102. ALDIZKARIA - 2007ko abuztuaren 17a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

AURITZ

Aldaketa ordenantzan. Behin betiko onespena

Aurizko Udalak 2007ko martxoaren 29an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Aurizko ordenantza fiskal orokorraren aldaketa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza horretako aldaketa behin betikoz onetsi eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

1. ERANSKINA

TOKI ENTITATEEN JABARI PUBLIKOAREN ERABILERA PRIBATIBOA EDO APROBETXAMENDU BEREZIA EGITEAGATIK TASAK ORDAINARAZTEA (OSTALARITZAKO ESTABLEZIMENDU PUBLIKOEN ZERBITZUKO MAHAI, AULKI ETA MAHAITXOAK BESTEAK BESTE)

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenengo tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera eta lege bereko 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Zerga honen egintza dira hiriko jabari publikoko erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziak, hala nola ostalaritzako establezimendu publikoen zerbitzuko mahai, aulki eta mahaitxoak besteak beste.

Ordaindu beharra

3. artikulua. Ordaindu beharra erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia hastean sortzen da, eta aurretik behar den baimena eskatu behar da.

Udalaren nahitaezko lizentziarik aurretik izan gabe erabilera edo aprobetxamendua hasten bada, ordenantza fiskal honetan ezarritako tasa pagatzeak ez ditu izandako erabilera edo aprobetxamenduak legeztatuko eta kalte-ordainik eman gabe instalazioak kentzeko agindu daiteke.

Ordenantza honetako erabilera edo aprobetxamenduak tasaren aldian behingo sorrarazpena behar badu, hura urtarrilaren 1ean izanen da urtero eta zergaldia urte naturala izanen da, salbu eta erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia urte hartan hasi edo bukatu egin den kasuetan, orduan zergaldia horren arabera moldatuko baita eta berdin kuota hainbanatuko.

Ordaintzera behartuak

4. artikulua. Tasa ordaintzera beharturik daude, zergadunak diren aldetik, pertsona fisiko zein juridikoak eta, nortasun juridikorik ez izanik ere, unitate ekonomikoa edo ondare berezia osatzen duten entitateak, baldin eta, toki entitateko jabari publikoko zoru, hegalkin edo zorupearen erabilera pribatibo edo aprobetxamendu berezia egiten badute, edo hari onura ateratzen badiote.

Ez dute tasa ordaindu beharko ordenantza indarrean sartu baino lehen errenta prezioaren baitako ordenantzaren xede diren jarduketak eginen lituzketen udal zerbitzuen errentari edo kontzesiodunek.

Oinarriak, tasak eta tarifak

5. artikulua. Tarifak aplikatzeko oinarria zehaztuko da okupatutako eremu publikoaren azaleraren arabera. Zergaldi bakarra egonen da, urte batekoa.

6. artikulua. Tarifak ordenantza honen eranskinean agertzen dira.

Lizitazio publikoko prozedurak erabiltzen direnean, tasaren zenbatekoa zehazteko, kontzesioa, baimena edo esleipena zein proposamenentzat egiten den, haren balio ekonomikoaren arabera finkatuko da.

7. artikulua. 1. Likidazioa udalak eginen du. Tasa lizentzia edo kontzesioa eman dela jakinarazi baino lehenago ordainduko da.

2. Udalak baimena bere osotasunean balio gabe utzi edo aldi baterako ken dezake arrazoi bidezko, obra, konponketa, eta abarrik badago, eta kobratutako tasaren zati proportzionala soilik itzultzera behartuta dago.

TARIFEN ERANSKINA

Mahaiak, aulkiak, mahaitxoak, barrak eta ostalaritzako jardueretarako bertze zenbait baimen, metro karratu edo zatiki bakoitzeko, urtean: 2 euro/metro koadroa.

Auritzen, 2007ko uztailaren 6an._Alkatea, José Irigaray Gil.

Iragarkiaren kodea: L0711303