente administratiboko gainerako agirietan aipatzen diren baldintzei jarraikiz garatu beharko da, betiere foru agindu honen II., III. eta IV. eranskinetako neurriak betez.

5. Ingurumen arloko baimen horrek zortzi urteko indarraldia du. Iraungi baino gutxienez ere hamar hilabete lehenago, titularrak baimena berritzeko eskatu beharko du, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Legeko 30. artikuluan xedaturikoarekin bat.

6. Ingurumen baimen integratu hau aurkeztu den proiektuaren 1. faseko 1. ontzia eraiki eta ustiatzeko da, bakar-bakarrik. Ontzi horrek 684.000 m³-ko edukiera du.

7. Jarduera edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari jakinarazi beharko dio. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, garrantzizkoa edo garrantzi gabea den edo ez, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduan xedatutakoarekin bat.

8. Instalazioa Nafarroako Hondakin Toxiko eta Arriskugarrien Ekoizle Txikien Erregistroan inskribatzea, urriaren 13ko 312/1993 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat. PP/1741/NA/2007 zenbakia izanen du. Hondakin arriskugarriak sortzen dituen jarduera A936(5) da, hots, segurtasun biltegiak, hondakin toxiko eta arriskugarriei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamenduko I. eranskineko 6. taularen arabera. Erregelamendu hori uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen. Ekoizten ahal diren hondakin arriskutsuak Ingurumen baimen integratu honen III. eranskinean ageri dira. Hondakin arriskutsuen produkzioan egiten diren aldaketak jakinarazi beharko dira, erregistratzeko eta, bidezkoa bada, aipatutako III. eranskin horretan sartzeko.

9. Instalazioari arrisku gabeko hondakinak kudeatzeko baimena ematen zaio (GNP/67/NA/2007 zenbakia), arrisku gabeko hondakinak kudeatzen dituen zentroa baita. Kudeatzen ahalko diren arrisku gabeko hondakinak Ingurumen baimen integratu honen IV. eranskinean ageri dira. Hondakinen kudeaketan egiten diren aldaketak jakinarazi beharko dira, erregistratzeko eta, bidezkoa bada, lehen aipatutako IV. eranskinean sartzeko.

10. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematea.

11. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio Publikoek ebazpenaren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epe horiek foru agindu honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

12. Foru agindu honen berri ematea V. Luzuriaga Tafalla, S.A.ri, Tafallako Udalari, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Nafarroako Larrialdietako Agentziako Herri Babeserako Zuzendaritzari eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko urriaren 1ean._Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

Oharra: foru agindu honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan, Iruñeko Armada etorbideko 2ko behean (8. oina, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuko web atarian, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren sailean, ingurumen baimenak kontsultatzeko atalean.

Iragarkiaren kodea: F0715251