112. ALDIZKARIA - 2007ko irailaren 7a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

273/2007 FORU AGINDUA, abuztuaren 20koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak apirilaren 3an emandako 95/2007 Foru Agindua aldatzen duena. Agindu haren bidez nekazaritzako produktuen balio erantsiaren gehikuntzarako laguntzei buruzko arauak ezarri ziren, Landa Garapenerako 2007-2013 urteetarako Programaren barruan.

Kontseiluaren 2005eko irailaren 20ko 1698/2005 (EK) Erregelamenduak, Nekazaritza aldeen garapenerako Europako Funtsen bidez nekazaritza aldeen garapenari laguntzekoak, nekazaritzako eta oihangintzako produktuen balio erantsiaren gehikuntzarako neurri bat ezartzen du.

Neurri hori Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak apirilaren 3an emandako 95/2007 Foru Aginduaren bidez aplikatzen da Nafarroan. Agindu horrek nekazaritzako produktuen balio erantsiaren gehikuntzarako laguntzei buruzko arauak ezarri zituen, Landa Garapenerako 2007-2013 urteetarako Programaren barruan.

Aipatu foru aginduak ondokoak biltzen ditu: Europar Batasuneko araudiaren zuzentarauak, Landa Garapeneko Esparru Nazionalak Nafarroako Landa Garapeneko Programarako (2007-2013) dituen irizpideak, bai eta Nafarroako nekazaritza kooperatibak berregituratzeko Jarduketa Plana ere, Gobernuak 2006ko maiatzaren 8ko Erabakiaren bidez onetsia.

Hori hala izanik ere, beharrezkoa da Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak apirilaren 3an emandako 95/2007 Foru Aginduaren bidez onetsitako artikulu batzuk aldatzea, aplikazio horiek zehatzago eta argitasun juridiko handiagoz aplikatzeko. Ematen diren laguntzen baremoa ere aldatzen da (95/2007 Foru Aginduko 8. artikuluan bildua), elkarteen definizioa eta irismena handitzeko eta elkarte horiei ematen zaizkien laguntzak Nafarroako nekazaritza kooperatibak berregituratzeko Jarduketa Planaren arabera egokitzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeko 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. 6. artikuluko d) letra aldatzea.

6. artikuluko d) letra honela idatzita agertuko da:

"d) Kostu orokorrak, hala nola arkitekto, ingeniari eta aholkularien lansariak, bideragarritasun azterlanak eta patenteak eta lizentziak erostekoak, dirulaguntza jaso dezakeen inbertsioaren %12 gehienez."

2. artikulua. 8. artikuluko 2., 3. eta 4. atalak aldatzea.

8. artikuluko 2. atala hemendik aurrera honela idatzita agertuko da:

"2. Onuradunak pertsona juridikoak direnean, jasotzen dituzten laguntzak ez dira izanen kapital sozial eskrituratua eta desenboltsatua baino gehiagokoak. Muga hori ez zaie aplikatuko ez nekazaritza kooperatibei ez eta nagusiki horien parte-hartzea duten sozietateei ere".

8. artikuluko 3. atala hemendik aurrera honela idatzita agertuko da:

"3. Baremo honen arabera finkatuko da laguntzen zenbatekoa:

EZARPEN HANDITZEA

BERRIA EDO HOBETZEA

(a) (%) (%)

Abiapuntuko puntuazioa 12 8

Elkarteak (b). 10 6

Tokia:

_Mendialdea 4 3

_Eskualde behartsua 2 1

Lehentasunezko sektorea (c) 2 2

Kalitateko ekoizpena (d) 2 2

Ingurumeneko kudeaketa sistemak, nazioartean

onartuak, dituzten enpresak 1 1

Kalitatea kudeatzeko sistemak, nazioartean onar-

tuak, dituzten enpresak

(ISO familiak, BRC, IFS, Eurepgap protokoloak) 1 1

Nazioarteratzea (e) 1 1

Berrikuntza (f) 1 1

Elkarte berregituratuak edo berregituratze

prozesuan daudenak (g):

_5 bazkide bitarte: 2 2

_6-15 bazkide: 5 5

_15 bazkide baino gehiago: 14 14

_Bigarren mailako kooperatibak 14 14

Batze edo xurgatze prozesuetatik sortutako

nekazaritza kooperatibak (h) 10 10

Kooperatiben arteko akordioen bidez elkargana-

tutako kooperatibak (i) 5 5

Artisautzako enpresak edo ekoizpen

ekologikokoak (j):

_Hamar langile baino gehiago 2 2

_Hiru langiletik hamarrera bitarte 5 5

_Hiru langile baino gutxiago 15 15

(a) Berriak: Nafarroan nekazaritzako elikagaien beste faktoriarik ez duten enpresek ekoizpen zentroak ezartzea edo, faktoriak dituztenek aurrekoez beste kokaleku batean berriak ezartzea produktu desberdinak ekoizteko.

(b) Elkarteak: eraldaketarako nekazaritza sozietateak eta kooperatibak. Halaber, halakotzat hartuko dira nortasun juridikoa duten beste entitate batzuk, baldin eta kapital sozialaren gehiengoa bazkide mota hauetakoren baten esku badago: nekazaritza kooperatibak, "ogibide nagusia nekazaritza duten" nekazariak, edo lehentasunezko ustiategi gisa katalogatuta dauden eta nortasun juridikoa duten entitateak, Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroari buruzko Foru Legearen testu bategina onetsi zuen uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuaren arabera. Azken kasu horretan, gainera, zuzendaritza organoetako ordezkari gehienak ogibide nagusia nekazaritza dutenak izan beharko dute. Zuzendaritza organoa pertsona bakar baten esku dagoenean, bazkideen gehiengoak izan beharko du nekazaritza ogibide nagusi.

(c) Lehentasunezko sektorea: fruta eta barazki, ardo, haragi, esne eta oliba olioaren sektoreak. Ardoaren sektorean, lehentasuna izanen dute, soilik, "vcprd" motako ardo kontrolatuak, "Nafarroa" jatorrizko deiturak eta "Errioxa" jatorrizko deitura kalifikatuak babesturik ekoitzi, berezko merkataritzako markak eduki eta ekoizpenaren erdia baino gehiago botilaratzen duten ardandegietan egiten diren inbertsioek. Oliba olioaren sektorean, enpresa onuradunek beren merkataritza markak edukitzea eta ekoizpenaren erdia baino gehiago ontziratzea eskatuko da.

(d) Kalitateko ekoizpena: ekoizpen ekologikoaren ondoriozko produktuetan, jatorrizko deiturek eta adierazle geografikoek babestutakoetan eta artisautzakoetan egindako inbertsioak.

(e) Nazioarteratzea: azken ekitaldiko fakturazio osoaren %10etik gorako esportazioak dituzten enpresak. Enpresa berrien edo nazioarteratzeko fasearen hasieran daudenen kasuan, aurrekoaren baliokidetzat hartuko da nazioarteratzeko proiektuetan parte hartzea organismo eskudunekin batera (administrazio publikoa, merkataritzako ganbera ofizialak, ICEX etab.).

(f) Berrikuntza: azken hiru urteetan Europar Batasuneko, Estatuko edo Nafarroako Foru Komunitateko deialdien babeseko I+G+B proiektuetan parte hartu duten enpresak edo onarpen ofiziala duten zentro teknologiko nazionalei edo Nafarroako Foru Komunitatekoei atxikiak daudenak.

(g) Elkarte berregituratuak edo berregituratzeko prozesuan daudenak, baldintza hauek betez gero:

1. Bat-egite edo xurgatze prozesuetatik sortutako nekazaritza kooperatibak, edo kooperatiben arteko akordioak ezarri dituztenak, haien elkarganatze proiektua Kooperatibak Elkarganatzeko Batzorde Teknikoak ebaluatu eta onetsia bada.

2. Kooperatibak elkarganatzeko prozesuetan parte hartu ez baina inbertsio proiektua (Kooperatibak Elkarganatzeko Batzorde Teknikoak ontzat emandakoa) duten nekazaritza kooperatibak, baldin eta entitateak frogatzen badu bere jarduera nagusia gauzatzen duen sektore kooperatibizatuan gutxieneko parte-hartzea lortu duela, eta enpresa egitura badu bai dotazioaren aldetik bai antolakuntza aldetik, epe ertain eta luzera enpresa bideragarria izanen dela ziurtatu ahal izateko.

Horretarako, baldintza hauetakoren bat bete beharko dute:

_Kasuko jarduerarako kooperatibizatutako sektorean den negozio bolumenaren %40tik gora egitea, unitate fisikoetan edo diruzkoetan neurtua.

_Enpresa egitura izatea eta, beraz, gutxienez ere lau langileko plantilla, eta horietatik hiru gutxienez modu jarraituan aritzea.

Horretaz gainera, ondokoa bete beharko dute:

_Enpresa kudeaketarako egitura berezkoa, egonkorra eta iraunkorra, izatea.

_Merkataritza kudeaketarako egitura berezkoa, egonkorra eta iraunkorra, izatea.

_Laneko arriskuen prebentziorako planei dagozkien zerbitzuak eduki eta bermaturik izatea.

_Kalitatea ziurtatzeko sistemak eduki eta bermaturik izatea.

_Urtero auditoria edo kudeaketa txostena egitea.

3. Eraldaketako nekazaritza sozietateak eta nortasun juridikoa duten beste entitate batzuk, artikulu honetako (b) letran ezarritakoaren arabera elkartetzat jotzen direnak, baldintza hauek betetzen badituzte:

_Enpresa egitura izatea eta, beraz, gutxienez ere lau langileko plantilla, eta horietatik hiru gutxienez lanaldi osoko langile finkoak.

_Enpresa kudeaketarako egitura berezkoa, egonkorra eta iraunkorra, izatea.

_Merkataritza kudeaketarako egitura berezkoa, egonkorra eta iraunkorra, izatea.

_Laneko arriskuen prebentziorako planei dagozkien zerbitzuak eduki eta bermaturik izatea.

_Kalitatea ziurtatzeko sistemak eduki eta bermaturik izatea.

_Urtero auditoria edo kudeaketa txostena egitea.

Entitateek kooperatibaren bat badute bazkide, bazkideak zenbatzeko kooperatiba osatzen duten nekazarien zenbatekoa hartuko da kontuan.

(h) Bat-egite edo xurgatze prozesuetatik sortutako nekazaritza kooperatibak, haien elkarganatze proiektua Kooperatibak Elkarganatzeko Batzorde Teknikoak ebaluatu eta onetsia bada.

(i) Kooperatiben arteko akordioen bidez elkarganatutako kooperatibak; atal honetan sartuko dira:

1. Kooperatiben arteko akordioetan oinarritutako elkarganatze prozesuetan sarturik dauden kooperatibak, tamaina nabarmen handitzea ekarriko duen jarduera betetzea, ekoizpen ildo berriak irekitzea, merkaturatzeko egitura berriak ezartzea etab. aurreikusten denean, eta elkarganatze proiektua Kooperatibak Elkarganatzeko Batzorde Teknikoak ebaluatu eta onetsia bada.

2. Kooperatibak elkarganatzeko prozesu batetik sortutako beste entitate batzuk edo prozesu horretan sartutakoak, aurreko lerrokadan eskatzen diren ondorioak izanen dituen jarduera bat betetzea aurreikusten duena eta elkarganatze proiektua Kooperatibak Elkarganatzeko Batzorde Teknikoak ebaluatu eta onetsia bada, betiere entitate horien kapital sozialaren gehienekoa nekazaritzako kooperatibek badaukate.

Atal honen ondorioetarako, tamaina nabarmen handitzea bi kasu hauetako bat izanen da:

_Kooperatiben arteko akordioa kudeatzen duen entitatearen tamaina %25 handitzea, unitate fisikoen edo diruzkoen arabera neurtua.

_Atxikitako kooperatibak egindako ekarpena kooperatiben arteko akordioan aurreikusitako jardueraren edo jardueren %75etik gorakoa izatea, unitate fisikoen edo diruzkoen arabera neurtua.

(j) Artisautzazko enpresak edo ekoizpen ekologikokoak: osotara nekazaritzako elikagaien artisautzako ekoizpenean edo ekoizpen ekologikoan aritzen diren enpresak, kasuan kasuko erregistroetan inskribatuak, plantillako langile finko eta familiakoak ez direnen kopuruaren arabera."

8. artikuluko 4. atala hemendik aurrera honela idatzita agertuko da:

"4. Baremotik ateratzen diren kopuruei muga hauek ezarriko zaizkie:

LAGUNTZA MUGAK (%)

Orokorra 20 12 19 10

Elkarteak 33 22 25 16

Elkarte berregituratuak edo berregituratze

prozesuan daudenak 35 24 35 16

Batze edo xurgatze prozesuetatik sortutako

nekazaritza kooperatibak 40 37 40 29

Kooperatiben arteko akordioen bidez elkargana-

tutako kooperatibak 35 29 32 21

Artisautzako enpresak edo ekoizpen

ekologikokoak 35 14 34 12

3. artikulua. 11. artikuluko f) letra aldatzea.

f) letrako lehen lerroaldea hemendik aurrera honela idatzita agertuko da:

"Eraldaketako nekazaritza sozietateak eta beste elkarte batzuk, 8. 3 (b) artikuluan aurreikusitakoak".

Xedapen iragankor bakarra._Aldaketak ukitzen dituen eskaerak.

Foru agindu honetan azaldu diren aldaketak aginduak indarra hartu ondoren aurkezten diren eskaerei aplikatuko zaizkie, bai eta aurretik aurkeztu arren ebatzi gabe daudenei ere, betiere eskatzailearentzat onuragarriagoa bada aldaketak aplikatzea.

Azken xedapen bakarra._Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2007ko abuztuaren 20an._Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

Iragarkiaren kodea: F0713206