I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.6. Beste batzuk
243/2007 EBAZPENA, uztailaren 13koa, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, Ablitasko udal mugapean legarra ateratzeko "Saso Pedriz-2" proiekturako, Tuterako Las Labradas poligonoa handitzeko mailegu gisa. Sustatzailea Hormigones Beriáin, S.A. da.
2006ko abenduaren 18an goian aipatzen den espedientea sartu zen Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuan. Proiektua Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeko 2.C eranskineko O idatz-zatiaren barruan dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimenaren araubidearen menpe dago.
2007ko martxoaren 7ko txosten bidez sustatzaileari dokumentazio osagarria eskatu zitzaion. Zehazki, Vianako Printzea Erakundearen aldeko txostena, erauzpeneko lurzatian inolako aztarnategiri kalterik egiten ez zaiola adieraziz. Sustatzaileak 2007ko martxoaren 23an eman zuen dokumentazio hori.
Martxoaren 22ko Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legeko 28. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeko ebazpen arrazoitua emanen duela.
Aipatutako 4/2005 Foru Legearen 25.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimendu ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.
Espedientean dauden txostenak ikusita, besteak beste foru lege horren 27.2 artikuluan xedatutakoaren arabera prestatutako udalaren txostena, non adierazten baita udalaren aldetik ez dagoela oztoporik, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariaren irailaren 27ko 537/2005 Foru Aginduaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, Ablitasko udal mugapean legarra ateratzeko Hormigones Beriáin, S.A.k sustatutako "Saso Pedriz-2" proiekturako, Tuterako Las Labradas poligonoa handitzeko mailegu gisa.
2. Baimen hau baldintza hauen mende egonen da:
_Gehienez ere 100.000 m³ aterako dira, Ablitasko 3. poligonoko 262. lurzatian, gehienez bi urtez. Kota-beherapena 8 metrokoa izanen da gehienez.
Lurzatiaren lehengoratzea ustiapenaren aldiberekoa izanen da. Landare-lurra birjarriko da eta zuloa neurri batean lurrez estaliko da, finkaren jatorrizko profilaren azpitik 5 metroko kotara iritsi arte. Ondoko finkekin geldituko diren azken ezpondek 2H:1V malda izanen dute.
_Lurrak mugitzen hasi baino lehen, 40 zentimetroko landare-lur geruza bat kenduko da. Gorde eginen da eta guztia lurzatia lehengoratzeko erabiliko, nekazaritzako erabilera mantentzeko.
_Legar-hobiaren ustialdian biltzen diren legarrak, landare-lurrak edo lur elkorrak proiektuan aurreikusitako aldean jarriko dira.
_Ondare Arkeologikoaren prebentzio eta babes neurri hauek beteko dira, Vianako Printzea Erakundeko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak 2006ko abenduaren 18an emandako txostenean eskatuak baitira:
_Landare-lurra, lur landua edo azaleko lurra legarren maila geologikoetara heldu arte kentzeko fasean jarraipen arkeologikoa egonen da. Horretarako, lanak behar bezala kontrolatzeko behar diren arkeologiako teknikariak egonen dira obran berean, landare-lurren mugimenduak egiten diren bitartean. Azaleko lurra, betiere, aztarna edo maila arkeologikoak agertu arte kenduko da.
_Lanaren hasierako fase horretan zehar azalean identifikatu ez diren egitura edo aztarna arkeologikoak agerian geratuz gero, mugatu eta balizatu eginen dira kontrolik gabeko kalterik jasan ez dezaten. Aurkikuntza arkeologikoen berri emanen zaio berehala Ondare Arkeologikoaren Bulegoari, behar diren neurri zuzentzaileak hartu ahal izateko, alegia, ukitutako eremuetan lanak geldiarazi eta indusketa sistematikoa egiteko. Aurkikuntza horien azken xedea Kultura Zuzendaritza Nagusiaren baimen berariazkoaren menpe egonen da; horrexek finkatuko ditu lanak nola eta zer baldintzarekin eginen diren, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 20ko 14/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.
_Neurri horiek guztiak arkeologo batek edo sektoreko enpresa espezializatu batek eginen ditu, proiektuko sustatzailearen kargura, legeak hala aginduta. Horien arduradunak Kultura Zuzendaritza Nagusiaren baimen administratiboa beharko du, urriaren 3ko 218/1986 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, horren bidez arautu baitziren Nafarroako Foru Komunitatean egin beharreko prospekzio eta indusketa arkeologikoak. Ikuskapen lanak Ondasun Higigarri eta Arkeologia Atalari atxikitako Ondare Arkeologikoaren Bulegoari dagozkio, eta horretarako obraren sustatzaileak idatziz jakinarazi beharko du, nahitaez eta behar den denboraz, lanen hasiera.
Legarra ateratzeko gunera iristeko oraingo bideak erabiltzeari dagokionez, bide horiek tonelaje handiko kamioiak jasan behar dituztenez, moldatu egin beharko dira. Erabiltzen diren tarteetan bide-zoruak nahikoa pisu nahikoa jasan beharko du. Gainera, bide horiek Ablitastik Tuterarako errepidera ematen dutenez, komeni da bideen azkeneko zatian, errepidearekin lotu baino 50 metro lehenago, asfaltatzea. Horrela tonelaje handiko kamioiek ez dute bidea hondatuko, eta errepideko galtzada ez dute zikinduko, ibilgailuen gurpiletako lur eta lohi hondarrekin.
3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 9.608,94 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek leheneratu edo gutxituko direla bermatzeko.
4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu (lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura).
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.
6. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.
7. Ebazpen hau igortzea Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, Ingurumen Zaintzari, Ablitasko Udalari eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2007ko uztailaren 13an._Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Iragarkiaren kodea: F0711400