I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.1. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza
240/2007 EBAZPENA, uztailaren 5ekoa, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendari nagusiak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Castejongo mugapean eguzki-parke fotovoltaiko bat jartzeko, Canteras Echauri y Tiebas, S.A.k sustatua. Parkeak 9 Kw-ko 530 jarraitzaile izanen ditu eta 48 ha-ko eremua hartuko du.
Jarduera hori Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeko 2.C eranskineko I) atalean sarturik dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du.
2006ko apirilaren 24an Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera.
Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 28. artikuluan ezarririk dago Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeari buruz, eskaria aurkezten denetik lau hilabeteko epean.
Aurretik aipatutako martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeak, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzkoak, 25.2 artikuluan ezarri du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere jasoko duela, hirigintzako legediaren arabera hori ere eskatu behar den kasuetan.
Maiatzaren 2ko 134/2007 Ebazpenaren bidez, espedientea jendaurrean jarri zen, eta 2007ko 60. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu, maiatzaren 14an. Jendaurreko aldian ez da alegazio-idazkirik jaso.
Ikusirik Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren eta Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuaren txostenak, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak irailaren 27ko 537/2005 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Castejongo mugapean eguzki-parke fotovoltaiko bat jartzeko, Canteras Echauri y Tiebas, S.A.k sustatua. Parkeak 9 Kw-ko 530 jarraitzaile izanen ditu, Ingurumen ukipenen azterlanaren 7. planoan adierazitakoaren arabera ("Instalazioaren planta orokorra"), eta 48 ha-ko eremua hartuko du, aurkeztu den Ingurumen ukipenen azterlanaren arabera.
2. Baimena ingurumenaren gaineko honako neurri hauek betetzearen baldintzapean ematen da:
_Ukituko dira, bakarrik, zimentazioak eta kanalizazioak egin ahal izateko ezinbestean ukitu behar diren eremuak; ahalik eta lur mugimendu gutxien egin beharko da eta ez da inguruko topografia aldatuko.
_Instalazioak gutxienez 15 metroko distantzia utzi beharko du instalazioaren itxitura perimetralaren eta Barranco del Lisio izeneko sakanaren alde bakoitzaren artean, lurzoruaren higadura eta lubiziak saihesteko. Sakanaren inguruetan zuinketa lanak hasi aurretik, Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertu eta Lehengoratzeko Atalari jakinarazi beharko zaio, gutxienez 48 ordu lehenago (telefono zenbakiak: 848 42 14 86 / 848 42 49 05).
_Inguruko hesiak ez du inolaz ere ukituko Barranco del Lisio sakana. Hortaz, eguzki-parke fotovoltaikoaren iparraldean inguruko beste hesi bat jarriko da, aipatutako sakanaren hegoaldean jarriko den hesiaz gainera.
_Inguruko hesia ugaztun txikiak pasatzeko modukoa izanen da; beraz, beheko aldean horretarako toki nahikoa utzi beharko da (20 zentimetro inguru).
_Obra bukatutakoan landare tratamendu egokia egin beharko da, lurzoruaren higadura murrizteko helburuz. Tratamenduak egin beharreko jarduerarekin bateragarri izan beharko du, eta obrak ukitutako eremu guztiak berriz landareztatu beharko dira. Birlandatze lanak hasi aurretik, Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertu eta Lehengoratzeko Atalari jakinarazi beharko zaio, gutxienez 48 ordu lehenago (telefono zenbakiak: 848 42 14 86 / 848 42 49 05).
_Sortzen den energia Tutera-Tafalla 1 izeneko 66 kV-ko linea elektrikoaren 2015. euskarrira igorriko da, eguzki-parke fotovoltaikoaren mugatik 20 metrora dagoena, banaketa zentroaren ondoan, Ingurumen ukipenen azterlanaren "Instalazioaren planta orokorra" izeneko 7. planoan adierazitakoaren arabera.
_Eguzki-parke fotovoltaikoaren aldean, Tutera-Tafalla 1 eta Tutera-Tafalla 2 linea elektrikoak lur azpitik eramanen dira. Biak 66 kv-koak dira.
_Obrak bukatutakoan, sustatzaileak obra bukaerako eta ingurumena zaintzeko ziurtagiria aurkeztu beharko du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan, instalazioa proiektuaren arabera egin dela egiaztatzeko. Ziurtagirian lan horien gorabeherak adieraziko dira, bai eta ezarritako neurri zuzentzaileak eta horien eraginkortasunaren balorazioa ere. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak irekitzeko baimena emanen du eta antzemandako ukipenak desagerrarazi edo murrizteko beste neurri batzuk proposatzeko aukera izanen du, exekuzio epe zehatz bat jarrita.
3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu (lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura), hirigintza arloko honako baldintzekin:
_Hesiak hiru metroko bide-zorra utzi beharko du inguruan dituen bide publiko guztiekin.
_Nolanahi ere, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik, bai proiektuan aurreikusten diren ekintzetarako, eta bai egin asmo diren instalazio eta jarduerek ukitu ditzaketen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta bide-zorrei dagokienez.
_Eguzki-sorgailuak jarriko diren lurren inguru osoan landare-hesi bat jarri beharko da, landare autoktonoak sartuz.
4. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 50.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek konpondu edo gutxituko direla bermatzeko, 4/2005 Foru Legeko 69. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.
6. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.
7. Ebazpen hau Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Ingurumen Zaintzari, Castejongo Udalari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2007ko uztailaren 5ean._Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Iragarkiaren kodea: F0711203