127. ALDIZKARIA - 2007ko urriaren 10a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

IRUÑA

Ordenantza, Aparkatze mugatu eta murriztuko eremuak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Iruñeko Udalak, 2007ko irailaren 21ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen behin betiko onestea Aparkatze mugatu eta murriztuko eremuak arautzen dituen ordenantza, eta ondoren Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematea.

ORDENANTZA, APARKATZE MUGATU ETA MURRIZTUKO EREMUAK ARAUTZEN DITUENA

Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 2. xedapen gehigarrian; Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen 7 eta 38. artikuluetan eta Zirkulazioaren Erregelamendu Orokorraren 93. artikuluan ezarritakoak udalerriak gaitzen ditu hiribideen erabilera xedapen orokorren bitartez arautzeko, baita tasak galdatzeko ere ibilgailuak halako eremu batzuetan aparkatzeagatik. Horrez gain Iruñeko trafikoa hobetzeko premia dago, eta horretarako bitartekoa da erabilera publikoko bide eta aparkalekuetan ibilgailuen aparkatze zaindua arautzea _nolako funtzioa, halako lekua nahiz denbora_, bateragarri eginez aparkalekuen banaketa zuzena erabiltzaile guztien artean. Horrenbestez, aparkatze mugatu eta murriztuko eremuak arautzen dituen ordenantza hau ezarri da.

Ezaugarriak, xedea eta aplikazio esparrua

1. artikulua.

Hiriko hainbat karrika MUG eremuak izanen dira, denbora aldetik aparkatze mugatukoak eta urdinak, gorriak eta laranjak izan daitezkeenak, jarraian zehaztuko den bezala; beste hainbat karrika, berriz, MUR eremuak izanen dira, aparkatzea bizilagunei murriztua izanen baita. Bada, ordenantza honen bitartez bata nahiz bestea arautzeko zerbitzua ezarri da.

Eremu urdinetan, aparkatze mugaturako ezarritako ordutegian, bizilagun-txartela agerian duten ibilgailuek aparkatu ahalko dute, dagokien sektorearen barruan eta denbora mugarik gabe. Orobat, aparkatu ahalko dute horretarako gaitzen duen tiketa dutenek ere, ordaindu duten denbora tartean.

Eremu gorrietan soilik aparkatu ahalko dute horretarako gaitzen duen tiketa agerian duten ibilgailuek, betiere aparkatze mugaturako ezarritako ordutegian. Eremu horietan ezingo dute aparkatu bizilagun-txartela duten ibilgailuek behar den tiketa atera gabe.

Eremu laranjetan, aparkatze mugaturako ezarritako ordutegian, bizilagun-txartela agerian duten ibilgailuek aparkatu ahalko dute, baita merkataritza, industria, lanbide edo zerbitzuko jardueraren baterako txartela dutenek ere, betiere dagokien sektorearen barruan eta denbora mugarik gabe eta ordenantza fiskaletan bildutakoari jarraikiz.Orobat, aparkatu ahalko dute horretarako gaitzen duen tiketa dutenek ere, ordaindu duten denbora tartean, gehienez ere egun baterako.

Bizilagunendako murriztutako aparkatze eremuen barruan eremu urdinak eta gorriak ezarri ahalko dira. Eremu horietan, araututako ordutegitik kanpo, soilik bizilagunek aparkatu ahalko dute.

Tokiko Gobernu Batzarrak eremu urdinak, gorriak, laranjak eta murriztuak aldatu ahalko ditu hala erabakitzen badu.

2. artikulua.

Eremu urdinak, gorriak, laranjak eta murriztuak behar bezala markatuko dira.

3. artikulua.

Eremu urdinek, gorriek, laranjek eta murriztuek hartzen dituzten karrikak ordenantza honen 1. eranskineko planoan zehazten dira.

4. artikulua.

Aparkatze mugatuko eremuetarako ordenantza honetan arautzen den aparkatze denboraz mugatuak ordutegi honetan izanen du indarra:

_Lanegunetan, astelehenetik ostiralera: 08,30etatik 14:00ak arte eta 16:00etatik 20:00ak arte. Larunbatetan: 8:30etik 14:00ak arte. Igandeetan, jaiegunetan, larunbat santuan eta uztailaren 6tik 25era bitarte, biak barne, mugapenak ez du indarrik izanen. Tokiko Gobernu Batzarrak egun horiek eta ordutegia aldatu ahalko ditu hala erabakitzen badu.

Aparkatze mugatuko eremuan, 1. eranskineko 1. sektorea, eguneko 24 orduetan eta urteko 365 egunetan, soilik bizilagunek edo baimendutako ibilgailuek aparkatu ahalko dute, salbuespen hauekin:

_Eremu gorria: Santo Domingoko baratzeetako aparkalekuko zatia, Hezkuntzako eraikinaren ondoan baitago. Eremu horretan, 8:30etik 14:00ak arte eta 16:00etatik 20:00ak arte, astelehenetik ostiralera, eta larunbatetan 8:30etik 14:00ak arte, salbu eta igandeetan, jaiegunetan, larunbat santuan eta uztailaren 6tik 25era, soilik aparkatu ahalko da horretarako gaitzen duen tiketa aterata. 1. sektoreko bizilagunek ere tiketa atera beharko dute eremu horretan aparkatzeko aipatutako egun eta orduetan. Txandaka aparkatzeko ezarritako egun eta ordu horietatik kanpo, soilik aparkatu ahalko dute bizilagun-txartela duten 1. sektoreko bizilagunek.

_Eremu urdina: Santo Domingoko baratzeetako aparkalekuko zati bat, iparralderago dagoena, hain zuzen ere Hezkuntzako eraikinaren ondoko eremutik bereizten duen ezpondaren eta eskortaren artekoa, eta, bestetik, Juan de Labrit karrika, San Agustin eta Merced karriken artean. Eremu urdintzat joko dira 8:30etik 14:00ak arte eta 16:00etatik 20:00ak arte, astelehenetik ostiralera, eta larunbatetan 8:30etik 14:00ak arte, salbu eta igandeetan, jaiegunetan, larunbat santuan eta uztailaren 6tik 25era. Egun eta ordu horietan aparkatu ahalko dute tiketa ateratzen dutenek eta bizilagun-txartela duten 1. sektoreko bizilagunek. Egun eta ordu horietatik kanpo soilik aparkatu ahalko dute bizilagun-txartela duten 1. sektoreko bizilagunek.

Egoera berezietan, Herritarren Babeserako zinegotzi delegatuak aparkatze denboraz mugatua indarrik gabe utzi ahalko du araututako eremu guztietan edo batzuetan.

5. artikulua.

Eremu urdin, gorri eta laranjetan, tiketak saltzeko paratutako makinen bidez kontrolatuko da aparkatzea. Tiketean data eta aparkaldiaren hasiera eta bukaeraren ordu zehatzak agertuko dira, baita ordaindutako zenbatekoa ere. Aitzineko haizetakoen barne aldean paratuko da, datu guztiak kanpotik irakurtzeko maneran.

MUG eremuetan, aparkatze denboraz mugaturako ezarritako ordutegiaren barnean, ezingo da aparkatu alde horretako karriketan, horretarako gaitzen duen tiketa erosi ezean. Salbuespena, mugapenak ukitu gabeko ibilgailuak izanen dira.

6. artikulua.

Bide Segurtasunari buruzko Legearen 75. artikuluan ezarritakoarekin bat eta xedapen hauek betetzen direla bermatzearren, kontrol zerbitzua ezarriko da, jendez eta materialez behar dituen bitartekoez hornitua.

7. artikulua.

Eremu urdinetan, gorrietan eta laranjetan ordaindu beharreko tarifak tasak dira eta hala ezarriko dira ordenantza fiskal baten bidez. Lehen hamabost minutuetarako ezartzen den tarifa ordaindu beharko da, gutxienez, eta gero tarteko zatikiak izanen dira.

8. artikulua.

Eremu urdin eta gorrietan, tiketak zenbat denbora markatzen duen, horrenbeste iraunen du aparkaldiak, eta ez gehiago. Ibilgailua gehienez ere 120 minutu egon ahalko da aparkatuta.

Aparkatzeko denbora akituta, gutxienez ere lehengo lekutik 200 metrora mugitu beharko da ibilgailua.

Eremu laranjetan, tiketak zenbat denbora markatzen duen, horrenbeste iraunen du aparkaldiak, eta ez gehiago. Ibilgailua gehienez ere egun bat egon ahalko da aparkatuta.

Gobernu Batzarrak aparkatzeko gehieneko denborak aldatu ahalko ditu, hala erabakitzen badu.

9. artikulua.

Eremu urdin, gorri, laranja eta murriztuen barnean indarra izanen du, beti, alde horretako toki zehatz bakoitzeko seinaleztapen mugatzaile berariazkoak (zamalanetarako guneak ordu baimenduetan, gelditzeko eta aparkatzeko toki debekatuak...), etorkizunak ekar ditzakeen aldaketak gorabehera (handitu, murriztu, berritik sortu, kendu, etab.).

10. artikulua.

Eremu urdin, gorri, laranja eta murriztuetan, aparkatze mugatu nahiz murriztutik salbuetsirik daude:

1. Horretarako gaitzen duen txartela indarrean duten bizilagunen ibilgailuak, beren sektorearen barnean eta betiere garbi ikusteko maneran badute.

2. Motozikletak, ziklomotorrak (hiru eta lau gurpilekoak izan ezik) eta bizikletak, nahiz eta, betiere, horretarako prestaturiko tokietan aparkatu beharko diren eta sekula ere ibilgailuendako erreserbatutako eremuetan.

3. Zamalanetan ari diren merkataritzako ibilgailuak, horretarako ezarritako ordu eta tokietan ari badira.

4. Anbulantziak, zerbitzuan ari direnean.

5. Autotaxi ibilgailuak, gidaria bolantera jarria eta zerbitzu egiten ari bada.

6. Hilotzak eramateko autoak, zerbitzu egiten ari badira.

7. Suhiltzaileen, larrialdietako, Gurutze Gorriaren, DYAren eta poliziaren ibilgailuak, zerbitzu egiten ari badira.

8. Aparkatzeko baimena duten ibilgailuak (minusbaliatuendako erreserba bereziak, hoteletakoak, zentro ofizialetakoak etab.), horretarako erreserbaturik dauden toki eta orduetan.

9. Baimena duten beste ibilgailu batzuk.

11. artikulua.

Bizilagunen edo merkataritza, industria, lanbide edo zerbitzuko jardueraren baterako bereizgarria dutenen ibilgailuak denbora mugarik gabe zer eremutan aparka daitezkeen zehazteko, eta bakarrik horretarako, aparkatze mugatu eta murriztuko eremua sektoretan banatu da, ordenantza honen 1. eranskinean agertzen den planoari jarraikiz.

Bizilagunak

12. artikulua.

Bizilagun baimenduek zein sektoretako txartela eskuratu duten, bada sektore horretan aparkatu ahalko dute denbora mugarik gabe.

1. sektoreko bizilagunek 2. sektorearen ere aparkatu ahalko dute.

Txartela eskuratzeari dagokionez, sektoreko bizilaguna izateko baldintza hauek bete behar dira:

1._Pertsona fisikoa izatea eta sektorearen barnean dagoen etxebizitza batean erroldatua, eta hura bere ohiko eta benetako bizitokia izatea. Halaber, txartela zein ibilgailutarako eskatzen den, ibilgailu horrek, eskatzailearen izenean egoteaz gain, leku berean egon behar du helbideratua.

2._Iruñeko Udalari bizilagun-txartela eskatu eta hura erdietsi izana, eredu ofizialaren araberako eskabidearekin batean agiri hauek aurkeztuta:

a) Nortasun agiri nazionalaren kopia konpultsatua, eskatzailearen gidabaimenarena eta ibilgailuaren zirkulazio baimenarena.

b) Autoaren indarreko aseguru polizaren kopia konpultsatua eta ibilgailuen ikuskapen teknikoaren adostasun txostenarena, hura eduki behar bada.

c) Urteko zenbatekoa ordaindu izanaren frogagiria. Zenbateko hori tasa izanik, behar den ordenantza fiskalean finkatuko da.

3._Bizilagun-txartela eskuratuz geroztik egoera aldatu ez eta, beraz, hura lortzeko galdatzen diren baldintzetarik bakar bat ere betetzetik gelditu ez izana.

Udal zerbitzuek beharrezkotzat jotzen dituzten ikerketak eginen dituzte inguruabar horiek betetzen direla frogatzearren.

13. artikulua.

Lagun bakoitzeko ez da, inola ere, bizilagun-txartel bat baino gehiago emanen, haren izenean zenbanahi auto egonik ere.

14. artikulua.

Bizilagun izateagatik Udalak ematen dituen aparkatzeko tokien onuradunek ez dute bizilagun-txartelik eskuratu ahal.

15. artikulua.

Txartela duten bizilagunek denbora mugarik gabe aparkatu ahal dute beren sektorean libre dauden aparkatzeko tokietan, eremu gorrietan izan ezik. Bere sektoretik kanpora, bizilaguna arauketa honen murriztapen guztien menpe egonen da, eta behar den tasa ordainduko du.

16. artikulua.

Bizilagun-txartela ibilgailuen aitzineko haizetakoen barne aldean paratuko da, kanpotik garbi ikusteko maneran. Txartelean zein urte agertzen den urte hartarako balioko du eta eskatzailearentzat eta eskariko ibilgailurako baizik ez da izanen.

17. artikulua.

Ordenantza honetako 1. eranskinean eremu gorritzat jotzen diren eremuak erabiltzaileek txanda sisteman aparkatzeko baizik ez dira, eta, beraz, inork ezingo du bertan aparkatu behar den tiketa eskuratu gabe.

18. artikulua.

Txartela eskuratzen duten eskatzaileak haren erantzule izanen dira, eta etxez edo ibilgailuz aldatzen direnean, edo hartarako eskubidea ematen duen edozein baldintza aldatzen denean, horren berri eman beharko diote Udalari, gehienez ere astebetean. Hartara, txartel berria eskuratuko dute, horretarako eskubidea izanez gero, edo anarteraino indarra izan duen txartela indargabetuko zaie.

19. artikulua.

Bizilagun-txartel berria eskuratzeko, nahitaezkoa izanen da zaharra itzultzea interesadunarii berria ematen zaionean, bai eta behar den tasa ordaindua izatea ere.

Halaber, etxez edo beste edozein baldintza aldatzeagatik txartel berria eskuratzeko eskubidea galduz gero, orduan ere txartela itzuli behar da.

Txartela ebatsi edo galduz gero, berehalakoan eman behar zaio horren berri Udalari.

20. artikulua.

Udalak noiznahi begiratu dezake txartelak emateko ezarritako baldintzak betetzen ote diren, eta betetzen ez dituztenei baliorik gabe utziko dizkie, bidezko beste neurri edo zehapenak deusetan ukatu gabe. Merkataritza, industria, lanbide edo zerbitzu jardueretan ari direnak.

21. artikulua.

Merkataritza, industria, lanbide edo zerbitzu jardueretan ari diren pertsona fisiko nahiz juridikoek lortzen ahal dute aparkatzeko txartela, denbora mugarik gabe, betiere Trakzio mekanikoko ibilgailuek aparkatzeagatik ordaindu beharreko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean zehazten diren baldintzetan, eta aparkatze mugatu eta murriztuko eremuetan, nork bere sektorearen barrenean, eta ordenantza honetan laranja kolorea dutenetan, baina honako betebehar eta mugapenak kontuan hartuta:

_Jarduera ekonomikoen zergan, jarduera hartarako eta establezimendua dagoen tokirako alta emanak izatea.

_Irekitzeko lizentzia beharko du izan lokalak.

_Ibilgailua jardueraren titularraren izenean egonen da, behar bezala aseguratua eta azterketa teknikoa egina.

_Establezimendu bakoitzeko txartel bakarra emanen da.

_Txartela eskuratu aitzin, behar den tasa ordaindu beharko da, Aparkatze mugatu eta murriztuko eremuetan trakzio mekanikoko ibilgailuak aparkatzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean biltzen baita..

_Merkataritza, industria, lanbide eta zerbitzu jardueretarako txartela duten titularrek bizilagun-txarteletako titularrek dituzten eskubide eta betebehar berberak izanen dituzte, ordenantza honetako 13, 14, 16, 17, 18, 19 eta 20. artikuluetan biltzen baitira.

Zehapenen araubidea

22. artikulua.

Ordenantza honetan xedatutakoa ez betetzea trafikoari eta zirkulazioari buruzko antolamenduaren kontrako arau-haustetzat joko da, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen 65. artikuluan ezarritakoari jarraituz, eta alkateak edo zinegotzi delegatuak zehatuko ditu, aipatu Legearen 68.2 artikuluko 1. lerroaldean eta 73. eta ondoko artikuluetan adierazten diren eskumenaren eta prozeduren ariora.

23. artikulua.

Ibilgailua ibilgetu ahal izanen da edo eremu publikotik kendu eta gero horretarako prestaturiko altxatokira eramanen:

_Aparkaturik badago eremu urdinetan, gorrietan, laranjetan edo murriztuetan, horretarako gaitzen duen tiketa edo indarrean den bizilagun-txartela paratu gabe.

_Paratutako txartela ez badagokio baimena duen ibilgailuari.

_Zenbat denboratarako ordaindu duen, halako bi baino gehiago egiten badu aparkaturik, betiere aparkatzeko tiketean agertzen den denbora muga gutxienez ere bi orduz gaindituz gero.

24. artikulua.

Arau-haustetzat hartuko dira MUG eta MUR eremuetan:

1) Indarrean dagoen tiket edo txartelik gabe aparkatzea.

2) Tiket eta bizilagun-txartel faltsutuak edo maneiatuak erabiltzea.

3) Tiketa edo txartela behar bezala agerian ez jartzea.

4) Tiketean markatu baino denbora gehiagoz aparkatzea.

5) Zenbat denbora ordaindu duen, halako bi baino gehiago egiten badu aparkaturik.

6) Gehienez ere egoteko denbora iraganda, ordenantza honen 8. artikuluak ezarritako 200 metroko mugen barnean aparkatzea.

7) Aparkatzeko markatutako tokiaren esparrutik kanpora aparkatzea, beste toki bat edo batzuk ezin erabiltzeko maneran utziz.

8) Motozikleta, ziklomotor edo bizikletak aparkatzea horiendako espres ezarritako lekuetatik kanpo.

25. artikulua.

1._Ordenantza honen 23. artikuluko arau-hausteak egiteagatik, zehapen hauek paratuko dira:

a) 60 euroko isuna:

_Eremu urdin, gorri, laranja eta murriztuetan aparkatzeagatik, horretarako gaitzen duen tiketik edo indarrean den bizilagun-txartelik gabe.

_Tiketa edo bizilagun-txartela faltsutzeagatik edo maneiatzeagatik, bai eta tiketa edo bizilagun-txartel faltsutua edo manaiatua erabiltzeagatik, bidezko izan daitezkeen bestelako zehapen edo neurriak deusetan ukatu gabe.

_Zenbat denbora ordaindu duen, halako bi baino gehiago egiten badu aparkaturik.

b) 30 euroko isuna:

_Tiketa edo bizilagun-txartela agerian ez paratzeagatik.

_Tiketean markatu baino denbora gehiagoz aparkatzeagatik.

_Ordenantza honen 8. artikuluan ezarritako 200 metroko tartea ez errespetatzeagatik

_Aparkatzeko tokiaren esparru markatutik kanpora aparkatzeagatik, beste toki bat edo batzuk ezin erabiltzeko maneran utziz.

_Motozikleta, ziklomotor edo bizikletak aparkatzeagatik horiendako espres ezarritako tokietatik kanpo.

2._Hori hala izanik ere, zehapenak mailakatu ahalko dira, Trafikoari buruzko Legearen 69. artikuluan ezarritako irizpideetan oinarriturik.

LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA

Ordenantza honetan xedatutakoak ez du deusetan ukatuko Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legean, eta hura garatzeko ematen diren gainerako xedapenetan ere, ezarritakoa.

AZKEN XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditzen dira ordenantza honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak eta zehazki, osoko bilkurak 1998ko uztailaren 31n behin betiko onetsitako Aparkatze mugatu eta murriztuko eremuak arautzen dituen ordenantza.

Iruñean, 2007ko irailaren 25ean._Alkatea, María Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: L0714719