II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
2.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak
BURLATA
Burlatako Udalaren Tokiko Gobernu Batzarra eskuordetzea Alkatetzaren eskumenetarako
Udal honetako alkateak ebazpena eman du 2007ko ekainaren 28an. Hona hemen testua:
1._Tokiko Gobernu Batzarrak Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 23.2 artikuluak eta Antolaketari eta Funtzionamenduari buruzko Erregelamenduaren 53.1 artikuluak zuzenean esleitzen dizkioten laguntza eta aholkularitza eginkizunak bereganatuko ditu, baita legeek zuzenean esleitzen dizkiotenak ere eta, Alkatetza honek eskuordeturik, jarraian zerrendatzen diren eskurantzak hartuko ditu:
a) Kudeaketa ekonomikoa garatzea, onetsitako aurrekontuaren arabera, eta gastuak xedatzea, betiere Alkatetzaren eskumenen mugen barnean, indarra duen Udalaren aurrekontu arrunta betearazteko oinarrietan agindutakoari jarraikiz.
b) Udal ordenantzen gaineko arau-hausteak zehatzea.
c) Mota guztietako kontratazio eta kontzesioak, haien zenbatekoa aurrekontuko baliabide arrunten %10 baino gehiago ez bada, ezta, inolaz ere, 6.010.121,04 euro baino gehiago; horien artean urte anitzetakoak ere sartzen dira, lau urte baino gehiago iraun behar ez badute, betiere urteko guztien zenbateko metatuak aipatu portzentajea gainditzen ez badu lehen ekitaldiko aurrekontuko baliabide arrunten gainean, ezta aipatu zenbatekoa ere.
d) Edozein motatako lizentziak ematea.
e) Ondasunak eta eskubideak erostea, haien balioa aurrekontuko baliabide arrunten %10 baino gehiago ez bada, ezta, inolaz ere, 3.005.060,52 euro baino gehiago, baita ondasunaren besterentzea ere, ez aipatu portzentajea ez zenbatekoa gainditzen ez badute, kasu hauetan:
_Ondasun higiezinak, betiere aurrekontuan ezarria badago.
_Ondasun higigarriak, balio historiko edo artistikoaren deklarazioa dutenak izan ezik, haien besterentzea aurrekontuan ezarri ez bada.
2._Tokiko Gobernu Batzarrak hartzen dituen erabakiak alkateak eskuordetu ez dituen eskurantzez baliatuz ematen dituen ebazpenen balio bera izanen dute, hala ere, erabakiak Batzarraren funtzionamendurako arauekin bat hartu beharko dira.
3._Eskuordetza hori ez da ezeztatuko Alkatetzaren titularra edo Tokiko Gobernu Batzarraren osaera aldatze hutsagatik. Eskuordetza hori ezeztatu edo aldatzeko, emateko eskatzen diren formaltasun berdinak bete beharko dira.
4._Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko agintzea, Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamenduaren 44.2. artikuluan ezarritako ondorioak izan ditzan. Hala ere, eskurantzen eskuordetzak ondorioak sortuko ditu dekretu honen dataren biharamunetik aurrera.
5._Erabaki honen berri ematea Udaleko Osoko Bilkurari, Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamenduaren 38. artikuluan ezarritakoa betetzeko deituko den bilkura berezian, bere edukia ezagutzeko.
Burlatan, 2007ko ekainaren 28an._Alkatea, José Muñoz Arias.
Iragarkiaren kodea: L0711378