131. ALDIZKARIA - 2007ko urriaren 19a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

326/2007 FORU AGINDUA, irailaren 12koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, Ingurumen baimen integratua ematen duena, Valtierrako udal mugapean barazki-kontserbak fabrikatzeko. Jardueraren titularra Conservas Napal, S.A. da.

Instalazio hori, jadanik badena, Kutsaduraren aurkako aurreneurri eta kontrol integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Foru Legearen I. eranskineko 9.1.b.2) epigrafean jasota dago, hots, "Landareetatik ateratako lehengaiak tratatuz eta/edo eraldatuz elikagaiak fabrikatzen dituzten instalazioak, produktu bukatuak ekoizteko ahalmena egunean 300 tonatik gorakoa badute (hiru hilabeteko batez besteko balioak)" izenekoan, eta beraz, Ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe egonen da.

Era berean, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 2A eranskineko 2. epigrafean jasota dago, hots, "Animalia eta landare produktuak ontziratzeko industria instalazioak. Animalietatik ateratako lehengaiak, esnea izan ezik, erabiltzen dituzten instalazioak, produktu bukatuak ekoizteko ahalmena egunean 75 tonatik gorakoa badute; edo landareetatik ateratako lehengaiak erabiltzen dituztenak, produktu bukatuak ekoizteko ahalmena egunean 300 tonatik gorakoa badute (hiru hilabeteko batez besteko balioak)" izenekoan, eta beraz, ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe dago.

Industria establezimendua ez dago ekainaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan. Istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen dekretu horrek, gai arriskutsuak tarteko diren kasuetarako.

Egin den tramitazio administratiboaren laburpena foru agindu honen IV. eranskinean dago.

Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Ingurumen baimen integratua ematea Valtierrako udal mugapean barazki-kontserbak fabrikatzeko instalazio baterako. Instalazioaren titularra Conservas Napal, S.A. da.

2. Jarduera ingurumen arloko baimen integratua eskatzeko oinarrizko proiektuan eta 0018/06 (AAI) espediente administratiboko agiri osagarrietan aipatzen diren baldintzei jarraituz garatzea eta betiere foru agindu honen II. eta III. eranskinetan aipatzen diren neurriak betez.

3. Ingurumen baimen integratu honek zortzi urteko indarraldia du. Iraungi baino gutxienez ere hamar hilabete lehenago, titularrak baimena berritzeko eskatu beharko du, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 30. artikuluan xedaturikoarekin bat. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak onetsi zuen.

4. Jarduera edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko dio. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduan xedatutakoarekin bat.

5. Nafarroako Hondakin Toxiko eta Arriskugarrien Ekoizle Txikien Erregistroan duen inskripzioa bere horretan uzten da, PP/1193/NA/2006 zenbakia hain zuzen, urriaren 13ko 312/1993 Foru Dekretuan xedaturikoarekin bat. Hondakin arriskugarriak sortzen dituen jarduera A110 da, hots, nekazaritzako elikagaien industria, animalia eta landare produktuak, hondakin toxiko eta arriskugarriei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamenduko I. eranskineko 6. taularen arabera. Erregelamendu hori uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen. Ekoizten diren hondakin arriskutsuak ingurumen baimen integratu honen III. eranskinean ageri dira. Hondakin arriskutsuen ekoizpenean egiten diren aldaketak jakinarazi beharko dira, erregistratzeko eta, bidezkoa bada, aipatutako III. eranskinean sartzeko.

6. Hondakin arriskutsuak ahalik eta gehien gutxitzeko Plana, titularrak aurkeztua, onestea, ekainaren 20ko 952/1997 Errege Dekretuko bigarren xedapen gehigarrian xedaturikoarekin bat.

7. 2007ko urriaren 31 baino lehenago, titularrak irekitzeko baimena eskatu beharko du, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 40. artikuluan eta foru agindu honen II. eranskinean ezartzen diren baldintzetan xedaturikoarekin bat. Aipatutako erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

8. Departamentu honek araudi sektorial aplikagarriaren ondorioz baimenaren xede den jarduera edo instalaziorako emandako baimenak eta gainerako administrazio egintzak indarrik gabe uztea, betiere foru agindu honetan espresuki haiei buruz egindako adierazpena badago.

9. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematea.

10. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio Publikoek ebazpenaren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epe horiek foru agindu honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

11. Foru agindu hau Conservas Napal, S.A.ri, Valtierrako Udalari eta Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko irailaren 12an._Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

Oharra: Foru Agindu honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan, Iruñeko Armada etorbideko 2ko behean (8. oina, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuko web atarian, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren sailean, ingurumen baimenak kontsultatzeko atalean.

Iragarkiaren kodea: F0714543