112. ALDIZKARIA - 2007ko irailaren 7a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ERROIBAR

Hirigintzako jarduerak tramitatzeko tasak arautzen dituen ordenantza Behin betiko onespena

Erroibarko Udalak, 2007ko abuztuaren 16an, behin betikoz onetsi zuen Hirigintzako jarduerak tramitatzeko tasak arautzen dituen ordenantza. Hona hemen haren testua:

HIRIGINTZAKO JARDUERAK TRAMITATZEKO TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Oinarria

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 12.1, 100. eta ondoko artikuluetan xedatuaren babespean ezarri da ordenantza hau.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Zergapeko egintza da hirigintzako edozein jarduketa tramitatzeari dagozkion zerbitzu tekniko edo administratiboak egitea, hirigintzako jarduketa udal mugapearen edozein tokitan egiten denean, hala lur pribatuan nola publikoan.

3. artikulua. Tasa hauei loturiko udal jarduera ondoko hirigintzako jarduketetan gauzatzen da:

a) Arau subsidiarioetan aldaketa puntualak tramitatzea.

b) Plan partzial edo bereziak eta haien aldaketak tramitatzea.

c) Lerrokaduren azterlan osagarriak edo xehetasun azterlanak tramitatzea.

d) Unitateen mugapenak eta erabilera aldaketak tramitatzea.

e) Lur-bereizketak tramitatzea.

f) Birzatiketak edo kudeaketarako bertzelako bitartekoak tramitatzea.

g) Urbanizazio proiektuak tramitatzea.

h) Hirigintzako argibide eskaerak.

i) Eta, oro har, aurrekoetan sartzen ez den hirigintzako edozein tramitazio , Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 35/2002 Foru Legeak babestua baldin bada.

Ordaindu beharra

4. artikulua. Hirigintzako tramitazioa eskatzen den unean sortzen da tasa ordaindu beharra.

Subjektu pasiboa

5. artikulua. Dagokion hirigintzako tramitazioa eskatzen duten pertsona fisiko edo juridikoek ordaindu behar dute.

Tarifak eta karga-tasa

6. artikulua. Aplikatu beharreko tarifa, tasa eta karga-oinarriak ordenantza honen eranskinean agertzen dira.

Alkatetzak eginen du tasen behin betiko likidazioa, eta behar den osoko bilkuran emanen dio horren berri Udalbatzari.

Tramitazioa

7. artikulua. Hirigintzako tramitaziorako eskaera orok berarekin beharko ditu Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legeak aipatzen dituen edukia eta determinazioak.

Kudeaketa arauak

8. artikulua. Planeamendurako espedienteak tramitatzeko arduradunek, udal teknikarien adostasun txostena hartu ondotik, likidazio bulegoari igorriko dizkiote espedienteak. Bulego horrek likidazioa eginen du, eta bertan honako hauek aipatuko ditu: subjektu pasiboaren izena, tasa zer kontzepturen arabera likidatzen den, tasaren tarifa eta zenbatekoa.

9. artikulua. Tasen likidazioa onetsi eta gero, interesdunari jakinaraziko zaio, erregelamenduzko epean tasak ordain ditzan.

Salbuespenak eta hobariak

10. artikulua. Edozein hobari eskuratu ahal izateko, ezinbertzeko baldintza da hirigintzako tramitaziorako eskaera erregelamenduzko betebehar guztiekin egitea, eta dagozkion egiaztagiriak ere aurkeztea. Zein hobaritarako eskubide izan uste den, hartarako eskaria ere egin beharko da.

11. artikulua. Eraikin, etxebizitza eta lokal katalogatuak zaharberritzeko tramitazioei dagokien tasak %50eko hobaria izanen du. Behar den egiaztagiria aurkeztu beharko da horretarako.

12. artikulua. Eskatzaileren bati hirigintzako tramitazioa ukatzen bazaio, %50eko hobaria izanen du, tramitazioari zegokion tasaren gainean.

13. artikulua. Tasak %25 murriztuko dira baldin eta hirigintzako tramitazioen eskatzaileek tramitazioari uko egiten badiote, txosten teknikoak jaulki baino lehen, uko berariazkoa Alkatetzari idatziz zuzenduta.

AZKEN XEDAPENAK

Bakarra._Behin betiko onespena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra ordenantza honek.

Erron, 2007ko abuztuaren 17an._Alkatea, Enrique Garralda Erro.

ERANSKINA

Tarifen eranskina, Hirigintzako jarduerak tramitatzeko tasak arautzen dituen ordenantzari buruzkoa

I. epigrafea._Antolamendurako plan partzial edo berezien tramitazioa.

Espedienteak tramitatu eta ebazteko tasak plan bakoitzean hartutako lurzoruaren azaleraren arabera likidatuko dira, ondoko eskalaren arabera likidatu ere:

_Azalera: 5.000 m²-raino: 0,060 euro/ m².

_Azalera: 5.000tik goiti eta 10.000 m²-raino: 0,055 euro/ m².

_Azalera: 10.000tik goiti eta 25.000 m²-raino: 0,050 euro/ m².

_Azalera: 25.000tik goiti eta 50.000 m²-raino: 0,045 euro/ m².

_Azalera: 50.000tik goiti: 0,040 euro/ m².

II. epigrafea_Arau subsidiarioetako aldaketen tramitazioa. Plan partzialak, plan bereziak, unitateen mugaketak, erabilera aldaketak eta xehetasun azterlanak.

Aplikatzeko tarifak I. epigrafekoen gisakoak izanen dira.

III. epigrafea._Birzatiketen tramitazioa.

III.A)._Birzatiketa espediente bakoitza tramitatu eta ebazteko tasak azaleraren arabera likidatuko dira, ondoko tarifei jarraituz:

Metro karratu eraikigarri bakoitzeko: 0,06 euro.

III.-B)._Birzatiketen aldaketak tramitatzeko, III-A epigrafean ezarritakoen %50eko tarifak aplikatuko dira.

IV. epigrafea._Eskatzaileek berek egindako hirigintzako proiektuen tramitazioa.

Tasak proiektuaren zenbatekoaren arabera likidatuko dira, eta karga-tasa %1,5 izanen da.

V. epigrafea._Gutxieneko eskubideak.

Aurreko epigrafeengatik likidatu beharreko tasak iristen ez badira aipatzen diren gutxieneko kopuruetara, honako kopuru hauek ordaindu beharko dira:

_Arauen aldaketak edo plan partzial edo berezien erredakzioa tramitatzea: 700 euro.

_Plan partzial edo berezien aldaketen tramitazioa: 700 euro.

_Xehetasun azterlanak: 700 euro.

_Urbanizazio proiektuak: 700 euro.

_Banantzeak (lurzati bakoitzeko): 100 euro.

_Lerrokaduren azterlanak, unitateen mugapenak, erabilera aldaketak: 500 euro.

_Kudeaketarako bitartekoen tramitazioak: 500 euro.

_Hirigintzako hitzarmenak: 250 euro.

_Hirigintzako argibide eskaerak: Udalak kontratatutako teknikariek egindako hirigintza txostenen kostu erreala.

Erron, 2007ko abuztuaren 17an._Alkatea, Enrique Garralda Erro.

Iragarkiaren kodea: L0712938