112. ALDIZKARIA - 2007ko irailaren 7a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

825/2007 EBAZPENA, abuztuaren 10ekoa, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak emana, Atarrabiako "Angel de Aralar" Haur Hezkuntzako ikastetxe pribatuaren titulartasunaren aldaketa baimendu eta Burlatako "Irabia" ikastetxe pribatuak xurgatzea onesten duena. Hura desagertu eginen da eta Irabia ikastetxearen baimena aldatu eginen da, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko unitateak gehitzeagatik.

José Antonio González-Valle Burlatako "Irabia" ikastetxe pribatu itunduaren titularra den "Centros de Formación Social S.A." entitatearen ordezkariak eskaera aurkeztu du Atarrabiako "Angel de Aralar" Haur Hezkuntzako ikastetxe pribatu itunduaren titulartasuna bere alde onar dadin, "Irabia" ikastxeak xurgatuko baitu. Gaur egun, "Asociación Familiar Arce" entitatea da titularra.

Horretarako, eskritura publikoaren kopia bakuna aurkeztu du, non "Angel de Aralar" Haur Hezkuntzako ikastetxea ustiatzeko eskubidearen titulartasuna lagatzeko hitzarmena biltzen baita, bi entitateek sinatu dutena.

Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuko Obra eta Ekipamendu Atalak adostasun txostena aurkeztu du "Irabia" ikastetxean, Burlatako helbidean, burutu asmo diren instalazioen askitasunaz, "Angel de Aralar" ikastetxeko Haur Hezkuntzako bigarren zikloko unitateak biltzeko egokitze lanak bukatu ondoren.

Nafarroako Foru Komunitatean unibertsitatetik kanpoko araubide orokorreko ikasketak ematen dituzten ikastetxe pribatuak baimentzeko prozedura ezartzen duen uztailaren 6ko 251/1992 Foru Dekretuaren bidez arautua kontuan hartuz.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluko d) letrak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, eta Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak proposaturik,

EBATZI DUT:

1. Atarrabiako "Angel de Aralar" Haur Hezkuntzako ikastetxe pribatuaren (31006880 kodea duenaren) titulartasunaren aldaketa baimentzea, Burlatako "Irabia" ikastetxe pribatu itunduaren titularra den "Centros de Formación Social S.A." entitatearen alde. 2007ko irailaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

2. Atarrabiako "Angel de Aralar" ikastetxea Burlatako "Irabia" ikastetxe pribatuak (31001419 kodea duenak) xurgatzea. Hura legez desagertu eta Hezkuntza Departamentuko Ikastetxeen Erregistrotik kenduko da. Horrek ere 2007ko irailaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

3. "Irabia" Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatuaren aldaketa baimentzea, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko unitateak handitzeagatik, "Angel de Aralar" ikastetxeko 6 unitateak beretuko baititu. Izan ere, 2007ko irailaren 1etik aurrera 12 unitate izanen ditu hezkuntza etapa horretan.

4. Ebazpen honen bidez baimendu diren Haur Hezkuntzako sei unitate berriak egiazki abian jarri aitzin, ikastetxearen titularrak ziurtagiri bat aurkeztu beharko du, haiek biltzeko egin beharreko lanak bukatuak direla adierazten duena.

5. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari igorria, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

6. Ebazpen hau igortzea ikastetxeen titularrari, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuari, Ikasketak Antolatzeko Atalari, Ikastetxeen eta haien Finantzaketaren Atalari, Araubide Administratiboko Atalari, Informazioa Kudeatzeko Bulegoari, Itunpeko eta Diruz Lagundutako Ikastetxeen Nomina Bulegoari, Hezkuntza Itunen Bulegoari eta Ikastetxeak Baimendu eta Erregistratzeko Bulegoari.

Iruñean, 2007ko abuztuaren 10ean._Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusia, Fermín Villanueva Farreras.

Iragarkiaren kodea: F0712916