131. ALDIZKARIA - 2007ko urriaren 19a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

327/2007 FORU AGINDUA, irailaren 12koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, Ingurumen baimen integratua ematen duena, Aranoko udal mugapean garagardoa fabrikatzeko. Jardueraren titularra Heineken España, S.A. da.

Eginda dagoen instalazio hori Kutsaduraren aurkako aurreneurri eta kontrol integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Foru Legearen I. eranskineko 9.1.b.2) atalean dago jasota, "Landareetatik ateratako lehengaiak tratatuz eta/edo eraldatuz elikagaiak fabrikatzen dituzten instalazioak, produktu bukatuak ekoizteko ahalmena egunean 300 tonatik gorakoa badute (hiru hilabeteko batez besteko balioak)" izenekoan. Horren ondorioz, Ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe egonen da.

Era berean, instalazio hau Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeren 2A eranskinean ere sarturik dago, 2. atalean: "Animalia eta landare produktuak ontziratzeko industria instalazioak. Animalietatik ateratako lehengaiak, esnea izan ezik, instalazioak, produktu bukatuak ekoizteko ahalmena egunean 75 tonatik gorakoa badute; edo landareetatik ateratako lehengaiak erabiltzen dituztenak, produktu bukatuak ekoizteko ahalmena egunean 300 tonatik gorakoa badute (hiru hilabeteko batez besteko balioak)" izenekoan; beraz, Ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe dago.

Industria establezimendua ez dago ekainaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan. Istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen dekretu horrek, gai arriskutsuak tarteko diren kasuetarako.

Baimen honen barnean dago isurketak Urumea ibaira botatzeko baimena, Uren Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren hamargarren xedapen gehigarriarekin bat; horri begira, isurketak egitearen gaineko onargarritasunari buruzko txostenaren edukia erantsi da. Txostena Iparraldeko Ur Konfederazioak eman zuen.

Egin den tramitazio administratiboaren laburpena foru agindu honen IV. eranskinean dago.

Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Ingurumen baimen integratua ematea, Aranoko udal mugapean garagardoa fabrikatzeko instalazio baterako. Instalazioaren titularra Heineken España, S.A. da.

2. Jarduera Ingurumen baimen integratua eskatzeko oinarrizko proiektuan eta 0309/05 (AAI) espediente administratiboko agiri osagarrietan aipatzen diren baldintzei jarraituz garatzea, foru agindu honen II. eta III. eranskinetan aipatzen diren neurriak betez.

3. Ingurumen arloko baimen honek zortzi urteko indarraldia du. Iraungi baino gutxienez ere hamar hilabete lehenago, titularrak baimena berritzeko eskatu beharko du, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 30. artikuluan xedaturikoarekin bat. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak onetsi zuen.

4. Iparraldeko Ur Konfederazioak, txosten baten bidez, Ingurumen baimen integratua aldatzeko prozedurari ekin dakiola eskatzen ahalko du, legeetan (uztailaren 1eko 16/2002 Legeko 26. artikuluan eta uztailaren 2ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 104. artikulua) aipatzen diren kasuetan. Halaber, hondakin urak isurtzeko ezarritako baldintzak behin eta berriz ez betetzea isurtzeko baimena kentzeko arrazoia izanen da, Ur Jabari Publikoari buruzko Erregelamenduko 261. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako prozedurarekin bat.

5. Jarduera edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko dio. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo ez nabarmena den, 93/2006 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat. Foru dekretu horrek Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

6. Instalazioa Nafarroako Hondakin Toxiko eta Arriskugarrien Ekoizle Txikien Erregistroan inskribatuta mantentzea, urriaren 13ko 312/1993 Foru Dekretuan xedaturikoarekin bat. PP/045/NA/01 zenbakia izanen du. Hondakin arriskugarriak sortzen dituen jarduera A122 da, hots, garagardoaren fabrikazioa, Hondakin toxiko eta arriskugarriei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamenduko I. eranskineko 6. taularen arabera. Erregelamendu hori uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen. Ekoizten ahal diren hondakin arriskutsuak Ingurumen baimen integratu honen III. eranskinean ageri dira. Hondakin arriskutsuen produkzioan egiten ahal diren aldaketak jakinarazi beharko dira, erregistratzeko eta, bidezkoa bada, aipatu III. eranskin horretan sartzeko.

7. Hondakin arriskugarriak ahalik eta gehien gutxitzeko azterlana, titularrak aurkeztua, onestea, ekainaren 20ko 952/1997 Errege Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian xedaturikoarekin bat.

8. 2007ko urriaren 31 baino lehenago, titularrak irekitzeko baimena eskatu beharko du, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 40. artikuluan eta foru agindu honen II. eranskinean ezartzen diren baldintzetan xedatutakoarekin bat. Aipatutako erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

9. Departamentu honek araudi sektorial aplikagarriaren ondorioz baimen honen xede den jarduera edo instalazioari emandako baimenak eta gainerako administrazio egintzak indarrik gabe uztea, betiere foru agindu honetan espresuki haiei buruz egindako adierazpena badago.

10. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematea.

11. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio Publikoek ebazpenaren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epe horiek foru agindu honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

12. Foru agindu hau jakinaraztea Heineken España, S.A.ri, Aranoko Udalari, Iparraldeko Ur Konfederazioari eta Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko irailaren 12an._Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

Oharra: foru agindu honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan, Iruñeko Armada etorbideko 2ko behean (8. oina, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuko web atarian, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren sailean, ingurumen baimenak kontsultatzeko atalean.

Iragarkiaren kodea: F0714542