116. ALDIZKARIA - 2007ko irailaren 17a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

BERRIOZAR

Berriozarko Udaleko Antolaketaren eta Funtzionamenduaren Erregelamenduko aldaketa. Onespena

Berriozarko Udalak, 2007ko abuztuaren 28ko osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Berriozarko Udaleko Antolaketaren eta Funtzionamenduaren Erregelamenduko aldaketa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325.4 artikuluan bildutako aginduak betetzeko, legeak eskatzen duen gehiengoarekin, onetsi egin zen Berriozarko Udaleko Antolamenduaren eta Funtzionamenduaren Erregelamenduko aldaketa.

Aldatu diren artikuluen behin betiko testua honako hau da:

8. artikulua. Osoko bilkura arrunta hileko azken asteazkenean eginen da. Bilzeko ordua Osoko Bilkurak berak erabakiko du gehiengo soilaz.

Bilkura bereziak udalburuak erabakitzen duenean eginen dira edo gutienez ere, Udalbatzako legezko kideen laurdenak eskatzen duenean.

Hala izanez gero, gehienez ere 15 egun baliodunean berandutuko da bilkura. Udalburuak ez badu epe horretan deialdia egiten, epea bukatu ondoko hamargarren egun baliodunerako eginen da deialdia, bertzerik gabe, eguerdiko hamabietarako; Udalbatzako idazkariak hala jakinaraziko du.

40. artikulua. Tokiko Gobernu Batzarraren bilkurak hilean behin eginen dira, hil bakoitzeko azken astelehenean. Tokiko Batzarra biltzeko ordua Tokiko Batzarrak berak finkatuko du, eta Eledunen Batzarra, berriz, osoko bilkuraren aitzineko astelehenean izanen da, orain arte bezala.

55. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legearen 20c artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Udalak sor ditzake azterlanerako, txostenetarako edo kontsultarako organoak, iraunkorrak nahiz hainbat gaitarako, eta horiek sortzeko edo aldatzeko organo eskuduna Osoko Bilkura izanen da, betiere gehiengo soila aski izanik.

56. artikulua. Talde politikoen arteko proportzionaltasuna gordeko da informazio batzordeak osatzeko. Nolanahi ere, batzordekide ez den edozein zinegotzi agertzen ahal da edozein batzorderen bilkuretara, hizpidea izanik baino boto eskubiderik ez.

Udal taldeek Berriozarko bizilagun bana eraman dezakete Osoko Bilkurak sortutako edozein batzordetara gonbidatu gisa ager dadin. Halaber, Berriozarko edozein bizilagunek eska dezake Idazkaritzan informazio batzordetara agertzeko baimena, baina batzordea egin baino, guttienez, 24 ordu lehenagotik, guztietarako nahiz baten batera, betiere botorik gabe. Eledunen Batzarra kanpo gelditzen da.

Ogasuneko Informazio Batzordeak bere gain hartuko ditu Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 305. artikuluak Kontuen Batzorde Bereziaren eta Erosketa Batzordearen esku uzten dituen eskumenak, eta, ondorio horietarako, izen horiekin jardungo du.

Batzorde hauek, Kontuen Batzorde Berezia eta Erosketa Batzordea kenduta, hilero eginen dituzte beren bilkura arruntak, bakoitzak bere eraketa bilkuran bere berezitasunen ariora ezartzen dituen aurreikuspenei jarraikiz. Bilkura bereziak, berriz, batzordeburu bakoitzak erabakitzen duenean eginen dituzte edo, bertzenaz, gutienez legezko kideen laurdenak eskatzen duenean. Betiere, osoko bilkura arruntaren deialdia egin aitzineko astean eginen dira informazio batzordeen bilkura arruntak.

Berriozarren, 2007ko abuztuaren 28an._Alkatea, Xabier Lasa Gorráiz.

Iragarkiaren kodea: L0713472