127. ALDIZKARIA - 2007ko urriaren 10a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

241/2006 EBAZPENA, irailaren 26koa, Garraio zuzendari nagusiak emana, Nafarroako udal eta kontzejuei 2006. urtean zehar egin diren errepideko hiriarteko bidaiari-garraio kolektibo zerbitzuak finantzatzeko dirulaguntzak emateko deialdia egiten duena.

Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuak txosten bat aurkeztu du, non adierazi baitu 1992az geroztik bidaiari-garraioari laguntzeko kontusailak izan direla Nafarroako Aurrekontu Orokorretan. Kontusail horren bilakaera azterturik, beharrezkoa da aldaketak egitea aurreko urteetako dirulaguntza deialdian. Hortaz, diruz lagunduko diren zerbitzuek bete beharreko baldintzak erantsi dira, garraioen arloan indarra duen araudiari jarraikiz.

Dirulaguntza hauen onuradun izan daitezkeen udal eta kontzejuei diruz laguntzeko 120.000 euro ematea proposatzen du.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa arautzen duen abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako udal eta kontzejuei erabiltzaile guztientzako 2006. urtean zehar egin diren errepideko hiriarteko bidaiari-garraio kolektibo zerbitzuak finantzatzeko dirulaguntzak emateko deialdia onestea. Haren arauak ebazpenaren eranskinean daude.

2. 120.000 euroko gastua onestea, 2007. urteko Gastuen Aurrekontuko "Bidaiarien garraio-zerbitzuei eusteko laguntzak" izeneko 630001/62310/4701/441100 kontusailaren kargura. Espedientearen zenbakia: RCSA 272.

3. Ebazpen honen berri ematea Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatuari.

4. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, 2007ko irailaren 26an._Garraio zuzendari nagusia, Susana Labiano Bastero.

ERANSKINA

Nafarroako udal eta kontzejuei 2006. urtean zehar egin diren errepideko hiriarteko bidaiari-garraio kolektibo zerbitzuak finantzatzeko dirulaguntzak emateko deialdiaren arauak

Lehenbizikoa._Xedea.

1. Deialdi honen xedea da udal eta kontzejuei erabiltzaile guztientzako hiriarteko garraioa finantzatzen laguntzeko deialdia eta horren oinarriak ezartzea, hain zuzen, 2006. urtean, erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio erregularrik ez duten biziguneetara iristeko helburua duten zerbitzuak egiten dituztenentzat eta bidaien kopurua handitu edo lehendik dauden kontzesioekin lotura ezartzeko baliagarri direnentzat. Izan ere, pentsatzen da bidaiari-garraio publikoko zerbitzuaren eskaintza handiagoa dutela eta erabiltzaileei mugitu beharra betetzen laguntzen dietela.

2. Deialdi honetatik bazter geldituko dira hiriarteko bidaiari-garraio kolektiboaren zerbitzuak finantzatzeko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuarekin hitzarmen edo akordioak sinatuak dituzten udal eta kontzejuak.

Bazterturik geldituko dira, halaber, edonolako erakunde publikoren dirulaguntzari esker osorik nahiz zati batean finantzaturik dauden garraio zerbitzuak eta, orobat, gazteentzako gaueko garraioak, "Joan-etorri" izenekoak, alegia.

Bigarrena._Onuradunak.

Dirulaguntza jaso ahalko dute hiriarteko bidaiari-garraio kolektiboaren zerbitzuak beren aurrekontuen kargura antolatzen dituzten udal edo kontzejuek, deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen dituztenean.

Hirugarrena._Zerbitzuaren betebeharrak.

1. Dirulaguntza jaso ahal izateko, udalek edo kontzejuek antolatzen dituzten garraio zerbitzuek, deialdi honen arabera, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Hiriarteko garraio publikoko zerbitzuak izatea (autobusa edo taxia), erabiltzaileen eskari orokorrari erantzuteko; edozein interesdunek erabiltzen ahalko ditu. Erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio publikoaren kontzesioren bat kontratatzen diren zerbitzuekin bat baldin badator, horiek zerbitzua bera hobetzeko izan beharko dute.

b) Garraio Zuzendaritza Nagusiari aldez aurretik jakinarazi izana dirulaguntzaren xede diren zerbitzuak eginak dituela.

c) Aurrez finkatuta izatea egutegia, ordutegia eta geralekuak.

d) Zerbitzua erabiltzaileari kobratzea.

2. Joan-etorriko zerbitzu bat bakarrik lagunduko da diruz eguneko, non eta salbuespenez eta arrazoi sendoko arrazoiak medio joan-etorriko bi zerbitzu laguntzen ez diren.

Laugarrena._Dirulaguntzen zenbatekoa.

Deialdi honen babesean ematen diren dirulaguntzak finantzatzeko 120.000 euro erabiliko dira, 2007. urteko Gastuen Aurrekontuko "Bidaiarien garraio-zerbitzuei eusteko laguntzak" izeneko 630001 / 62310 / 4701 / 441100 kontusailaren kargura.

Seigarren arauan xedaturikoarekin bat, toki entitateentzako dirulaguntzen zenbatekoak, guztira, horiek pagatzeko kontusailaren zenbatekoa (120.000 euro) gaindituz gero, kopuru hori entitate bakoitzari dagozkion dirulaguntzen artean hainbanatuko da.

Bosgarrena._Eskaerak eta dokumentazioa.

1. Eskaerak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrak Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuan duen bulegoan (Iruñeko San Ignazio etorbidea, 3, behea, Iruña) aurkeztu beharko dira, edo ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretuan aipaturiko Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko edozein bulegotan nahiz Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4. artikuluan adierazitako erregistro edo bulegoetan. Postetxeetan aurkezten diren eskaerak gutun-azal irekietan sartuko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onartu zeneko eguna eta abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan, posta zerbitzuak arautzen dituen horretan, aipatzen diren gainerako zehaztapenak adieraz daitezen.

Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerei honako dokumentazio hau erantsiko zaie:

a) Eskaeraren xede diren garraio zerbitzuen esleipen-hartzailearekin izenpeturiko itun, hitzarmen edo kontratuak.

b) 2006an egindako zerbitzuaren aurrekontua, egiazko kostu eta sarrerak justifikatuta, garraio zerbitzua egin duten enpresei ordaindutakoen egiaztagiriak, zerbitzua eman duten enpresek luzatutako fakturak (bidaia kopuruak adierazita) eta, orobat, zerbitzua benetan eman dela frogatzen duten ibilbide-orriak edo bestelako frogagiriak. Deklaratu eta frogatuko da, halaber, zenbat erabiltzaile eraman den eta zenbat diru jaso den zerbitzuan.

c) Zerbitzuaren baldintzen deskribapena: egutegia, ordutegia, geralekuak eta tarifa.

d) Egiten den zerbitzuaren interesa justifikatzen duen memoria, erabiltzen diren baliabideak espresuki adierazita.

Agiriek jatorrizkoak edo notario nahiz administrazio bidez kautotutako kopiak izan beharko dute.

3. Eskaerak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, interesdunari hamar eguneko epean zuzen dezala eskatuko zaio, eta ohartaraziko, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko zaiola.

Nolanahi ere, Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuak eskaerari buruzko ebazpena emateko beharrezko dituen argibide edo agiriak eskatzen ahalko dizkio eskatzaileari.

Seigarrena._Eskaerak baloratzeko irizpideak eta dirulaguntzen zenbatekoa.

1. Laguntzak eman eta haien kopurua zehazteko honako irizpide eta balorazio hauek hartuko dira kontuan:

a) Biztanle kopurua:

5etik 10 puntura bitartean baloratuko da. 10 puntu emanen dira herriak 1.000 bizilagunetik beheiti baditu eta 5 puntu 2.000 bizilagunetik goiti baditu. Bitarteko bizilaguna kopurua duten herrietan puntuak hainbanatuko dira.

b) Proposatutako zerbitzuak herritarrek egin beharreko joan-etorrietarako zenbateraino diren egokiak, eta zerbitzua emateko baliabideak berdin, izan dezaketen erabilerarako.

10 puntu emanen dira zerbitzuak eskainitako postuen %25 gainditzen badu eta 5 puntu %10 gainditzen ez badu. Bitarteko okupazioa hainbanatuko da. Eskaintzak eskariaren %50 gainditu ezik, 5 puntu emanen dira.

c) Garraio publikorik ez izatea.

Eskariari erantzuteko garraio publiko erregularrik ez badago, 10 puntu emanen dira, eta egon arren, eskaria hein batean baino asetzen ez badu, 5 puntu.

d) Iruñera edo zerbitzuaren eremuko herritarrek erabiltzen dituzten osasun edo hezkuntza zentroetara, merkatuetara eta abarretara dagoen distantzia.

25 kilometrotik gora; 10 puntu. 15 kilometrotik behera; 5 puntu. Tarteko distantzietarako puntuazioa hainbanatuko da.

2. Dirulaguntza kalkulatzeko zerbitzuaren kostuari honako koefiziente hauek aplikatuko zaizkio: 40 puntu, %100; 20 puntu, %50. Tarteko puntuazioen kasuan, portzentajea hainbanatuko da.

Toki entitateentzako dirulaguntzen zenbatekoak, guztira, horiek pagatzeko kontusailaren zenbatekoa (120.000 euro) gaindituz gero, kopuru hori entitate bakoitzari dagozkion dirulaguntzen artean hainbanatuko da.

Zazpigarrena._Ebazpena.

1. Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuari eman zaio prozedura antolatu eta izapideak egiteko eskurantza, hala nola aurreko oinarrian ezarritako balorazio irizpideei jarraikiz eskabideak ebaluatzekoa.

Ebaluazioa egin ondoren, laguntzak emateko proposamena Garraio zuzendari nagusiari igorriko zaio. Proposamenean adieraziko dira dirulaguntza jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituzten onuradunak, bai, halaber, dirulaguntzaren xede diren jarduerak, balorazio irizpideen ponderazioa eta bakoitzari eman beharreko diru-kopurua.

2. Garraio zuzendari nagusiak dirulaguntzak emateko ebazpena emanen du. Ebazpena hiru hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko du, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertuko da. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Zortzigarrena._Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak ez dira bateragarri Espainiako edo atzerriko beste administrazio publiko, norbanako edo erakunde publiko zein pribatu batzuek jarduera bera garatzeko ematen dituztenekin.

Bederatzigarrena._Onuradunen eginbeharrak.

1. Onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 9. artikuluan ezarritako beharkizunak bete beharko dituzte; hauek, bereziki:

a) Dirulaguntza kobratzen dutenek Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuak eskatzen dituen egiaztapen eta agiriak onartu eta erraztu beharko dituzte.

b) Toki entitate onuradunek jarduera berbererako beste administrazio edo entitate baten bestelako dirulaguntzarik jasotzen badute, haren berri eman behar diote Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuari.

Hamargarrena._Ez-betetzeak.

Deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badira, eta legez ezarritako gainerako kasuetan, jasotako zenbatekoak osorik edo hein batean itzuli beharko dira.

Aurreko atalean aurreikusten dena ezertan galarazi gabe, lege-hauste eta zehapenei dagokien guztian Dirulaguntzei buruzko ekainaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluak eta hurrengoek xedatzen dutena hartuko da aintzat.

Hamaikagarrena._Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Emandako dirulaguntzak eta onuradunen zerrenda Garraio Zuzendaritza Nagusiaren web-orrian argitaratuko dira.

Hamabigarrena._Errekurtso administratiboak.

Deialdi honen, bere oinarrien eta bere aplikazio egintzen aurka, toki erakundeek zilegi izanen dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea Iruñeko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan bi hilabeteko epean, deialdia argitaratu edo hala denean, bidezko egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 28/1998 Legearen 44. artikuluan zehazten den moduan eta epean, Nafarroako Gobernuaren aurrean aldez-aurretik errekerimendua egiteko aukera galarazi gabe.

Iragarkiaren kodea: F0714845