112. ALDIZKARIA - 2007ko irailaren 7a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

294/2007 EBAZPENA, abuztuaren 14koa, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, baldintzapean, "Deierrin, Allozko urtegiaren goiko aldean, 13,2 kV-ko linea bat eta Transformazio Zentroa berritzeko proiektua" burutzeko. Sustatzailea Ebroko Ur Konfederazioa da.

2007ko ekainaren 27an Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuan sartu da goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera.

Proiektua Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legeko 2.C eranskineko I atalean sarturik dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du.

Foru lege horren 28. artikuluak ezartzen du eskaera aurkeztu eta lau hilabeteko epean Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeko ebazpen arrazoitua emanen duela.

4/2005 Foru Lege horren 25.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerena bilduko duela, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak irailaren 27ko 537/2005 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ebroko Ur Konfederazioari Ingurumen ukipenetarako baimena ematea "Deierrin, Allozko urtegiaren goiko aldean, 13,2 kV-ko linea bat eta Transformazio Zentroa berritzeko proiektua" burutzeko.

2. Baimena baldintza eta neurri zuzentzaile hauek betetzearen menpe ematen da:

_Makineria edo materiala garraiatzeko ibilgailuak sartzeko, ahal dela, dauden bideak erabil beharko dira.

_Lanak bukatu ondoren ingurua ongi garbituko da. Obra-hondakinak, soberakinak eta sortutako hondakin guztiak kontrolpeko hondakindegi batera eraman beharko dira.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

4. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Ingurumen Zaintzari, Deierriko Udalari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko abuztuaren 14an._Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0712867