127. ALDIZKARIA - 2007ko urriaren 10a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

BUÑUEL

Erregelamendua, Udal agiri eta artxibategietan sarbide izateko Udalbatzako kideek duten eskubidearen erabilera arautzen duena

Buñuelgo Udalak, 2007ko irailaren 5ean egin osoko bilkuran, onetsi du Udal agiri eta artxibategietan sarbide izateko Udalbatzako kideek duten eskubidearen erabilera arautzen duen Erregelamendua.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatuari jarraituz, osorik argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Buñuelen, 2007ko irailaren 17an._Jarduneko alkatea, Lucio García Andrés.

UDAL AGIRI ETA ARTXIBATEGIETAN SARBIDE IZATEKO BUÑUELGO UDALBATZAKO KIDEEK DUTEN ESKUBIDEAREN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ERREGELAMENDUA

Zinegotzien argibide eskaerei behar bezalako harrera emateko, informaziorako haien eskubidea eta administrazio zerbitzuen funtzionamendu ona bat eginez, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Legearen 786. artikuluan eta gainerako legeria aplikagarrian aurreikusiarekin bat, Udal agiri eta artxibategietan sarbide izateko eskubidearen erabilera arautzen duen Erregelamendu hau ezarri du Udalbatzak, osoko bilkuran batzarturik.

1. artikulua. Erregelamendu honen xedea da Buñuelgo Udaleko zinegotziek izanen dituzten arauak ezartzea jakingarriak, agiriak, artxibategiak etab. eskatzeko eta aztertzeko.

2. artikulua. Zinegotziek sarbidea izanen dute agiri, aurrekari, datu, espediente, jakingarri eta artxibategi mota guztietara, Buñuelgo Udalaren eskuetan badaude.

3. artikulua. Sarbide hori Tokiko Gobernu Batzarraren Bidez eginen da, alkateari eskabide iodatzia eginez eta nahi diren agiri, datu, espediente, jakingarri edo artxibategiak modu argi eta zehatzean xehatuz; ez da eskubiderik izanen gai baten edo gai multzo baten gainean eskaerarik egiteko, nahiz eta gogoak emanez gero ontzat hartzen ahalko den.

4. artikulua. Dokumentaziorako sarbide hori ezesten ahalko da edo erabat nahiz partez mugatzen, Tokiko Gobernu Batzarrak uste badu eskaera halako batean dagoela:

a) Delako agiriak edo aurrekariak jakin edo hedatzeak kalte egiten ahal badie hainbat eskubide konstituzionali, hala nola, ohoreari, norberaren edo familiaren intimitateari eta pertsonen beren irudi eskubideei.

b) Herritarren segurtasunarekin ikusteko duten gaiak badira, haien publizitateak kalte egiten badio.

c) Legeek aurreikusi bezala sailkaturiko gaiak badira.

d) Sekretu estatistikoak babesturiko gaiak baldin badira, edo datu informatikoen bankuetarako sarbidea mugatzen duen legeriak babesturiko esparruetakoak.

e) Prozesu judizial penal batera ekarritako aurrekariak badira, sumarioaren sekretupean dauden bitartean.

5. artikulua. Dokumentaziorako sarbidea erabat nahiz partez ezesteko, erabaki arrazoitu baten bidez beharko da.

6. artikulua. Zinegotzi batek bere eginkizunak egiteko agiri edo artxibategi bat eskatzen duenean, Tokiko Gobernu Batzarrak emanen du haren eskaerari buruzko ebazpena, idazki arrazoitu baten bidez eman ere, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 76. artikuluan xedatu bezala.

7. artikulua. Hala ere, eskaera betetzea erraza ez bada, zabalegia izateagatik edo bertzelako arrazoiengatik, edo eskaerari erantzuteak dakarren lanak kalte edo traba egiten badio dagokion zerbitzuaren funtzionamenduari, informazioa gibelatzen ahalko da ebazpen arrazoitu baten bidez.

8. artikulua. Edozein jakingarri mota eskatzeko, horretarako ezarritako bulegoan eta horretarako ezarritako egun eta orduetan egin beharko du zinegotziak.

9. artikulua. Ez da inola ere dokumentaziorik ateratzen ahalko dagoen bulegotik.

10. artikulua. Zinegotziek ez dituzte zabaldu behar bere eginkizuna betetzeko ematen zaizkion informazioak, hartzeko dauden erabakien aurrekaritako balio behar badute, eta eragotzi behar dute bertze batzuek erreproduzitzea haien esku jartzen den informazioa.

11. artikulua. Zinegotziek ahalegina egin beharko dute beren informazio eskaerak trabarik ekar ez diezaion dagokion administrazio sailaren funtzionamendu arruntari.

Iragarkiaren kodea: L0714556