107. ALDIZKARIA - 2007ko abuztuaren 29a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

1473/2007 EBAZPENA, uztailaren 5ekoa, Ingurumen zuzendari nagusiak emana, Mendabiako IV. aldeko lurzati berrantolamenduari dagokion Ingurumen eraginaren adierazpena egiten duena. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak sustatu du lurzati berrantolamendua.

Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeak, 3C eranskinaren D atalean, ezartzen du 300 hektareatik goitiko lurzati berrantolamenduetan Ingurumenaren gaineko eraginaren azterlana egin behar dela.

Mendabiako IV. aldeko lurzati berrantolamenduari dagokion Ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko prozedurari hasiera emateko, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak, 2005eko abuztuaren 31n, proiektuaren laburpen-memoria aurkeztu zuen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legearen 38. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

2005eko urrian, aurretiazko kontsulten tramitea egin zen, aurreko artikuluan xedatu bezala. Kontsulta egin zitzaien 20 entitateetatik seik erantzun zuten, Ingurumen eraginaren azterlanean (I.E.A.) kontuan hartu beharreko alderdi batzuk aipatuz. Kontsultatuen zerrenda eta eman zituzten erantzunen laburpenak Ingurumen eraginaren adierazpenaren I. eranskinean daude. Aurretiazko kontsulten tramitearen emaitzak eta I.E.A.ren irismenari buruz Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak egindako txostena sustatzaileari igorri zitzaizkion 2006ko urtarrilaren 2an.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak, 2006ko ekainaren 22an, "Mendabiako IV. aldeko lurzati berrantolamenduari dagokion Ingurumen eraginaren azterlana" aurkeztu zuen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan, 2005eko azaroko Oinarrizko Proiektuarekin eta 2006ko ekaineko adendarekin batera, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean aurreikusitakoaren arabera tramitatua izateko.

Proiektuaren laburpena eta ingurumenean eragina izanen duten lanak Eraginaren Adierazpenaren II. eranskinean jaso dira. Ingurumen eraginaren azterlanean (III. eranskinean laburturik ageri da) proiektuak ingurumenaren gainean izanen dituen eraginik nabarienak egokiro aztertzen dira eta neurri zuzentzaile batzuk ezartzen, ingurumenean kalte nabarmenik ez eragiteko.

Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariak urriaren 24an emandako 306/2006 Ebazpenaren bidez Ingurumen eraginaren azterlana, Oinarrizko Proiektuarekin batera, jendaurrean jarri zen hogeita hamar egun baliodunetan. Ebazpen hori 2006ko 40. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, apirilaren 3koan hain zuzen. Aipatutako epe horretan ez zen alegaziorik aurkeztu.

2007ko ekainaren 26an, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak (Plangintza eta Laguntza Atala) txostena eman zuen alde horretako abelbideen arloan sartu beharreko neurri zuzentzaileei buruz.

Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak adierazi du espedientea osoturik dagoela eta gauzatu daitekeela, proiektuaren ingurumen integrazioa hobea izan dadin zenbait baldintza beteta.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak irailaren 27ko 537/2005 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak sustatu duen Mendabiako lurzati berrantolamenduaren aldeko Ingurumen eraginaren adierazpena egitea, aurkeztutako proposamenari ingurumenaren aldetik bideragarria iritzi baitzaio.

2. Proiektua Oinarrizko Proiektuan, Ingurumen eraginaren azterlanean eta adendan ezarritakoarekin bat eta baldintza hauek beteta gauzatuko da:

._Ingurumen eraginaren azterlanean kartografiatu diren ingurumen unitateak, balio handikoak, beren horretan utziko dira oso-osorik. Definizio hauek dituzten landaredi esparru guztiak dira: "gatzagetako komunitateak", "berezko zuhaiskak", "berezko landaredia duten ezpondak", "drainatze-sareetako komunitateak", aztarnategi arkeologikoak" eta balio handiko "elementu nabarmenak". Balio "handiko" ezpondak ordezkapen finka berrietan sartzen badira, zelaitze-lanak egitea eremu txiki batean baizik ez da baimenduko (6 metro inguru), finkaren barnean bereizten dituen eremu batetik bestera pasatzeko bidea egiteko behar dena.

Horrez gain, balorazio "handiko" kategorian Ingurumen eraginaren azterlaneko elementu ekologiko hauek sartuko dira:

_Abelbideekin lotutako larreak, osorik gorde beharko direnak. "Larre" gisa inbentariatutako gainerako esparruetarako, bereziki estepako hegaztien babeserako intereseko tokia den Zabaleta-La Mesa eremuan daudenen kasuan, lurzatiaren jabeak horiek kanpoan utzi nahi baditu Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan tramitatu beharko da eskaera.

_Mahastiak landatutako terrazak dituzten mazeletako sastrakadi mediterraniarra, 25. poligonoko 689. esparrua osatzen duena _berrantolamenduan sartuta ez badago ere eraginaren azterlanaren eremuan sartu da_, balorazio handikoa izanen da aurrerantzean, "berezko landaredia duten ezpondak" izenarekin.

.Bide sareari dagokionez, "Oinarrizko proiektuaren eta Ingurumen eraginaren azterlanaren adendan (2006ko ekaina)", bideetarako sartutako aldaketek izanen dute lehentasuna, 2005eko azaroko Oinarrizko Proiektuan jasotakoak ordeztu baitituzte. Salbuespen gisa, Oinarrizko Proiektuaren diseinuari eutsi beharko zaio A1 bidearen eta Mayor edo Lazagurriako Sakana izenekoaren arteko gurutzagunean, larreen gaineko ingurumen eragina gutxitu eta paisaiako integrazioa hobetzeko. Nahasbiderik ez izateko, obra proiektuaren fasean testu bategin bat erantsi beharko da bide sareari buruz.

.Horrez gain, honako ohar hauek ere kontuan hartu beharko dira (Ingurumen eraginaren adierazpen honetan jasotako poligonoen eta esparruen zenbakiak Ingurumen eraginaren azterlanean adierazitako berak dira):

_A bidea: bide berriak 412 natur esparrua gurutzatzean (15. poligonoa), ingurumen arloko zenbait neurri ezarri beharko dira, hala nola sakanaren ibilguaren neurriak handitzea eta tamarizak landatzea 140 metro inguruko luzera duen tarte horretan (bide zaharretik bide berrira bitarteko azaleran).

_B4 bidea: Behien iraganbidea ere den sakanean espazioa berreskuratzeko (8. poligonoko 170. esparrua), hasierako tartean bidea labore lurren ertzetik joanen da (167. esparrua), eta hurrengo tartean aukera hori bera aztertuko da.

_157. esparrutik mendebaldera erabiltzetik utziko den bidea deskonpaktatu eginen da eta haren azalera esparru horrekin lotuko da berezko landarediaren bidez. Berdin gertatzen da B3 bidearen kasuan 35. esparruarekiko.

_Abelbideen gaineko bideetan, obren fasean ibilgailuak errodadurako geruzan baizik ez dira ibiliko, abelbide horiekin lotura duten larrek eta sastrakek ukipenik izan ez dezaten.

.Udal mugapeko abelbideen jatorrizko zabalera berreskuratuko da, horiekin lotutako habitatekin. Horretarako, kontuan hartuko dira Biodibertsitatearen Zainketa Zerbitzuak 2007ko ekainean egindako txostenean jasotako baldintzak. Abelbide horien okupazioa (zabalera garbia da, eta horri gehitu behar zaio lotuta izan ditzaketen bideetarako aurreikusitako zabalera) hauxe izanen da:

_Iraganbide berria (IB), El Pontón iraganbidea (PI), El Calbacero edo Las calabazas iraganbidea (CI 1), eta Vailenguas iraganbidea (VI 1): gutxienez 20 metroko zabalera.

_El Encimero Iraganbidea (P 17): egungo katastroaren zabalera errespetatu beharko da, bai eta ondoan dagoen pausalekua ere.

_Behien iraganbidea (P 22BIS): gutxienez 20 metroko zabalera eta ondoan dauden bi aska, mantendu beharko direnak.

_7. trabesa (T 7): gutxienez 30 metro.

_Otsoen iraganbidea (P 15): egungo katastroan ageri den 29 metroko batez besteko zabalera gorde beharko da.

_Ebroko iraganbide nagusia (PPE): 2004an ezarri ziren zabaleraren mugak eta mugarriak, gutxienez 20 metro. Balsa de la Mauleona izeneko aska eta Las Tres Mugas pausalekua, biak abelbideari atxikiak, errespetatu egin beharko dira.

_Errege Altxonbidea, Imastik Iratxera (CRII): gutxienez 30 metroko zabalera.

.Hustubideen eredu sekzioak 2H:1V neurriko ezpondak izanen ditu (1H:1V neurrikoen ordez), horien egonkortasuna areagotzeko (eta landareak sartzeko aukera izateko).

.Jabari Publikoa Hidraulikoa berreskuratuko da egun landaketak edo beste okupazio batzuk dituzten sakan tarteetan. Ondoren, tarte horietan ingurumen arloko lehengoratze neurriak ezarriko dira, ertzak mugatzeko tamarizak sartuz. Zehazki:

_La Castora sakana (edo Salado): 12. poligonoko 452. lurzatiarekin bat egiten duen tartean (474. esparrua) gutxienez 5 metro handituko da (aurreko lurzatian, dagoen lubeta atzera eramanez, edo beste aldeko ertzean). Gainera, sakanaren gutxieneko zabalera 20 metrokoa izanen da Sesmako bidearekin (C bidea) gurutzatzen den tokitik Majalpozoko bidearekin (E bidea) gurutzatzen den arteko zatian.

_Barichichiko sakanako (729. esparrua) azken tartean (9. poligonoko 1615. lurzatia) zabalera goiko tarteak duenaren antzekoa izanen da (10 metro).

_Yasako sakanean (107. eta 123. esparruak), jabari publiko hidraulikoa lehengoratuko da gutxienez 3 metroko zabalerarekin, eta azalera handiagoko tarteak gomendatzen dira. Ibaian behera jabari publikoa planoan mugatuta geldituko da, eta posible den tarteetan ibilgua lehengoratuko da eta milazkak sartuko.

_La Ventosilla edo Las Cruces sakana: 8. poligonoko 149. esparruak eratutako tartean 6 mtroko gutxieneko zabalerarekin diseinatuko da, eta 10. poligonoko 277. esparruan landalurren gainean zabalduko dira metatutako lurrak, ezkerraldean mokuru bat osatuz.

.Beharrezkoa da inguruneak estepako hegaztiak hartzeko duen gaitasuna hobetzeko neurriak ezartzea Zabaleta-La Mesako estepako hegaztientzako intereseko eremuan, azken urteotan nekazaritza jarduera asko indartu baita. Hori horrela:

_Lurzatien diseinu berrian lurrak erreserbatuko dira, hala nola zerrendak (5 metro inguruko zabalerakoak) eta lurzatien arteko lur eremu txikiak. Helburua da beste habitat desberdin bat ekartzea (ezkaidiak, erromerodiak, larreak...), berez bilaka daitezen (itxiturarik gabe eta zuhaitzik sartu gabe).

_Zabaleta-La Mesa estepako hegaztientzako eremua zeharkatzen duten abelbideen kasuan (hau da, Imastik Iratxera doan errege altxonbidearen tarteak eta Ebroko iraganbide nagusia), jatorrizko zabalera berreskuratzeak bide emanen du helburu hori bera lortzeko. Berez bilaka daitezen utziko bada ere, batez ere belarra haz dadin bertan, obra proiektuan zuhaixkak landatuko dira, mugak nabarmenduz.

.Estepako hegaztientzako intereseko eremuaren barruan, faunarentzako aldi kritikoa apirilaren 15etik abuztuaren 30era bitartekoa izanen da, eta aldi horretan ez da lanik eginen bideetan.

.Lehen aipatutako landaketa horiez gain, ingurumenaren edo paisaiaren arloko lehengoratze neurri hauek ere ezarriko dira:

_Milazkak landatuko dira, ilaran, Lizarrako bidean ( B bidea) eta F5 bidearen ondoan La Castora eta El Juncal sakanei lotutako ihitokiekin eta lezkadiekin muga egiten duten tarteetan, zedarritze eta balio ekologikoa nabarmentze aldera.

_IEEn "konpentsatu beharreko lur" gisa mugatutako lurzatietako landaketak (1:15000 planoa).

.Dokumentatu diren aztarnategi arkeologikoak eta obrak egin bitartean aurkitu litezkeenak zaindu eta babestu egin behar dira, eta Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanari erantsi zaion txosten arkeologikoan dauden zehaztapenak betetzen direla bermatu.

.Legarra ateratzeko tokiak egun dauden legar-hobi baimenduetakoak izanen dira, edo proiektu bereizi gisa tramitatu beharko dira, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen arabera dagokion ingurumenaren arloko dokumentazioarekin. Lur hondakindegirik egin behar izanez gero, salbu eta landalurren gainean zabaltzen diren lurrak, betiere metro batetik beherako altuera badute, proiektu bereizi gisa tramitatu beharko dira, Ingurumen ukipenen azterlana eta guzti, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 2C eranskineko O letraren arabera, edo bestela lurrak inerteen hondakindegi baimendu batera eraman beharko dira.

.Bide-eta drainatze-saretaeko obrak bukatutakoan eta ordezkapen finka berriak emandakoan, Ingurumen Zuzendaritza Nagusira igorriko dira obra garaian ingurumenean egindako jarraipenari buruzko txostena eta neurri zuzentzaileak aplikatu ondoko hondarreko ingurumen-eraginen balorazioa.

3. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan.

4. Ebazpen hau Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari, Ingurumen Zaintzari, Mendabiako Udalari eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari igortzea.

Iruñean, 2007ko uztailaren 5ean._Ingurumen zuzendari nagusia, Juan José Grau Lasheras.

I. ERANSKINA

AURRETIAZKO KONTSULTEN IZAPIDEAREN EMAITZA

Kontsulta egin zaien erakundeen zerrenda eta eman dituzten erantzunen laburpena

Mendabiako Udala

Kultura eta Turismo zuzendari nagusia X

Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza zuzendaria X

Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendaria X

Herri Lan zuzendari nagusia X

Ebroko Ur Konfederazio X

LAB

UGT

Nafarroako Unibertsitatea

ELA

Unión de Agricultores y Ganaderos

Nafarroako Unibertsitate Publikoa

EHNE

Gorosti Natur Zientzien Elkartea

Lurra-Lurraren Babeserako Nafarroako Elkartea. X

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa

Nafarroako Ehiza Federazioa

Adecana Nafarroako Ehiztarien Elkartea

CC OO

Aurretiazko kontsulten aldian jasotako erantzunek ondoko eduki hau dute ingurumenaren aldetik:

1. Ondare Historikoaren Zerbitzua: adierazten du Ondare Arkeologikoaren Bulegoa kultur ondarearen gaineko eraginaren azterlana prestatzen ari dela, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuarekin lankidetzan.

2. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzua: erantzunean aipatzen da hirigintzaren ikuspuntutik hirilurzoruaren gaineko ukipena ager daitekeela, eta informazioa ematen du honakoei buruz: Ebroko Erriberara gasa eramateari buruzko UPSa, Nafarroako oliobideari buruzko UPSa, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak NA-6310 errepidea berritzeko aurreikusitako azpiegiturak eta Mendabian aurreikusitako saihesbidea.

3. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Herri Lan Zuzendaritza Nagusia: erantzunean Mendabian aurreikusitako saihesbidea aipatzen du.

4. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzua. Europar Batasuneko intereseko habitatak daudela adierazten du, eta estepako hegaztientzako intereseko eremu bat.

5. Ebroko Ur Konfederazioa: erantzun du ez dela eragin negatibo larririk ikusten proiektua gauzatzeari dagokionez. Nolanahi ere, gomendatzen du Ingurumen eraginaren azterlanean jabari publiko hidraulikoa babesteari garrantzi berezia ematea, eta, halaber, azterlan hori egiteko jarraibide batzuk ematen ditu.

6. Lurra-Lurraren Babeserako Nafarroako Elkarteak bere erantzunean dio sustatzaileak ez duela behar bezala garatu ingurumenaren arloko informazioa.

II. ERANSKINA

Proiektuaren laburpena

Azterlanaren xede den eremua, Mendabia IV, 4.270 hektareakoa da, 983 lurjabe ditu 3.826 lurzatitan, eta lurzati bakoitzeko batez besteko azalera 1,12 hektareakoa da. Lurzatien berrantolamenduko planean aurreikusirik dago jarduketak egitea 3.750 hektareatan, alde batera utzita Imasko alderdia, bere ezaugarri bereziak direla-eta. Jarduketaren hegoaldeko mugak Mendabia IIko lurzati berrantolamendua (Rubios Altos) eta NA-134 errepidea dira).

Lurzati berramentolamendurako planak 0,88ko berrantolamendu koefizientea eta 3,00ko murrizketa indizea ezartzen ditu.

Lurralde obren eta hobekuntzen planean 86 km bide egiteko aurrekontua dago, horietatik 75,794 km bide berriak dira eta 10,431 km mantentze-lanak egin beharrekoak.

Errodadura zabalera 5 edo 6 metrokoa da, bide nagusietarako, eta 4 metrokoa bigarren mailakoetan.

0,7 km hustubide eta 5 km areka egitea ere sartu da aurrekontuan.

Drainatze gisa, bideetan arekak egin, ur horiek husteko behar diren fabrika-lanak gauzatu eta bideekin moztutako ibilgu naturalak lehengoratuko dira sakanguneen bidez ibilgu intermitenteetan, marko eurrefabrikatuen bidez ibilgu iraunkorretan edo metro bateko diametroa duten kainuen bitartez hustubide berrietan.

Oinarrizko Proiektuaren exekuzio materialaren aurrekontua (lurren mugimenduak, zola ematea, fabrikako obrak, seinaleztapena eta neurri zuzentzaileak, eta segurtasuna eta osasuna barne) 3.815.000 eurokoa da. (hektareako inbertsioa 1.017,33 eurokoa da.)

III. ERANSKINA

Ingurumenaren gaineko Eraginaren azterlanaren laburpena

Mendabiako ingurune sozioekonomikoa aztertuta, ondorioa da populazioa zahartzen ari dela, lehen sektorean 208 pertsona aritzen direla eta mahastizaintzak garrantzi handia duela sektore horren barruan; hamaika kontserba fabrika eta zenbait ardandegi daude. Abeltzaintzari dagokionez, ardi-aziendaren 5 ustiategi daude, beste 3 behi-aziendarenak eta hegaztien haztegi bat.

Ondare arkeologikoak 27 kokaleku ditu inbentariatuta, horietatik 25 aztarnategiak dira eta 2 aurkikuntza solteak. Aztarnategietako 2 1. kategoriakoak dira, eta babestuko direnez "herrilur" edo "auzalor" izenekoaren titularitatekoak izanen dira aurrerantzean, eta gainerako 23ekin ahal den neurrian.

Lurzati berrantolamenduaren eremuan bederatzi unitate geologiko aurkitu ditugu, horietako lau Kuaternariokoak (Holozenoa eta Pleistozenoa) eta bost Tertziariokoak.

Ezaugarri geomorfologiko nabarmenenak honakoek eragindakoak dira: ibaien formak (terrazak, uholde lur zelaiak, sakan hondoak eta deiekzio konoak), mendi magalak (kolubioiak) eta forma poligenikoak (glazisak), eta higadurak markatutako bilakaerarekin, terraza malkartsuak, lubakiak eta batzuetan ibilguaren alboetako higadurak.

Goiko terrazetan lurzoruak azalekoak dira, harri eta karbonato ugariduna. Beheko terrazetan aldiz lurzoruak sakonagoak dira. Tertziarioko materialen gainean garatutako lurzoruetan presentzia oparoa dute igeltsuek, buztinekin, limoekin, harearriekin eta kareharri hareatsuekin tartekaturik.

Balizko landarediari dagokionez, lurzati berrantolamenduaren eremuan bi serie klimatofilo daude, eta artea (Quercus rotundifolia) eta abaritza (Quercus coccifera) dira balizko landarediaren ale adierazgarrienak; geoserie halohigrofilo bat ere badago, gazitasun maila desberdinekin, sakanen sareko ur-emari intermitentearen arabera; sakan horietan Europar Batasuneko intereseko habitatak ageri dira.

Ornitofauna eremu honetako ornodun talde ugariena da, nagusiki estepako hegaztiak, Zabaleta - La Mesa inguruan, berrantolamendua egin behar deneko ingurunearekiko menpekotasun handiagoa duelako, eta bertan espezie mehatxatuen eta babes mailaren bat dutenen proportzioa handiagoa da beste multzo batzuetan baino.

Paisaiari dagokionez sei unitate definitu dira, honakoak, kalitatearen arabera sailkaturik:

_Oso kalitate ona: Imas eta El prado (Linares edo Mayor ibaiaren ibarra edo Lazagurriako sakana).

_Kalitate ona: Planahermosa, eta Beraza, San Bartolomé eta Mainegrako terrazak.

_Tarteko kalitatea: Estepak (Valoria, Juncal, La Mesa, Zabaleta, La Yasa eta Las Lombas), eta mendi partikularrak.

Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanaren oinarria hasierako fase batean egindako landa-lana da, non egitura eta funtzionamendu aldetik homogeneoak ziren guneetan eskualdearen azterketa egin baitzen, 1:5.000 eskalan. Eremu horien kartografia egin da eta, ondoren, bederatzi ingurumen unitate oinarrizkotan banatu dira, haien erabilera nagusiari jarraikiz. Era berean, elementu aipagarriak adierazi dira. Horretaz gain, 1/5.000 eskalan argitaratu dira, ortofoto eta plano euskarrietan.

Ingurumen unitateen ezaugarriak aztertu ondoren, haien balorazioa egin da. Ondorioz, hauei, ingurumena dela-eta, oso balio handia eman zaie:

_Berezko zuhaixkak; haien balio ekologikoagatik eta nahasketa sortzen dutelako.

_Berezko landaredia duten ezpondak; aurreko unitatearen balio berberengatik.

_Gatzagetako komunitateak; haien berezitasunagatik eta Europan urriak diren espezie babestuen habitata izateagatik.

_Drainatze-sareetako komunitateak; biodibertsitate areagotua dutelako eta paisaia nabarmenarazten dutelako etab.

_Inbentariatutako aztarnategi arkeologikoak

_Aipatutako elementu nabarmen horietako zortzi

"Erdiko balioak" dituzten beste unitate batzuk ere identifikatu dira:

_Larreak; berezko landaredia duten serieak osatzen dituzte, gizakien eragin handiarekin, abeltzaintza dela-eta.

_Koniferoen basoberritzeak; higaduraren kontra egiten dutelako, fauna anitzaren biotopoa izateagatik eta bertako espeziekin baso mistoak eratzeko bitartekoa direlako.

_Abeltzaintza eta nekazaritzako eraikinei dagozkien elementu nabarmenak, baltsak etab.

Azkenik, "balio arrunta" duten unitateak gainerako elementu garrantzitsuak eta labore lurretako eremu handiekin bat datozen ingurumen unitateak:

j) Belar-laboreak.

k) Landaketa iraunkorrak.

Eraginak banan-banan aztertu dira, prozesuaren fasearen arabera eta kaltea eragin lezaketen ekintzen arabera. Aurretiazko faseetan, oinarrietan, erabakietan eta obren proiektuan, eraginak lurzati berrantolamenduko prozesuaren inguruan sortutako asmoekin eta gizarte mugimenduarekin lotuta daude.

Exekuzio fasean jasaten ditu ingurumenak aldaketa gehien, izan ere, alde batetik azpiegituren proiektua egiten da eta, bestetik, finka berrien jabetza hartu ondoren, haiek egokitzen dira, eta ondorio hauek izaten dira:

_Berezko landaredia kendu edo aldatzen da, perimetroetako mugek funtzionaltasuna galdu dutelako.

_Faunaren gaineko eragina, berezko landaredia kentzearen ondorioz, horrek basa espezientzako habitata murrizten duelako.

_Paisaiaren gaineko eragina berezko landaredia desagertzearen ondorioz.

_Herri erabilerako eremuen gaineko eragina, labore lurzatien birbanaketaren ondorioz.

_Probetxamendu aldaketak, sastrakak laborantzarako goldatzen direlako, eta horri lotutako eraginak: biotopen aldaketa, ikus-kalitatea murriztea eta higaduraren ondorioak areagotzeko aukera.

_Ondare etnologikoaren gaineko eragina, usadiozko elementuak desagertzearen ondorioz, hala nola abeltzaintzako eraikinak eta bide zaharrak.

Aipatutako lehendabiziko lau eraginak moderatutzat hartu dira, eta azken biak bateragarritzat.

Azpiegiturak eraikiz eta hobetuz eragin hauek gertatu ahal dira:

_Ingurunearen aldaketa, behin-behineko instalazioak eta zerbitzu bideak ezartzeagatik, lurzorua trinkotzen duelako, landaredia desagerrarazi, higaduraren aukerak areagotzea, eta kutsadura, nahi gabeko isurketak direla-eta.

_Legar-hobiak eta hondakidengiak irekitzea.

_Materialen metaketa eta olioak eta hormigoiak botatzea.

_Sastraka garbiketak, landare lurzoruaren galerak, trazaduren okupazioaren gehikuntza.

_Lurren mugimendua eta ezponden okupazio handiagoa, lur-erauzketen eta lubeten ondorioz.

_Aldaketak erreketan eta drainatze-sareetan, bide berriek drainatze barreiatua eteten dutelako.

_Ezponda landaredunak, ezpondak eta harkadiak hondatzea, trazadurak gehitzearen ondorioz.

_Ibilguak eta drainatze zangak zuzendu edo garbitzeak lotutako landaredian duen eragina.

Lurraldeari eragiten dioten ondorio orokor batzuk daude, obrak direla-eta: faunaren eta aztarnategi arkeologikoen gainekoak, abelbideei eragindakoak eta eragin soziala.

Ustiapen faseetan, finka berrien aprobetxamenduak eta azpiegituren erabilerak dakartzan ondorioek exekuzio faserako deskribatutakoak okerragotzen dituzte.

Azpiegituren sare berriaren erabilerak ondorio hauek izanen ditu:

_Trafikoaren banaketa berriak ingurumenean izanen dituen ondorioak, bai eta sare berria mugapeko toki urrutienetara ailegatzeak dakartzanak ere.

_Finka berrietako sarbide errazagoak eta horien ustiaketa hobetzea.

_Higadura ezponda eta areketan, horietan gertatzen diren lubiziak eta lohiz betetzeak, bideen sarea nahiz hustubideena ukitzen dituztenak.

Prozesua azterturik, proposatzen dira eskualdeko ekosistemetan ingurumen aldetik ondorio bereziak dituzten eragileak tratatzeko irizpideak, berrantolamenduko jarduketa guztietarako ingurumen-jarraibideak, eta obrek sor ditzaketen eraginak leuntzeko zenbait aurreneurri eta zuzenketa-neurri; izan ere, horiek guztiak aplikatuz gero, lortuko da, oro har, natur ingurumena zaintzeko prozesuarekiko errespetua. Neurri horiek honako bost taldetan sailkatu dira:

1. Berrantolatu beharreko perimetroari buruzko neurriak, berrantolamenduak hainbat arrazoirengatik aise erasan diezaiekeen aldeak atzemanik, zeinetan gainera ez den sumatzen prozesua aplikatzearen abantailarik.

_Hirigunea kanpoan gelditzea.

_Imasko alderdia kanpoan uzteko proposamena.

_Etorkizuneko saihesbidearen eta hirigunearen artean dauden lurrak kanpoan uzteko proposamena.

2. Ordezkapen-finken diseinuari eta banaketari buruzko neurriak, garrantzi bereziko elementuen babesa ziurtatzeko, desagertzeko arriskuan diren elementuak mantenduko direla bermatzeko, eta lurraldean dibertsitate-maila bati eusteko.

_Babestu beharreko eremuak herri ondasunari edo egungo jabeei esleitzea.

_Lurzatien geometria aurretik dauden elementuen arabera moldatzea.

_Aztarnategi arkeologiko garrantzitsuenak "herrilurrei", "auzalorrei", bazkatokiari edo aurreko jabeari esleitzea.

_Esteparioen eremuan landatu gabeko lurrak tartekatzea estepako habitateari laguntzeko, "Herrilurren edo auzalorren" titularitatepean.

3. Bide eta hustubide sare berrien diseinuari dagokionez, ahal den neurrian oraingoari egokitzea proposatzen da, oraingo paisaiaren geometria mantentzeko eta zeharka oraingo mugetako asko ez galtzeko.

4. Obrak egiten direnerako aurreneurriak, eta zehazten da zer prekauzio hartu behar diren, lanak egin bitartean, nahitaezkoak ez diren kalteak eta nahi ez diren eraginak saihesteko.

5. Obren exekuzio eta mantentzerako zuzenketa-neurriak.

Azkenik, ingurumena zaintzeko plan bat proposatu da, berrantolamenduak ukituko dituen natur elementuetan aplikatzeko.

Bukaera gisa, IEAn adierazten da Mendabiako lurzati berrantolamenduak ingurumenean eragingo dituen kalterik handienak moderatuak izanen direla, betiere aurreikusitako babes neurriak hartzen badira. Aztertutako lurraldean ingurumen aldetik delikatuenak diren eremuek, batez ere sakanek eta ibarrek (gatzagetako, ihidietako eta lezkadietako komunitateekin), abelbideek eta estepako hegaztientzako intereseko eremuek, ez dute eraldaketa nabarmenik jasanen lurzati berrantolamenduaren ondorioz.

Iragarkiaren kodea: F0711091