112. ALDIZKARIA - 2007ko irailaren 7a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

300/2007 EBAZPENA, abuztuaren 14koa, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Oskozko herrilurretako lurzatietako sarbideak hobetu eta eraikitzeko proiekturako. Proiektua Oskozko Kontzejuak (Imotz) sustatu du.

Aipatutako espedientea 2007ko apirilaren 19an sartu zen Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuan. Proiektua Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko D letran jasotzen da. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du.

Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 28. artikuluan ezarririk dago Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeari buruz, eskaera aurkezten denetik lau hilabeteko epean.

Martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 25.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimendu ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak irailaren 27ko 537/2005 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea "Oskozko herrilurretako lurzatietako sarbideak hobetu eta eraikitzeko proiektua" egiteko. Proiektua Oskozko Kontzejuak (Imotz) sustatu du.

2. Baimena ingurumenaren gaineko honako neurri hauek betetzearen baldintzapean ematen da:

_Guztiz errespetatu behar dira obren inguruko zuhaitz-hesiak eta landaredi naturalez osatutako beste eremu batzuk.

_Lurrak mugitzen hasi baino lehen, 40 cm-ko geruza bat landare lur kenduko da. Geruza hori gorde eta bideetako ezpondak lehengoratzeko erabiliko da.

_Sobera geratzen diren lurrak hondakindegi baimenduren batera eramanen dira.

_Proiektua egiteko bi urte egonen dira, gehienez ere.

3. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu (lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura), hirigintza arloko honako baldintzekin:

_Jarduera egiteak sorrarazten dituen ezponda eta lubetak paisaian txertatzeko ahalik eta modurik egokienean tratatuko dira, eta, behar den bezala, arbolak eta belarkiak landatu.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

5. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Ingurumen Zaintzari, Imozko Udalari eta Oskozko Kontzejuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko abuztuaren 14an._Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0712861