112. ALDIZKARIA - 2007ko irailaren 7a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

118/2007 FORU DEKRETUA, irailaren 3koa, Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena.

Nafarroako Gobernuko lehendakariak emandako abuztuaren 16ko 12/2007 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura finkatu zen, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeko 30.7 artikuluan ezarritakoarekin bat.

Foru dekretu horren 3. artikuluak Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren eskumenen esparrua zehaztu du, eta esparru hori ez dator bat otsailaren 24ko 37/2005 Foru Dekretuko 4. artikuluan ezarritakoaren arabera orain arte zuenarekin.

Horrenbestez, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2007ko irailaren 3ko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren eskumenen esparrua.

Ekonomia eta Ogasun Departamentuari dagozkio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ondotik zehazten diren arloetan bereganatutako eskumenak: ogasun publikoa; jarduera ekonomikoaren plangintza eta programazioa egitea eta hura koordinatu eta garatzeko tresnak bultzatzea, aurrekontuen plangintza eta prestakuntza, eta kontrol ekonomiko-finantzarioa; politika finantzarioa eta Estatuarekin eta gainerako administrazio publikoekin koordinazio ekonomikoa izatea; ondarea; estatistika; Europako aferak eta haren politiken jarraipena egitea, bai eta indarra duten xedapenek ematen dizkioten gainerako eskurantzak ere.

2. artikulua. Ekonomia eta Ogasun kontseilaria.

1. Ekonomia eta Ogasun kontseilariak, departamentuko titularra baita, eta foru dekretu honen 1. artikuluan definitutako eskumen esparruari dagokionez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluan ezarritako eskurantzak erabiliko ditu.

2. Orobat, Ekonomia eta Ogasun kontseilariaren zeregina da, departamentuko titularra baita, ondoko organo kolegiatuen buru izatea:

_Nafarroako Estatistika Kontseilua.

_Kontratazio Publikorako Batzordea.

3. Osasun kontseilariaren laguntza politiko eta teknikoko unitate gisa, departamentuan kontseilariaren Kabinetea dago, zuzen-zuzenean haren menpean eta Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 19. artikuluan ezarritakoari loturik.

3. artikulua. Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren antolamendu orokorra.

1. Ekonomia eta Ogasun Departamentuak, bere titularraren zuzendaritzaren menpean, goi mailako organo hauek ditu bere egituran.

a) Politika eta Sustapen Ekonomikoaren Zuzendaritza Nagusia.

b) Aurrekontuen eta Ondarearen Zuzendaritza Nagusia.

c) Nazioarteko Garapeneko Zuzendaritza Nagusia.

d) Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusia.

e) Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboa.

2. Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoa Ekonomia eta Ogasun Departamentuari egonen da atxikia eta bere estatutuek arautuko dute.

4. artikulua. Zuzendaritza nagusien eskurantzak.

Foru dekretu honen 2. artikuluan xedatutakoa ezertan galarazi gabe, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko zuzendaritza nagusiek, kontseilariaren goiko zuzendaritzapean eta foru dekretu honetan bakoitzari esleitutako esparru materialean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluan ezarritako eskurantzak izanen dituzte eta, horietaz gainera, indarra duten xedapenek esleitzen dioten edo Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak haren esku uzten duen beste edozein.

5. artikulua. Idazkaritza Tekniko Nagusiaren eskurantzak.

Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiak, foru dekretu honetako 1. artikuluan zehaztu den eskumen-eremuaren barruan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 23. artikuluan ezarritako eskurantzak baliatuko ditu Ekonomia eta Ogasun kontseilariaren goi-zuzendaritzapean, berari atxikita baitago zuzenean, bai eta idazkaritza tekniko nagusiak arautzen dituen otsailaren 21eko 29/2005 Foru Dekretuan ezarritakoak, indarreko xedapenek emandakoak eta Hezkuntza kontseilariak agintzen dizkion guztiak ere, eta horretarako behar diren ebazpenak emanen ditu.

6. artikulua. Zerbitzuen eskurantzak.

Zerbitzuek, departamentuaren goi mailako organoen zuzendaritzaren menpean, eta bakoitzari esleitutako esparru materialaren barruan, ondoko eginkizun hauek izanen dituzte: menpean dituzten atal edo unitate organikoen plangintza, koordinazioa, zuzendaritza eta kontrol lana egitea, arintasunaren, arrazionalizazioaren eta sinplifikazioaren printzipioen aplikazioa bultzatu eta sustatzea, indarra duten xedapenek ematen dizkietenak eta departamentuko organo eskudunek eskuordetzen dizkietenak.

7. artikulua. Atalen eskurantzak.

Atalek, departamentuaren goi mailako organoen zuzendaritzaren menpean, eta dagokien esparru materialaren barruan, ondoko eginkizun hauek izanen dituzte: lanak betearaztea eta gainean duten buruarentzako txostenak eta proposamenak egitea, haien menpeko unitateek edo bulegoek egiten dituzten lanak koordinatzea, zuzentzea eta kontrolatzea eta Departamentuko organo eskudunek agintzen dizkieten gainerako guztiak.

II. KAPITULUA

Politika eta Sustapen Ekonomikoaren Zuzendaritza Nagusia.

1. ATALA

Eskumenen esparru materiala eta egitura

8. artikulua. Politika eta Sustapen Ekonomikoaren Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparru materiala.

Politika eta Sustapen Ekonomikoaren Zuzendaritza Nagusiak foru dekretu honetan ezarritako eskurantzak izanen ditu, ondoko arlo hauetan:

_Politika ekonomiko orokorraren analisia eta plangintza, eta haren jarraipena.

_Foru Komunitateko sektore publikoak parte hartzen duen ekimen ekonomikoen eta programa estrategikoen plangintza, programazioa, koordinazioa, sustapena eta hedapena.

_Estatuarekiko eta beste administrazio publikoekiko koordinazio ekonomikoa, nor bere eskumeneko esparruetan, Nafarroako Gobernuaren beste organo batzuek gai honetan dituzketen eskumenak deusetan ere galarazi gabe.

_Estatistika.

9. artikulua. Politika eta Sustapen Ekonomikoaren Zuzendaritza Nagusiaren egitura.

Politika eta Sustapen Ekonomikoaren Zuzendaritza Nagusiak zerbitzu hauek ditu bere egituran:

a) Ekonomia Zerbitzua.

b) Nafarroako Estatistika Institutua.

2. ATALA

Ekonomia Zerbitzua

10. artikulua. Ekonomia Zerbitzuaren eginkizunak.

Ekonomia Zerbitzuak, Zuzendaritza Nagusiaren gaiei dagokienez, eginkizun hauek izanen ditu:

_Analisi ekonomikoak egitea.

_Foru Komunitateko sektore publikoaren jarduera ekonomikoaren plangintza eta programazioa.

_Eskualde politikarekin eta Estatuko eta Europar Batasuneko beste politika ekonomiko batzuekin koordinatzea.

_Estatuarekiko Hitzarmen Ekonomikoari lotutako diru mugimenduez arduratu eta haiek kontrolatzea.

_Estatuarekiko koordinazio ekonomikoa, nor bere eskumeneko esparruetan, Nafarroako Gobernuaren beste organo batzuek gai honetan dauzkaketen eskumenak deusetan ere galarazi gabe.

_Politika eta programa publikoen jarraipena, azterketa eta ebaluazioa.

_Indarra duten xedapenek haren gain uzten dituzten gainerako eginkizunak.

11. artikulua. Ekonomia Zerbitzuaren egitura.

Ekonomia Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:

a) Analisi eta Egoera Ekonomikoaren Atala.

b) Programazio Ekonomikoaren Atala.

12. artikulua. Analisi eta Egoera Ekonomikoaren Atalaren eginkizunak.

Analisi eta Egoera Ekonomikoaren Atalak, Zuzendaritza Nagusiaren gaiei dagokienez, eginkizun hauek izanen ditu:

_Nafarroako egoera ekonomikoaren azterketa eta jarraipena, baita estatukoarena eta nazioartekoarena ere.

_Nafarroako egitura ekonomikoaren gaineko analisi eta azterketak egin eta hedatzea.

_Txosten ekonomikoak prestatzea.

_Estatuarekiko Hitzarmen Ekonomikoari lotutako diru mugimenduez arduratu eta haiek kontrolatzea.

_Indarra duten xedapenek haren gain uzten dituzten gainerako eginkizunak.

13. artikulua. Programazio Ekonomikoaren Atalaren eginkizunak.

Programazio Ekonomikoaren Atalak, Zuzendaritza Nagusiaren gaiei dagokienez, eginkizun hauek izanen ditu:

_Foru Komunitateko sektore publikoaren jarduera ekonomikoaren plangintza eta programazioa.

_Eskualde politikarekin eta Estatuko eta Europar Batasuneko beste politika ekonomiko batzuekin koordinatzea, Nafarroako Gobernuaren beste organo batzuek gai honetan dauzkaketen eskumenak deusetan ere galarazi gabe.

_Politika eta programa publikoen jarraipena, azterketa eta ebaluazioa.

_Urteko aurrekontuaren esparrutik kanpo gelditzen diren Gobernuaren neurri ekonomiko-finantzarioen azterketa, analisia eta programazioa.

_Indarra duten xedapenek haren gain uzten dituzten gainerako eginkizunak.

3. ATALA

Nafarroako Estatistikaren Institutua

14. artikulua. Nafarroako Estatistika Institutuaren eginkizunak.

Nafarroako Estatistika Institutuak, Zuzendaritza Nagusiaren gaiei dagokienez, eginkizun hauek izanen ditu:

_Nafarroarendako interesa duen jarduera estatistiko publikoa bultzatu, zuzendu eta koordinatzea.

_Nafarroarendako interesa duen jarduera estatistiko publikoaren printzipio, helburu eta gainerako kontuak zabaltzea.

_Nafarroako Estatistika Planaren aurreproiektua prestatzea, Foru Komunitateko Administrazioko eta toki administrazioetako sistema estatistikoko gainerako unitateekin elkarlanean.

_Kontzeptu, definizio, sailkapen, nomenklatura eta kodeen gaineko proposamenak egitea, datuak sailkatu eta emaitzak aurkezteko, datu eta emaitza horiek Nafarroako jarduera estatistikoan erabil daitezen bultzatzeko, eta koordinazio metodologikoa toki erakundeen, autonomia erkidegoen, Estatuko Administrazio Orokorraren, Europar Batasunaren eta beste erakunde batzuen jarduera estatistikoarekin batera bultzatzea.

_Urteroko estatistika programetan esleitzen zaizkion eragiketa estatistikoak egitea.

_Estatistika demografiko, ekonomiko eta sozialen sistema integratuak prestatzea.

_Unitate estatistikoen direktorioak prestatzea eta zentsuko eragiketak egitea, hots, lurraldearen, biztanleriaren, etxebizitzen eta jarduera ekonomikoen gaineko informazioaren esparru eta parametro oinarrizkoak sortu eta eguneratuak mantentzeko beharrezkoak direnak.

_Ikerketa estatistikoa eta estatistikako langileen prestakuntza eta hobekuntza profesionala sustatzea.

_Foru Komunitateko Administrazioaren ordezkari izatea estatistika arloan adituak diren udal, autonomi, estatu eta nazioarte mailako unitate eta erakundeekin izan beharreko harremanetan. Jarduera estatistikoan haiekiko koordinazioa eta lankidetza sustatuko du. Ordezkaritza lan horretarako departamentuetako unitate espezializatuekin harremana izanen du, eta haien esku utzi ahal izanen ditu horrelako eginkizunak egoki iruditzen zaionean.

_Estatistika Sistemako unitateekin batera, sekretu estatistikoa aplikatu eta errespetatzen den begiratzea.

_Nafarroari buruzko estatistiken zabalkundearen sustapena.

_Nahitaez, Foru Komunitateko Administrazioak parte hartzen duen hitzarmen edo itun proiektu orori eta zerbitzu kontratazioei buruz txostenak egitea, haren tresna edo helburuen artean ager litekeen jarduera estatistikoari dagokionez.

_Foru Komunitateko Administrazioko unitateek egin asmo duten eragiketa estatistikoko proiektu orori buruz txostena egitea, eginkizunei dagozkien berezko harreman administratiboetatik aparte pertsona fisiko edo juridikoei informazioa eskatu behar zaienean.

_Nafarroako Estatistika Planeko eragiketa estatistikoak egiteko behar diren erregistroak ukitzen dituzten galdera sorta, prozedura administratibo eta aplikazio informatikoei buruz txostena egitea.

_Ikerketak egitea, ekainaren 27ko 11/1997 Foru Legeak arautzen duen jarduera estatistikoa egiten duten unitateek estatistikak egitean erabilitako galdera sorta eta metodoen eraginkortasuna egiaztatzeko.

_Nafarroako Estatistika Kontseiluari ongi funtzionatzeko behar dituen baliabideak ematea.

_Beste entitate publiko edo pribatu batzuekiko hitzarmenen ondoriozko jarduera estatistikoak egitea.

_Nafarroan interes publikoa duen informazio estatistikoari buruzko datu baseak garatzea.

_Estatistikak egiteko eskariak Foru Komunitatean dituen beharrak eta bilakaera aztertzea.

_Indarra duten xedapenek haren gain uzten dituzten gainerako eginkizunak.

15. artikulua. Nafarroako Estatistika Institutuaren egitura.

Nafarroako Estatistika Institutuak atal hauek ditu bere egituran:

a) Azpiegitura Estatistikoaren Atala.

b) Ekoizpen Estatistikoaren Atala.

c) Estatistikaren Koordinazio eta Zabalkunderako Atala.

16. artikulua. Azpiegitura Estatistikoaren Atalaren eginkizunak.

Azpiegitura Estatistikoaren Atalak, Zuzendaritza Nagusiaren gaiei dagokienez, eginkizun hauek izanen ditu:

_Lurraldearen, biztanleriaren, etxebizitzen eta jarduera ekonomikoen gaineko informazioaren esparru eta parametro oinarrizkoak sortu, mantendu eta eguneratzeko beharrezkoak diren unitate estatistikoen direktorioak prestatzea.

_Indarra duten xedapenek haren gain uzten dituzten gainerako eginkizunak.

17. artikulua. Ekoizpen Estatistikoaren Atalaren eginkizunak.

Ekoizpen Estatistikoaren Atalak, Zuzendaritza Nagusiaren gaiei dagokienez, eginkizun hauek izanen ditu:

_Aginduko dizkioten eragiketa estatistikoak egitea, baita beste estatistika organo batzuekiko lankidetza erabakien ondorio direnak ere.

_Datu baseak sortzea, ekoizpen propioko estatistika datuekin eta besteren eragiketetatik ateratakoekin.

_Sintesiko estatistikak prestatzea.

_Indarra duten xedapenek haren gain uzten dituzten gainerako eginkizunak.

18. artikulua. Estatistikaren Koordinazio eta Zabalkunderako Atalaren eginkizunak.

Estatistikaren Koordinazio eta Zabalkunderako Atalak, Zuzendaritza Nagusiaren gaiei dagokienez, eginkizun hauek izanen ditu:

_Nafarroari buruzko estatistiken zabalkundearen sustapena.

_Estatistika datuei dagokienez, eginen dizkioten eskariez arduratzea.

_Nafarroari buruzko estatistika datuak biltegiratu eta kontsultatzeko prozedura egokienak garatu eta mantentzea.

_Datuak sailkatu, emaitzak aurkeztu eta koordinazio metodologikoa sustatzeko sailkapenak, nomenklaturak eta kodeak mantendu eta zabaltzea.

_Indarra duten xedapenek haren gain uzten dituzten gainerako eginkizunak.

III. KAPITULUA

Aurrekontuen eta Ondarearen Zuzendaritza Nagusia

1. ATALA

Eskumenen esparru materiala eta egitura

19. artikulua. Aurrekontuen eta Ondarearen Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparru materiala.

Aurrekontuen eta Ondarearen Zuzendaritza Nagusiak foru dekretu honetan ezarritako eskurantzak izanen ditu, ondoko arlo hauetan:

_Nafarroako Aurrekontu Orokorrak prestatzea Nafarroako Gobernuak ezartzen duen ildotik, eta haien jarraipena eta exekuzioa bultzatzea.

_Nafarroako Gobernuak epe ertainera ezarritako programazio ekonomikoan parte hartzea, eta baita haren jarraipen eta kontrolean ere.

_Foru Komunitateko Administrazioari finantza-politikaren arloan kudeaketa, plangintza eta koordinazio gaietan dagokiona.

_Nafarroako Zor Publikoa eta beste mailegu batzuk administratu eta kontrolatzea.

_Kontu-hartzailetzaren eta Administrazioko barne kontrolaren eta dagokion finantza-kontrolaren koordinazioa, sustapena eta gainbegiratzea.

_Nafarroako Kontu Orokorrak prestatzea.

_Estatutarekiko Hitzarmen Ekonomikoari buruzko gaietako lankidetza.

_Ondarea.

20. artikulua. Aurrekontuen eta Ondarearen Zuzendaritza Nagusiaren egitura.

Aurrekontuen eta Ondarearen Zuzendaritza Nagusiaren Zuzendaritza Nagusiak zerbitzu hauek ditu bere egituran:

a) Aurrekontuen eta Finantza Politikaren Zerbitzua.

b) Kontu-hartze Orokorraren Zerbitzua.

c) Ondare Zerbitzua.

2. ATALA

Aurrekontuen eta Finantza Politikaren Zerbitzua

21. artikulua. Aurrekontuen eta Finantza Politikaren Zerbitzuaren eginkizunak.

Aurrekontuen eta Finantza Politikaren Zerbitzuak, Zuzendaritza Nagusiaren gaiei dagokienez, eginkizun hauek izanen ditu:

_Nafarroako Gobernuari aurrekontuen eta finantzen arloan dagozkion irizpide eta jarraibideak prestatzea.

_Nafarroako Aurrekontu Orokorren Proiektuaren prestaketa.

_Departamentuen esku, beraien aurrekontuen gainean izaera orokorrez utzitako eginkizun arruntak.

_Nafarroako Gobernuak epe ertainera ezarritako programazio ekonomikoan parte hartzea, eta baita haren jarraipen eta kontrolean ere.

_Estatutarekiko Hitzarmen Ekonomikoari buruzko gaietako lankidetza.

_Foru Komunitateko Administrazioari dagokion finantza arloko politika, oro har, bai haren beraren finantzaketa aferetan, bai haren eskumenak beste entitate batzuetan erabiltzeari buruzkoan.

_Estatuko eta Europar Batasuneko finantza politikekin koordinatzea.

_Aseguru pribatuko bitartekotza arloan Nafarroako Foru Komunitateak dituen eskumenak erabiltzea.

_Foru Komunitateak Aurrezki Kutxen, Kreditu Kooperatiben eta Aurreikuspen Sozialeko Mutualitateen arloan dituen eskumenak betearaztea.

_Foru Komunitateko diruzaintzaren fondo likidoak kudeatzea.

_Indarra duten xedapenek haren gain uzten dituzten gainerako eginkizunak.

22. artikulua. Aurrekontuen eta Finantza Politikaren Zerbitzuaren eginkizunak.

Aurrekontuen eta Finantza Politikaren Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:

a) Aurrekontuen Atala.

b) Diruzaintza Atala.

c) Finantza Politikarako Atala.

23. artikulua. Aurrekontuen Atalaren eginkizunak.

Aurrekontuen Atalak, Zuzendaritza Nagusiaren gaiei dagokienez, eginkizun hauek izanen ditu:

_Nafarroako Aurrekontu Orokorren eta Foru Komunitateko Administrazioaren sozietate eta fundazio publikoen ustiapen eta kapital aurrekontuen eta jarduketa, inbertsio eta finantzaketa programen aurreproiektuak egiteko koordinazioa.

_Foru Komunitateko Administrazioaren organo eta erakundeei buruzko aurrekontuen egitura zehaztea.

_Aurrekontuen aurreproiektuak egiteko jarraibide teknikoak eta prozeduraren diseinua prestatzea.

_Arau indardunek Nafarroako Gobernuari eta Ekonomia eta Ogasun kontseilariari esleitzen dizkieten aurrekontu aldaketak aztertu, tramitatu eta haien kontrola egitea.

_Nafarroako Aurrekontu Orokorrak eta aurrekontuen arloko xedapenak betetzen diren begiratu eta bete daitezen bultzatzea.

_Nafarroako Gobernuak Nafarroako Parlamentuarekin aurrekontuei buruz dituen harremanei buruzko azterketa eta txostenak egitea.

_Nafarroako Gobernuak epe ertainera ezarritako programazio ekonomikoaren jarraipena eta kontrola.

_Estatutarekiko Hitzarmen Ekonomikoari buruzko gaietako lankidetza.

_Indarra duten xedapenek haren gain uzten dituzten gainerako eginkizunak.

24. artikulua. Diruzaintza Atalaren eginkizunak.

Diruzaintza Atalak, Zuzendaritza Nagusiaren gaiei dagokienez, eginkizun hauek izanen ditu:

_Foru Komunitateko Administrazioaren ordainketa guztiak kontrolatu eta betetzea, indarra duen arautegian ezarrita dauden edo etorkizunean ezar daitezkeen sistemen bidez, "Justifikatu beharreko fondo igorpenduak" bezala tramitatzen direnak salbu.

_Enpresa-entitate publikoen, sozietate eta fundazio publikoen funts likidoen kudeaketaren arloan Ekonomia eta Ogasun Departamentuak eman ditzakeen jarraibideak eta arauak prestatzea.

_Foru Komunitateko Administrazioaren diruzaintzako aurrekontuak prestatu eta haien jarraipena egitea.

_Foru Komunitatearen izenean finantza entitateetan irekitako kontuak eta Foru Komunitateko Administrazioaren kudeaketa zentro eta erakunde autonomoek baimena izanik irekitakoak kontrolatu eta zaintzea, bai eta, beraz, horien kobrantza eta ordainketak ere.

_Foru Komunitateko Administrazioari aurkeztutako monetazkoak ez diren bermeak administratu eta zaintzea.

_Indarra duten xedapenek haren gain uzten dituzten gainerako eginkizunak.

25. artikulua. _Finantza Politikarako Atalaren eginkizunak.

Finantza Politikarako Atalak, Zuzendaritza Nagusiaren gaiei dagokienez, eginkizun hauek izanen ditu:

_Administrazioaren, eta Nafarroako Foru Komunitatearen enpresa-entitate publikoen, sozietate eta fundazio publikoen, zorduntze politika eta finantzaketarako beste alternatiba batzuk prestatu eta aztertzea.

_Nafarroako Zor Publikoa eta beste mailegu batzuk administratzea.

_Foru Komunitateak Aurrezki Kutxen, Kreditu Kooperatiben eta Aurreikuspen Sozialeko Mutualitateen arloan dituen eskumenak betearaztea.

_Estatuko eta Europar Batasuneko finantza politikekin koordinatzea.

_Aseguru pribatuko bitartekotza arloan Nafarroako Foru Komunitateak dituen eskumenak erabiltzea.

_Indarra duten xedapenek haren gain uzten dituzten gainerako eginkizunak.

3. ATALA

Kontu-hartze Orokorraren Zerbitzua

26. artikulua. Kontu-hartze Orokorraren Zerbitzuaren eginkizunak.

Kontu-hartze Orokorraren Zerbitzuak, Zuzendaritza Nagusiaren gaiei dagokienez, eginkizun hauek izanen ditu:

_Kontu-hartze Orokorrekoak, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean jasota dagoen bezala.

_Arau bidezko garapenerako proposamenak eta barne kontrolaren arloko prozedurak prestatzea.

_Barne kontrolaren arloan ezartzen den urteko plangintzaren proposamena eta exekuzioa.

_Foru Komunitateko Administrazioaren, haren erakunde autonomoen eta Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legeak aipatzen diren erakunde eta sozietateen finantzak kontrolatzea.

_Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen kontabilitate publikoa antolatzea.

_Nafarroako Kontu Orokorrak prestatzea.

_Indarra duten xedapenek haren gain uzten dituzten gainerako eginkizunak.

27. artikulua. Kontu-hartze Orokorraren Zerbitzuaren egitura.

Kontu-hartze Orokorraren Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:

a) Kontu-hartze Atala.

b) Kontabilitate Atala.

c) Auditoretza Atala.

d) Egitura Funtsen Finantza Kontrolerako Atala.

e) FEAGA-FEADER Dirulaguntzen Finantza Kontrolerako Atala.

28. artikulua. Kontu-hartze Atalaren eginkizunak.

1. Kontu-hartze Atalak, Zuzendaritza Nagusiaren gaiei dagokienez, eginkizun hauek izanen ditu:

_Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren menpeko erakundeen egintza, agiri eta espediente guztien kontu-hartzea, baldin eta haietatik ekonomiarekin zerikusia duten eskubide eta betebeharrak edo fondo nahiz baloreen mugimendua etor badaitezke.

_Departamentuetako kontu-hartzailetza delegatuen ekintzak koordinatzea.

_Kontu-hartzearen eginkizunak betetzeko behar diren arau eta irizpideak prestatzen laguntzea.

_Barne kontrolaren barruan ezartzen den urteko plangintzan parte hartzea.

_Indarra duten xedapenek haren gain uzten dituzten gainerako eginkizunak.

2. Kontu-hartzailetza Ataleko buruak kontu-hartzaile nagusiaren ordezkaritza iraunkorra izanen du kontu-hartzearen eginkizunaren berezko arloetan.

29. artikulua. Argitalpen Atalaren eginkizunak.

Kontabailitate Atalak, Zuzendaritza Nagusiaren gaiei dagokienez, eginkizun hauek izanen ditu:

_Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Kontu Planak prestatzea.

_Foru Komunitateko Administrazioak kontabilitateari buruz erabili behar dituen prozedura, liburu, erregistro eta agiriak zehaztea.

_Nafarroako Aurrekontu Orokorrak exekutatzeko eragiketen eta ondare arloko beste eragiketa batzuen ondoriozko kontabilitateko anotazioak kontrolatu eta gauzatzea.

_Kontabilitate Orokorra eta Aurrekontuena antolatu, ikuskatu eta sustatzea, Kontabilitate Publikoaren Plan Orokorreko printzipioen arabera.

_Aurrekontu Orokorren betearazteari eta Nafarroako Ogasun Publikoaren ondareari eta ekonomiari buruzko egoera orriak aldian-aldian azaltzea.

_Nafarroako Kontu Orokorrak eta ekonomiari nahiz ondareari buruzko gainerako agiri guztiak prestatzea.

_Indarra duten xedapenek haren gain uzten dituzten gainerako eginkizunak.

30. artikulua. Auditoretza Atalaren eginkizunak.

Auditoretza Atalak, Zuzendaritza Nagusiaren gaiei dagokienez, eginkizun hauek izanen ditu:

_Foru Komunitateko Administrazioaren, haren erakunde autonomoen eta Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko 8/1988 Foru Legean aipatzen diren erakunde eta sozietateen finantzak kontrolatzea. Kanpo geldituko dira Europar Batasunaren laguntzen finantza-kontrolaren gaineko eginkizunak.

_Comptos Ganberarekin koordinatzea eta lankidetzan aritzea, fiskalizazio eta kontrol eginkizunetan.

_Nafarroako Gobernuak bere esku uzten dituen auditoretza lanak, barrukoak nahiz kanpokoak, egin eta zuzentzea.

_Foru Komunitateko Ogasunaren kontuen eta baliabideen kudeaketaren fiskalizazioari buruz Comptos Ganberak egin txostenetan azaltzen dituen baldintzen jarraipena eta ondorio, gomendio eta irizpideen aplikazioaren kontrola.

_Finantza kontrolaren eginkizuna betetzeko behar diren arau eta irizpideak prestatzea.

_Finantza kontrolari buruzko urteko plana egitea.

_Indarra duten xedapenek haren gain uzten dituzten gainerako eginkizunak.

31. artikulua. Egitura Funtsen Finantza Kontrolerako Atalaren eginkizunak.

Egitura Funtsen Finantza Kontrolerako Atalak, Zuzendaritza Nagusiaren gaiei dagokienez, eginkizun hauek izanen ditu:

_Egitura-funtsen bitartez kofinantzatutako egintzak kontrolatzeko planak egin eta jarduketak egitea.

_Burututako jarduketen gaineko txostenak egitea.

_Txostenetako aholkuen jarraipena egitea.

_Estatuko zein Europar Batasuneko erakundeei informazioa ematea kontrol jarduketei buruz.

_Egindako jarduketen ondorioz sortzen diren dirua itzultzeko espedienteen segimendua egitea.

_Indarra duten xedapenek haren gain uzten dituzten gainerako eginkizunak.

32. artikulua. FEAGA-FEADER Dirulaguntzen Finantza Kontrolerako Atalaren eginkizunak.

FEAGA-FEADER Dirulaguntzen Finantza Kontrolerako Atalak, Zuzendaritza Nagusiaren gaiei dagokienez, eginkizun hauek izanen ditu:

_FEAGA-FEADER Dirulaguntzak kontrolatzeko jarduketak antolatu eta egitea.

_Burututako jarduketen gaineko txostenak egitea.

_Txostenetako aholkuen jarraipena egitea.

_Estatuko zein Europar Batasuneko erakundeei informazioa ematea kontrol jarduketei buruz.

_Egindako jarduketen ondorioz sortzen diren dirua itzultzeko espedienteen segimendua egitea.

_Indarra duten xedapenek haren gain uzten dituzten gainerako eginkizunak.

4. ATALA

Ondare Zerbitzua

33. artikulua. Ondare Zerbitzuaren eginkizunak.

Ondare zerbitzuak, Zuzendaritza Nagusiaren gaiei dagokienez, eginkizun hauek izanen ditu:

_Foru Komunitatearen ondare-ondasunak eta ondare-etekinak eskuratu, besterendu, kudeatu eta zaintzea.

_Sozietate eta enpresetako partaide den aldetik, Foru Komunitateari dagozkion eskubideak kudeatu eta kontrolatzea.

_Foru Komunitateko Administrazioak emandako berme eta abalak tramitatu, kontrolatu eta jarraipena egitea, administrazio honetako beste organo eta departamentu batzuen eskumenak galarazi gabe.

_Hornidura kontratuak kudeatzea, araudi indardunetan ezarritakoari jarraikiz.

_Kontratazio Publikoaren Batzordeko Idazkaritzari dagozkionak.

_Kontratazio publikoaren arloko koordinazio, aholkularitza eta kontrola eta garapenerako proposamena.

_Foru Komunitateko Administrazioaren higiezinen politikarako planak erredaktatu, kudeatu eta gainbegiratzea.

_Indarra duten xedapenek haren gain uzten dituzten gainerako eginkizunak.

34. artikulua. Ondare Zerbitzuaren egitura.

Ondare Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:

a) Ondarea Kudeatzeko Atala.

b) Obra eta Azpiegitura Atala.

c) Kontratazio Atala.

d) Afera Ekonomikoen Atala.

35. artikulua. Ondarea Kudeatzeko Atalaren eginkizunak.

Ondarea Kudeatzeko Atalak, Zuzendaritza Nagusiaren gaiei dagokienez, eginkizun hauek izanen ditu:

_Ondasunak kostu bidez eskuratu, errentan hartu, besterendu eta kargatzea, bai eta horiek afektatu, desafektatu, atxiki, atxikimendua kendu, destinoz aldatu eta besterengarri deklaratzea ere, Nafarroako Ondarea arautzen duen Foru Legean ezartzen den moduan.

_Foru Komunitateko jabari pribatuko ondasun eta eskubideak kudeatu eta administratzea, haien erabilera edo ustiapena beste organo edo pertsona batzuei eman ez bazaie, bai eta erabilera edo ustiapena besteri lagatzeko proposatzea ere.

_Foru Komunitateko Ondarekoak direla uste diren ondasun eta eskubide guztiak ikertzea, horien mugabanaketa egin eta mugarriak jartzea; haiek babestu, defendatu eta erreibindikatzea, hala nola haien gainean zehapenak jarri eta erantzukizunak eskatzeko ahalmenak.

_Foru Komunitateko Ondareko Ondasun eta Eskubideen Inbentarioa prestatu eta eguneratzea, bai eta horiek baloratu, haien egoera fisiko eta juridikoa argitu, eta behar diren erregistro publikoetan inskribatzea ere.

_Foru Komunitateko Ondareko ondasun edo eskubideak agertu edo gauzatzen dituzten dokumentu, eskritura eta balore-titulu guztiak eduki eta babestea.

_Zuzenean edo zeharka sozietate eta enpresetako partaide den aldetik, Foru Komunitateari dagozkion eskubideak kudeatu, erabili eta kontrolatzea, sozietate publikoak izan ala ez.

_Foru Komunitateko Administrazioak eman eta formalizatutako abalak eta horien bermeak tramitatu, kontrolatu eta jarraipena egitea, Foru Komunitateko Administrazioko beste organo eta departamentu batzuen eskumenak galarazi gabe.

_Indarra duten xedapenek haren gain uzten dituzten gainerako eginkizunak.

36. artikulua. Obra eta Azpiegitura Atalaren eginkizunak.

Obra eta Azpiegitura Atalak, Zuzendaritza Nagusiaren gaiei dagokienez, eginkizun hauek izanen ditu:

_Foru Komunitateko higiezinen Ondarea handitu, berritu eta kontserbatzea, behar diren proiektuak prestatu eta behar diren obrak gainbegiratu eta jarraitzearen bitartez.

_Proiektuak gainbegiratzeko bulegoek dituzten ohiko eginkizunak eta, oro har, indarra duten xedapenek gai horiei buruz bere esku uzten dituztenak.

_Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen hornidura eta kontsumo elektrikoaren arloko plangintza, aholkularitza eta kontrola.

_Nafarroako Foru Komunitatean eta haren erakunde autonomoetan energia aurreztera bideratutako jarduketak prestatzea.

_Indarra duten xedapenek haren gain uzten dituzten gainerako eginkizunak.

37. artikulua. Kontratazio Atalaren eginkizunak.

1. Kontratazio Atalak, Zuzendaritza Nagusiaren gaiei dagokienez, eginkizun hauek izanen ditu:

_Ondare Zerbitzuari dagozkion arloetan arauzko proiektuak prestatzea eta, beste Departamentu batzuekin elkarlanean arituz, kontratazio administratiboaren arloan.

_Kontratuak kudeatu eta zentralizatzeko proposamenak egitea.

_Kontratazio Publikoaren Batzordeko Idazkaritzaren eginkizunak.

_Kontratuen Erregistroa eramatea.

_Kontratazioen legezkotasuna begiratu eta behar diren neurriak hartzea, ahalik eta koordinazio, ekonomia eta efikaziarik handiena lortzeko Foru Komunitateko Administrazioak sinatzen dituen kontratuetan, eta bereziki hornidurakoetan.

_Ekonomia eta Ogasun Departamentuak esleitzen dituen hornidura kontratazioen espedienteak tramitatzea.

_Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen ondare-erantzukizuneko asegurua eta kalte asegurua kontratatzeko espedienteak (Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarena eta haren menpeko zentroena, lehenengo aseguruari dagokionez) tramitatzea.

_Ekonomia eta Ogasun Departamentuak tramitatzen dituen kontratazio espedienteetan aholkularitza juridikoa ematea.

_Ondare-erantzukizuneko espedienteak tramitatzea, horien ebazpena Ekonomia eta Ogasun Departamentuari badagokio.

_Hornidura-kontratuak sinatzea Kontratu publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legeko 36. artikuluko 3. atalean ezarritakoa oinarri harturik.

_Indarra duten xedapenek haren gain uzten dituzten gainerako eginkizunak.

2. Kontratazio Ataleko titularra ez baldin badago, eri badago edo bere postua hutsik badago, eskumena izanen du Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Ondare Zerbitzuko zuzendariak.

38. artikulua. _Afera Ekonomikoen Atalaren eginkizunak.

Afera Ekonomikoen Atalak, Zuzendaritza Nagusiaren gaiei dagokienez, eginkizun hauek izanen ditu:

_Aurrekontua prestatu, kudeatu eta kontrolatzea.

_Kontabilizazio orokorra eta aurrekontuarena.

_Giza baliabideak antolatu eta kudeatzea.

_Ondarea osatzen duten ondasunen ustiapenaren ondoriozko kudeaketa ekonomikoa.

_Laguntza administratiboa.

_Indarra duten xedapenek haren gain uzten dituzten gainerako eginkizunak.

IV. KAPITULUA

Nazioarteko Garapeneko Zuzendaritza Nagusia

1. ATALA

Eskumenen esparru materiala eta egitura

39. artikulua. Landa Garapenerako Zuzendaritza Nagusiaren eskumen-esparru materiala.

Nazioarteko Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak, Nafarroako Foru Komunitateak esparru honetan dituen eskumenen barruan, foru dekretu honetan ezarritako eskurantzak ditu ondoko arlo hauetan:

_Nafarroako Gobernuak erabakitako Europar Batasuneko nazioarteko foro eta erakundeetan parte hartzea, eta baita esparru guztietan haiek dituzten politika ekonomikoen jarraipen lehenetsia ere, Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuak gauzatuko baitu.

_Kanpo finantzaketa eskuratzea.

_Europako eta nazioarteko esparruko era guztietako proiektu ekonomiko, lanketzatzako eta partaidetzakoak bultzatzea, Nafarroako Gobernuko departamentuekin eta Foru Komunitateko eragile ekonomiko eta sozialekin koordinaturik.

_Lankidetzan aritzea Nafarroako erakunde sozial, ekonomiko eta enpresa arlokoekin Nafarroako Gobernuak nazioarteari begira erabakitzen dituen ekimen eta jardueretan parte hartzeko eta Nafarroaren irudi ekonomikoa Europar Batasunean eta nazioartean sustatu eta indartzeko.

_Foru Komunitateko Administrazioaren unitate organikoak koordinatzea, Europar Batasunaren erakundeekin edo nazioartekoekin dituzten harremanetan.

_Foru Komunitatearen esparruan Europako Batasunaren edo nazioarteko beste erakundeen ekinbideak koordinatu, kontrolatu, haien jarraipena egin eta ebaluatzea.

40. artikulua. Nazioarteko Garapeneko Zuzendaritza Nagusiaren egitura.

1. Nazioarteko Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak zerbitzu hauek ditu bere egituran:

a) Europako Ekintzaren Zerbitzua.

b) Nazioarteko Programen eta Proiekzioaren Zerbitzua.

2. Nafarroako Gobernuaren Bruselako Ordezkaritzaren Zuzendaritza Nagusiari atxikia da.

2. ATALA

Europako Ekintzaren Zerbitzua

41. artikulua. Europako Ekintzaren Zerbitzuaren eginkizunak.

Europako Ekintzaren Zerbitzuak, Zuzendaritza Nagusiaren gaiei dagokienez, eginkizun hauek izanen ditu:

_Nafarroako Foru Komunitatean eragina duten Europar Batasuneko eskualdez eta nazioz gaindiko politiken jarraipena egitea.

_Foru Komunitateko Administrazioak burututako proiektu eta jardueretako edo Nafarroarentzat interesa dutenetarako, Europaren esparruko nazioz gaindiko edo nazioarteko erakundeetatik heldu den kanpo finantzaketa lortzea.

_Europaren esparruan nazioarteko edo erregioarteko lankidetza ekonomikorako ekinbideak bideratzea.

_Foru Komunitateko Administrazioaren unitate organikoak koordinatzea, Europaren esparruko erakundeetatik heldu den finantzaketa lortzeko asmoz.

_Foru Komunitatearen esparruan Europar Batasuneko programak eta ekinbideak koordinatu, kontrolatu, haien jarraipena egin eta ebaluatzea.

_Gastuen hautagarritasunaren kontrola eta jarraipena.

_Indarra duten xedapenek haren gain uzten dituzten gainerako eginkizunak.

42. artikulua. Europako Ekintzaren Zerbitzuaren egitura.

Europako Ekintzaren Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:

a) Europar Batasuneko Programa eta Ekinbideen Atala.

b) Europako Lankidetzako Proiektuen Atala.

c) Europako Prozeduren eta Dokumentazioaren Atala.

43. artikulua. Europar Batasuneko Programa eta Ekinbideen Atalaren eginkizunak.

Europar Batasuneko Programa eta Ekinbideen Atalak, Zuzendaritza Nagusiaren gaiei dagokienez, eginkizun hauek izanen ditu:

_Europar Batasuneko operazio programen eta bestelako instrumentuen idazketa eta tramitazioa, Nafarroako Landa Garapenerako Programa salbu, hain zuzen ere Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak tramitatu eta kudeatuko baitu programa hori.

_Operazio programa eta instrumentu horien exekuzioaren jarraipena egitea.

_Departamentu, unitate eta entitate exekutatzaileekin koordinaturik parte hartzea Programen Jarraipeneko Batzordeetan.

_Europar Batasunarekin batera finantzatutako Programen dirusarreren kontrola egitea.

_Estatuaren eskualde politikarekin eta inbertsio publikoei buruzkoarekin ekonomia eta finantza aldetik koordinatzea, eta Europar Batasuneko funtsekin batera finantzatu behar diren gastu eta dirusarreren proiektuei _eta berariaz Kohesio Funtsei, Programei eta ekinbideei dagozkien proiektuei_ buruzko proposamenak prestatzea.

_Finantziazio europarrak programa, plan, proiektu eta ekimen kofinantzatuetan duen eraginkortasuna ebaluatzea.

_Dirulaguntzen espedienteetako gastu eta ordainketak kontrolatu eta espediente horietan eskatzen diren ziurtagiriak egiaztatzea.

_Indarra duten xedapenek haren gain uzten dituzten gainerako eginkizunak.

44. artikulua. Europako Lankidetzako Proiektuen Atalaren eginkizunak.

Europako Lankidetzako Proiektuen Atalak, Zuzendaritza Nagusiaren gaiei dagokienez, eginkizun hauek izanen ditu:

_Nafarroako Gobernuak Europar Batasunaren ekimenetan eta proiektu berezietan parte hartzearen inguruko espediente, plan eta proiektuak prestatu, kudeatu, koordinatu, tramitatu, kontrolatu eta jarraipena egitea; hori eginen du berak edo beste administrazio publiko batzuekin, beste agente ekonomiko eta sozial batzuekin eta haietan parte hartzeko legitimatuta dauden beste erakunde batzuekin itunduta edo lankidetzan arituz.

_Parte hartzearen ondoriozko dirusarrera eta gastuak kontrolatzea.

_Hala denean, finantziazio europarrak programa, plan, proiektu eta ekimen kofinantzatuetan duen eraginkortasuna ebaluatzea.

_Europar Batasuneko erregioarteko lankidetzako erakundeetako kide izateari loturiko jarduketak eta Pirinio Atlantiarren Kontseilu Nagusiarekin eta Akitaniako Herrialdeko Kontseiluarekin sinaturiko Mugaz gaindiko Lankidetza Hitzarmenen kudeaketa.

_Indarra duten xedapenek haren gain uzten dituzten gainerako eginkizunak.

45. artikulua. Europako Prozeduren eta Dokumentazioaren Atalaren eginkizunak.

Europako Prozeduren eta Dokumentazioaren Atalak, Zuzendaritza Nagusiaren gaiei dagokienez, eginkizun hauek izanen ditu:

_Nafarroako Gobernuaren laguntza publikoaren arloko foru legeria koordinatu, kontrolatu eta jarraitzea, Kanpo Arazoetarako Ministerioko Europako Erkidegoetarako Estatu Idazkaritzarekin lanean, haiek Batzordeari jakinarazteko prozeduraren arabera.

_Batasuneko esparru juridiko eta jurisprudentzialaren jarraipena egitea politika horizontalen arloan, hala nola laguntza publikoen araubideak, fiskalitatea, enpresa publikoak, ingurumen politika, uren arloa, aurkera berdintasuna.

_Europar Batasunaren legeria, dokumentazioa eta informazioa biltzea, Batasunari buruzko agiri-funtsa eguneraturik izatearren.

_Europar Batasunari buruzko informazioa Nafarroako Gobernuko departamentuetara eta Foru Komunitateko sektore ekonomiko eta sozialetara zabaltzea.

_Nafarroako Foru Komunitatean ondorioa duen Batasuneko legerian zerikusia duten foro eta batzordeetan izanen den ordezkaritza teknikoari laguntza ematea.

_Indarra duten xedapenek haren gain uzten dituzten gainerako eginkizunak.

3. ATALA

Nazioarteko Programen eta Proiekzioaren Zerbitzua

46. artikulua. Nazioarteko Programen eta Proiekzioaren Zerbitzuaren eginkizunak.

Nazioarteko Programen eta Proiekzioaren Zerbitzuak, Zuzendaritza Nagusiaren gaiei dagokienez, eginkizun hauek izanen ditu:

_Nafarroako Foru Komunitatean eragina duten Europar Batasuneko eskualdez eta nazioz gaindiko politiken, programen, proiektuen eta ekinbideen jarraipena egitea.

_Foru Komunitateko Administrazioak burututako proiektu eta jardueretako edo Nafarroarendako interesa dutenetarako, nazioz gaindiko edo nazioarteko erakundeetatik heldu den kanpo finantzaketa lortzea.

_Foru Komunitateko Administrazioaren unitate organikoak koordinatzea, nazioz gaindiko edo nazioarteko erakundeetatik heldu den finantzaketa lortzeko asmoz, eta nazioarteko esparrurako ekinbideak diseinatzea.

_Nafarroaren irudi ekonomikoa Europar Batasunean eta nazioartean sustatu eta indartzea.

_Indarra duten xedapenek haren gain uzten dituzten gainerako eginkizunak.

47. artikulua. Nazioarteko Programen eta Proiekzioaren Zerbitzuaren egitura.

Nazioarteko Programen eta Proiekzioaren Zerbitzuak Nazioarteko Erakundeen eta Sustapenaren Atala izanen du.

48. artikulua. Nazioarteko Erakundeen eta Sustapenaren Atalaren eginkizunak.

Nazioarteko Erakundeen eta Sustapenaren Atalak, Zuzendaritza Nagusiaren gaiei dagokienez, eginkizun hauek izanen ditu:

_Nazioarteko esparruko era guztietako proiektu ekonomiko, lankidetzako eta partaidetzakoak bultzatzea, Nafarroako Gobernuko departamentuekin eta Foru Komunitateko eragile ekonomiko eta sozialekin koordinaturik.

_Nafarroako Foru Komunitatean eragina duten nazioarteko programen, proiektuen eta ekinbideen kudeaketan elkarlanean aritzea.

_Kanpo finantzaketa lortzeko kudeaketan elkarlanean aritzea eta Foru Komunitateko Administrazioaren unitate organikoak koordinatzea, nazioz gaindiko edo nazioarteko erakundeetatik heldu den finantzaketa lortzeko asmoz, eta nazioarteko esparrurako ekinbideak diseinatzean.

_Lankidetzan aritzea Nafarroako erakunde sozial, ekonomiko eta enpresa arlokoekin, Nafarroako Gobernuak nazioarteari begira erabakitzen dituen ekimen eta jardueren sustapenean parte hartzeko.

_Indarra duten xedapenek haren gain uzten dituzten gainerako eginkizunak.

V. KAPITULUA

Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusia

49. artikulua. Idazkaritza Tekniko Nagusiaren egitura.

Idazkaritza Tekniko Nagusiak atal hauek ditu bere egituran:

a) Araubide Juridikoaren Atala.

b) Araubide Administratiboaren Atala.

50. artikulua. Araubide Juridikoaren Atalaren eginkizunak.

Araubide Juridikoaren Atalak, Zuzendaritza Nagusiaren gaiei dagokienez, eginkizun hauek izanen ditu:

_Aginduzko txosten juridikoak egitea beharrezko duten espedienteetan, bai eta eskatzen zaion beste edozein ere.

_Departamentuko kontseilariari, zuzendari nagusiei eta zerbitzuetako zuzendariei aholku juridikoa ematea.

_Departamentuan tramitatzen diren errekurtsoei buruzko txostenak egitea.

_Departamentuari dagozkion gaiei buruzko arauen bilduma egin eta mantentzea.

_Departamentuari berez dagozkion gaietako jurisprudentziaren, doktrinaren eta interes juridikoko informazioen segimendua, bilketa eta zabalkundea egitea.

_Indarra duten xedapenek haren gain uzten dituzten gainerako eginkizunak.

51. artikulua. Araubide Administratiboaren Atalaren eginkizunak.

Araubide Administratiboaren Atalak, Zuzendaritza Nagusiaren gaiei dagokienez, eginkizun hauek izanen ditu:

_Nafarroako Kontseiluaren irizpena behar duten departamentuaren aferen kasuan, haien gaineko espedienteak gainbegiratu eta igortzea.

_Departamentuko organoek onetsitako foru aginduak eta ebazpenak erregistratu, artxibatu eta gordetzea.

_Departamentuko erregistro eta artxibo administratiboak antolatzeko irizpideak ezartzea eta haiek koordinatzea, gai horietan eskumena duten gainerako unitate organikoekin elkarlanean.

_Herritarrei Departamentuaren jarduerei buruzko informazio orokorra emateko lanak koordinatu eta bultzatzea ikuspuntu korporatibotik, gaur egun eskura dauden bideak eta etorkizunean sor daitezkeenak erabiliz, gai horretan eskumena duen unitatearekin koordinaturik eta hark ezarritako gidalerroei jarraikiz.

_Indarra duten xedapenek haren gain uzten dituzten gainerako eginkizunak.

VI. KAPITULUA

Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboa.

52. artikulua. Eskumenak.

Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboak uztailaren 2ko 178/2001 Foru Dekretuaren eranskineko 20. artikuluak ematen dizkion eskumenak izanen ditu. Auzitegiko buruak Foru Komunitatearen Administrazioko Zerbitzuko zuzendari kategoria izanen du, eta auzitegiko kideek eta idazkariak Foru Komunitatearen Administrazioko atalburuen parekoa.

Lehen xedapen gehigarria._Eskumenak banatzeko betebehar orokorrak.

Indarra duten arauek organo bati ematen dizkioten eskumenak uzten ahal zaizkie menpe dauden beste organo batzuei, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko den ebazpen orokor baten bitartez, eskumenak esleitzeko arauetan finkatutako baldintzak bete beharra galarazi gabe.

Ekonomia eta Ogasun kontseilariak eraginik gabe utz dezake xedapen gehigarri honetan aipatzen den eskumenen banaketa foru agindu baten bidez. Foru agindu hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da.

Bigarren xedapen gehigarria._Izendapenak.

1. Berretsi egiten dira, egin ziren baldintza berberetan, ondoko izendapen hauek:

_Aurrekontu eta Diruzaintza Zerbitzuko zuzendariarena, Aurrekontuen eta Finantza Politikaren Zerbitzuko zuzendaria izanen baita haren izena hemendik aurrera.

_Kanpo Ekintzarako Zerbitzuko zuzendariarena, Europako Ekintzaren Zerbitzuko zuzendaria izanen baita haren izena hemendik aurrera.

_Kohesio Fondoaren eta Egitura Fondoen Finantza Kontrolerako Ataleko buruarena, Egitura Funtsen Finantza Kontrolerako Ataleko burua izanen baita haren izena hemendik aurrera.

_FEOGA-Bermearen Dirulaguntzen Finantza Kontrolerako Ataleko buruarena, FEAGA-FEADER Dirulaguntzen Finantza Kontrolerako Ataleko burua izanen baita haren izena hemendik aurrera.

_Azpiegitura Ataleko buruarena, Obra eta Azpiegitura Ataleko burua izanen baita haren izena hemendik aurrera.

_Kontratazio eta Aseguruen Ataleko buruarena, Kontratazio Ataleko burua izanen baita haren izena hemendik aurrera.

_Afera Ekonomikoen eta Araubide Administratiboaren Ataleko buruarena, Afera Ekonomikoen Ataleko burua izanen baita haren izena hemendik aurrera.

_Nazioz gaindiko Lankidetza eta Erakundeen Ataleko buruarena, Europako Lankidetzako Proiektuen Ataleko burua izanen baita haren izena hemendik aurrera.

_Kanpo Informaziorako Ataleko buruarena, Europako Prozeduren eta Dokumentazioaren Ataleko burua izanen baita haren izena hemendik aurrera.

_Kudeaketarako eta Laguntza Teknikorako Ataleko buruarena, Nazioarteko Erakundeen eta Sustapenaren Ataleko burua izanen baita haren izena hemendik aurrera.

2. Azpiegutura Estatistikoaren Atal berriak Ekonomia eta Ogasun Departamentuko atalek gaur egun duten dedikazio araubidea izanen du.

Hirugarren xedapen gehigarria._Unitate administratiboen iraupena.

Foru Dekretu hau garatzeko neurriak hartu bitartean, Atalarena baino maila txikiagokoak diren unitate organikoek berdin jarraituko dute eta oraingo izenari eta eginkizunei eutsiko diete eta egitura berriaren organoei atxikiko zaizkie betetzen zituzten eginkizunen arabera.

Xedapen indargabetzailea._Arauak indargabetzea.

Foru Dekretu honen kontrako maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak indarrik gabe gelditzen dira, eta, bereziki, Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen otsailaren 24ko 40/2005 Foru Dekretua.

Azken xedapenetako lehena._Garatzeko ahalmenak.

Ekonomia eta Ogasun kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu honetan ezarritakoa garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena._Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2007ko irailaren 3an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Alvaro Miranda Simavilla.

Iragarkiaren kodea: F0713644