131. ALDIZKARIA - 2007ko urriaren 19a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.4. Ebazpenak

13/2007 EBAZPENA, irailaren 17koa, Antolaketaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, araubide bereziko hizkuntzen irakaskuntzaren erdiko maila egiaztatzeko probaren gaineko oharrak onesten dituena.

Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoaren araubide bereziko hizkuntza irakaskuntzen oinarrizko eta erdiko mailako curriculuma Nafarroako Foru Komunitaterako ezartzen duen martxoaren 19ko 22/2007 Foru Dekretuaren 6. artikuluak dioenez, erdiko mailaren ziurtagiria eskuratzeko bukaerako proba berariazko bat gainditu beharko da. Proba horrek hizkuntza bakoitzaren curriculumean ezarritako gaitasunak hartu beharko ditu aintzat, eta Hezkuntza Departamentuak arautuko du.

Martxoaren 19ko 22/2007 Foru Dekretuaren bidez araututako araubide bereziko hizkuntza irakaskuntzen oinarrizko eta erdiko mailak antolatzen dituen uztailaren 4ko 88/2007 Foru Aginduak 18. artikuluan ezartzen du erdiko mailaren ziurtagiria lortzeko proba denentzat berdina izanen dela eta hizkuntza eskola ofizialen urteko deialdi bakar batean aplikatuko dela.

Artikulu horretan ageri da, halaber, erdiko mailako ziurtagiria lortzeko probak hizkuntza bakoitzean prestatzeko batzordeak eratuko direla, foru agindu honetan ezarritako ohar orokorrekin eta Hezkuntza Departamentuak horretarako ematen dituen gainerako jarraibideekin bat.

Horrenbestez, Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzuko zuzendariak proposatu du araubide bereziko hizkuntza irakaskuntzaren erdiko mailako ziurtatze probaren gaineko oharrak onestea. Ohar horiek Nafarroako hizkuntza eskola ofizialetako irakasleen batzorde batek prestatu ditu.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluko d) letrak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Araubide bereziko hizkuntzen irakaskuntzaren erdiko maila egiaztatzeko probaren gaineko oharrak onestea. Ebazpen honen I., II. eta III. eranskinetan azaltzen dira.

2. Ebazpen hau eta dagokion I. eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Atzerriko Hizkuntzen Atalera eta Nafarroako Hizkuntza Eskola Ofizialetara, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2007ko irailaren 17an._Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Teresa Aranaz Jiménez.

I. ERANSKINA

Izangaiendako oharrak

1._Azterketaren helburua.

Erdiko mailako azterketa hau izangaiek helburu komunikatibo orokorretarako lau hizkuntza gaitasunetan duten gaitasuna ebaluatzeko diseinaturiko proba batzuek osatzen dute.

2._Izangaien eginbeharrak.

_Azterketako ikasgelan eskatutakoan, izangaiek ikastetxeko txartela, NANa, pasaportea edo haien nortasuna frogatzeko beste agiri bat aurkeztu beharko dute.

_Izangaiek puntualak izan behar dute eta deialdian finkatzen den orduan egon beharko dute azterketa egiteko gelan.

_Izangaiek bolaluma urdina edo beltza erabiliko dute azterketa egiteko. Lapitzez egindako probak ez dira zuzenduko.

_Idazteko materialaz beste tresnarik ezin da eduki mahai gainean.

_Sakelako telefonoak itzalita eduki beharko dira.

3._Azterketaren ezaugarri orokorrak.

3.1. Azterketaren zatiak.

Azterketak lau zati bereizi ditu:

PROBAK PUNTUAZIOA GUTXIENEKOA IRAUPENA

Irakurriaren ulermena 20 p %60 (12 p) 45'

Ahozkoaren ulermena 15 p %60 (9 p) 30'

Idazmena 20 p %60 (12 p) 60'

Mintzamena 20 p %60 (12 p) 20' bi

izangai

Irakurriaren ulermenaren proba, ulermenarena eta idazmenarena saio berean eginen dira. Mintzamena neurtzeko proba beste saio batean eginen da. Proba bakoitza bakarka eginen da, multzotan batu gabe (idatzia/ahozkoa), eta ez da proba baztergarririk izanen.

Ikasle guztiek proba guztiak egin ditzakete, izan ere, ezein proba gainditzea ez da baldintza izanen hurrengoak egin ahal izateko. Azterketa osoa ganditzeko eta, horrenbestez, ziurtagiria lortzeko, azterketa osatzen duten lau probak gainditu beharko dira.

3.2. Kalifikazioak.

Probaren emaitzari buruz ikasleei emanen zaien informazio-orrian gai edo ez-gai kalifikazio orokorra jarriko da.

4._Azterketako lau proben ezaugarriak.

4.1. Irakurriaren ulermena.

Izangaiak gai izan behar du zentzu orokorra, funtsezko informazioa, puntu nagusiak eta xehetasun ardurakoenak ulertzeko testu idatzi argi eta ongi antolatuetan, hizkuntza estandarrean idatziak eta gai orokorren, gaurkoen edo norbere espezialitatekoen ingurukoak badira.

4.1.1. Probaren formatua.

LEHEN

ZATIA (5 p)

Testu baten zentzu orokorra harrapatzea

Testuinguruan hitz baten esanahia ondorioztatzea

1. FORMATUA: 5 testu labur (bakoitzak 50 hitz izanen ditu gutxi gorabehera).

PROZEDURA: 5 testuak irakurri eta proposatzen diren 7 epigrafe edo marrazkietako 5ekin lotu.

a b c aukeretatik hautatu.

2. FORMATUA: 5 paragrafoko testu bat (paragrafo bakoitzak 50 hitz gutxi gorabehera).

PROZEDURA: testuaren 5 paragrafoak irakurri eta paragrafoak laburtzen dituzten 7 epigrafeetako 5ekin lotu.

BIGARREN

ZATIA (5 p)

Ideia nagusiak harrapatzea

Testuinguruan hitz baten esanahia ondorioztatzea

1. FORMATUA: 400 hitz arteko testua.

PROZEDURA: testua irakurri eta egia/gezurra motako 5 item (+ justifikazioa: aipatu esaldia).

Aukera zuzena (a, b, c) hautatu erantzuteko.

2. FORMATUA: 400 hitz arteko testu bat edo gehiago, 5 paragrafotan zatitua, antzeko hedadurarekin.

PROZEDURA: testuaren 5 paragrafoak irakurri eta paragrafoak laburtzen dituzten 7 esaldi edo marrazkietako 5ekin lotu.

3. FORMATUA: 5 galderako elkarrizketa (400 hitz bitarte). Galderak eta erantzunak bereiz aurkeztuko dira (2 distraigarri).

PROZEDURA: galderak eta erantzunak irakurri eta lotu.

HIRUGARREN

ZATIA (5 p)

Testu baten xehetasunak bereiztea

Testuinguruan hitz baten esanahia ondorioztatzea

FORMATUA: 400 hitz arteko testua.

PROZEDURA: testua irakurri eta 5 item

galdera ireki oso bideratu batzuei erantzutea (erantzunean 6 hitz gehienez).

aukera zuzena (a, b, c) hautatu erantzuteko.

itema egia/gezurra den adierazi (+ justifikazioa: aipatu esaldia).

LAUGARREN

ZATIA (5 p)

Testuaren egitura eta/edo zatien arteko

lotura antzematea.

Testuinguruan hitz baten esanahia ondorioztatzea.

FORMATUA: 400 hitz arteko testua; horretatik 5 elementu atera dira (hitzak, sintagmak edo perpausak) 7 aukerarekin (2 distraigarri).

PROZEDURA: testua irakurri eta osatu.

4.2. Ahozkoaren ulermena.

Izangaiak gai izan behar du zentzu orokorra, funtsezko informazioa, puntu nagusiak eta xehetasun ardurakoenak ulertzeko egitura garbiko eta hizkuntza estandarreko ahozko testuetan, geldiro ahoskatuak eta ahoz nahiz baliabide tekniko baten bidez transmitituak, betiere baldintza akustikoak onak badira.

4.2.1. Probaren formatua.

LEHEN

ZATIA (5 p)

Testu baten zentzu orokorra harrapatzea

FORMATUA: Ahozko testu labur batzuk, guztira 3 minutu inguru.

PROZEDURA: Audio testuak bi aldiz entzun eta proposatzen diren 7 epigrafeetako 5ekin lotu.

a b c aukeretatik hautatu.

BIGARREN

ZATIA (5 p)

Testu baten ideia nagusiak bereiztea

FORMATUA: Ahozko testu bat edo gehiago, guztira 3 edo 4 minutu.

PROZEDURA: Audio testuak bi aldiz entzun eta

a b c aukeretatik hautatu.

Informazioa ematea: taula edo testu bat osatu 4 hitzekin gehienez.

HIRUGARREN

ZATIA (5 p)

Testu baten xehetasunak ulertzea

FORMATUA: Ahozko testu bat, 2-3 minutukoa.

PROZEDURA: Audio testua bi aldiz entzun eta

galdera ireki oso bideratu batzuei erantzutea (erantzunean 4 hitz gehienez).

a b c aukeretatik hautatu.

Informazioa ematea: taula edo testu bat osatu 4 hitzekin gehienez.

4.3. Idazmena.

Izangaiak gai izan behar du eguneroko gaien edo interes pertsonaleko gaien gainean testu erraz eta kohesionatuak idazteko, haietan informazioa eskatuz edo emanaz, istorioak kontatuz, esperientziak deskribatuz, gertaerak deskribatuz, benetakoak izan nahiz irudimenezkoak, sentimenduak, erreakzioak, nahiak eta aspirazioak adieraziz, iritziak laburki justifikatuz eta planak azalduz.

4.3.1. Probaren formatua.

.1. eginkizuna.

LUZERA 100-120 hitz (70-90 euskaraz).

PUNTUAZIOA 10 puntu.

.2. eginkizuna

LUZERA 150-180 hitz, (110-130 euskaraz).

PUNTUAZIOA 10 puntu.

Izangaiak sortu beharreko testuak eguneroko gai orokorrei buruzkoak izanen dira (curriculumaren III. eranskineko 2.1.1. atala).

4.3.2. Ebaluazio irizpideak.

Proba honen ebaluazioan, ondoko irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Eraginkortasun komunikatiboa.

Izangaiak testu bat irakurtzeko duen erraztasunari dagokio, hots, berriz irakurri behar ote den edo mezua argi eta behar bezala transmititzen ote den.

b) Egokitasuna.

Hots:

_Eginkizunari heldu ote zaion, hau da, zehaztutako puntuak garatu ote diren.

_Testua sortzeko finkatu den hitz kopurua edo luzera errespetatu ote den.

_Eskatutako formatuaren arabera egin ote den (gutuna, ohar informala, narrazioa, etab).

_Erregistroa hartzailearen, helburuaren eta egoeraren araberakoa den, bai lexikoari, bai egiturei dagokienez.

_Edukia proposaturiko gaiaren araberakoa ote den.

c) Koherentzia.

Testuaren egitura semantikoari dagokio, hala informazioaren eta ideien antolaketari buruz, nola diskurtso-lerroa mantentzeko moduari buruz (sarrera, garapena eta bukaera).

d) Kohesioa.

Informazioaren, ideien eta diskurtso-lerroaren antolaketa sintaktikoari dagokio.

Kohesioa esaldiak eta paragrafoak osatu eta lotzeko moduan islatzen da. Horretarako hauek erabil daitezke:

_Lokailu logiko eta kronologikoak, hala esaldiak lotzeko, nola paragrafoak lotzeko.

_Erreferenteak adierazteko baliabideak erabiltzea (izenordainak, deiktikoak, lexiko-kateak, denboraren sekuentziazioa, etab.).

_Puntuazio zeinuen erabilera egokia.

e) Zuzentasuna.

Gramatikaren, lexikoaren eta ortografiaren erabilera egokiari dagokio.

f) Aberastasuna.

Erabilitako informazioaren, lexikoaren eta egituren aniztasunari eta zehaztasunari dagokie, egoera komunikatiboak eskatzen duen heinean eta gaitasun mailaren arabera.

4.4. Mintzamena.

Izangaiak gai izan beharko du ahozko testu ongi antolatu eta mintzakidearendako zein komunikazio helbururako egokiak produzitzeko, behar adinako zuzentasuna, jarioa eta espontaneitatea erakutsiz, elkarreragina ez eteteko moduan, nahiz eta batzuetan atzerriko azentua, diskurtsoa planifikatzeko edo hutsak zuzentzeko etenak agertu, eta mintzakideen laguntza pixka bat beharrezkoa izan.

4.4.1. Probaren formatua.

_Proba bikoteka eginen da, bi aztertzaileren aurrean, eta grabatu eginen da. Bikoteko kide bat proba egitera joaten ez bada, bikote berriak eginen dira edo hirunaka bilduko dira.

_Txanda iristen denean, aztertzaile batek deituko die proba eginen den gelan sar daitezen.

FASEA DENBORA

1._Aurkezpena 30"

2._Bakarrizketa Prestatzeko: 1' (izangai bakoitzarentzat) Bakarrizketa:

3'-4' (izangai bakoitzarentzat)

3._Elkarreragina Prestatzeko: 30". Elkarreragina: 4'-5'

GUZTIRA: 20'

4.4.2. Fase bakoitzaren azalpena:

a) Aurkezpen fasea:

_Izangaien nortasuna frogatzen da.

_Izangaiak elkarren parean jartzen dira bien artean tarte egokia utziz.

_Izangaiek beren burua aurkezten dute izen-abizenak eta jaiolekua edo bizilekua adieraziz. Fase hau ez da ebaluatuko eta izangaien ahotsa ongi entzuten dela ziurtatzeko eta izangai bakoitza grabazioan identifikatzeko balioko du.

b) Bakarrizketaren fasea:

_Aztertzaileak ahoz emanen ditu jarraibideak eta bakarrizketa egiteko oinarria den euskarria emanen dio izangaiari. Euskarri hori A4 neurriko orri plastifikatu bat izanen da, bi argazki izanen ditu eta 4 galdera.

_Euskarria eskuetan duela, A izangaiak 30 segundu izanen ditu prestatzeko. Prestaketa lan hori oharrik hartu gabe eginen da.

_Aztertzaileak hasteko agindua emanen du. B izangaiari lehenengoak duen euskarriaren kopia bat emanen zaio, mintzalagunaren solasaldia segitu ahal izateko.

_Parte hartu behar duen izangaiak bakarrizketa eginen du argazkiei erreferentzia eginez eta euskarrian dauden 4 galderei erantzunez.

_Izangaia 3 edo 4 minutuz arituko da solasean eta bitartean aztertzaileek ez dute hitz eginen, egoera hauetan izan ezik: i) komunikazioa eteten bada edo ii) solasa eskatutakoarekin bat ez badator.

_Bakarrizketa bukatutakoan, aztertzaileak galdera BAT eginen dio beste izangaiari mintzalagunaren jardunaren alderdi bati buruz.

_Erantzun ondoren, aztertzaileak euskarri ezberdin bat emanen dio B izangaiari eta, horrekin ere, berdin jokatuko da.

c) Elkarreraginaren fasea:

_Izangaiei euskarri bana emanen zaie.

_Aztertzaileak ozen irakurriko du eginkizuna, eta izangaiek ongi ulertu dutela ziurtatu ondoren, 30" utziko die banaka prestateko. Elkarreraginaren funtsa elkarrizketa bat sortzea da, izangai bakoitzak rol ezberdin bat jokatuz.

_Prestatzeko denbora bukatuta, elkarreragina nork hasiko duen adieraziko du aztertzaileak (nahiz eta izangaiek dituzten euskarrietan ere horren berri emanen den).

_Izangaien elkarreraginaren faseak 4 minutu iraunen du eta bitartean aztertzaileek ez dute hitz eginen, egoera hauetan izan ezik: i) komunikazioa eteten bada edo ii) solasa eskatutakoarekin bat ez badator.

_Izangairen batek bertaratze-agiriren bat behar izanez gero, proba bukatutakoan aztertzaileak prestatu eta emanen dio.

4.4.3. Ebaluazio irizpideak.

Proba honen ebaluazioan, ondoko irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Egokitasuna.

Hots:

_Eginkizunari heldu ote zaion, hau da, zehaztutako puntuak garatu ote diren.

_Edukia proposaturiko gaiaren araberakoa ote den.

_Elkarreragiteko orduan erreakzio egokia izan ote duen, elkarrizketa hasi, sortu eta bukatzeko orduan edo, zerbait ulertzen ez badu, azalpenak eskatzeko orduan.

_Testuinguru komunikatibo horretarako egokia den erregistro eta intonazioa erabili ote duen, hau da, solaskidearen ezaugarrien araberakoa eta solaskidearekin duen harremanaren araberakoa.

_Ezarritako iraupena errespetatu ote duen.

b) Koherentzia.

Ideiak eta informazioa modu logikoan antolatu ote den, diskurtsoa ulerterraza izan dadin.

c) Jariotasuna.

Erritmo aski erregularrari eutsiz jarduteko gaitasunari dagokio, duda-muda eta/edo etenaldi luzeekin komunikazioa ez eteteko moduan.

d) Zuzentasuna.

Egitura gramatikalen eta lexikoaren erabilera zuzenari eta soinuen ahoskatze egokiari dagokie.

e) Aberastasuna.

Erabilitako informazioaren, lexikoaren eta egituren aniztasunari eta zehaztasunari dagokie, egoera komunikatiboak eskatzen duen heinean eta gaitasun mailaren arabera.

5._Azkeneko oharrak.

5.1. Erreklamatzeko eskubidea.

Hizkuntzen irakaskuntza berezien oinarrizko eta erdiko maila antolatzeko 88/2007 Foru Aginduan ezarritakoari jarraikiz, probako hizkuntza gaitasunen batean edo denetan lorturiko kalifikazioarekin ados ez badago, ikasleak, araubide librekoa zein ofizialekoa izan, behar diren argibideak eska ditzake eta, beharrezkoa izanez gero, idatzizko erreklamazioa ere jartzen ahalko du. Horretarako, bi egun balioduneko epea izanen du emaitzak argitaratzen direnetik hasita. Erreklamazioa proba egin zen eskolan berean aurkeztuko da.

Nolanahi ere, informazio gehiago jaso nahi izanez gero, ikasleak matrikulatuta dagoen ikastetxeko zuzendariarengana edo ikasketaburuarengana jo beharko du.

5.2. Bertaratze-agiriak.

Izangaiek azterketa egin izana egiaztatzeko agiria eska dezakete. Egiaztagiria aztertzaileari eskatuko zaio ahozko edo idatzizko proba bukatutakoan.

6._Aholkuak.

_Eginkizunak egiteko duzun denbora egoki banatu. Denbora horiek probaren atal guztiak egiteko aski dira, aurretik kalkulatu baitira. Gomendagarria da azkenean minutu batzuk gordetzea azterketa errepasatu eta izan litezkeen akatsak zuzentzeko.

_Probaren atal guztietan garbi idatzi eta azterketa txukun aurkeztu. Zuzentzat hartu dituzun erantzunak zeintzuk diren garbi gelditu dela aseguratu.

_Probaren zati eta eginkizun bakoitzerako ematen diren jarraibideak arretaz irakurri.

_Lasai egon zaitez eta proba egiteko jarraibideei arretaz erreparatu, batez ere ahozko ulermenaren ariketan.

_Idatzizko ariketako eginkizunei heldu aurretik, gomendagarria da esan nahi duzunaren eskema bat egitea aurretik eta, ariketa bukatutakoan, dena errepasatzea.

Iragarkiaren kodea: F0715057