127. ALDIZKARIA - 2007ko urriaren 10a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

223/2007 FORU AGINDUA, irailaren 21ekoa, Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, 2007an eta 2008an garapenerako hezkuntzarako proiektuak egiteko dirulaguntzetarako dei egiten duena.

Nafarroako erakundeek, Foru Komunitatearen gizarte kontzientziaz jabeturik, funtsak ematen dituzte, Garapenerako Laguntza Ofizial gisa, herrialde eta herri pobretuen giza garapen iraunkorrerako elkartasunezko ekarpena egiteko, mila urte honetako garapenerako helburuak lortzeko asmoz.

Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legeak nazioarteko lankidetzaren arauak, helburuak eta bitartekoak finkatzen ditu, besteak beste. Bereziki, haren 14. artikuluak xedatzen du funts publikoak erabiliko direla garapenerako lankidetzarako ekintzak sustatzeko. Halaber, haren 7.2 artikuluak xedatzen du Nafarroako Administrazio Publikoek garapenerako lankidetzarako programetan garapenerako hezkuntzarako eta gizartearen sentsibilizaziorako ekintzak bilduko dituztela, zuzenean edo garapenerako gobernuz kanpoko erakundeekin batera egin beharrekoak.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak dirulaguntza publiko guztiak arautzen ditu eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, eta dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko bidea.

Nafarroako Lankidetzarako I. Plan Zuzentzaileak lankidetza horren kalitatea hobetzea aurreikusten du, modalitateak eta jarduteko tresnak dibertsifikatuz. Berariaz, aurreikusten du gizartea sentsibilizatzeko ekintzak garapenerako hezkuntzarako ekintzetatik bereiztea. Izan ere, horiek, besteak beste, urte batzuetako programazio bat behar dute, ikasturtearekin bat datorrena.

Horrenbestez, beharrezkoa da garapenerako hezkuntzarako proiektuak egiteko dirulaguntzei buruzko arauak ezarri eta urtean urteko deialdi baten bidez argitaratzea, dirulaguntza horietan publizitate, gardentasun, konkurrentzia, objektibotasun, berdintasun, bereizkeriarik ez eta kontrol printzipioak bermatzeko, baita Administrazio emaileak finkaturiko helburuak lortzeko eragimena eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko eraginkortasuna ere.

Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Lehena._2007an eta 2008an garapenerako hezkuntzarako proiektuak egiteko dirulaguntzetarako deialdiaren arauak onestea. Foru agindu honen eranskinean ageri dira.

Bigarrena._1.000.000 euroko gastua baimentzea, honelaxe banaturik: 500.000 euro 2007ko ekitaldirako, gastu aurrekontuko "Garapenerako nazioarteko lankidetza" izeneko 900000 91200 4819 143102 kontusailetik; eta 500.000 euro 2008ko ekitaldirako.

Hirugarrena._Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko irailaren 21ean._Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

ERANSKINA

Deialdiaren arauak

Lehenengoa._Xedea eta helburua.

Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako Departamentuak dirulaguntzetarako dei egin du 2007rako eta 2008rako. Horien bidez, garabideko herrialdeak ukitzen dituzten arazoak hobeki ulertu, haien aldeko jarrera sortu eta elkartasuna eta haiekiko elkarlanerako hezkuntza prozesuak bultzatzen dituzten proiektuak finantzatuko dira Nafarroako garapenerako gobernuz kanpoko erakundeekin batera. Nafarroako entitateek proposatzen dituzten proiektuak hezkuntza formalean edo ez-formalean burutzen ahalko dira. Espresuki baztertzen dira garapenerako hezkuntzari zuzenean loturik ez dauden prestakuntza ekintzak (ikastaroak, mintegiak edo antzekoak) eta gizartea arlo horretan sentsibilizatzeko ekintzak (erakusketak, ekitaldiak edo antzekoak), garapenerako hezkuntzarako proiektu global baten barruan ez badaude.

Bigarrena._Aurrekontua.

Horretarako 2007an 500.000 euro erabiliko dira, 2007rako Nafarroako Aurrekontu Orokorreko "Garapenerako Nazioarteko Lankidetza" izeneko kontusailean. 2008an 500.000 euro erabiliko dira gehienez.

Hirugarrena._Garapenerako gobernuz kanpoko erakundeen betekizunak.

Deialdi honen xede diren dirulaguntzak hartu ahal izateko Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeek beharkizun hauek bete beharko dituzte:

a) Pertsona juridiko pribatuak izatea, legez osatu eta inskribatuak, Espainako Garapenerako Lankidetzarako Agentziako Garapenerako Gobernuz kanpoko Erakundeen Erregistroan, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Gainera, bi GGKE edo gehiagoren elkarteek ere hartzen ahalko dute parte, berezko nortasun juridikoa edukita edo ez, eta onuradunak izaten ahalko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 8. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan xedatutakoarekin bat.

b) Egoitza edo bulego iraunkorra izatea Nafarroako Foru Komunitatean. Arau honetako a) atalak aipatzen duen erregistroko inskripzioaren bidez frogatu beharko da hori.

c) Elkartearen helburuak lortzeko aski den egitura eta antolamendua izatea.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 13. artikuluko 2. idatz-zatian aipatutako egoeraren batean dauden entitateak ezin izanen dira deialdi honen xede diren laguntzen onuradun izan.

e) GGKE elkarteak izanez gero, entitate bakoitzak bete beharko ditu lehen aipatu diren betebeharrak.

Laugarrena._Garapenerako hezkuntzarako proiektuen betebeharrak.

Dirulaguntzak hartu ahal izateko, GGKEek aurkezten dituzten proiektuek betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Deialdiko lehen arauko helburu eta xedeekin; Garapenerako Lankidetzaren aldeko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legeko 2., 3. eta 7. artikuluetako printzipioekin eta Nafarroako Lankidetzarako I. Plan Zuzentzailearekin bat etortzea.

b) Finantzaketaren %20, gutxienez, erakundeen funtsetatik aterako da, beste administrazio publikoetatik _Nafarroako Gobernuaren beste departamentuak eta erakunde autonomoak kenduta_ edo beste entitate batzuetatik.

c) Emandako dirulaguntzen zenbatekoak ez du sekulan gaindituko, beste erakunde edo entitate pribatu zein publikoen laguntzekin batuta, egin beharreko proiektuaren kostua.

d) Urte bakoitzerako eskatzen den dirua gehienez ere 60.000 euroko izanen da. Zenbateko hori 120.000 euro arte handitzen ahalko da, GGKE elkarte batek aurkeztu badu eskabidea.

Bosgarrena._Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.

1. GGKEek 15 egun naturaleko epea izanen dute eskaerak aurkezteko, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

2. Eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrera igorriko dira, edo Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusian (Yanguas y Miranda kalea, 27, behea, 31003, Iruña) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritako tokietan. Eskabideak posta bulegoen bidez bidaltzen badira, gutun-azala zabalik aurkeztu beharko da, posta-funtzionarioak, ziurtatu baino lehen, eguna eta zigilua jar diezazkion eskaerari.

Seigarrena._Aurkeztu beharreko agiriak.

Deialdian parte hartu nahi duten GGKEek Nafarroako Gobernuaren eskabide orokorraren bidez eskatuko dute parte-hartzea eta, eskabidearekin batera, ondoko dokumentazioa aurkeztu beharko dute (agiri motak bereizteko egindako 2 multzoetatik bakoitzari dagokion karpeta edo gutun-azal batean):

a) GGKE eskatzailearen agiriak (horiek Foru Komunitateko Administrazioak ez badauzka edo haien edukia aldatu bada). Agiri horiek jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak izan beharko dute.

a.1) Espainiako Nazioarteko Lankidetzarako Agentziaren GGKEen Erregistroan egin den inskripzioaren ziurtagiria, eta bereziki adierazirik Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean ordezkaritza ireki dela.

a.2) Hirugarren arauko d) atalaren arabera onuradun izateko gorabeheretan ez dagoela dioen erantzukizunpeko aitorpena.

a.3) Aurreko urteko kontuen kopia.

GGKE elkarteak izanez gero, erakunde bakoitzaren agiriez gain, honakoa hauek aurkeztuko dituzte:

a.4) GGKE elkartea osatzeko agiria. Elkarteak berezko nortasun juridikorik eduki ezik, osaerako agirian elkarteari onuraduna den aldetik dagozkion eginbeharrak egiteko adina gaitasun duen ahaldun edo ordezkariaren izenak agertu beharko du espresuki eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean preskribatzeko aipatzen den epea bukatu arte ez desegiteko konpromisoak ere bai.

a.5) Talde edo elkartea osatzen duen GGKE bakoitzaren eginkizunak adieraziko dituen agiria, non elkartearen izenean eta horren kontu proiektua burutzeko konpromisoa hartuko baitu. Haietariko bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa ere azalduko da.

b) Proiektuko agiriak:

b.1) Proiektuaren memoria, inprimaki ofizialean eta euskarri informatikoan.

b.2) Agiri grafiko, tekniko eta ekonomikoak (proforma fakturak, aurrekontu profesionalak eta abar), eta programaren ezaugarriez ongi jabetzeko eskaini nahi diren bestelako agiriak.

b.3) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileek proiektuaren zikloaren edozein fasetan zuzenean edo zeharka parte hartuz gero, langile horien izen-deituren zerrenda, denboraldia eta proiektuan egin beharreko eginkizunak aurkeztu beharko dira.

Zazpigarrena._Instrukzioa.

1. Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu eskaerak. Garapenerako Nazioarteko Lankidetza Zerbitzua izendatuko da organo instruktore. Horrexek egiaztatuko du dirulaguntzak hartzeko betebeharrak betetzen direla eta baloratuko ditu ofizioz eskabideak, arau hauen arabera.

2. Eskabidea identifikazio datuak biltzen ez baditu, eskaturiko dirulaguntzarenak, entitate eskatzailearenak edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeko 70. artikuluan aipatzen direnenak, interesdunari eskatuko zaio, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 19,3 artikuluarekin bat, hamar egun balioduneko epean, hutsegiteak zuzendu edo aginduzko agiriak aurkeztu ditzala. Aditzera emanen zaio, horrela egin ezik, ulertuko dela eskabidea bertan behera utzi duela, espedientea artxibatzeko ebazpena eman ondoren.

Zortzigarrena._Dirulaguntzaren zenbatekoa baloratu eta zehaztea.

1. Eskaerak 0 puntutik 1.000 puntura bitarte baloratuko dira, irizpide objektibo hauek eta horien ponderazioa kontuan hartuz:

a) Gaitasun instituzionala (200 puntu bitarte): entitate eskatzailearen gaitasun finantzarioa, estrategikoa eta operatiboa eta haren oinarri soziala baloratuko dira. Hona hemen baremoa:

a.1) Oinarri soziala (50 puntu bitarte).

a.2) Gaitasun finantzarioa (50 puntu bitarte).

a.3) Gaitasun estrategikoa (50 puntu bitarte).

a.4) Gaitasun operatiboa (50 puntu bitarte).

GGKE elkarteak izanez gero, hori dena elkarte osoarendako baloratuko da eta bi GGKEk osatzen badute 1,2rekin biderkatuko da eta 1,4rekin gainerako kasuetan (200 puntu bitarte).

b) Ekintzaren kalitatea, hezkuntzari dagokionez (500 puntu bitarte): proiektuaren osagai teknikoak baloratuko dira. Hona hemen baremoa:

b.1) Ekintzaren barne koherentzia: orotariko helburuaren, berariazko helburuaren eta emaitzen arteko koherentzia (50 puntu), jardueren eta emaitzen arteko harremana (50 puntu), adierazleen egokitasuna (50 puntu bitarte) eta jardueren zehaztasuna (50 puntu bitarte).

b.2) Aurrekontua: gastuaren koherentzia edo eraginkortasuna (40 puntu bitarte), gastuaren beharra (40 puntu bitarte).

b.3) Metodologia eta xede-populazioa: gizartearen partaidetza (40 puntu bitarte), bestelako hezkuntza-eragileekiko koordinazioa (40 puntu bitarte), metodo didaktikoak eta estrategiak (70 puntu bitarte) eta xede-populazioa (70 puntu bitarte).

c) I. Plan Zuzentzaileko zeharkako ildo estrategikoekiko eta bidezko merkataritzaren eta kontsumo arduratsuaren sustapenarekiko egokitasuna (300 puntu bitarte): egiaztatuko da proiektuak haietariko bakoitzaren adinako osagaiak biltzen dituela, gaitasuna sortu eta gizartea antolatzeko ildoa izan ezik, aurreko atalean baloratzen baita. Hezkuntza prozesua aintzakotzat hartuko da jakintza, emozio, jarrera eta portaera arloei dagokienez. Hona hemen baremoa:

c.1) Pobreziaren munduko egoera jakinarazi eta haren kontrako borrokan parte hartzea. Gehienez 60 puntu.

c.2) Garabideko herrialdeetako emakumeen egoera eta sexuen arteko berdintasunaren sustapena jakinaraztea. Gehienez 60 puntu.

c.3) Garapen iraunkorra jakinarazi eta sustatzea, nazioarteko kontuei eta ingurumenerako hezkuntzaren osagaiei dagokienez. Gehienez 60 puntu.

c.4) Giza eskubideak eta nortasun kulturalak nazioartean jakinaraztea. Gehienez 60 puntu.

c.5) Bidezko merkataritza eta kontsumo arduratsua sustatzea. Gehienez 60 puntu.

2. Dirulaguntzaren eskaera aintzakotzat har dadin, proiektuak guztira 500 puntu beharko ditu batera. Horietariko 150 puntu gutxienez plan zuzentzaileko zeharkako ildoekiko egokitasun irizpideei egokituko zaizkie. Gainera, ezin izanen dituzte 20 puntu baino gutxiago izan proiektuaren eta zeharkako ildo bakoitzaren arteko egokitasuna baloratzeko irizpide bakoitzean.

3. Dirulaguntza bat etorriko da eskatzen denarekin.

4. Positiboki baloraturiko proiektuei dagozkien zenbateko eskatu guztiek aurrekontuetan horretarako dagoen dirua gainditzen badute, lehentasun hurrenkera bat ezarriko da, balorazioan lorturiko puntuazioaren arabera, eta dirulaguntzak muga horretaraino banatuko dira.

Bederatzigarrena._Alegazioen izapidea.

Organo instruktoreak txosten-proposamenaren aurretik interesdunei entzuteko izapidea egin daiteke, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 84. artikuluari jarraikiz.

Hamargarrena._Ebazpena emateko epea.

1. Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiari dagokio aurkezten diren eskaeren gainean ebaztea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuari jarraikiz emandako ahalmenez baliatuz.

2. Deialdiaren gaineko ebazpenean dirulaguntzak hartzen dituzten eskatzaileak, dirulaguntzen helburua, zenbatekoa, pagatzeko modua eta justifikatzeko modua eta epea agertuko dira eta beste eskaerak ezesteko zergatikoak ere bai, Dirulaguntzei buruzko arazoaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 21. artikuluan xedatu bezala.

3. Eskaerak ukatutzat joko dira, aurkezteko epea bete eta handik sei hilabetera ebazpen espresurik eman ez bada.

Hamaikagarrena._Jakinarazpena.

Deialdiaren gaineko ebazpena banan-banan eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Nafarroako Atarian argitaratuz jakinaraziko zaie entitate interesdunei.

Hamargarrena._Hitzarmenak.

Aurreko arauan aipatzen den ebazpenaren ondoren, Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako Departamentuak lankidetza hitzarmen bat sinatuko du entitate onuradun bakoitzarekin, onetsiriko proiektu bakoitzerako, bidezko bada. Lankidetza hitzarmen honen gutxieneko edukia hauxe izanen da: sinatzen deneko eguna eta tokia, xedea, finantzatzeko onetsiriko aurrekontua, proiektua bukatzeko eguna, entitate bakoitzaren legezko ordezkariak eta aldeek eginbeharrekoak.

Hamahirugarrena._Dirulaguntzaren aurrerakinak.

1. Ekonomia eta Ogasun Departamentuak espresuki baimena emanez gero, lehen urteko dirulaguntzaren aurrerakin bat emanen da, ordainketa bakar batean, entitate onuradunak eta Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako Departamentuak hitzarmena izenpetu ondoren. Dirulaguntza 60.000 eurotik gorakoa bada, aldez aurretik bankuaren abala edo legerian aurreikusten den beste berme bat aurkeztu beharko da, aurreratu beharreko zenbateko osoa adinakoa.

2. Urte bakoitzeko dirulaguntza 60.000 eurotik gorakoa bada, organo emaileak erabakitzen ahalko du 60.000 euroko edo hortik goitiko zenbatekoak aurreraturik pagatzea, Horrela, dirulaguntzaren onuradunak ez du behin ere izanen 60.000 eurotik gorako aurrerakinik bermerik aurkeztu gabe. Bigarren aurrerakina aurreko aldian eginiko gastuen %70 justifikatu arte ez da pagatuko, bai Nafarroako Gobernuaren funtsen bidez, bai bestelako diru-ekarpenen bidez, exekuzioaren hein bateko txosten tekniko eta ekonomikoa aurkezturik.

3. Hurrengo urteko dirulaguntza pagatzeko, aurreko urteko dirulaguntza eta Nafarroako Gobernuaren ez besteren diru-ekarpena, urte horretakoa, osorik justifikatu beharko dira, kasuan kasuko hitzarmenean ezartzen diren baldintzetan. Gainera, aurreko arauei jarraituko zaie urte bakoitzean aurreraturik pagatzeko. Azken aurrerakina, dirulaguntza osoaren %10ekoa, gordeko da eta hitzarmenaren azken urtean eginiko %70aren justifikazio tekniko eta ekonomikoa aurkeztu ondoren gauzatuko da.

Hamalaugarrena._Dirulaguntzaren justifikazioa.

1. Proiektua bukatu ondoren, entitate onuradunak hiru hilabeteko epean txosten tekniko eta ekonomikoa aurkeztuko du proiektuaren betetze mailaz, ereduaren araberako inprimakian eta euskarri informatikoan. Garapenerako Nazioarteko Lankidetza Zerbitzuan eskuratzen ahalko da, Yanguas y Miranda kaleko 27ko behean.

2. Urte bakoitzeko txostenek eta azken txostenak kontu justifikatiboaren itxura izanen dute. Osagai hauek bilduko dituzte:

a) Kontuan ageri diren datu guztiak egiazkoak direla dioen erantzukizunpeko aitorpena, entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatua.

b) Txosten teknikoa proiektuaren betetze-mailaz, eredu ofizialaren araberakoa, gutxienez helburuak, lorturiko emaitzak eta eginiko jarduerak zehaztuko dituena.

c) Proiektuko dirusarreren eta gastuen balantzea.

d) Gastu guztien zerrendak, jardueren, gastu motaren eta finantziazioaren iturriaren arabera sailkatuak. Gastu bakoitzean honako kontu hauek agertuko dira: zerrendako agiri zenbakia, egiaztagiri zenbakia, eman zeneko eguna, igorlearen izena eta helbidea eta haren identifikazio fiskalerako zenbakia edo antzekoa, kontzeptua, egiaztagiriko testua (luzea izanez gero, laburtzen ahalko dena), pagatzeko modua, pagatu deneko diru mota eta zenbatekoa eurotan. Zerrendarekin batera, aurrekontuaren betetze-mailari buruzko laburpen zehatza aurkeztuko da.

g) Beste edozein dokumentazio grafiko edo idatzi, borondatez eman nahi dena, diruz lagundutako proiektuaren exekuzioaren edo bilakaera onaren berri emateko.

3. Gastuen zerrendekin batera, agiriak aurkeztuko dira, kasuan kasuko kontrol organoak egiaztatu ahal izateko. Horrek laginen bidez berrikusten ahalko ditu. Egiaztagiriak fakturak eta, halakorik ezean, banku-laburpenak, gordekinak, kaxako erregistroak, gastuen oharrak edo bestelako agiriak. Betiere, zerrendan aipatzen diren datuak adierazi beharko dituzte. Haiek denak jatorrizko agiriak edo fotokopia konpultsatuak izanen dira.

Hamabosgarrena._Dirulaguntzen xede izan daitezkeen gastuak.

1. Dirulaguntzen xede izan daitezkeen gastuak kontusail hauetakoak izan daitezke:

a) Zuzeneko gastuak:

a.1) Ondasun higiezinak alokatzea.

a.2) Ekipoak, materialak eta hornidurak.

a.3) Langileen gastuak.

a.4) Bidaiak, ostatu-hartzea eta dietak.

b) Zeharkako gastuak.

Proiektuaren zeharkako kostuengatik %10eko edo hortik beherako zenbatekoa aplikatzen ahalko zaio dirulaguntzari. Zeharkako kostuak dira entitate onuradunak Nafarroan dituen gastu administratiboak (langileen gastuak, egoitzakoak, bulegoko materialak eta bestelako ohiko gastuak) eta proiektuaren jarraipenaren ondoriozkoak, helburu hori duten bidaiak barne.

Gastuak frogatzeko hamalaugarren arauan ezarritakoari jarraikiko zaio, salbu eta frogatzeko zaila den gasturik baldin bada. Hala gertatuz gero, GGKEaren legezko ordezkariak gastu horien gaineko ziurtagiria egin beharko du. Ziurtagirian zenbatekoa, gastu motaren erreferentzia, dirulaguntzaren xede den proiektuarekiko lotura eta arau orokorren arabera ezin justifikatu izateko zergatikoak agertuko dira. Gainera, gastuaren egiaztagiriak aurkeztuko dira: fakturak, kontabilitatearen egoera-orri auditatuak edo gastua egiazki burutu dela frogatzen duten bestelako agiriak. Ziurtagiri horren bitartez justifikatuko den diru kopuruak ez du zeharkako gastuen %30 edo dirulaguntzaren %3 gaindituko.

2. Gastu finantzarioak, notarioenak eta erregistrokoak eta bankuaren bermearenak dirulaguntzaren xede izaten ahalko dira jarduerari zuzenean lotuak badaude eta hura prestatu edo burutzeko ezinbestekoak badira.

3. Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzaren etekin finantzarioak dirulaguntzaren zenbatekoari gehituko zaizkio eta dirulaguntzaren xede den jarduerari ere aplikatuko zaizkio.

4. Dirulaguntzen xede diren gastuak ekipo ondasunak erosteko edo aholkularitza edo laguntzako enpresek zerbitzuak emateko erabiltzen direnean, 12.000 eurotik goitikoak izanez gero eta Europar Batasunaren barruan kontratatuz gero, txosten gehigarri bat aurkeztuko da hornitzaileak hautatzeko prozedurari eta irizpideei buruzkoa, gutxienez haietako hiruri eskatutako aurrekontuekin batera.

Hamaseigarrena._Azpikontratazioa.

Entitate onuradunak ekintzaren zati baten exekuzioa hirugarrenekin azpikontratatzen ahalko du, diruz lagundutako aurrekontuaren %15ari dagokiona, gehienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamazazpigarrena._Eginbeharrak.

Proiektu baterako dirulaguntza jasotzen duten entitateek beharkizun hauek izanen dituzte:

a) Proiektua dirulaguntza emateko baldintzetan xedatu bezala burutzea. 2007ko urtarrilaren 1etik 2008ko abenduaren 31ra bitarte egiten ahalko da.

b) Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako Departamentuaren baimena eskatzea eta hartik lortzea dirulaguntzaren xede den ekintzan aldaketak sartu ahal izateko, hori burutzen ari den bitartean, herrialdean garapena eragotzi edo zailtzen duten goraberak gertatzen direnean. Funtsezko aldaketak helburuak, emaitzak, xede-populazioa eta kokagunea ukitzen dituztenak izanen dira bakarrik. Ekintza burutzen ari den bitartean gertatzen diren gainerako gorabehera eta aldaketak kasuan kasuko hein bateko edo azkeneko txostenean jakinaraziko dira.

c) Entitate onuradunak dirua bakar-bakarrik onetsiriko hitzarmen bakoitzerako irekirik egonen den bankuko kontu batean sartu beharko du.

d) Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza hartu ondoren helburu bererako edozein erakunde publiko edo pribaturi eskatu eta horrek emandako dirulaguntzen zenbatekoa jakinaraztea.

e) Organo emailearen aurrean frogatzea betebeharrak eta baldintzak bete direla, dirulaguntzaren xede den jarduera burutu eta dirulaguntza emateko helburua lortu dela, deialdi honetako hamalaugarren arauan aipatzen diren hein bateko eta azkeneko txostenen bidez.

f) Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egin orduko, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zergen gainekoak eguneratuak edukitzea.

g) Nafarroako Gobernuari laguntza ematea proiektuaren garapenaren berri ematea, Nafarroako herritarrak garapenerako lankidetzaren arloan sentsibilizatzearren.

h) Proiektuaren publizitatea eta hedatze guztietan dirulaguntza norena den adieraztea. Hedakuntza lana idatzia edo grafikoa baldin bada, Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabiliko da, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen maiatzaren 3ko 189/2004 Foru Dekretuak xedatzen duen moduan dirulaguntzaren onuradunen logotipoarekin batean, tamaina berean eta berdin ikusteko moduan.

i) Organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.

j) Jasotako diruaren erabilpenari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

k) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 35. artikuluan eta deialdi honetako hemezortzigarren arauan aipatzen diren kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

l) Ondasun inbentariagarriak erosiz gero, onuradunek dirulaguntzaren xederako erabili beharko dituzte, gutxienez ere hiru urtez.

Hemezortzigarrena._Ez-betetzeak.

1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 35. eta 37. artikuluetan aipatzen diren kasuetan eta bertan ezartzen diren baldintzetan, dirulaguntzen onuradunek hartutako dirua itzuli beharko dute.

2. Dirulaguntza emateko kontuan hartutako gorabehera, betebehar eta baldintzen edozein aldaketa aurreko arauan aipatzen den baimen administratiboa eduki gabe eginez gero, ez-betetzat hartuko da.

3. Ez-betetzeak mailakatzeko honako hauek hartuko dira kontuan:

_Proiektuaren betetze-maila, arlo teknikoari eta aurrekontuei dagokienez.

_Aldez aurretik baimen administratiboa eduki gabe egindako aldaketen zenbatekoa eta nolakoa.

4. Aurreko atalean aurreikusten dena ezertan galarazi gabe, lege-hauste eta zehapenei dagokien guztian azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. eta hurrengo artikuluek eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen VII. kapituluak xedatzen dutena hartuko da aintzat.

Hemeretzigarrena._Errekurtsoak.

Deialdi honen arauen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, baita deialdia aplikatzeko egintzen kontra ere, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, aurkatu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Iragarkiaren kodea: F0714820