116. ALDIZKARIA - 2007ko irailaren 17a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

BERBINTZANA

EDIKTUA

2007ko apirilaren 25ean egin osoko bilkuran hasiera batean onetsi zen Eraikinak lehen aldiz erabili edo okupatzeko hirigintzako lizentzien tasak arautzen dituen ordenantza. Iragarkia herriko iragarki oholean argitaratu zen, baita 2007ko 68. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean ere, ekainaren 1ean, eta 30 egun baliodunean jendaurrean egon ondoan, inork ez du bitarte horretan erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu. Horiek horrela, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/90 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, behin betikoz onetsirik gelditu da eta bidezko da hura osorik argitaratzea.

Berbintzanan, 2007ko abuztuaren 14an._Alkatea, Pascual García Bueno.

ERAIKINAK LEHEN ALDIZ ERABILTZEKO HIRIGINTZA LIZENTZIEN TASA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA FISKALA

I._Oinarria eta izaera

1. artikulua. 1. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 262. artikuluek emandako ahalmenak erabilita eta Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100.etik 108.era bitarteko artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, Berbintzanako Udalak, eraikinak lehen aldiz okupatzeko lizentzien tasa ezarri du, honako ordenantza fiskal honen bidez arautuko dena.

2. Aplikarriak diren lege zehatzen arabera eta bidezkoak diren baimenak deusetan ukatu gabe, lizentzia beharko da eraikinak edo instalazioak lehen aldiz erabili edo okupatzeko, betiere 189.h) artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

II._Zergapeko egintza

2. artikulua. Tasaren zergapeko egintza eratzen da Udalak jarduera tekniko eta administratiboak egiten dituenean ondokoak egiaztatzeko:

a) Altxatutako eraikina eta aldi berean egin den urbanizazioa, halakorik bada, proiektu teknikoaren eta bere garaian emandako hirigintzako lizentziaren baldintzen arabera egin direla.

b) Eraikitakoak bizigarritasun eta higiene baldintzak betetzen dituela ziurtatzea.

c) Eraikina erabilera jakin baterako izan daitekeela baieztatzea.

d) Eraikitzaileak, hirigintzako ekipamenduari zein elementuei kalte egin badie, berriro jarri dituela ziurtatzea.

Hori guztia, hirigintzan eraikuntzaren eta txukuntasunaren aldetik aplika daitezkeen arauei jarraikiz eta Berbintzanako Hiri Antolamendurako Plan Orokorrarekin bat.

III._Subjektu pasiboa

3. artikulua. Zergapeko subjektu pasiboak dira Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 104. artikuluan aipatzen diren pertsona fisiko nahiz juridikoak eta entitateak.

IV._Karga oinarria

4. artikulua. Bizitegi unitatea izanen da ordainarazpen honen oinarria, tipologia kontuan hartu gabe, eta okupaturiko metro karratu erabilgarria, irekitzeko lizentzia behar ez duten lokaletarako.

Honi dagokionez, etxebizitza bat baino gehiago duten eraikinen bizitegi unitatea da bere kasako aprobetxamendu pribatiboa izan dezaketen bizitegi unitateetako bakoitza, betiere udal lizentziak babesturik.

V._Tributu kuota

5. artikulua. Ondoko arauei jarraituko zaie tributu kuota finkatzeko:

a) Lehenbiziko erabilera eta erabilera aldaketa, eraikin eta instalazioetan, oro har: 250 euro, bizitegi unitate bakoitzeko, tipologia kontuan hartu gabe.

b) Irekitzeko lizentziarik behar ez duten lokalak okupatzea:

_b.1) 200 metro karratu baino azalera erabilgarri gutxiago duten lokalak: 36 euro.

_b.2) 200 metro karratu baino azalera erabilgarri handiago duten lokalak, azalera erabilgarriko 200 metro karratu edo horren zaitiki bakoitzeko: 50 euro.

VI._Salbuespenak eta hobariak

6. artikulua. Tasaren ordainarazpenak ez du salbuespenik edo aldaketarik onartuko, salbu eta Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen borzgarren eta seigarren xedapen gehigarrietan honako hauen alde zehazten direnak: Foru Komunitateko Administrazioa, mankomunitate nahiz batasunak eta haiek berek sortutako entitate publikoak, betiere aipatu aginduetan zehazten diren kasuetan.

VII._Sortzapena

7. artikulua. 1. Tasa sortzen da eta ordaindu beharra dago zergapeko egintza dakarren udal jarduera hasten den unean. Ondorio horiei begira, hirigintza lizentzia lortzeko eskabidea noiz aurkeztu, jarduera halako egunean abiarazi dela ulertuko da, betiere subjektu pasiboak halako eskaerarik egiten badu.

2. Eraikina erabiltzen hasten bada behar den lizentzia lortu gabe, erabilera baimentzeko modukoa den ala ez zehaztuko duen udal jarduera benetan abiarazten denean sortuko da tasa; horrez gain, legezkotasuna lehengoratzeko zehapen espediente administratiboa abiaraziko da, hala behar bada.

VIII._Kudeaketa arauak

8. artikulua. 1. Ordainarazpena sortutzat joko da ordenantzaren 7.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz ordaindu beharra sortzen denean. Eskabidea aurkeztearekin batera ordaindu beharko da tasa, bertzenaz ez baita espedientea tramitatuko.

2. Lizentzia lortzeko interesa dutenek behar den eskabidea aurkeztuko dute Udalean, Lehen aldiz okupatzeko lizentziak arautzen dituen ordenantzari jarraikiz.

3. Oro har, ordainarazpen zuzena aplikatzeko behar den informazio guztia jaso beharko da eskabidean.

4. Lizentzia administrazioaren isiltasunaren bidez lortzeaz eta ezkutuan egindako obrez den bezainbatean, honako arau hauetan xedatuari jarraikiko zaio: Toki Araubidearen gaineko legeak, Lurzoruari buruzko Legea, Hirigintzako Diziplinaren Erregelamendua eta haiekin bat heldu diren xedapenak.

AZKEN XEDAPENA

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 262. artikulua aplikatuz, 2007ko ekitaldian hartuko du indarra eta ondorio juridiko guztiak sortuko, eta indarrean egonen da harik eta berariaz aldatu edo indargabetu arte.

Iragarkiaren kodea: L0713832