112. ALDIZKARIA - 2007ko irailaren 7a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

SESMA

Aldaketa Sesmako udal mugapeko trafikoaren eta bide publikoen antolaketaren gaineko ordenantzan. Behin betiko onespena

Sesmako Udalak, 2006ko azaroaren 10ean egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aldaketa Sesmako udal mugapeko trafikoaren eta bide publikoen antolaketaren gaineko ordenantzan.

Onesteko erabakia 2007ko 84. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, uztailaren 9an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betikoz onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Sesman, 2007ko abuztuaren 20an._Alkatea, Pedro María Mangado Pinillos.

Ordenantzako aldaketen testu osoa:

Oztopoak eremu publikoan

Ordenantzaren 6. artikuluaren 1. idatz-zatia aldatu da, eta honela gelditu da idatzirik:

6. artikulua. 1._Debekaturik dago oinezkoen edo ibilgailuen joan-etorriak eragotz ditzakeen edozein oztopo edo gauza eremu publikoan paratzea, nekazaritzarako lanabes edo makinak kenduta, horiek gehienez ere egutegiko 8 egunean paratzen ahalko baitira.

Ibilgailu abandonatuak

14 eta 15. artikuluak aldatu dira, eta honela gelditu dira idatzirik:

14. artikulua. Honelakoetan, ibilgailu bat abandonaturik dagoela arrazoiz uste ahal izanen da:

a) Agintari eskudunek eremu publikotik kendu eta altxatu dutenetik, bi hilabete baino gehiago iragan direnean.

b) Leku berean hilabete baino gehiago aparkaturik gelditzen denean eta berez mugitzea ezinezko egiten duten hondaketak dituenean edo matrikula plakak falta dituenean.

15. artikulua. 1._Aitzineko artikulukoak gertatuz gero, Sesmako Udalak ibilgailuaren erregistroko titularrari jakinaraziko dio hura ustez abandonatua dagoela, eta horrek bortz egun naturaleko epea izanen du egokitzat jotzen dituen alegazioak eta, betiere, ibilgailuaren aseguruaren kopia aurkezteko. Ibilgailua, arriskuren bat sortzen badu, kentzen ahalko da eta titularrari ondotik jakinarazi.

Aurreko lerroaldean aipatutako epean titularrak alegaziorik aurkezten ez badu, ez eta indarra duen asegururik ekarri ere, ibilgailua udal altxatokira eramanen da. Ibilgailua behin altxatokian utzita, handik eraman ahal izateko beharrezkoa izanen da indarra duen asegurua aurkeztu eta dagokion tasa ordaintzea.

Ibilgailu abandonatua altxatokira eraman ondotik, titularrak berreskuratzeko eskaerarik egin gabe, hogeita hamar egun natural iraganik, desegitera bidaliko da eta hala jakinaraziko zaio Probintziako Trafiko Burutzari, dagokion erregistroan baja emateko.

Iragarkiaren kodea: L0712939