107. ALDIZKARIA - 2007ko abuztuaren 29a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

IRUÑA

Udalaren kirol-instalazioak erabiltzeko erregelamendua. Behin betiko onespena

Iruñeko Udalaren kirol-instalazioak erabiltzeko erregelamenduaren hasiera bateko onespenaren jendaurreko epean alegaziorik aurkeztu ez denez, erregelamendu hori behin betiko onetsitzat jotzen da, betiere ondoko behin betiko testuarekin bat:

IRUÑEKO UDALAREN KIROL-INSTALAZIOAK ERABILTZEKO ERREGELAMENDUA

ATARIKO TITULUA

1. artikulua. Xedea.

Hona arau hauen xedea: Hala Iruñeko Udalaren kirol-instalazioen erabilera eta funtzionamendua nola erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak arautzea.

Erregelamendu hau Udalaren kirol-instalazio guztietan aplikatuko da, haren arauetan zer ezarri eta horren arabera.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

2. artikulua. Kontzeptua.

1. Udalaren kirol-instalaziotzat kirola, kultura fisikoa edo kirol aisia berariaz egiteko erabiltzen diren Iruñeko Udalaren eraikinak, pabiloiak, gelak, barrutiak, zelaiak, pistak eta dotazioak oro jotzen dira, betiere barne hartuta kirol-jarduera egiteko osagarriak edo funtzionalki beharrezkoak diren ekipamendu-guneak.

2. Halaber, halakotzat joko dira, erregelamendu honen aplikaziorako, kirol-instalazioak izan gabe unean-unean kirol jarduerak egiteko atontzen diren guneak, bai eta beste hainbat kirol-instalazio ere, baldin eta Udalarenak izan gabe edozein titulu juridikoren bitartez Iruñeko Udalari haien kudeaketa lagatu badiote. Halako kasuan, instalazio horiek erregelamendu honek ezarritakoari eginen diote men, salbu lagapenak kudeaketarako araubide propioa ezartzen badu.

3. artikulua. Ondasunen kalifikazio juridikoa eta kirol-instalazioetarako sarrera.

1. Tokiko entitateen ondasunei buruz foru-araudian ezarritakoarekin bat, Udalaren kirol-instalazioak erabilera publikoari edo kirolaren zerbitzu publikoa emateari atxikitako jabari publikoko ondasuntzat joko dira.

2. Kirol-instalazioetara, haien kudeaketa-sistema edozein izanik ere, libreki sartzen ahalko dira herritarrak, banaka zein taldeka, eta muga bakarrak legeetan edo erregelamendu honetan ezarritakoak izanen dira. Hori horrela, hala pertsona fisikoek nola juridikoek erabiltzen ahalko dituzte.

3. Nolanahi ere, ondokoek mugatuko dute kirol-instalazioetara sartzea: instalazio bakoitzak duen edukiera, unean-unean ezar daitezkeen edukiera-mugak eta kasuan kasuko jarduera egiteko edo kirol-instalazioa erabiltzeko ezarri diren prezio publikoen ordainketa, ordaindu behar izanez gero.

Halaber, ikusleendako jardueretan eta ikuskizunetan aplikagarri den berariazko araudiak ere mugatuko du sartzea, betiere erregelamendu honek ezarritako lehentasun-ordenarekin bat.

4. artikulua. Instalazioen sailkapena.

1. Instalazioen ezaugarriak eta erabilera-baldintzak nolakoak, Udalaren kirol-instalazio publikoak erabilera arautuzkoak edo erabilera irekikoak izan daitezke. Udalaren organo eskudunak sailkatuko ditu instalazioak erabilera batean edo bestean.

2. Erabilera arautuzko kirol-instalazioak araubide zehatz bati men egiten diotenak dira, betiere lehentasunezko irizpideekin bat, eta, kasuan-kasuan, instalazioak erabiltzeko ezarritako prezioak ordaintzeko betebeharra dakarte.

3. Erabilera irekiko instalazioak erabiltzeko baldintzarik ez dutenak dira. Instalazio horiek erregelamendu honetatik kanpo gelditzen dira; dena dela, Udalaren organo eskudunak erabilera-erreserbak ezartzen ahal ditu, berezko beharrak direnean edo hainbat entitatek edo pertsonek erreserbak eskatzen dituztenean.

4. Eskoletako kirol-instalazioak erabilera arautuzkoak izanen dira, instalazio-mota zein den eta Udalak kirol-instalazio horietan zer erabilera programatu dituen, betiere erregelamendu honen Eskoletako kirol-instalazioak izenburuko III. tituluan agindutakoarekin bat. Bestela, erabilera irekikoak izanen dira.

5. artikulua. Erabilera.

1. Hona Udalaren kirol-instalazioen jomugak: eskoletako kirol-jarduera fisikoa, herritarren aisialdirako kirolak, kirol-erakustaldiak, kirol-lehiak eta errendimendu altuko kirolak, baita horiek profesionalak direnean ere.

2. Arau orokor gisara, kirol-instalazio bakoitza zein kiroletarako izan eta horiek bakarrik egiten ahalko dira bertan, bai eta, Udalaren baimenik aurretik izanez gero, teknikoki egitea posible den beste edozein kirol ere.

3. Dagozkien kirol-erabilerak gorabehera, Udalaren kirol-instalazioetan kirolezkoak ez diren bestelako jarduerak egiteko baimena eman ahalko da, baldin eta dauden azpiegiturekin bateragarriak badira, eta xedatu diren baldintza partikularrekin bat, betiere ohiko funtzionamenduarekin trabarik ez egiten ahaleginduta.

II. TITULUA

Erabilera arautuzko udalaren kirol-instalazioak

I. KAPITULUA

Araubide orokorra

6. artikulua. Egutegia.

Erabilera arautuzko kirol-instalazioak noiz ireki eta haien jardunaren nondik norakoak urtez urte ezartzekoak diren egutegiak, ordutegiek eta erabilerek zehaztuko dituzte.

7. artikulua. Erabiltzeko modua.

Erabilera arautuzko Udalaren kirol-instalazioak erabiltzeko, horri dagokion arauan ezarritako prezio publikoa ordaindu behar da.

Instalazioak, erregelamendu honetan jasotako arauekin bat, pertsona fisikoek zein juridikoek erabiltzen ahalko dituzte.

Nolanahi ere den, debeku da ondoko objektuak erakustea edo erabiltzea Udalaren kirol-instalazioetan:

_Haien edukina edo esanahia dela-eta, bortizkeriara akuilatzen duten pankartak, sinboloak, ikurrak edo hitzak.

_Armak edo arma gisara erabil daitezkeen objektuak.

_Bengalak edo su artifizialak.

_Arauz debekatzen diren beste edozein objektu edo tresna.

8. artikulua. Eskaerak eta baimenak

1. Erabilera arautuzko kirol-instalazioak erabiltzeko ezinbestekoa izanen da aldez aurretik horretarako baimena izatea.

2. Egun bateko erabileretarako, interesdunek kasuan kasuko instalazioan bertan eskatuko dute hori erabiltzeko baimena, betiere erabilgarri dagoen ordutegian; horretarako betekizun bakarra instalazioko langileekin harremanetan jarri eta ezarritako prezioa aldez aurretik ordaintzea da. Epeak eta baldintzak urte bakoitzeko arauek eta egutegiak ezarriko dituzte.

3. Jarraikoak ez diren erabileren kasuan, hau da, hilabete batez baino gutxiagoz erabiltzeko eskaeretan, erabiltzeko eskaera idatziz egin beharko da, kasuan kasuko instalazioa noiz erabiliko eta hori baino gutxienez hamabost egun lehenago. Prezioa behin erabilera baimendu eta hori gauzatu baino lehen ordaindu behar da.

4. Erabilera jarraia denean, edo denboraldi osorako, kirol-denboraldia hasi baino lehen, Iruñeko Udalak erabilera arautuzko instalazioen esleipena arautzeko deialdi publikoa iragarriko du. Behin Udalaren organo eskudunak esleipena onetsita, nahi duenak baja hartzen ahalko du, egoki iruditzen zaion datan, betiere Udalari idatziz jakinarazita.

5. Aldi berean instalazio bat erabiltzeko lehian ari badira bateraezinak diren bi eskaera edo gehiago, haien arteko lehentasunaz bezainbatean ebazteko, 12. artikuluak ezarritakoari erreparatuko zaio, eta, berdinketarik izanez gero, garatu beharreko jarduerek gizartean duten ohiartzuna baloratuko da.

6. Udalaren kirol-instalazioak erabiltzeko baimena edo bide ematea beste inori besterendu ezin zaion eskubidea da; horrenbestez, baimenaren titularrek ezin izanen dizkiote emandako erabilerak inori lagatu, ezta inorekin elkartrukatu ere, salbu Udalaren onespena dutenean.

7. Erabili beharreko instalazioa edo materiala egoera txarrean egonez gero, hainbesteraino ezen edozein kirol-jarduera egitea ezinezko edo arriskugarri izanen baita, ordaindutako zenbatekoa itzultzeko edo beste batean erabiltzeko eskatzen ahalko da, inolako kargurik gabe, betiere jarduera egiteko aurreikusi den data baino zortzi egun lehenago eskatuta, eta dena delako jarduera egiteko instalazioa eta ordutegia libre badira. Aipatu aldaketa ezarritako epearen baitan eskatu ezean, erabiltzaileak galduko ditu bere eskubideak.

Orobat, kirol-instalazioetan ustekabean konponketarik egin behar izanez gero, saiatuko da, ahal delarik, antzeko ezaugarriak dituen beste kirol-espazio bat eskaintzen. Hori posible ez balitz, erabiltzaileak eskubidea izanen luke kasuan kasuko prezio publikoa itzul diezaiotela eskatzeko.

Nolanahi ere, interesdunari egozten ahal zaion zio batengatik ez badu erreserbatutako instalazioa erabiltzen, horrek ez du salbuetsiko ezarritako prezioa ordaindu beharretik, eta ez du eraginen ordaindutako zenbatekoaren itzulketa, ez zenbateko osoarena ez parte batena ere.

8. Udalaren kirol-instalazioak erabiltzeko baimena, dena dela, Iruñeko Udalaren beharrek mugatuko dute.

9. Iruñeko Udalak beretzat gorde du emandako erabilerak Udalaren interesengatik aldatzeko edo baliogabetzeko ahalmena, bai eta zerbitzua aldi baterako bertan behera uztekoa ere, interesdunei eragin ahal izan dizkien kalteak direla-eta erantzun beharrik gabe, salbu ordaindutako prezioak interesdunei proportzioan itzuli behar izatea.

9. artikulua. Beste erabilerak.

1. Salbuespen gisara, Udalaren kirol-instalazioak ezarritako ohiko ordutegitik edo egutegitik kanpo erabiltzea baimentzen ahalko da.

2. Kirol-jarduerarik ezohiko ordutegi edo egutegietan eginez gero, betiere Iruñeko Udalaren ekimenaz ez den orotan, erabilera horretarako ezarritako prezioa handitu eginen da, eta erabilitako ordu guztiak zenbatuko dira, hala gertakizuna edo ikuskizuna prestatzekoak nola hori gauzatzekoak.

3. Udalaren kirol-instalazioetan egin beharreko jardueretan -horiek kirolezkoak izan edo ez- muntatze- eta desmuntatze-lanik behar izanez gero, halako eginkizunetan erabilitako denbora ere zenbatuko da, eta horrek ezarritako prezioa handiagotuko du. Halaber, prezioa handiago izanen da, baita ere, instalazioen lagapenak berekin dakarrenean instalazioaren ardura duten langileen ekarpena.

Muntatze eta desmuntatze lanak kirol-instalazioaren erabiltzailearen kontura joanen dira, eta berak eginen ditu, instalazioaren ardura duten langileen ikuskapenaren pean. Halaber, bere kontura joanen dira, baita ere, zaintza, garbiketa, elektrizitatea hartzea eta kontsumoa, ekipamenduak muntatu zein desmuntatzeko zerbitzuak, eta jarduera bera egiteak eragindako gastuak.

10. artikulua. Objektuen eta ekipajeen zaintza.

1. Iruñeko Udalak ez du ardurarik hartuko Udalaren kirol-instalazioetan galdu edo narriatu diren objektu pertsonalen gainean, eta aholku ematen du Udalaren kirol-instalazioetara ez eramateko balio duten objekturik.

2. Armairu automatikoak dituzten instalazioetan erabiltzailearen ardura izanen da hala armairuko giltza nola jantzi-gordelekuko identifikazio-gakoa gordetzea; horiek horrela, Udalak ez du bere ardurapean hartuko jantzi-gordelekuko identifikazio-gakoa edo giltza galtzeak ekarritako ondoriorik.

3. Armairuko giltza edo jantzi-gordelekuko identifikazio-gakoa galduz gero, egunaren amaiera arte itxoin beharko da, armairua ireki eta barruan dagoena emateko, salbu seguru denean bertan dauden objektuen benetako jabea erreklamatzen duen pertsona dela.

4. Debeku da armairuak egun batetik bestera okupatzea; hortaz, instalazioa ixten denean bertako langileek erretiratu eginen dituzte armairuetako objektuak, eta objektu galdutzat joko dituzte.

5. Udalaren kirol-instalazioetan jasotako objektuak bertako bulegoetan geldituko dira, gordailuan, hamabost egunez; behin denbora hori igarota, objektu galduen Udalaren bulegora eramanen dira.

11. artikulua. Erabilera-murrizketak eta debekuak.

1. Aldageletan baino ezin izanen da arropaz aldatu, non eta instalazioetako langileek erabiltzaile bakoitzari edo erabiltzaile multzoari zein aldagela eman eta hor bertan.

2. Parket edo zoru sintetikoa duten instalazioetara kirolezko jantzi eta oinetakoekin sartzen ahal da bakarrik, eta inolaz ere kalekoez jantzita. Kaleko arropa eta oinetakoekin igarobideetan eta ikusleei gordetako aldeetan baino ezin daiteke egon.

3. Debeku da kirol-instalazioetara bizikleta, ziklomotor, patin, monopatin eta abarrik sartzea, salbu hainbat instalazio jakin batzuetara edo programatu den jarduera jakin bat dela-eta horretarako baimena espreski eman bada.

4. Debeku da erretzea, edari alkoholdunak edatea eta jatea, bai eta hondarrik sortzen duten edozein egintza egitea ere, salbu hori egiteko baimena eman den aldeetan.

5. Kiroldegietako jolasleku, frontoi eta antzeko instalazioetatik at ezin izanen da inolako kirol-jarduerarik edo jokurik egin, horiek erabiltzaileak eta ikusleak egoteko eta bertatik igarotzeko aldeak baitira.

6. Udalaren kirol-instalazioetara ezin dira animaliak sartu.

12. artikulua. Erabilera-lehentasunak.

1. Kirol-instalazioak lehentasunez erabiltzeko irizpideen arabera erabiliko dira, betiere jarraian ezarritako lehentasun-ordenarekin bat, aurkeztutako eskaerek zer xede duten eta Udalaren beharrak nolakoak diren kontuan hartuta.

2. Eskola orduetan, Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako ikasleek izanen dute Udalaren kirol-instalazioak erabiltzeko lehentasuna, Gorputz-hezkuntzako curriculumean jasotako programak gauzatze aldera.

3. Instalazioak ordu berean erabiltzeko hainbat eskaera izan eta horiek dagoen espazio-edukiera gainditzen badute, instalazioetatik hurbilen dauden Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoek izanen dute lehentasuna.

4. Lehen Hezkuntzako ikastetxe pribatuetako edo Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publikoetako nahiz pribatuetako ikasleek eskola orduetan Udalaren kirol-instalazioak erabili ahal izatea Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleek erabili beharrak baldintzatuko du.

5. Eskolaz kanpoko orduetan, Udalaren kirol-instalazioak ondokoetarako erabiliko dira, hurrenez hurren: Kirol-hastapen eta sustapeneko Udalaren programak garatzeko (halako programetan nahi duten herritarrek orok hartzen ahal dute parte, muga bakarra izanik instalazioak berak dituenak edo programak berak ezartzen dituenak), Iruñeko kluben eta kirol elkarteen beharrak asetzeko, eta herritarren aisialdi-kirolerako.

6. Iruñeko klubek eta kirol-elkarteek erabiltzeko lehentasuna ondoko irizpideen arabera zehaztuko da:

a) Espazioa kasuan kasuko kirolerako egokia izatea.

b) Eskaera egin duen klub edo elkartearen maila handieneko taldea zein kategoriatan dagoen, betiere instalazioa erabili nahi badu.

c) Zenbat talde ari diren parte hartzen, beste kategorietan.

III. KAPITULUA

Berariazko funtzionamendu-arauak

Oro har, berezko funtzionamendu-arauak behar dituzten kirol-ekipamendu guztien funtzionamendua arautzen ahalko du Udalak.

LEHEN ATALA

Kiroldegiak eta erabilera anitzeko aretoak

13. artikulua. Kiroldegiak eta erabilera anitzeko aretoak.

Erabilera anitzeko aretoak, gimnasioak eta kiroldegiak printzipio orokorrei egiten diete men, oinarrizko kirol-instalazioak baitira.

14. artikulua. Muskulazio-gelak.

Hona Udalaren muskulazio-gelak erabiltzeko berariazko murrizketak, debekuak eta gomendioak:

_16 urtetik beherakoak ezin izanen dira aretoetara sartu, ezta gailurik erabili ere, salbu haiekin batera Gorputz-hezkuntzako irakasle bat badago.

_Muskulazio-geletara bertan jardun behar duten pertsonak bakarrik sar daitezke.

_Muskulazio-geletara ezin izanen dira eraman poltsa, bizkar-zorro edo bertan jarduteko beharrezkoa ez den beste edozein elementurik, ez eta gainerako erabiltzaileei traba egiten ahal dien edo instalazioaren funtzionamendu-araubiderako desegokia izan daitekeen ezer ere.

_Segurtasun eta higiene zioak direla bide, erabiltzaileei eskularruak erabiltzeko gomendioa egiten zaie; horrez gain, derrigorrezkoa da eskuohiala edo horren baliokidea erabiltzea.

_Materialak erabili eta gero, zein bere tokian utzi beharko da.

_Errespetatu eginen da pisu libreetarako zedarritutako eremua.

BIGARREN ATALA

Igerilekuak

15. artikulua. Igerilekuak.

1. Bi igerileku mota daude: estaliak eta atari zabalekoak.

2. Igerileku estaliak jarduera fisikoa egiteko, igerian ikasi eta hobetzeko, eta hiritarren aisialdirako dira, oro har.

Zehazkiago, instalaziook ikastetxeek erabiltzen ahalko dituzte, aipatu jomugak lortzeko diseinatutako programen baitan, bai eta klubek, elkarteek edo federazioek ere, kirol-entrenamenduak eta espresuki baimendutako txapelketak egiteko.

3. Atari zabaleko igerilekuak, lehenik eta behin, erabiltzaileen aisia eta olgetarako erabiliko dira.

16. artikulua. Berariazko betebeharrak, erabilera-murrizketak eta debekuak

1. Ezinbestekoa da bainuko eremuan bainujantzia erabiltzea, eta, halaber, dutxa hartu beharra dago, igerilekura sartu baino lehen. Bainuko eremura ezin da sartu kaleko jantzi eta oinetakoekin. Aurreko ondorioetarako igeri-ontziak eta alboetako pasabideak hartzen dira bainuko eremutzat.

2. Bainuko eremuan ezin izanen da erabili kontrol eta zaintzaz arduratzen diren langileen iritziz gainerako pertsonei arriskugarri izan dakiekeen objekturik, ezta pasabideetan traba egiten ahal duten hamakarik ez beste edozein tresna paratu ere.

3. Osasun eta higienaren hobe beharrez, ezin da igerilekuaren barrutira sartu eritasun infekto-kutsakorrik duen inor, salbu kontrakoa agintzen duen medikuaren txostenik izanez gero.

4. Igerileku estalien kasuan, bainujantziaz gain, bainutxanoa ere derrigorrezkoa da, eta gomendagarria da txankletak erabiltzea.

5. Ezin da korrika egin uretara jauzi egiteko, ezta bultzatu edo gainerako pertsonen banuari traba egiten ahal dion edo higienearen kontrakoa den beste edozein jarduera ere.

6. Uretan ezin da sartu baloi, koltxoneta, hegats, urpean igeri egiteko betaurreko edo gainerako igerilariei traba egiten ahal dien ezein objekturik, salbu egoera berezietan, baldin eta programatutako jardueraren batean halako elementuak erabili behar badira, edo instalazioen arduradunen iritziz halakoak erabiltzea egokia bada.

7. Nolanahi ere, igerilari-betaurrekoak erabiltzen ahalko dira, eta, plisti-plastako igerilekuan, flotagailuak, burbuilak edo mangitoak ere. Halaber, ikastaroetan, flotagailuak, igeriketa-taulak eta igerian ikasteko beste hainbat tresna ere erabiltzen ahalko dira.

8. Galarazi eginen da indarreko arauek igerilekuan batera zenbat bainulari egoten ahal diren zehaztu eta kopuru hori gainditzea; igerilekua erabiltzeko txandak ezartzen ahalko dira, beharrezkoa izanez gero, zerbitzua eskatzen duten pertsona guztiak sartu ahal izateko.

9. 6 urtetik beherakoei igerilekuan bainatzea galaraziko zaie, salbu guraso, tutore edo arduradun batekin batera egiten badute, ikastaroetan ari badira, edo eskola, klub eta elkarteetako talde antolatuetan parte hartzen badute, betiere kasuan kasuko klub edo elkarteko arduradun batekin ari direnean.

10. Plisti plastako igerilekuak 6 urtetik beherakoek baino ezin izanen dituzte erabili, eta horiek beti egon beharko dute adinez nagusi den pertsona arduradun batekin.

11. Kasuan kasuko inguruabarrek bestelakoa gomendatzen dutenean izan ezik, igerileku estaliak, oro har, kaleka erabiliko dira, eta orduka programatuta; programazio hori jendaurrean paratuko da, instalazioetako sarreran eta igerilekuetan. Horiek horrela, kaleak antola daitezke ikastaroak, kirol-entrenamenduak, erabiltzaileen igeriketa eta bainu librea egiteko, halako moduz non erabiltzaile bakoitzak esleitutako kaleak eta orduak erabiliko baititu, betiere igerilekua ahalik eta hobekien aprobetxatzea xede harturik.

12. Igeri egiteko kalean, eskuin aldetik eginen dute, betiere bertan gelditu gabe. Atseden hartzeko ezin izanen dira kaleko muturretan gelditu; horretarako, bainu libreko kalera atera beharko dute.

Igeri egiteko kale bat baino gehiago izanez gero, zeinek bere mailari dagokiona erabiliko du, gainerakoei eragozpenik ez eragiteko.

13. Bainu libreko kalean edozein estilotan egin daiteke igeri, betiere gainerako pertsonei kalterik sortu gabe eta igerileku estalietan indarra duten xedapenak betez.

HIRUGARREN ATALA

Solariumak

17. artikulua. Solariumeko eremuak.

Eguzkitan egoteko kirol-instalazioetan dauden aldeak hartzen dira solariumtzat, horiek belarrezkoak zein beste material batez eginak dauden.

18. artikulua. Berariazko betebeharrak, erabilera-murrizketak eta debekuak

1. Baimendua da oinetakoak jantzita ibiltzea eremu zolatuetan, eta zolatu gabeetan, gune jakin batzuetara iristeko bada, horietara eremu zolatuetan barna iristerik ez den kasuetan. Gainerakoetan, oinutsik egon baharra dago, edo txankletak jantzita.

2. Guztiz debekatuta dago edozein elikagai jatea, horretarako ezarri eta seinalizatu diren eremuetatik kanpo, bai eta belarretako eremuetara kristalezko ontziekin sartzea ere.

3. Solariumeko eremuetan galarazita dago inolako kirolik egitea, bai eta kirol-materialak erabiltzea edo gainerako pertsonak aztoratzen ahal dituen ezein ekintza egitea ere, hala nola jolas bortitzak, lasterketak, musika-gailuak entzutea, orratzak erabiltzea edo arriskugarri izan daitekeen beste edozein jarduera, edo solariumeko eremuaren ohiko erabilera asaldatzen ahal duen beste edozein.

4. Ezin izanen da erabili ez hamaka, itzalkin, mahai, aulki eta abarrik, egoera berezietan ez bada, betiere berariaz adierazitako modu eta tokietan.

5. Ezin izanen da animaliarik sartu.

III. TITULUA

Eskoletako kirol-instalazioak

19. artikulua. Kontzeptua.

1. Erregelamendu honen ondorioetarako, eskoletako kirol-instalazioak ikastetxe publikoetako kirol-instalazioak izanen dira, non eskumena duten hezkuntza-administrazioek erabilerak aitortu baitizkiote Udalaren administrazioari, eta zehazkiago Iruñeko ikastetxe publikoetako Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetakoak.

2. Udalaren kirol-instalazioen sailkapenaz bezainbatean, eskoletako kirol-instalazioak mistoak izanen dira, erabilera irekikoak eta erabilera arautuzkoak direlako, aldi berean.

3. Eskoletako kirol-instalazioak multzo bati edo besteari atxikiko zaizkio, Iruñeko Udalaren irizpideen arabera; Iruñeko Udalak, halaber, erabakiko ditu instalazioen funtzionamendurako egutegia, erabilerak eta ordutegia, betiere bere eskumenen baitan.

4. Ondokoek eginen diote men erabilera arautuzko kirol-instalazioetarako ezarri den araudiari: gimnasioak eta ekipamendu baliokidetuak, eta Udalaren kirol-instalazioak erabiltzeko urteko planean ikastetxeetako kanpoko instalaziotzat jotakoak.

IV. TITULUA

Kirolguneak

20. artikulua. Kontzeptua.

Kirolguneak bere baitan kirol espazio ezberdinak batzen dituen instalazioak dira.

Kirolguneak osatzen dituzten instalazioak erabilera arautuzko kirol-instalazio publikotzat joko dira, instalazioetara sartzeari dagokionez, baina erabilera irekikotzat joko dira, espazio komunei dagokienez, behin inor erabiltzaile bihurtu eta gero. Horrenbestez, kirolguneak erabilera arautuzko izaera duten ekipamenduetarako ezarritako araudi orokorrak zuzenduko ditu, bai eta erregelamendu honek berariaz jasotzen dituen edo geroago gainerako ekipamenduetarako ezar daitezkeen arauek ere.

21. artikulua. Sarrera-baldintzak.

1. Eguneko sarrera edo abonua ordainduta instalazioak erabiltzen dituztenean erabiltzaileek dagozkien tiketak gorde beharko dituzte.

2. Behin eguneko sarrerak eta abonu-kuotak ezarritako tarifekin bat eta erregelamendu honetan aurreikusitakoaren arabera ordainduta, ezin izanen da diru-kopuru hori itzuli.

3. Abonodunaren karneta pertsonala eta besterenezina da; hori horrela, abonua behar ez bezala erabiliz gero, erretiratu eginen zaio dena delakoari, eta dagokion zehapena ezarriko.

4. Iruñeko Udalaren eskumena da, egoki joz gero, indarrean dauden abonodun-karnetak oro baliogabetu eta beste batzuekin derrigorrezko trukea egitea, noiz eta horretarako zehaztuko duen aldian.

22. artikulua. Erabilera-baldintzak.

1. Behin instalazioari esleitutako edukiera betez gero, galarazi eginen da barrutira jende gehiago sartzea.

2. Inguruabarrak direla-eta instalazioetara sartzeko mugarik ezarri behar izanez gero, abonodunek izanen dute sartzeko lehentasuna.

3. Udako denboralditik kanpo, kirolguneetako kirol espazioek Udalaren gainerako espazioetarako, oro har, ezarritako araubidean zehaztutako funtzionamendu berdina izanen dute.

V. TITULUA

Ikusleekin egiteko diren jarduerak eta ikuskizunak

23. artikulua. Araubide juridikoa.

Erregelamendu honetan ezarritakoa deusetan galarazi gabe, Titulu honetan aurreikusitakoaz bezainbatean, Ikuskizun publikoak eta josteta jarduerak arautzen dituen martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legean xedatutakoa izanen da aplikagarri.

24. artikulua. Erabilera-arauak.

1. Ikusleendako jarduerak eta ikuskizunak egite aldera, Udalaren kirol-instalazioak erabiltzeko eskaerak dena delako ekitaldia noizko izan edo jarduera noiz hasiko eta hamabost egun lehenago, gutxienez, egin behar dira.

2. Udalaren kirol-instalazioetan egiten diren jardueretara edo ikuskizunetara sartzeko ikusleek ordaindu behar badute, instalazioak ofizialki zenbateko edukiera izan eta hainbeste sarrera jarriko dira salgai.

3. Ekitaldiak barruti itxietan eta doan egin behar izanez gero, jendearen sarrera behar den bezala kontrolatuko da, eta, betiere, barrutiak duen gehienezko edukiera errespetatuko da.

4. Pistetan ezin izanen da ikusleendako eremurik antolatu, salbu Iruñeko Udalak salbuezpenezko egoera dela iritzi, eta horretarako berariazko baimena ematen badu.

5. Udalaren kirol-instalazio bat erabiltzeko esleipendunak bere kontura jarriko ditu jarduera egiteko beharrezkoak diren langileak, ikusleendako jarduera edo ikuskizunen kasuan, baldin eta, Udalaren iritziz, sortutako beharrek instalazioen ohiko funtzionamedurako dauden langileen lan-aukerak edo eginkizunak gainditzen badituzte; are, esleipendunari ekitaldi bakoitzean behar hainbat langile jartzea exijitzen ahalko zaio, instalazioetarako sarreraz, barnealdeko zaintza eta ordenaz eta erabiltzaileez zein publikoaz, oro har, arduratzeko. Aipatu langileak instalazioetako arduradunen aginduetara egonen dira.

6. Nolanahi ere, instalazioa erabiltzeko esleipena jaso duen entitatearen kontura joanen dira hala ekipamenduak muntatu eta desmuntatzeak eragindako gastuak nola ekitaldia gauzatzean ondasunen eta pertsonen babes eta segurtasunerako beharrezkoa den zerbitzuak eragindakoak. Halaber, bere kontura joanen dira kasuan-kasuan eskatu beharreko lizentzia bereziak eta garatutako jarduketek eragindako erantzukizun zibila.

7. Udal palkorik edo tribunarik ez duten Udalaren kirol-instalazioetan, Iruñeko Udalak antolatzen ez duen jarduerik edo ikuskizunik eginez gero, halabeharrez lehentasunezko toki bat gordeko da Udal-bazkideentzat, eta Udalak berak erabakiko du toki hori non kokatu eta zenbateko edukiera izan behar duen, kasuan kasuko erabilera lagatzean. Egoki jotako kasuetan, erreserba horrek beste hainbat agintari eta gonbidaturendako tokiak ere hartuko ditu.

8. Kirol-instalazioetan Udalaren palko edo tribunarik bada, Udalak, eta, hedaduraz, halakorik izan dezakeen beste edozein erakundek, beti izanen du tokia eskura, erabiltzeko, eta horra sartzeko Iruñeko Udalarekin duen harremana egiaztatu baino ez du egin beharko.

VI. TITULUA

Publizitatea, Udalaren kirol-instalazioetan

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

25. artikulua. Arau orokorrak.

1. Udalaren kirol-instalazioek publizitatea egiteko espazioak edo aldeak izaten ahalko dituzte, eta horiek Iruñeko Udalak libreki zehaztu eta esleituko ditu.

2. Udalaren kirol-instalazioak erabiltzeko lagapenak ez du barne hartzen haietan publizitate-aprobetxamendurik egitea.

3. Iruñeko Udalaren kirol-instalazioetan jartzekoa den publizitateak men eginen die gai honetan indarra duten xedapenei, eta Udalaren onespena beharko du, halabeharrez.

4. Udalaren kirol-instalazioak erabiltzeko lagapena jaso dutenek, bertan kirol emanaldiak zein kirolezkoak ez direnak antolatze aldera, publizitate-aprobetxamendua egiten ahalko dute, horretarako prestatu diren aldeetan, baldin eta Udalaren baimenik edo emakidarik badute.

5. Nolanahi ere, antolatu behar dituzten ekitaldi publikoek zenbat iraun eta aldi horretarako bakarrik negoziatzen ahalko dute publizitatea paratzekoa, betiere horretarako eman dizkieten tokietan, eta aprobetxamenduak eragindako eragiketak eta kostuak haien kontura joanen direlarik.

6. Kiroldegietan, oro har, pertsona edo entitate erabiltzaileek kudeatutako publizitatea pistaren lurzoruan jarriko da, jokalekutik kanpo, hala horizontalean nola zutikako euskarri mugikorretan, betiere Udalaren zerbitzuek ezarritako ezaugarri materialekin bat.

7. Ez da onartuko publizitatea paratzea pistetako jokalekuan, salbu Iruñeko Udalak sustatutakoa bada, edo, kasuan-kasuan, klub erabiltzaileen ligek guztiendako hitzartu badute.

8. Udalaren kirol-instalazioak erabiltzen dituztenek ezin izanen dute publizitaterik paratu barnealdeko igarobideetan (ataria, korridoreak etab.), ez bada salbuespen gisara eta espreski baimenduta.

II. KAPITULUA

Kontsumigarrien ustiapena

26. artikulua. Kontsumigarrien ustiapena.

1. Udalaren kirol-instalazioen barrutian produktu kontsumigarriak ustiatzeko eskubidea Iruñeko Udalarena da, eta horrek lagapenean uzten ahal du ustiapen horren aprobetxamendua, egoki jotzen duen moduan utzi ere.

2. Halakoetan, lagapenaren jasotzaileak gai honi dagozkion arauak beteko ditu, batik bat kirol-instalazioen barnealdean edari alkoholdunak eta tabakoa saldu eta kontsumitzeaz bezainbatean aplikagarri direnak.

3. Debeku da instalazioen barrutira kristalezko edo arriskugarri izan daitekeen beste edozein materialezko ontzirik sartzea.

VII. TITULUA

Erabiltzaileen eskubideak, betebeharrak eta erantzukizunak

I. KAPITULUA

Eskubideak

27. artikulua. Erabiltzaileen eskubideak.

Erabiltzaileek orok eskubide berberak izanen dituzte, instalazioak erabili eta horiekin gozatzeko, ondokoak, zehazki:

_Udalaren kirol-instalazioak erabiltzea, egutegi eta ordutegiarekin nahiz erabiltzeko gainerako baldintzekin bat.

_Begirunezko eta adeitasunezko tratua jasotzea kirol-instalazioan lanean jarduten dutenengandik.

_Iruñeko Udalari egoki jotako adina eskaera, iradokizun edo kexa aurkeztea, instalazioaren funtzionamenduaz bezainbatean.

_Udalari galde egitea aplikagarri diren arauek xedatutakoa oro bete dezala.

_Instalazioa behar bezala mantentze aldera, bertako arduradunei atzemandako gabeziez ohartaraztea, bai eta iradokizunak egitea ere.

_Kirol-instalazioetako langileei edo arduradunei identifika daitezela eskatzea, kasuan kasuko erreklamazioak egite aldera.

_Indarreko legeek eta erregelamendu honek aitortutako beste edozein eskubide.

II. KAPITULUA

Betebeharrak

28. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak.

1. Udalaren kirol-instalazioetara sartzeak berekin dakar erregelamendu honetan jasotako arauak oro onartzea.

2. Udalaren kirol-instalazioak erabili nahi dituztenek orok erabilera-baimena eskatu beharra daukate, betiere indarrean den prozedurarekin bat, eta ezarritako prezio publikoa ordaindu beharko dute, zehaztutako epeen baitan eta eran ordaindu ere.

3. Kasuan kasurako zehaztu daitezkeen salbuespenak salbuespen, Udalaren instalazioak erabiltzeko lagapenak ez ditu barnean hartuko kirol materialaren hornidura eta erabilera; horrenbestez, erabiltzaileek beraiek eraman beharko dute material hori, zeinak bat etorri beharko baitu, ezaugarri guztietan etorri ere, kasuan kasuko kirol modalitatean ezarritako arau-baldintzekin.

4. Erabiltzaileak oro behartuta daude kirol-instalazioetan ezarritako arauak zorrotz betetzera. Arauak betetzea instalazioen ardura duten langileek exijituko dute, beraiek baitira indarreko xedapenak bete eta betearazteko ardura dutenak.

5. Udalaren kirol-instalazioen erabiltzaileek errespetuzko eta begirunezko jarrerak izanen dituzte beste erabiltzaileengana eta instalazioen ardura duten langileengana. Erabiltzaileek, langileekin dituzten hartu-emanez bezainbatean, haiengandik jasotzen dituzten jarraibideak edo ohartarazpenak bete beharko dituzte, instalazioetan ordena eta funtzionamendu ona gordetzeari edo materialak zein ekipamenduak antolatu eta erabiltzeari dagokienez.

6. Arau hauek ez betetzeak edota bandalismoz jokatu zein gaizki portatzeak berekin ekartzen ahalko dituzte erregelamendu honetan aurreikusitako zehapenak, bai eta eragindako kalteak konpondu, ordaindu edota narriatutakoa berriz ere jarri beharra.

Erabiltzaileak Club edo Kirol-elkarteetako kideak badira, entitate horiek izanen dira bere kideen portaeren erantzule subsidiarioak.

III. KAPITULUA

Erabiltzaileen erantzukizunak

29. artikulua. Erabiltzaileen erantzukizunak.

1. Erabiltzaileek behar den bezala utzi beharko dituzte instalazioak, hau da, hurrengoek erabiltzeko moduan. Bestalde, beren gain hartuko dituzte, osotasunean eta zuzenean hartu ere, instalazioak erabiltzen ari direnean haiek eragindako kalte-galerak, bai eta lokal edo eraikineko beste geletan egindakoak zein pertsona fisikoek jasaten ahal dituztenak ere, baimendutako jardueraren ondorioz.

2. Baimenaren titularra joko da egindako erabileraren zuzeneko erantzulea, salbu daukan ordezkaritza egiaztatzen badu; kasu horretan, erantzukizuna ordezkatuarena izanen baita.

3. Adingabeen segurtasuna gurasoen erantzukizuna da bakarrik, edo haiekin dauden pertsona helduena; horien ardurakoa izanen dira, baita ere, adingabeek Udalaren kirol-instalazioak erabiltzean egiten dituzten funtzionamendu-arauen hausteak.

4. Iruñeko Udalak ez ditu bere gain hartuko erabiltzaileek jasaten ahal dituzten istripuak edo kalteak, baldin eta horiek arau hauek ez betetzeak edo kirol-instalazioak behar ez bezala eta zuhurtziagabe erabiltzeak eragindakoak badira.

5. Udalaren kirol-instalazioen erabiltzaileak izanen dira instalazioei edo hirugarrenei eragindako kalteen edo lesioen erantzuleak.

IV. KAPITULUA

Zehapen-araubidea

30. artikulua. Araubide juridikoa eta prozedura.

1. Erregelamendu honetan arau-haustetzat jotakoak egiteagatik erantzukizuna galde egitea bat etorriko da zehatzeko ahala gauzatzeko ezarrita dagoen legezko eta arauzko prozedurarekin.

2. Zehapen-prozedurari hasiera emateko ahalmena duen organoak baldin badaki gertatutako jazoerek administrazioko arau-hausteaz gain arau-hauste penalik ere badakartela, organo judizial eskudunari jakinaraziko dio, eta eten eginen du zehatzeko prozedura, baldin eta abiarazia badu, harik eta agintaritza judizialak epaia eman arte.

Zehatzeko prozedura etenda dagoen bitartean, eten eginen dira, baita ere, hala arau-haustearen preskripzioaren epea nola prozeduraren beraren iraungitasuna.

31. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

1. Arau-hausteak arinak eta larriak izan daitezke, ondoren adierazitakoarekin bat:

A) Arau-hauste arinak:

_Instalazio bakoitzak erabiltzeko dituen berezko arauak ez betetzea.

_Instalazioa erabiltzen ari den edozein pertsona edo bertako langile desegoki tratatzea.

_Haren titularra ez den pertsona batek instalaziora sartzeko txartela edo baimena erabiltzea.

_Jolasean edo kirola egiten jardutea, horretarako ez diren eremuetan.

_Arautegi honetan ezarritako beste edozein betebehar, debeku edo mugapen ez betetzea, betiere horrek arau-hauste larririk edo oso larririk ez badakar.

B) Arau-hauste larriak:

_Instalazioak, ekipamenduak, kirol-materiala edo erabiltzaileen ondasunak eta objektuak nahita ostu, lapurtu edo narriatzea.

_Arduradunek instalazioen funtzionamenduaren hobe beharrez ezarritako jarraibideei behin eta berriz kasurik ez egitea.

_Erregelamendu honen 7.3 artikuluak ezarritako debekua haustea.

_Instalazioak barnetik hankaz gora uztea.

_Hiru arau-hauste arin egitea.

32. artikulua. Zehapenak.

1. Arau-hauste diren ekintzak artikulu honetan xedatutakoarekin bat zehatuko dira.

Zehapenak mailakatzean ondokoak hartuko dira kontuan: asmoa, arduragabekeria edo larritasuna.

Arau-hauste arinen kasuan, haiei dagokien zehapena ezartzen ahalko da: idatzizko ohartarazpena edo erabiltzaile-izaera 15 egunez galtzea.

Arau-hauste larrien kasuan, haiei dagokien zehapena ezartzen ahalko da: erabiltzaile-izaera 30 egunez edo behin betiko galtzea.

Erabiltzaile-izaera zehapen baten ondorioz galduz gero, kasuan kasuko pertsonak instalazioa erabiltzeko ordaindutakoa ere galduko du.

2. Nolanahi ere, kasuan kasuko erabiltzaileak modu nabarian joz gero erregelamendu honen kontra, eta egin dizkioten ahozko ohartarazpenei kasurik egin ezean, instalazioen arduradunek ahalmena izanen dute bertatik alde egin dezala exijitzeko, betiere geroago aplikagarriak diren jarduketak deusetan galarazi gabe.

3. Arau-hausterik eginez gero, hutsegiteak berekin ekartzen ahal duen zehapena gorabehera, erabiltzaileek eragindako kaltea konpondu edo ordaindu beharko dute, edo narriatutakoa berriz ere jarri.

4. Udalak gauzatuko ditu, betiere horretara beharturik dagoen obligaziodunaren kontura, arau-haustea baino lehen gauzak nola zeuden eta horretara leheneratzeko egin beharrekoak, baldin eta arau-hausleak berak egin ez baditu. Obligaziodunari eragindako kostua ordaintzeko exijituko zaio, betiere ordenamendu juridikoak ezarritakoarekin bat.

5. Behin zehapen-espedientea abiaturik, edozein unetan hartu ahalko dira prozedura egokia garatzeko beharrezkoak diren behin-behineko neurriak, bai eta ezar daitekeen zehapenaren prozedura segurtatu edo arau-hauste berriak egiten ekidin.

XEDAPENAK

Xedapen indargabetzaile bakarra.

Erregelamendu honek indarra hartzearekin batera indargabeturik geldituko dira gai hau arautzeko orain arte indarrean zeuden lerrun bereko edo baxuagoko udal-arauak.

Lehen azken xedapena._Arau osagarriak.

Erregelamendu honetan aurreikusi ez den orotan, kirol-gaien berariazko arauetan xedatutakoa aplikatuko da, eta zehazkiago Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legea, Ikuskizun publikoak eta josteta jarduerak arautzen dituen martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legea eta aplikagarri diren indarreko beste arauak.

Bigarren azken xedapena._Indarraldia.

Uztailaren 2ko Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluarekin bat, Erregelamendu honek ez du ondorio juridikorik izanen harik eta bere testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta Estatuko nahiz Foru Komunitateko Administrazioak toki entitateei beren egintza nahiz erabakiak ezeztatzeko errekerimendua egiteko epea iragaten den arte.

Hori dena argitara ematen da, jende orok jakin dezan.

Iruñean, 2007ko uztailaren 20an._Iruñeko alkate udalburua, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: L0711631