112. ALDIZKARIA - 2007ko irailaren 7a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

308/2007 EBAZPENA, abuztuaren 16koa, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariak emana, Obanosko Santa María kalean hornidura eta saneamendu sareak berritzeko proiektua (1. fasea) gauzatzeko Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena. Sustatzailea Izarbeibarko Mankomunitatea da.

2007ko ekainaren 21ean Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuan sartu da goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Jarduera Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko N) letran sartuta dago. Beraz, Ingurumeneko ukipenetarako baimena behar du.

Obanosko hornidura eta saneamendu sarea berritzeko lanak egin nahi dira, oraingo sareak zuntz-zementuzko materialen gisakoak erabiltzen dituelako, diametro egokirik ez duelako eta iritsi eta mantentzeko zailak diren lur partikularretatik pasatzen delako. Hornidura sarea jartzeko saneamenduko zanga erabiliko da, zanga mailakatua eginez. Saneamendu lanek Santa María eta Gazolaz kaleak ukituko dituzte, eta gero hirigunetik kanpora aterako dira, Obanosko 1. poligonoko 284., 285., 287. eta 481. lurzatiak gurutzatuz. Hirigunetik kanpo ukituko diren lur guztiak lehorreko alorrak dira, 287. lurzatiko malda ez oso handiko mazelean izan ezik, ailantoak eta zumarrak baitaude bertan, azken horiek oso egoera fitosanitario txarrean, ingurumenaren aldetik balio gutxi duen arboladia osatuz. Hori hala, ez da uste ingurumenean ondorio handirik sortuko denik.

93/2006 Foru Dekretuko 36. artikuluak ezartzen du eskaera aurkeztu eta lau hilabeteko epean Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeko ebazpen arrazoitua emanen duela.

Arau honetako 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerena bilduko duela, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak irailaren 27ko 537/2005 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Obanosko Santa María kalean hornidura eta saneamendu sareak berritzeko proiektua (1. fasea) gauzatzeko Ingurumen ukipenetarako baimena ematea. Sustatzailea Izarbeibarko Mankomunitatea da.

2. Baimena emateko ingurumenari buruzko baldintza hauek bete beharko dira:

_Zangak ireki aurretik, landare-lurraren geruza kenduko da (gutxienez 30 cm) eta lurra modu egokian bilduko da, gero lursaila lehengoratzeko lanetan erabiltzeko.

_287. lurzatiko zuhaitz eta zuhaixketako sastrakak kendu ondoko hondarrak eta eraispen lanetako material inerteak hondakindegi baimendu batera eraman beharko dira.

_Lanak bukatu ondoren, proiektuaren eragin eremuan ez da obra arrastorik geldituko eta obretarako instalazio guzti-guztiak kenduta izan beharko dira.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu (lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura).

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

5. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, Ingurumen Zaintzari, Obanosko Udalari, Izarbeibarko Mankomunitateari eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko abuztuaren 16an._Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0713071