112. ALDIZKARIA - 2007ko irailaren 7a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

1672/2007 EBAZPENA, abuztuaren 8koa, Ingurumen zuzendari nagusiak emana, Arantzan (Nafarroa) landa hotela egiteko "Beko errota" izeneko errota zaharberritu eta handitzeko proiekturako _oinarrizko proiektuaren ingurumen-txostena barne_ ingurumen eraginaren adierazpena egiten duena. Aizkolene, S.L., enpresak sustatu du proiektua.

Aizkolene, S.L., sustatzaileak Arantzan (Nafarroa) landa hotela egiteko "Beko errota" izeneko errota zaharberritu eta handitzeko proiektua aurkeztu zuen 2005eko apirilaren 6an, oinarrizko proiektuaren ingurumen-txostenarekin batera. Proiektua Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3C eranskineko E.2b) puntuan sartutakoen artean dago ("Hiri eremuetatik kanpoko urbanizazio eta hotel guneen eta elkarlotutako eraikuntzen proiektuak, merkataritzaguneen eta aparkalekuen eraikuntza barne, 79/409/EEE eta 92/43/EEE Zuzentarauak aplikatuz izendatutako babes bereziko eremuetan edo Ramsar Ituneko zerrendan sartutako hezeguneetan garatzen direnean"); proiektua azterturik, uste da Bidasoa ibaia izeneko ES2200014 BILaren gainean eragina izan lezakeela, eta, hortaz, bidezkoa da Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioaren prozedura erregulatzen duen arau horren 39. artikuluari jarraikiz tramitatzea.

Proiektuaren xedea da errota-etxea zena zaharberritu eta handitzea, bertan landa hotela egiteko, eta eraikin berri bat egitea, hotelari spa edo hidroterapia zerbitzua emateko. Arantzako 5. poligonoko 145., 146. eta 148 lurzatietan eginen da aipatutakoa.

Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariaren idatziaren bidez bi errekerimendu egin ziren, 2005eko irailaren 20an bata eta 2007ko ekainaren 28an bestea, informazio osagarria eskatzeko eta jarduerak jarduera sailkatuaren lizentzia behar zuela jakinarazteko. Beraz, Ingurumen eraginaren adierazpena eman ondoren lizentzia hori tramitatu beharko da Arantzako udalean. Eskatutako informazio osagarrian zeuden zenbait alderdi hauek ziren: urak tokia hartzeko arriskuari buruzko azterlana, instalazio berrirako argindar hornidura, eremuan dauden xarmen (Carpinus betulus) gainean izanen den ingurumen eraginaren ebaluazioa, "Beko errota" hotel bilakatu ondoren eraikinaren ur hondakinen arazketari dagozkion gaiak, jatetxeko sukaldearen hondakin uren kondukzioan, horiek hoteleko gainerako hondakin urekin bat egin aurretik, elikagaien gantzak eta olioak bereizi eta berreskuratzeko ekipoa ezartzeko proposamena, Imhoff biltontzien neurriak arazketa kondukzio bakoitzerako egokiak diren justifikatzea. Azkenik, igerilekuko instalazioek apirilaren 12ko 105/1999 Foru Dekretuan ezarritako baldintza teknikoak betetzen dituzten justifikatzea.

Sustatzaileak erantzun egokia eman zien errekerimendu horiei.

Proiektuaren laburpena eta ingurumenean eragina izanen duten lanen azalpena adierazpen I. eranskinean jaso dira. Ingurumen eraginaren azterlanean (II. eranskinean laburturik ageri da) proiektuak ingurumenaren gainean izanen dituen eraginik nabarienak egokiro aztertzen dira eta neurri zuzentzaile batzuk ezartzen, ingurumenean kalte nabarmenik ez eragiteko.

Proiektua jendaurrean jarri zen Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratutako iragarki baten bidez (2006ko 124. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, urriaren 16koa), Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 39. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Aldi horretan ez da alegaziorik aurkeztu.

Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuaren eta Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuaren txostenak ikusirik, non aurkezturiko agiriak ingurumenaren gaineko funtsezko eraginen analisiarekin, zehazki Natura 2000 Sarearen gaineko ukipenak, eta behar diren neurri zuzentzaileak proposatuta osatu direla egiaztatzen den, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak irailaren 27ko 537/2005 Foru Aginduaren bidez eman zizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Arantzan (Nafarroa) landa hotela egiteko "Beko errota" izeneko errota zaharberritu eta handitzeko proiektuaren aldeko ingurumen eraginaren adierazpena egin da. Aizkolene, S.L., enpresak sustatu du proiektua.

2. Ezartzea jarduera proiektu teknikoan xedatutakoaren arabera gauzatu dadin, neurri zuzentzaile guztiak betez, bereziki honako hauek:

_Obra plan bat prestatzea, kontu hartuko duena, besteak beste, Arrata edo Latsa errekaren ibilgua uki dezaketen jarduketak uztailetik azarora bitarte egin beharko direla, eta eremuko zuhaitzak ukitu ahal dituztenak, berriz, geldialdi begetatiboaren garaian (abenduan, urtarrilean eta otsailean).

_Ur, argindar eta telekomunikazioen hartuneen trazaduraren zuinketa egitea aldaxken bidez, bai eta errotaren inguru guztiko jarduketa eremua eta batez ere altzadia balizekin mugatzea. Hori egitean, eremuan dauden zuhaitz baliotsuak identifikatuko dira, batez ere xarmak (Carpinus betulus). Zuhaitz horiek ibilgailuen eta makinen lanetatik edo pasatik babestuko dira behar bezala, gutxienez metro bateko tartea utziz. Eraikitze lanei ekin aurretik, babes sistemak ezarriko dira zuhaitz horien enborraren inguruan eta luzetara, ohol, metalezko nahiz gomazko babesen edo antzekoen bidez. Babesak lanak amaituta kenduko dira. Lan hori ingurumenaren arloko teknikari batek eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko langileek gainbegiratu beharko dituztenez, lanak hasi aurretik horien berri eman beharko zaie.

_Landare-lurra Ingurumen eraginaren azterlanean ezarri bezala kendu eta pilatuko da.

_Uholdeen kontrako babes horma lur-mugimenduak egin aurretik eraikitzea, eta azaleko isurketan ekarritako partikulei atxikitzeko zanga irekitzea, Ingurumen eraginaren azterlanean jaso bezala. Jarduketa hori uztailetik azarora bitarte eginen da, eta aurretik Ingurumen Departamentuari jakinaraziko zaio, obrek ukitutako tartean arrantza elektrikoa egitea beharrezkoa den ebalua dezan.

_Ez da makinarik ez eta antzeko instalazio osagarririk paratuko errekaren inguruetan. Ez da obrako materialik pilatuko Latsa edo Arrata erreketan kutsatze arriskua duten tokietan.

_Obrak hasi aurretik hotela energiaz hornituko duen linea elektrikoaren proiektu teknikoa aurkeztuko da Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan, ingurumen ukipenen azterlanarekin batera, baimena emateko.

_Sarbideak hobetzean bidea hartua duten adarrak inausiko dira, ibilgailuak pasatzean zuhaitzei kalterik ez eragite aldera.

_Hondakin inerteak hondakindegi baimendu batera eramanen dira, eta arriskutsuak kudeatzaile baimendu batek kudeatu beharko ditu.

_Ingurumen eraginaren azterlanean proposatutako neurri konpentsa- tzailea hartuko da, eta, hortaz, ezkerreko erreka-bazterrean dagoen sasiakazien baso mistoaren ordez altzak (Alnus glutinosa) sartuko dira errekatik gertuen dagoen aldean eta haritzak (Quercus robur) ezpondaren goiko aldean. Hori egitean xarma ondoak seinalizatuko dira, ez botatzeko. Altza eta haritz landaketa horren zainketa eta mantentze-lanetarako neurriak ezarriko dira, landaketaren ondoko bi hazkuntza aldietan behintzat. Neurri horien proiektuaren sustatzaileak ordainduko ditu.

_Instalazioan sortutako hondakin-urei eta tratamendu sistemei dagokienez, baldintza hauek bete beharko dira:

_Imhoff biltontzietatik datorren isuria dosifikatu eta banatzeko sistema egoki bat paratu beharko da, bi kondukzioetan iragazki bakterianoari uniformeki aplikatzeko.

Sukaldeko frijituen hondar olioak bereizirik bildu eta hondakin gisa kudeatu beharko dira enpresa baimenduari emanez (saneamendu sarera isuri gabe), eta berdin eginen da sukaldeko hondakin urak zuzenean tratatzen dituen berreskuratze ekipoan berreskuratutako olioekin eta gantzarekin.

_Igerilekuko instalazioek apirilaren 12ko 105/1999 Foru Dekretuan ezarritako baldintza teknikoak bete beharko dituzte, uraren tratamendurako erabiltzen diren produktu likidoen biltegietan ihesak edo isurketak eragin ditzakeen kalteak saihesteko helburuz.

_Ondare etnologikoari dagokionez, Ingurumen eraginaren azterlanak jasotzen duen gisan, Vianako Printzea Erakundeari jakinarazi beharko zaio zahar-berritze lanen hasiera eta errotaren hondakinak eramateko lanen amaiera, ikuskapena egitera bisitan joateko eta aurkitutako ondare elementuen balioari buruzko txostena eman dezan.

_Jarduketa arau subsidiarioetan zehaztutakoari jarraikiz beteko da, batez ere kontuan hartuko da hirigintza araudiaren 17. artikulua betetzen dela, lurzoru urbanizaezinean bizitzetarako eraikinek bete beharreko baldintza estetikoei buruzkoa baita.

3. Ingurumen eraginaren adierazpen hau emateak ez du loturarik jarduera sailkatuaren aginduzko lizentzia eskuratzeko egin beharreko tramitazioarekin, administrazio publikoetako beste organo batzuek eman beharreko baimenekin edo arroko erakundeak, jabari publiko hidraulikoaren defentsaren eta ur lasterren araubidearen babesaren arloan dituen eskumenez baliatuz (batik-bat Iparraldeko III. eremuko Plan Hidrologikoaren 26. artikuluan xedatutakoa), emandako txostenekin.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Ingurumen zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean.

5. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 40. artikuluan ezarririkoari jarraikiz. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

6. Ebazpen hau Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Arantzako Udalari eta sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, 2007ko abuztuaren 8an._Ingurumen zuzendari nagusia, Juan José Grau Lasheras.

I. ERANSKINA

Proiektuaren deskripzioa

Proposatutako jarduketa da errota izandako etxea zaharberritu eta handitzea landa hotel bat paratzeko bertan. Lurzatiak "Beko Errota" du izena, eta Arrata edo Latsa errekaren ondoan dago, presaren eta harrizko zubi zaharraren artean. Hauek dira mugak: iparraldean erreka, mendebaldean presa, ekialdean Artitxeneko bidea, oinezkoentzako zubi zaharretik lurzatiaren sarbidea dena, eta hegoaldean Iberdrolaren ustiapen ubide bat.

Arantzako 5. poligonoko 145., 146. eta 148 lurzatiak dira ukitutakoak. Oihaneko lurzoru urbanizaezina da, eta eraikina sendotua da arau subsidiarioen arabera.

Obra hiru jarduketa desberdinetan zatitu da, errotaren egungo eraikina zaharberritu eta handitzea, batetik, eta eraikin berri bat jasotzea, bestetik, hotelari atxikitako zerbitzua izanen den spa edo hidroterapia jartzeko.

Eraikin nagusiak hotela hartuko du, beheko solairuan eta lehenbizikoan dagoen eranskina luzatuz, eta bigarren solairuan eta teilatupeko ganbaran errotaren ingurakariari jarraikiz. Beheko solairuan terraza zabal bat egonen da, eraikinaren eta berdeguneen arteko trantsizioa.

Hotelaren mutur batean, presaren eta ubidearen ondoan, orain dauden kontrahormen eremuan eraikin berria kokatuko da, sotoerdia eta beheko solairua izanen dituena, eta hortxe egonen da spa zerbitzua. Eraikin hori eta hotela lotzeko bi ubideen arteko sarbide babestu bat erabiliko da, landarez estalia.

Lurraren kota +300ekoa izanen da luzera osoan; proiektuak proposatzen du kota horri eustea hoteleko beheko solairuaren eta terrazaren sestrarako, eta sparen eraikineko beheko solairua, ordea, +302ko kotara igoko da, handik presa ikusgai egon dadin.

Lurzatiak azpiegitura zerbitzurik ez duenez, honakoak proiektatuko dira:

_Ur hornidura: edateko ura hartzea udalaren hartunetik. Lotura 543 metro luze da.

_Saneamendua: Euri urak zuzenean isuriko dira errekara kutxeta batean zentralizatu ondoren. Hondakin urak bi kanalizazio independentetan tratatuko dira; lehenbizikoak sukaldeko urak tratatuko ditu: gantza eta koipeak bereizi ondoren hoteleko saneamendu urekin bat egiten dute, eta gero batzuk eta besteak batera sartzen dira Imhoff hobien bidezko arazketa sistema anaerobio batera. Bigarren kanalizazioan, masaje gelarik eta saunatik datozen urei koipeak kenduko zaizkie eta gero igerilekuko iragazkien garbiketetan gelditzen diren hondar urekin elkartuko dira, lehen aipatutakoarekin loturarik ez duen Imhoff hobien bidezko arazketa sistema anaerobio batera pasatzeko.

_Hornidura elektrikoa: lotura hurbilen dagoen Iberdrolaren linea erabiliz eginen da.

_Sarbideak: N-121 errepidea eta Arantza herria lotzen dituen NA-4020 errepidetik errotara doan bidea egokitu nahi da sarbide gisa, eta harrizko zubi zaharra hotelera oinez joateko bide gisa utzi. 4-4,5 metro zabal den bide hori ez da zabaldu beharko, eta beraz zorua egokitzea beste lanik ez dago.

II. ERANSKINA

Ingurumen Eraginaren Azterlanaren laburpena

Proiektuari buruzko Ingurumen eraginaren azterlanak ondokoak biltzen ditu: kokalekuaren eta haren ingurunearen deskribapena eta balorazioa; eraginen identifikazioa, ezaugarriak eta balorazioa; alternatiben azterketa; prebentzio, zuzenketa eta konpentsazio neurriak. Ez da aurkeztu ingurumena zaintzeko programarik.

Ingurumen inbentarioa osoa eta nahikoa da. Proiektuaren ukipen eremuan nabarmentzekoa da "Bidasoa ibaia" ES2200014 BIL dagoela, bai eta altzadi kantauriar bat ere, lehentasunezko habitata dena, 92/43/EEE Zuzentaraua aldatu zuen abenduaren 7ko 1997/1995 Errege Dekretuaren I. eranskinean 91E0 kodea duena.

Interesa duen florari dagokionez, nabarmentzekoak da zenbait xarma daudela (Carpinus Betulus), Libro Rojo de la Flora Vascular de España izenekoan lehentasunezkoen artean ageri den taxona, bai eta erratzak ere (Ruscus aculeatus), 92/43/EEE Zuzentarauaren transposizioa egin zuen abenduaren 7ko 1997/1995 Errege Dekretuaren V. eranskinean jasota dagoen espeziea. Nafarroako Flora Mehatxatuaren katalogoan jasotako espezierik ez dago eremu horretan. Landarediari buruzko kartografia aurkeztu da, 1:500 eskalakoa.

Aipatzen denez, litekeena da martin arrantzaleak eta ur-zozoak izatea inguru horretan, estatuko nahiz Nafarroako Foru Komunitateko katalogoetan jasotako espezieak biak, eta horien babeserako neurri bereziak beharko dira.

Ondareari dagokionez, Nafarroako Gobernuko Ondare Arkitektonikoaren Atalak eta Museoen Zerbitzuak aldeko txostenak eman dituzte.

Ingurumen ukipenen balorazioaren ondorioen arabera, babes eta ingurumen arloko lehengoratze neurriak aplikatuta, honako hauen gaineko eragina "txikia edo garrantzi txikikoa" da: uren kalitatea, errekaren geomorfologia, urak tokia hartzeko arriskua, landaredia, fauna, paisajea eta ondarea.

Neurri zuzentzaileak proposatzen dira, hala nola obra plan bat, obrak egin bitartean ingurumena babesteko, obren zuinketa, ingurumen arloko teknikari batek gainbegiratua, landare-lurra bereizirik kentzea eta baldintza egokietan metatzea, uren kalitatea babestea, azaleko isurketak eramandako solido esekiak Arrata edo Latsa errekara ailegatzea saihestuz, landaredia babesteko neurriak ezartzea, altzadia mugatuz eta inolaz ere kalterik jasan behar ez duten espezie autoktonoetako zuhaitzak seinalatuz, obretan sortutako hondakinak kudeatzea eta, azkenik, ondare etnologikoaren babesa.

Neurri konpentsatzaile gisa, errekaren ezkerreko ur-bazterrean dagoen sasiakazien baso mistoaren ordez altzak (Alnus glutinosa) sartzea proposatzen da errekatik gertuen dagoen aldean eta haritzak (Quercus robur) ezpondaren goiko aldean.

Iragarkiaren kodea: F0712621