112. ALDIZKARIA - 2007ko irailaren 7a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

152/2007 EBAZPENA, abuztuaren 20koa, Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusiak emana, I3 programako 2006ko berariazko hitzarmeneko laguntzak esleitu eta ordaintzeko agindua ematen duena.

Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuko zuzendariak txosten bat aurkeztu du eta bertan azaldu ditu 2006. urteko berariazko hitzarmenaren espedientearekin zerikusia duten gorabehera guztiak. Hitzarmena Ikerketa Jarduera Hasi eta Areagotzeko Pizgarrien Programa (I3. programa) garatu eta gauzatzeko da. Txostenak dioenez, programa hori Hezkuntza eta Zientzia Ministerioko Unibertsitateetarako eta Ikerketarako Estatu Idazkaritzak onetsi zuen, maiatzaren 26ko 1520/2005 ECI Aginduaren bidez. 2005eko azaroaren 20an, Nafarroako Gobernuak erabaki zuen Nafarroako Foru Komunitateak I3. programan parte hartzea Lankidetzarako Protokolo Orokorraren testuaren arabera, eta 2006ko abenduaren 11ko bilkuran, berriz, 2006ko berariazko hitzarmena onestea erabaki zuen, programa egiazki garatzeko.

2006ko berariazko hitzarmenaren 5. klausulak ezartzen du laguntzen kudeaketa Nafarroako Foru Komunitateari dagokiola. Foru Komunitatean Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak hartuko du bere gain ikertzaileen prestakuntza eta hobekuntza koordinatzeko ardura, kudeaketa horretaz arduratzeko organo eskuduna baita.

Hori hala izanik, Zuzendaritza Nagusi honek behar den epe eta moduan bete ditu 1520/2005 ECI Aginduan ezarritako prozeduraren izapideak, eta hautapen prozedura egin ondoren, zeinaren irizpideak Unibertsitateetarako eta Ikerketarako Estatu Idazkaritzak 2005eko uztailaren 20ko Ebazpenaren bidez ezarri baitzituen, uztailaren 27an berrespena jaso zen, Violeta Demonte Barreto Ikerketarako zuzendari nagusiaren txostenaren bidez, hain zuzen ere proposatutako hautagaietako lauk aldeko ziurtapena jaso dutela dioen berrespena, beren zentroek finantzazioa izan dezaten. Halaber, Unibertsitateetarako eta Ikerketarako Estatu Idazkaritzaren 2007ko ekainaren 14ko Ebazpenaren bidez argitara eman da aurkeztutako eskabideetako baten ezespena. 1520/2005 ECI Aginduko 5.1 atalean eta 7.ean ageri diren baldintzak ez betetzeagatik ezetsi da.

Hurrengo izapidea izanen da emandako laguntzen zerrenda azaldu eta laguntzak ordaintzeko agindua emanen duen ebazpena ateratzea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, eta kontuan harturik I3 Programarako 2006ko berariazko hitzarmenean eta maiatzaren 26ko 1520/2005 Aginduan ezarritakoa.

EBATZI DUT:

1. Guztira 520.000 euroko gastua baimentzea, 2007ko gastuen aurrekontuko "I3 programa, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioarekin egindako hitzarmena" izeneko 431000-43100-4812-322302 kontusailaren kargura. (Kontabilitateko 40000108 espedientea. Deialdia identifikatzeko kodea ID: 186).

2. Ondoko erakundeei laguntzak esleitu eta ordaintzeko agindua ematea, datu hauen arabera:

Erakundea: Nafarroako Unibertsitate Publikoa (2054 0000 45 1100107625 kontua). IFZ: Q3150012G. Zenbatekoa: 130.000 euro.

Erakundea: Nafarroako Unibertsitatea (2054 0000 43 3000033916 kontua). IFZ: Q3168001J. Zenbatekoa: 130.000 euro.

Erakundea: Ikerketa Mediko Aplikaturako Fundazioa (0182 5000 81 0201553043 kontuan). IFZ: G82198524. Zenbatekoa: 260.000 euro.

Laguntzak, guztira: 520.000 euro.

Laguntza hauek aipatu diren zentroetako lehen mailako ikertzaileen ondoko lanpostuak finantzatzeko izanen dira:

_Nafarroako Unibertsitate Publikoan, 130.000 euroko laguntza Miguel Casares Polo jaunaren lanpostuari dagokio.

_Nafarroako Unibertsitatean, 130.000 euroko laguntza Alejandro Gustavo Vigo Pacheco jaunaren lanpostuari dagokio.

_Ikerketa Mediko Aplikaturako Fundazioan, 260.000 euroko laguntza Gloria González Aseguinolaza andrearen eta Fernando Lecanda Cordero jaunaren lanpostuei dagokie, erdi bana.

3. Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalari (CENER) jakinaraztea ez zaiola finantziaziorik emanen programa honetako laguntzen bidez, bere eskabideak ez dituelako betetzen 1520/2005 ECI Aginduko 5.1 atalean eta 7.ean ageri diren baldintzak.

4. Ebazpen hau igortzea Hezkuntza eta Zientzia Ministerioko Zientzia eta Teknologia Politikarako Idazkaritza Nagusiari, Hezkuntza Departamentuko Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusiari, Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuko zuzendariari, Industria, Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuko Berriztapen eta Teknologia Zerbitzuko zuzendariari, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeari, Nafarroako Unibertsitateko Ikerketako errektoreordeari, Ikerketa Mediko Aplikatuko Fundazioari (FIMA), Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalari (CENER), Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaile delegatuari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta Administrazio Orokorraren Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea.

6. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2007ko abuztuaren 20an._Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusia, Pedro Pegenaute Garde.

Iragarkiaren kodea: F0713281