127. ALDIZKARIA - 2007ko urriaren 10a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

217/2007 FORU DEKRETUA, irailaren 24koa, Nafarroako Gazteriaren Institutua erakunde autonomoa sortu eta haren estatutuak onesten dituena.

ZIOEN AZALPENA

Espainiako Konstituzioaren 48. artikuluak botere publikoen esku uzten du gazteek garapen politikoan, sozialean, ekonomikoan eta kulturalean parte-hartze libre eta eragilea izateko baldintzak sustatzea. Bere aldetik, Nafarroako foru eraentza birrezarri eta hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 44.18 artikuluak Foru Komunitateari gazteentzako politikaren arloko eskumen esklusiboak ematen dizkio.

Asmo horrekin sortu zen, 1991. urtean, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutua. Erakunde autonomo horrek gazteriaren arloko eskumenak zituen Nafarroako Foru Komunitatean eta gaur egun arte azaroaren 6ko 77/2006 Foru Dekretuak arautu du.

Gizartea oso bizkor bilakatzen da eta horrek behar, itxaropen eta eskaera berriak sortzen ditu hiritar guztiengan, oro har. Hezkuntza, enplegua, etxebizitza eta emantzipazioa gazteei gehien eragiten dieten aferetako batzuk dira. Horregatik, administrazio publikoek gazteen benetako premiak asetzeko eta norberaren autonomia, trebakuntza eta garapen osoa lortzeko politikak egin behar dituzte. Gazteek gizarte aldakor honetan guztiz integratzea eta haien parte-hartze soziala, politikoa, ekonomikoa eta kulturala bermatzea bultzatu behar da.

Hori guztia dela eta, egokitzat jo da erakunde autonomo berri bat sortzea, gazteriaren arloa modu espezifikoan lantzeko. Erakunde hori Nafarroako Gazteriaren Institutua da eta Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako Departamentuaren menpe dago.

Horrekin lotuta, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko azaroaren 3ko 15/2004 Foru Legeak ezartzen du Nafarroako Gobernuaren esku egonen dela erakunde autonomoak sortzea eta haien xede orokorrak, atxikipena, estatutuak eta hasierako jarduketa plana ezartzea.

Horiek horrela, Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2007ko irailaren 24ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Sorrera eta xede orokorrak.

Nafarroako Gazteriaren Institutua sortzea. Haren xede orokorra da hiritar gazteen eskubideak babestea eta, horretarako, gazteek garapen politikoan, sozialean, ekonomikoan eta kulturalean libreki eta eraginkortasunez parte hartzea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko erakundeetan zeharka jardutea bultzatuko da. Hori guztia indarrean den araudiari jarraikiz.

2. artikulua. Estatutuak onestea.

Nafarroako Gazteriaren Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onestea (estatutuok foru dekretu honen eranskinean ageri dira). Erakunde horrek Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak gazteriaren arloan zituen eskumenak hartu ditu.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena._Hasierako jarduketa plana.

Nafarroako Gazteriaren Institutuko erakunde autonomoaren hasierako jarduketa plana da Nafarroako Gobernuak foru dekretu hau eman zen egunean bertan hartu zuen erabakiaren bidez onetsi zuena. Haren testua espedienteari gehitu zaio.

Bigarrena._Genero berdintasuna.

Foru dekretu honetan, zenbait pertsona, kargu edo lanposturi buruz hitz egiteko gizonezko genero gramatikaleko izenak erabiltzen direnean (gaztelaniazko "consejero", "director", "presidente", "secretario" eta abar), adierazpideen ekonomia hutsagatik jokatzen da horrela, eta postu horiek orokorrean hartzen ditu hizpide, haiek bai emakumezkoek bai gizonezkoek betetzen dituztela ere, erabateko berdintasun-baldintzetan, ondorio juridikoen ikuspegitik.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Foru dekretu hau garatzeko neurriak hartu bitartean, ataletik beherako unitate organikoek bere horretan iraunen dute eta oraingo izenari eta eginkizunei eutsiko diete. Unitate horiek orain arte Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Gazteriaren Zuzendariordetzari atxikirik zeuden eta, orain, erakunde berriaren organoei atxikiko zaizkie, behin-behinean, orain arte zituzten eginkizun berberekin.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe utzi dira foru dekretu honek ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena._Ahalmena ematen zaio Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako kontseilariari foru dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Bigarrena._Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2007ko irailaren 24an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

ERANSKINA

Nafarroako Gazteriaren Institutua erakunde autonomoaren estatutuak

I. TITULUA

Izaera, atxikipena eta eskumenak

1. artikulua. Izaera.

Nafarroako Gazteriaren Institutua, administrazio izaerako erakunde autonomo bat da, nortasun juridiko propioa duena, bai eta jarduteko ahalmen osoa ere, xedeak bete ahal izateko.

2. artikulua. Atxikipena.

Nafarroako Gazteriaren Institutua, bere helburuak betetzeko, Nafarroako Gobernuko Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako Departamentuak plangintza eta politika orokorrari dagokionez ematen dituen aginduen mendean dago. Bestalde, departamentu horren esku gelditzen dira institutua kontrolatu eta babesteko ahalmenak, estatutuetan, foru legerian eta administrazioari buruzko legerian esleitzen zaizkionak, hain zuzen ere.

3. artikulua. Eskumenak eta eginkizunak.

1. Nafarroako Gazteriaren Institutuari eskumen hauek dagozkio:

a) Gazteentzako administrazio, sustapen edo prestakuntza jarduerak planifikatu, gauzatu, kudeatu edo bultzatzea, bai eta gazteentzako ekipamendu eta instalazioak sustatzea, egitea eta kudeatzea.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erakunde edo departamentuei gazteriaren arloan espresuki esleitzen ez zaizkien eskumenak, bai eta Nafarroako Gobernuak gazteen arloan dituen eskumenak koordinatzea eta Gobernuak esleitzen ahal dizkionak ere.

c) Berariazko legeriak ondare, kontratu, aurrekontu, kontabilitate eta finantzen eta langileriaren kontrolaren arloan erakunde autonomoei esleitzen dizkienak.

2. Eskumenen garapenaren arloan, Nafarroako Gazteriaren Institutuak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Aurreko atalean ezarritako eskumenek dakartzaten sustapenerako, kudeaketarako eta jarraipenerako eginkizunak.

b) Nafarroako Gazteriaren Institutuari atxikiriko zentroak eta instalazioak kudeatzea, eta horietan egiten diren mantentze eta berritze lanak, inbertsioak eta ekipamenduak.

c) Laguntza eta dirulaguntzetarako programak zuzendu eta kudeatzea eta, estatutu hauetan xedaturikoarekin bat, Nafarroako Gazteriaren Institutuak bere dituen arloetan aholkatu eta informatzea.

d) Nafarroako Gazteriaren Institutuaren helburuak lortzen laguntzen duten jarduera guztiak egitea.

e) Esleitzen zaion beste edozein eginkizun, indarra duen legeriarekin bat.

II. TITULUA

Egitura organikoa

I. KAPITULUA

Zuzendaritza organoak

4. artikulua. Zuzendaritza organoak.

Honako hauek dira Nafarroako Gazteriaren Institutuaren zuzendaritza organoak:

_Gobernu Kontseilua.

_Kudeaketako Zuzendaritza.

II. KAPITULUA

Gobernu Kontseilua

5. artikulua. Osaera.

1. Nafarroako Gazteriaren Institutuaren Gobernu Kontseiluak kide hauek ditu:

Lehendakaria: Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria.

Lehendakariordea: Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea.

Kontseilukidea: Nafarroako Gazteriaren Institutuko Gazteriaren zuzendariordea.

Kontseilukide idazkaria: departamentuko idazkari tekniko nagusia.

2. Departamentuak Gobernu Kontseiluan dituen kideen artetik zuzendaritza karguren bat hutsik geldituz gero, departamentuko titularrak haien ordezkoak izendatuko ditu, aldi baterako, behin betikoz izendatu bitartean.

3. Gobernu Kontseiluak, bidezko baderitzo, baimena ematen ahalko die gazteriaren organo eta entitateen ordezkariei bilkuretan parte har dezaten. Hizpidea izanen dute, baina botorik ez.

6. artikulua. Ahalmenak.

Gobernu Kontseiluak ahalmen hauek ditu:

a) Gazteriaren Institutuaren ondarea administratzea.

b) Erakundearen aurrekonturako aurreproiektuaren proposamenaren berri ematea, urtero.

c) Erakundearen zuzendaritza eginkizunak kontrolatu eta gainbegiratzea.

d) Zentro eta instalazio berekiak erabiltzeko prezio eta tarifak onestea.

e) Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak presaz hartu behar dituen ebazpenen berri izatea.

7. artikulua. Gobernu Kontseiluko lehendakariaren ahalmenak.

Nafarroako Gazteriaren Institutuaren Gobernu Kontseiluko lehendakariak ahalmen hauek izanen ditu:

a) Gobernu Kontseiluaren bilkuretarako deia egitea, eguneko gai zerrenda finkatzea, bilkuretako buru izatea eta horiek zuzentzea.

b) Gobernu Kontseiluaren erabakiak eta horren jardunaren arauak betearaztea.

Kargua hutsik dagoenean, edo lehendakaria kanpoan edo gaixo dagonean, edo ezin jardun duenean, haren ordez lehendakariordea arituko da, Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 15eko 15/2004 Foru Legeko 31.2 artikuluak xedatu bezala.

8. artikulua. Idazkaria.

1. Gobernu Kontseiluko idazkaria Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako Departamentuko idazkari tekniko nagusia izanen da.

2. Idazkariak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Gobernu Kontseiluaren lanak prestatzea, lehendakariarekin elkarlanean, eta haren erabakiak betearazteko izapideak egitea.

b) Osoko bilkuretako akta jasotzea, hartzen diren erabakien fede ematea eta eskatzen diren ziurtagiriak luzatzea, Gobernu Kontseiluaren liburu eta dokumentuak zaintzea eta deialdiez arduratzea.

c) Bere esku uzten diren gainerako eginkizunak betetzea.

9. artikulua. Jarduna.

1. Gobernu Kontseilua nahitaez urtean behin bilduko da bilkura arruntean. Bilkura bereziak lehendakaritzak hala erabakirik eginen dira.

2. Gobernu Kontseiluaren jardunerako, kide anitzeko organoei dagokienez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak xedatzen duenari men eginen zaio.

10. artikulua. Aholkularitza.

Gobernu Kontseiluak edozein unetan eskatzen ahalko du zenbait jenderen aholkua, dituzten ezagupen, prestakuntza, entzute edo bestelako inguruabarrak direla medio haien partaidetza egokitzat jotzen baldin badu. Kasu horretan, dei berezia eginen zaie horretarako.

III. KAPITULUA

Kudeaketako Zuzendaritza

11. artikulua. Izendapena eta kargutik kentzea.

1. Nafarroako Gobernuak izendatu eta kenduko du kargutik zuzendari kudeatzailea, Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako kontseilariak proposaturik.

2. Gaixo egoteagatik edo bestelako gorabeherengatik Gazteriaren zuzendariordeak ordeztuko du zuzendari kudeatzailea.

12. artikulua. Eginkizunak.

Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak, besteak beste, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Gazteriaren Institutuaren jardunean ardurarik handiena bere gain hartzea.

b) Erakundearen ordezkaria izatea.

c) Gobernu Kontseiluaren eta kontseiluburuaren erabakiak bete eta betearaztea eta presako kasuetan, beharrezkoa bada, behar diren probidentzia eta ebazpenak ematea, eta hurrengo bilkuran Gobernu Batzordeari horren berri ematea.

d) Nafarroako Gazteriaren Institutuaren jarduera eta organo guztiak zuzentzea, kudeatzea eta barrutik antolatzea.

e) Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskola zuzentzea.

f) Erakunde autonomoari atxikiriko instalazio eta zentroek jarduteko irizpideak onestea.

g) Nafarroako Gobernuak edo departamentuko kontseilariak espedienteen gainean ebazteko proposamenei adostasun txostenak ematea.

h) Ebazpen administratiboak ematea eta erakunde autonomoak jarduteko behar dituen egintza administratiboak betearazteko agintzea.

i) Erakunde autonomoen ordezkariei kontratazio administratiboaren arloan indarra duen arautegiak kontratuak gauzatzeko ematen dizkien eskumenak.

j) Gastu xeheak baimentzeko ahalmena, erakunde autonomoak jarduteko beharrezkoak badira, aurrekontuei, ekonomiari eta kontratuei buruzko arautegiak zuzendari nagusiei ematen badie eskumen hori.

k) Ondare erantzukizuneko prozeduren eta auzibide zibila eta lan auzibidea baino lehenagoko erreklamazioen gainean ebaztea, langileriaren arloan ebaztea izan ezik, eskumen hori Nafarroako Gazteriaren Institutuari badagokio.

l) Edozein gaztu ekonomiko baimendu eta xedatzea, pagatzeko obligazioak aitortzea eta erakundeko aurrekonturako aurreproiektuaren proposamena aurkeztea, arlo horretan indarra duen arautegian xedaturikoaren arabera.

m) Nafarroako Gazteriaren Institutuaren helburuak ezartzea eta urteroko memoria eta jarduteko programak prestatzea.

n) Nafarroako Gazteriaren Institutuko atalburuak, bulegoburuak eta bestelako unitate administratiboetako buruak bitarte baterako izendatzea, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak adostasun txostena eman ondoren.

ñ) Nafarroako Gazteriaren Institutuko zentroetako zuzendariak bitarte baterako izendatzea, haren plantilla organikoan agertzen badira, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak adostasun txostena eman ondoren.

o) Langileriari buruzko arautegiak erakunde autonomoei arlo horretan ematen dizkien gainerako eskurantzak.

p) Departamentuko kontseilari titularrak karguari loturik esleituko dizkion eginkizun guztiak.

13. artikulua. Eskuordetzea.

Zuzendari kudeatzaileak dituen eskurantzetako batzuk Gazteriaren zuzendariordearen esku utz ditzake, indarra duen legerian ezarritakoaren arabera.

IV. KAPITULUA

Gazteriaren Zuzendariordetza

14. artikulua. Gazteriaren Zuzendariordetza.

Gazteriaren Zuzendariordetza zuzenean Nafarroako Gazteriaren Institutuko Kudeaketako Zuzendaritzaren mende egonen da, eta haren planifikazioaren, zuzendaritzaren eta koordinazioaren babespean arituko da.

15. artikulua. Izendapena.

Nafarroako Gobernuak Gazteriaren zuzendariordea foru dekretu bidez izendatu eta kenduko du kargutik, Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako kontseilariak proposaturik.

16. artikulua. Eginkizunak.

1. Gazteriaren Zuzendariordetzak eginkizun hauek izanen ditu, besteak beste:

a) Zuzendariordetza osatzen duten atalen jarduerak antolatu eta banatzea.

b) Gazteentzako programak diseinatu eta koordinatzea, Nafarroako Gazteriaren Institutuak gazteriaren arloan dituen eskumenen esparruan.

c) Gazteentzako zeharkako politikak garatzea.

d) Departamentu arteko harremanak bultzatzea, gazteriaren arloan.

e) Gazteei informazioa, dokumentazioa eta aholkularitza emateko helburua duten ekintzak programatu eta kudeatzea.

f) Gazteen parte-hartzea eta gazteen elkarteak sustatzea.

g) Gazteentzako jarduerak sustatzea eta antolatzea.

h) Eduki propioak kudeatzea informazio sistemetan eta informazio bideetan, bereziki web orrian.

i) Gazteriaren arloan sor daitezkeen batzorde edo lantaldeek onartzen dituzten erabaki eta programak koordinatzea eta, behar denean, kudeatzea.

j) Toki entitateekiko harremanak koordinatzea eta baimendutako lankidetza hitzarmenak sustatzea.

k) Gazteriaren arloan adituak diren erakundeen, toki entitateen edo/eta langileen arteko lankidetza bultzatzea, gazteentzako ekintzak diseinatu eta garatzeko.

l) Gazteek eta entitateek egiten dituzten jarduerak sustatzea eta laguntzea.

m) Beste entitate batzuekin lankidetzan aritzeko akordioak proposatzea eta onartzen direnak kudeatzea.

n) Gazteriaren Kontseiluarekiko harremanak koordinatzea.

ñ) Gazteei zuzenduriko boluntario programak koordinatzea.

o) Gazteriaren Behatokia eta gazteriaren planaren garapena koordinatzea.

p) Gazteekin lan egiten duten teknikarientzako prestakuntza programak sustatzea.

q) Gazteriaren arloko laguntza eta dirulaguntzak kudeatzea.

r) Nafarroako Gazteriaren Institutuari atxikita dauden gazte instalazio eta zentroak antolatu eta kudeatzea.

s) Gazteentzako aterpetxeek Nafarroako Foru Komunitatean behar dituzten baimenak emateko proposamenak egitea, sektoreko araudiari jarraituz.

t) Astialdiko heziketarekin zerikusia duten alderdi guztiak arautu eta koordinatzea, astialdiko eskolen onarpen ofiziala eta hartutako prestakuntzaren aitorpena barne direla.

u) Nafarroako Gazteen Entitateen Errolda kudeatu eta zuzentzea.

v) Nafarroako toki entitateetako Gazteriaren Kontseiluen Errolda sortu, arautu eta kudeatzea.

w) Nafarroako Gazteentzako Informazio Sarea osatzen duten Gazteentzako Informazio Gune eta Bulegoen Errolda kudeatu eta zuzentzea.

x) Nafarroako Foru Komunitatean gazteentzako aire zabaleko jarduerak arautu eta kontrolatzea, indarreko araudian Nafarroako Gazteriaren Institutuari ematen zaizkion eskumenen eremuan, eta gazteentzako jarduerei buruzko araudia garatu eta kudeatzea.

y) Nafarroako Gazteriaren Institutuko Zuzendaritzari eta gainerako unitateei haien eskumeneko arloetan aholkatzea eta laguntzea, eta deskribatu diren edo haien osagarriak diren eginkizunen antzekoak diren eta Zuzendaritzak esleitzen ahal dituen eginkizunak garatzea.

2. Gastu xeheak baimentzeko ahalmena dagokio Gazteriaren zuzendariordeari, erakunde autonomoak jarduteko beharrezkoak badira, aurrekontu, ekonomia eta kontratuei buruzko arautegiak zerbitzuetako zuzendariei ematen badie eskumen hori.

V. KAPITULUA

Atalak

17. artikulua. Gazteriaren Zuzendariordetzako atalak.

Gazteriaren Zuzendariordetzak atal hauek ditu:

_Plangintza eta Berrikuntza Atala.

_Gazteentzako Programen Atala.

_Entitateekiko Harremanen Atala.

18. artikulua. Plangintza eta Berrikuntza Atala.

Plangintza eta Berrikuntza Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Gazteriaren Zuzendariordetzari argibideak, aholkua eta sostengua ematea, bere dituen arloetan.

b) Atalaren jarduerak antolatu eta banatzea.

c) Nafarroako Gazteriaren Plana nola prestatzen den koordinatzea.

d) Gazteriaren Behatokia sustatu eta kudeatzea.

e) Gazteriarekin lotutako azterlanak eta txostenak egitea.

f) Gazteriaren arloko berrikuntzak proposatu eta gazteen interes orokorrerako berrienak direnak bultzatzea.

g) Gazteriaren Zuzendariordetzaren eskumenen barruan dauden erroldak arautu eta kudeatzea.

h) Zuzendariordetzaren esparruko argitalpen interesgarriak argitaratzea.

i) Antzeko eginkizunak edo horien osagarriak eta Gazteriaren Zuzendariordetzak esleitzen dizkionak.

19. artikulua. Gazteentzako Programen Atala.

Gazteentzako Programen Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Gazteriaren Zuzendariordetzari argibideak, aholkua eta sostengua ematea, bere dituen arloetan.

b) Atalaren jarduerak antolatu eta banatzea.

c) Nafarroako Gazteentzako Argibide Sarea kudeatu eta koordinatzea.

d) Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskola koordinatzea, eta aitorpen ofiziala eta aisialdirako eskolak kudeatu eta koordinatzea.

e) Gazteriaren arloko teknikariak heztea, indarra duen araudiarekin bat.

f) Gazteriaren arloan lan egiten duten pertsonen prestakuntza etengabe gaurkotzeko ekintzak sustatzea.

g) Gazteen emantzipazioa eta autonomia sustatzeko zeharkako programetan parte hartzea edo/eta horiek garatzea.

g) Gazteentzako programak garatu eta kudeatzea.

h) Gazteen arteko trukaketak sustatzea.

i) Gazteen kultur garapena sustatzea.

j) Atzerrian hizkuntzak ikasi eta praktikatzeko programak sustatu eta kudeatzea.

k) Gazteen mugikortasuna erraztea.

l) Gazte txartela programa kudeatzea.

m) Gazteen boluntariotza bultzatzea.

n) Gazteen garapen pertsonala sustatzeko zeharkako programetan parte hartzea edo/eta horiek garatzea.

ñ) Antzeko eginkizunak edo horien osagarriak eta Gazteriaren Zuzendariordetzak esleitzen dizkionak.

20. artikulua. Entitateekiko Harremanen Atala.

Entitateekiko Harremanen Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Gazteriaren Zuzendariordetzari argibideak, aholkua eta sostengua ematea, bere dituen arloetan.

b) Atalaren jarduerak antolatu eta banatzea.

c) Gazteek gizartean parte hartzea errazten duten programak sustatu eta kudeatzea.

d) Toki entitateei aholku ematea eta haiekin lankidetzan aritzea gazteriaren arloan.

e) Gazte elkarteei aholku ematea.

f) Gazteentzako programetarako laguntzak kudeatzea, indarrean den araudiarekin bat.

g) Gazteriaren arloko teknikariak heztea, indarra duen araudiarekin bat.

h) Gazteentzako Europako programak kudeatzea.

i) Gazteen artean hizkuntzak ikastea, gazte turismoa, ostatuak eta abar bultzatzeko programak sustatu eta kudeatzea, Europako eta Estatuko erakundeekin edo/eta beste autonomia erkidegoekin bat.

j) Nafarroako Gazteriaren Institutuari atxikita dauden gazte instalazio eta zentroak kudeatzea.

k) Gazteentzako Aterpetxeen Espainiako Sarearen (REAJ) Partzuergoan sarturik dauden Nafarroako gazte instalazioak gainbegiratzea.

l) Nafarroako Gazteriaren sarien banaketa antolatzea.

m) Antzeko eginkizunak edo horien osagarriak eta Gazteriaren Zuzendariordetzak esleitzen dizkionak.

21. artikulua. Idazkaritza Nagusiaren Atala.

Idazkaritza Nagusiaren Atala erakunde autonomoaren Kudeaketako Zuzendaritzaren menpe egonen da eta honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Gazteriaren Institutuko jarduera administratiboak planifikatzea, koordinatzea eta banatzea.

b) Erakunde autonomoko Erregistro Nagusia eta Artxibo Nagusia koordinatu eta kudeatzea.

c) Erakunde autonomoaren beraren dokumentuak, hirugarrenengan ondorioak izanen dituztenak, konpultsatzea eta ebazpenak eta Nafarroako Gazteriaren Institutuan dauden dokumentu eta datuak ziurtatzea.

d) Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari argibideak, aholkuak eta sostengua ematea, bere dituen eginkizunetan, eta ebazpen proposamenak prestatzea.

e) Nafarroako Gazteriaren Institutuko giza baliabideen eta barne araubidearen arloak koordinatu eta kudeatzea.

f) Diziplina espedienteak irekitzea, arau-hauste arinengatik.

g) Eduki berekiak kudeatzea informazio sisteman eta informazio bideetan, bereziki web orrian.

h) Erakunde autonomoaren aurrekontu orokorren aurreproiektua prestatzea eta proposamena zuzendari kudeatzaileari igortzea.

i) Erakunde autonomoaren jarduera ekonomiko-administratiboa planifikatu eta kudeatzea eta aurrekontuaren kontrol orokorra egitea.

j) Jarduera ekonomikoen orotariko eta aurrekontuetako kontabilitatea planifikatu eta kudeatzea.

l) Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea eta unitate organikoak aholkatu eta sostengatzea eta erakunde autonomoak egoki jarduteko behar diren lan guztiak burutzea, bere dituen arloetan.

m) Antzeko eginkizunak edo horien osagarriak eta zuzendari kudeatzaileak esleitzen dizkionak.

22. artikulua. Bulegoak eta horiekin parekaturiko unitateak.

Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak sortu, aldatu edo kenduko ditu bulegoak edo bulegoekin parekaturiko bestelako unitate administratibo edo teknikoak, foru agindu baten bidez, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak proposaturik, aurretik funtzio publikoaren, antolamendu administratiboaren eta ekonomiaren arloetan eskumena duten departamentuek txostena emanda.

VI. KAPITULUA

Zentroak

23. artikulua. Zentroak.

1. Hona hemen Nafarroako Gazteriaren Institutuari atxikitako zentroak:

_"Fuerte del Príncipe" gazteen egoitza.

_"Otadiko Santo Kristo" gazteentzako aterpetxea eta prestakuntzarako baliabide zentroa.

_"Baztan" gazteentzako aterpetxea.

_"Belbieretxea" gazteentzako aterpea.

_Getadarko gazteentzako aterpea.

24. artikulua. Zentroetako zuzendariak.

1. Zentroek zuzendaria izanen dute, haren kargua berariazko lanpostu gisa agertzen bada Nafarroako Gazteriaren Institutuko plantilla organikoan. Zuzendariaren karguari dagokion lansaria plantilla organikoan ageri dena izanen da.

2. Nafarroako Gazteriaren Institutuko zentroetako zuzendarien lanpostuak erakunde autonomoko unitate administratiboetako burutzak bezala beteko dira.

3. Zentroetako zuzendariei dagokie zentroko instalazioaren ekonomia, administrazioa, langileria, ekipamendua eta mantentze-lanak, bai eta dokumentuak eta artxiboa ere, kudeatzea. Zentroetako jarduerak programatzea ere dagokie, beren eskumenen esparrua, arloagatik Nafarroako Gazteriaren Institutuko beste organo batzuei dagozkienak deusetan galarazi gabe. Azkenik, zentroko kudeaketa arloetan aplikatzekoa den arautegia betetzen dela begiratuko dute.

III. TITULUA

Ondarea, baliabideak, aurrekontuak eta kontrola

25. artikulua. Ondarea.

Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legearen arabera, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren ondarearen osagaiak dira Nafarroako Ondarekoak diren ondasun eta eskubide guztiak, erakundeari bere helburuak betetzeko atxikitzen zaizkionak. Ondare horren ondasun direnez gero, dagozkien jatorrizko kalifikazio juridikoa mantenduko dute; hori guztia delako foru legearen 75. artikuluarekin bat.

26. artikulua. Baliabide ekonomikoak.

Nafarroako Gazteriaren Institutuko baliabideak ondoko hauek izanen dira:

a) Hari atxikitako ondasun eta eskubideen korrituak, errentak eta etekinak.

b) Foru Komunitateak erakundeari bere gizarte prestazio eta zerbitzuetarako esleitzen dizkion baliabideak.

c) Nafarroako aurrekontu orokorren kontura emandako transferentzia eta ekarpenak.

d) Bidezko diren xedapenen arabera jaso ditzakeen dirusarrera arruntak nahiz bereziak.

e) Entitateek emandako borondatezko ekarpen edo dirulaguntzak.

f) Jaso dezakeen beste edozein baliabide.

27. artikulua. Aurrekontua.

1. Nafarroako Gazteriaren Institutuko kudeaketa urteko aurrekontuen araubidearen menean izanen da, eta hori Nafarroako Parlamentuak onetsi beharko du.

2. Aurrekontuen egitura, sarrera eta irteeren sailkatzeari eta hauen zehaztasun-mailari dagokienez, Nafarroako Gobernuko aurrekontu orokorretarako ezarritako arau eta erregelei egokituko zaie, aurrekontu orokor hauen barnean egonen baitira.

3. Nafarroako aurrekontu orokorretarako arau orokorrek zuzenduko dituzte aurrekontu hauen likidazio eta exekuzioa.

28. artikulua. Kontu-hartzailetza.

Nafarroako Gazteriaren Institutuko kudeaketa ekonomikoa _kontzeptu horretan egintzetatik, agirietatik eta espedienteetatik heldu diren eduki ekonomikoko ondasun eta eskubideak sartzen dira_, Foru Komunitateko Administrazioak dituen era eta baldintza berberetan eramanen da, dela kontu-hartzailetza dela kontabilitatea.

29. artikulua. Kontabilitatea.

1. Nafarroako Gazteriaren Institutua kontabilitate publikorako araubidearen menean geldituko da, Foru Komunitatearen Administrazioak dituen era eta baldintza berberetan.

2. Kontuen ematea Nafarroako Kontu Orokorretarako aurrikusitakoaren arabera formalizatuko, tramitatuko eta ebatziko da.

IV. TITULUA

Langileak

30. artikulua. Langileak.

Nafarroako Gazteriaren Institutuko langileria honako hauek osatuko dute:

a) Nafarroako Gobernuak egindako izendapen libreko zuzendaritza karguetan aritzen direnak.

b) Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioak eta lan-kontratudunak, Nafarroako Gazteriaren Institutuari atxikiak edo atxikiko zaizkionak.

c) Estatuko Administraziotik edo beste administrazio batetik Foru Komunitatera transferitu eta Nafarroako Gazteriaren Institutuari atxiki zazkion langileak.

d) Erakunde autonomoko bereko lan-kontratudunak eta administrazio-kontratudunak.

V. TITULUA

Egintzen araubide juridikoa

31. artikulua. Orotariko araubide juridikoa.

1. Nafarroako Gazteriaren Institutuaren egintzen araubide juridikoa Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen VIII. tituluaren I. kapituluan erakunde autonomoentzat ezarritakoa izanen da.

2. Langile, kontratazio eta aurrekontuei buruzko egintza administratiboei dagokienez, Foru Komunitateko Administrazioko arautegi berariazkoari jarraituko zaio.

32. artikulua. Errekurtsoak.

Nafarroako Gazteriaren Institutuak emandako egintza eta ebazpenen kontra bidezko izanen da legez ezarritako errekurtso administratibo eta jurisdikzionalak paratzea.

33. artikulua. Laguntza juridikoa.

Botere Judizialari buruzko Lege Organikoaren 551.3 artikuluari jarraikiz, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren ordezkaritza eta defentsa epaiketetan Nafarroako Gobernuko Aholkularitza Juridikoan aritzen diren letratuei dagokie, ordezkatu eta defendatzeko elkargoko abokatua izendatzen den kasuetan salbu.

Halaber, Nafarroako Gobernuaren Lege Aholkularitzak lege aholku ematen ahalko dio Nafarroako Gazteriaren Institutuari. Hori guztia, urtarrilaren 5eko 4/1984 Foru Dekretuak ezarritakoari jarraikiz.

Iragarkiaren kodea: F0714757