I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.6. Beste batzuk
694/2007 EBAZPENA, ekainaren 29koa, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak emana, Bigarren Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutu eta ikastetxe itundu pribatu batzuei baimena ematen diena hizkuntzak Bigarren Hezkuntzako atzerriko hizkuntzen eta euskal hizkuntza eta literaturaren curriculumak Hizkuntzen Urrutiko Irakaskuntza Ofizialaren curriculumarekin bateratuz irakasteko, betiere NUHEO-Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren koordinaziopean.
Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuko zuzendariak adostasun txostena aurkeztu du, Bigarren Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutu eta ikastetxe pribatu itundu batzuei baimena eman dakien hizkuntzak irakasteko Bigarren Hezkuntzako atzerriko hizkuntzen eta euskal hizkuntza eta literaturaren curriculumak Hizkuntzen Urrutiko Irakaskuntza Ofizialaren curriculumarekin bateratuz, NUHEO-Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren koordinaziopean.
Kontuan harturik Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 60.3 artikulua, uztailaren 16ko 196/2001 Foru Dekretua, uztailaren 28ko 272/2003 Foru Dekretua, 1993ko azaroaren 2ko Agindua eta azaroaren 15eko 339/1993 Foru Dekretua.
Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluko d) letrak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ebazpen honen I. eranskinean agertzen diren Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutu eta ikastetxe itundu pribatuei baimena ematea 2007-2008 ikasturtetik aurrera hizkuntzak atzerriko hizkuntzen eta Hizkuntzen Urrutiko Irakaskuntza Ofizialaren curriculumak bateratuz irakasteko, Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialarekin elkarlanean aritzeko Programari jarraikiz.
2. Ebazpen honen II. eranskinean agertzen diren Bigarren Hezkuntzako institutuei baimena ematea 2007-2008 ikasturtetik aurrera hizkuntzak Euskal Hizkuntza eta Literaturaren curriculuma eta hizkuntzen urrutiko irakaskuntzaren curriculuma bateratuz irakasteko, Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialarekin elkarlanean aritzeko Programari jarraikiz.
3. Ebazpen honen III. eranskinean agertzen diren Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutu eta ikastetxe pribatu itunduei baimena ematea 2007-2008 ikasturtetik aurrera hizkuntzak Euskal Hizkuntza eta Literaturaren curriculuma eta hizkuntzen urrutiko irakaskuntzaren curriculuma bateratuz irakasteko, Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialarekin elkarlanean aritzeko Programari jarraikiz.
4. Ebazpen honen 1., 2. eta 3. puntuetan aipatzen diren Bigarren Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuek eta ikastetxe pribatu itunduek baimena izanen dute, beraz, dagozkien hizkuntzak Bigarren Hezkuntzako atzerriko hizkuntzen eta euskal hizkuntza eta literaturaren curriculumak Hizkuntzen Urrutiko Irakaskuntza Ofizialekoarekin bateratuz irakasteko, Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialak koordinaturik, betiere Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren antolaketa eta jarduna arautzeko Jarraibideetan ikasturte bakoitzerako onesten diren arauetan finkatzen diren mailen arabera.
5. Baimena duten Bigarren Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuetako eta ikastetxe pribatu itunduetako ikasleak borondatez sartuko dira Programan, eta matrikula egin beharko dute bai Bigarren Hezkuntzako edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuan edo ikastetxe pribatu itunduan, bai eta Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialean ere. Ikasleen ebaluazioa desberdina izanen da ikasketen balio akademikoaren arabera: alde batetik, atzerriko hizkuntza eta/edo euskal hizkuntza eta literatura gainditzea Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzan, bere ebaluazio prozesua izanen duena, eta beste aldetik, hala badagokio, Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren agiria lortzea, dagokion hizkuntzan.
6. Programa honetan hasten diren ikasleei Bigarren Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutu eta ikastetxe pribatu itunduek bermatuko diete bertan segituko dutela, harik eta Hizkuntzen Irakaskuntza Espezializatuen ikasketak burutu arte, gai horri buruz indarra duen arautegia kontuan harturik.
7. Hezkuntza Departamentuak bukatutzat eman dezake ebazpen honen 1., 2. eta 3. puntuetan aipatzen den baimena, ondoko kasu hauetan:
_Institutuak edo ikastetxe pribatu itunduak arrazoibidez eskatuz gero. Horretarako, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuaren eta NUHEOren txostenak beharko dira.
_Baimena bukatutzat emateko moduko gorabeherak azalduz gero. Horretarako, NUHEOk egindako ebaluazioa hartuko da kontuan.
8. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aitzina.
9. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Euskara Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzura, Ikasketak Antolatzeko Atalera, Araubide Bereziko Irakaskuntzaren Atalera, Hizkuntzen Bulegora eta ikastetxe interesdunetara, behar diren ondorioak izan ditzaten.
10. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.
Iruñean, 2007ko ekainaren 29an._Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusia, Fermín Villanueva Ferreras.
I. ERANSKINA
_Zarrakazteluko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuari, frantsesa irakasteko.
_Erronkariko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuari, ingelesa irakasteko.
_Fontellasko "Argia Ikastola" Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatu itunduari, ingelesa irakasteko.
II. ERANSKINA
_-Barañaingo Bigarren Hezkuntzako institutuari, euskara irakasteko.
_Tafallako "Sancho III, el Mayor" Bigarren Hezkuntzako institutuari, euskara irakasteko.
III. ERANSKINA
_Zarrakazteluko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuari, euskara irakasteko.
_Erronkariko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuari, euskara irakasteko.
_Fontellasko "Argia Ikastola" Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatu itunduari, euskara irakasteko.
Iragarkiaren kodea: F0711040