112. ALDIZKARIA - 2007ko irailaren 7a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

293/2007 EBAZPENA, abuztuaren 14koa, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, baldintzapean, Biurrun-Olkozko eta Tiebas-Muru Artederretako udal mugapeetan 13,2 kV-ko tentsioko aireko linea elektriko bat instalatzeko proiektua burutzeko. Linea horren bidez Biurrun BTA-Banaketarako Transformazio Azpiestazioa eta II-1. Sektoreko Punpaketa Estazioa lotuko dira (B tartea: Biurrun BTA-Olkotz). Sustatzailea Riegos de Navarra, S.A. da.

2006ko maiatzaren 10ean Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuan sartu da goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera.

Proiektua Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legeko 2.C eranskineko I atalean sarturik dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du.

Foru lege horren 28. artikuluak ezartzen du eskaera aurkeztu eta lau hilabeteko epean Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeko ebazpen arrazoitua emanen duela.

4/2005 Foru Lege horren 25.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerena bilduko duela, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak irailaren 27ko 537/2005 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Riegos de Navarra, S.A.ri Ingurumen ukipenetarako baimena ematea 13,2 kV-ko tentsioko aireko linea elektriko bat instalatzeko. Linea horren bidez Biurrun BTA-Banaketarako Transformazio Azpiestazioa eta II-1. Sektoreko Punpaketa Estazioa lotuko dira (B tartea: Biurrun BTA-Olkotz).

2. Baimena baldintza eta neurri zuzentzaile hauek betetzearen menpe ematen da:

_Muru Artederretako ur biltegiaren inguruetan dagoen Murugaingo aztarnategiari dagokionez, Museoen, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak adierazitakoari segituko zaio.

_Egin nahi diren jarduerek (errepideak, bide publikoak, ubide publikoak edo beste) ukitu ditzaketen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta bide-zorrei dagokienez, enpresa sustatzaileak behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Zehazki, sustatzaileak saihestu beharko du proposatutako lineak abiadura handiko trenarentzat aurreikusitako trazadurarekin bat egitea X : 608 870; Y = 4 724 615 UTM koordenatuetako puntuan eta horren inguruetan.

_Ingurumen ukipenen azterlanean eta ingurumena zaintzeko programan adierazi diren babes eta zuzenketa neurri guztiak hartu beharko dira.

_Euskarriak, ahal bada, nekazaritzako lurzatien mugetan jarriko dira. Nolanahi ere, obretan natur landaredia ukituz gero, lur horiek lehengoratuko dira obrak hasi aurretik zuten antzeko egoeran uzteko. Horretarako, behar den tokietan, belar espezie autoktonoak ereingo dira, eskuz.

_Murugaingo lepoa gurutzatzean, euskarriak lepoaren mendebaldean dagoen pinudian mozketa edo inausketarik ez egiteko moduan jarriko dira.

_Makineria edo materiala garraiatzeko ibilgailuak sartzeko, ahal dela, dauden bideak erabili beharko dira.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

4. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Ingurumen Zaintzari, mendi zaindariari, Biurrun-Olkozko Udalari, Tiebas-Muru Artederretako Udalari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko abuztuaren 14an._Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0712866