112. ALDIZKARIA - 2007ko irailaren 7a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

LIZARRA

EDIKTUA

Lizarrako alkate udalburuak, 2007ko uztailaren 16an, 459/2007 Ebazpena eman zuen. Hona hemen haren testu osoa:

"Ikusirik Alkatetzaren uztailaren 2ko 421/2007 Ebazpena, _Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 20.1.b) artikuluan xedatutakoa betez_, Lizarrako Udaleko Tokiko Gobernu Batzarreko kideak izendatzen dituena, 5.000 biztanle baino gehiagoko udalerri guztietan nahitaez izan behar den organo kolegiatua baita.

Lege bereko 23.2.b) artikuluari jarraikiz, zeinak ezartzen baitu "Tokiko Gobernu Batzarrari dagozkio: b) Alkateak edo udaleko beste organo batek bere esku uzten dituen eskurantzak edo legeek esleitzen dizkiotenak".

Ikusirik Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onetsi zuen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuko 53.3 artikuluko lehen lerroaldeak xedatzen duela alkateak Tokiko Gobernu Batzarra eskuordetzeko lege bereko 43. eta 44. artikuluetan xedatutakoak arautzen duela.

Ikusirik Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/92 Legeko 14. artikuluak ezartzen duela administrazio publikoen organoek beren eskurantzak erabiltzeko Administrazio beraren organoak eskuordetzen ahal dituztela, hierarkikoki haien menpekoak ez badira ere, eta, besteak beste, xedatzen du egiten den eskuordetza hura egin duen organo berak edonoiz botatzen ahal duela atzera.

Ikusirik aipatu apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1 artikulua, alkate udalburuak dituen eskurantzak zerrendatzen dituena, eta ikusirik agindu beraren hirugarren idatz-zatia, alkatetza horrek inolaz ere eskuordetu ezin dituen eskurantzak xehatzen dituena, aipatu aginduetan xedatutakoaren eta azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren 114. artikuluaren babesean, ebatzi dut:

Lehena._Lizarrako Tokiko Gobernu Batzarra eskuordetzea _Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1 artikuluak emandako_ eta jarraian zerrendatzen diren eskurantzetarako:

1. Kudeaketa ekonomikoaren garapena, onetsitako aurrekontuarekin bat, gastuak xedatzea eta ordainketak agintzea, alkatearen eskumenen mugen barnean.

2. Lan eskaintza publikoa onestea, Osoko Bilkurak onetsitako aurrekontuari eta plantilla organikoari jarraikiz, langileak hautatzeko probetarako eta lanpostuak betetzeko deialdietarako oinarriak onestea eta finko eta aldizkakoak ez diren ordainsari osagarriak partitzea.

3. Planeamendu orokorra garatzeko tresnen onespenak, espresuki Osoko Bilkuraren eskuetan utzi ez direnean, baita hirigintza kudeatzeko tresnena eta urbanizazio proiektuena ere.

4. Mota guztietako kontratazioak eta kontzesioak, haien zenbatekoa aurrekontuko baliabide arrunten %10 baino gehiago ez bada, ezta, betiere, 6 milioi euro baino gehiago ere; horien artean urte anitzetakoak ere sartzen dira, lau urte baino gehiago iraun behar ez badute, betiere urteko guztien zenbateko metatuak aipatu portzentajea gainditzen ez badu, lehen ekitaldiko aurrekontuko baliabide arrunten gainean, ezta aipatu zenbatekoa ere.

5. Zerbitzuen eta obren proiektuak onestea, haien kontratatazio edo kontzesiorako eskumena duenean eta aurrekontuan sartuta daudenean.

6. Ondasunak eta eskubideak eskuratzea.

7. Lizentziak ematea, Alkatetzari badagozkio, salbu eta obra txikietako hirigintza mailakoak badira.

Bigarrena._Eskuordetze honek ikuskaritza eta kudeaketako ahalmenak hartzen ditu, baita hirugarrenengan eragina duten egintza administratiboen bitartez ebazteko ahalmena ere.

Hirugarrena._Alkatetzak, eskuordetza egiten duen organoa den aldetik, eskuordeturiko eskurantzari dagokionez, hari buruzko informazio xehatua eta haren ondorioz sorturiko egintzen edo xedapenen gaineko informazioa jasotzeko ahalmena du. Era berean, garrantzizko erabakiak hartu aurretik jakinaren gainean egoteko ahalmena du.

Laugarrena._Tokiko Gobernu Batzarrak eskuordeturiko eskurantzak erabiltzen dituenean ematen dituen egintzek, hala adierazi beharko da eta Udal honetako Alkatetzaren egintzak direla ulertuko da, aipatu organo kolegiatuaren funtzionamendurako arauekin bat hartuko badira ere.

Bosgarrena._Eskuordetza hau denbora mugagabekoa dela ulertzen da, _azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren 114.2 eta 3. artikuluan ezarritakoarekin bat_ eta ez da ezeztatuko Alkatetzaren nahiz Tokiko Gobernu Batzarraren osaera aldatze hutsagatik. Ezeztatzeko nahiz aldatzeko, emateko behar diren formalitate berdinak bete beharko dira.

Seigarrena._Nafarroako Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onetsi zuen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren 44.2 artikuluaren bukaera betez, ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, eskurantzen eskuordetza eraginkorra izanen bada ere ebazpen hau sinatu eta biharamunetik aurrera.

Zazpigarrena._Ebazpen honen berri ematea Lizarrako Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrari, Udal Idazkaritzari _betetzeko behar diren izapideak abian jar ditzan_ eta Osoko Bilkurari hurrengo bilkuran jakinaraztea."

Aditzera ematen da azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuko 44.2 artikuluan xedatutakoa betetzeko, eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.r) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, eta ohartarazten da ezen, ekintza hau irmo izanik bide administratiboan, errekurtso hauetakoren bat para daitekeela, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari edo Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, edo bestela

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, ebazpen hau argitaratu ondoko hilabetean.

Lizarran, 2007ko abuztuaren 23an._Alkate udalburua, María Begoña Ganuza Bernaola.

Iragarkiaren kodea: L0713162