112. ALDIZKARIA - 2007ko irailaren 7a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

213/2007 FORU AGINDUA, ekainaren 4koa, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak emana. Horren bidez, ekainaren 22ko 705/1985 Foru Agindua, Nafarroako Foru Komunitateko finka bat eta Caballero Ustárroz senideen finka bat trukatzea baimentzen duena, zuzentzen da. (GP 1985068).

Ekonomia eta Ogasun kontseilariaren ekainaren 22ko 705/1985 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko finka bat eta Caballero Ustárroz senideen finka bat trukatzea baimendu zen, Zubiri-Saigots errepidea handitzeko.

Nafarroako Foru Komunitateak 730 m²ko lurzati bat beste lurzati batengatik trukatu zuen. Nafarroako Gobernuaren lurzatia, Saigotsen kokatua, ordu arte bide-lanetarako parke gisa erabiltzen zen eta muga hauek ditu: iparraldean eta mendebaldean, Caballero senideak; hegoaldean, jatorrizko finka, Nafarroako Gobernuarena; eta ekialdean, Zubiri-Saigots errepidea. Beste lurzatia, Caballero Ustárroz senideena eta azalera berekoa, Esteribarko Udalaren Katastroko 40. poligonoko 23., 24. eta 26. lurzatien zati da eta muga hauek ditu: iparraldean, Salvador Esain; hegoaldean eta mendebaldean, Caballero senideak eta ekialdean, Zubiri-Saigots errepidea.

Trukea eskritura publikoan formalizatze eta lurra sozietatearen izenean inskribatze aldera, 2007ko otsailaren 5ean, Bernardo Vega Juárez jaunak, Caballero Hermanos, S.L. sozietatearen izenean, Ondare Zerbitzuari eskatu zion aipatutako foru aginduko akatsa zuzentzeko, trukatutako lurraren titularra Caballero Hermanos, S.L. sozietatea baita, eta ez Caballero Ustárroz senideak, lurzatia sozietate harena zelako une hartan.

Alegatutako akats materiala egiaztatu da, frogatu delako, salerosketa eskritura aurkeztuz, ukitutako lurzatiaren titularra Caballero Hermanos, S.L. merkataritza sozietatea dela. Eskritura hori 1968ko abuztuaren 30ean eman zen, David Calvo Juan notarioaren aurrean, eta, haren arabera, Caballero Ustárroz senideek (Víctor, Tomás, Rafael eta Juan) lur bat saldu zioten, trukearen xede den azalera barne, Caballero Hermanos, S.L. merkataritza sozietateari. Hori jabetza erregistroko ohar soilaren bidez baieztatzen da, bertan egiaztatzen baita titulartasun hori trukea egin zen arte mantendu zela.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 105. artikuluari jarraikiz, administrazio publikoek, ofizioz edo interesdunek eskatuta, edozein unetan zuzentzen ahal dituzte beren egintzetako akats materialak, egitatezkoak edo aritmetikoak. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 55. artikuluak ezartzen du egintza eman zuen organoak zuzendu behar dituela akats materialak.

Goiko artikulei jarraikiz, zuzenketaren ondorio juridiko bakarra lurzatia aipatutako sozietateari benetan transmititzea da; izan ere, berea izan baita lurra formalizatu gabeko trukea egin zenetik. Eta halaxe jakinarazi beharko zaie 705/1985 Foru Agindua jakinarazi zitzaienei.

Txosten juridikoa eta Ondare Zerbitzuaren proposamena ikusirik,

AGINDU DUT:

1. Ekonomia eta Ogasun kontseilariak ekainaren 22an emandako 705/1985 Foru Agindua zuzentzea, honelaxe:

_Hauxe dioen lekuan "705/1985 Foru Agindua, ekainaren 22koa, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko finka bat eta Caballero Ustárroz senideen finka bat trukatzea baimentzen duena, Zubiri-Saigots errepidea handitzeko", hauxe behar du "705/1985 Foru Agindua, ekainaren 22koa, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko finka bat eta Caballero Hermanos, S.L. sozietatearen finka bat trukatzea baimentzen duena, Zubiri-Saigots errepidea handitzeko".

_1. puntuan, hauxe dioen lekuan "Azaldutako lurzatia beste batekin trukatzeko baimena ematea; bigarren lurzati hori Caballero Ustárroz senideena da...", hauxe behar du "Azaldutako lurzatia beste batengatik trukatzeko baimena ematea; bigarren lurzati hori Caballero Hermanos, S.L. sozietatearena da...".

_3. puntuan, hauxe dioen lekuan "Trukatutako lurzatia Caballero Ustárroz senideei ematea...", hauxe behar du "Trukatutako lurzatia Caballero Hermanos, S.L. sozietateari ematea...".

2. Ignacio Carrillo de Albornoz Alfaro jauna, Ondare Zerbitzuko zuzendaria, eta Marta Echavarren Zozaya andrea, Ondarea Kudeatzeko Ataleko burua, bietako edozein, izendatzea, Nafarroaren izenean eta ordezkari gisa, bertaratu daitezen eta trukerako eskritura publikoa, bai eta, behar izatera, behar diren agiri guztiak ere, eman ditzaten, ebazpen honetan ezarritakoa bete dadin.

3. Foru agindu hau igortzea Bernardo Vega Juárez jaunari (Caballero Hermanos, S.L. sozietatearen izenean), Saioa Basterra Iriguibel andreari, Bide eta Eraikuntza Zerbitzuari eta Regina Harriet Ardanz andreari, Alicia Urrutia Egozcue andreari, Pilar Orue Arraiz andreari, María Victoria Caballero Pérez andreari, Felisa Caballero Pérez andreari eta Tomás Caballero Pérez jaunari, eta adieraztea horren aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal dutela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, foru agindua jakinarazi eta hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluari eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2007ko ekainaren 4an._Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Francisco J. Iribarren Fentanes.

Iragarkiaren kodea: F0712507