Iragarkia
102. ALDIZKARIA - 2007ko abuztuaren 17a
I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.6. Beste batzuk
1474/2007 EBAZPENA, uztailaren 5ekoa, Ingurumen zuzendari nagusiak emana, Ingurumen eraginaren adierazpena egiten duena eta "La Sarda II (II.a eta II.b)" izeneko legar-hobia ustiatzeko eta lehengoratzeko proiektuaren gainean udalak ebatzi aurreko txostena ematen duena. Castejongo (Nafarroa) udal mugapean izanen da, eta Aridos Gamen, S.L.k sustatu du.
Proiektuaren helburua da oraingo ustiapena (La Sarda 3.447) handitzea. Oraingo ustiapena uztailaren 21eko 109/2000 Ebazpenaren bidez onetsi zen (Castejongo 5. poligonoko 308, 311., 329. eta 333. lurzatiei buruzkoa zen, eta neurri batean ustiatzen den "La Sarda II.a" emakidaren legeztapenari buruzkoa). Legeztapenak honako lurzati hauei eragiten die: 335., 336., 332., 339. eta 344. Gainera, dagokion ingurumen baimena lortu nahi da Castejongo 5. poligonoan 348., 349. eta 362. lurzatietan ("Sarda II.a") ustiapena hasteko, baita Castejongo 4. eta 5. poligonoetako 61., 62., 63., 64., 66., 68., 75. eta 369. lurzatietan ("Sarda II.b") ere.
Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeak ezartzen duenaren arabera, Ingurumen eraginaren adierazpena egin behar da xedapen horretako eranskinetan ageri diren obra, instalazio edo jarduerak egin edo baimentzeko administrazio ebazpena eman aurretik.
Ingurumen zuzendari nagusiak 2006ko urtarrilaren 24an egin zuen idazkiaren bitartez aurretiazko kontsulten tramitea egin zen. 21 entitateri egin zitzaien kontsulta, eta 5ek erantzun zuten. I. eranskinean daude kontsultatuen zerrenda eta jasotako erantzunen laburpena.
2006ko martxoaren 23an Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariak aurretiazko kontsulten erantzunak sustatzaileari bidali zizkion, Ingurumen eraginaren azterlana egiterakoan kontuan har zitezen. Halaber, Ingurumen eraginaren azterlanaren derrigorrezko edukiari erantsi beharreko alderdi batzuk aipatu zizkion.
Txosten honen II. eranskinean jaso dira proiektuaren laburpena eta ingurumenean eragina izanen duten lanak. Ingurumen eraginaren azterlanean (III. eranskinean laburturik ageri da) proiektuak ingurumenaren gainean izanen dituen eraginik nabarienak egoki aztertzen dira eta neurri zuzentzaile batzuk ezartzen, ingurumenean inpaktu nabarmenik ez eragiteko.
Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratutako iragarki baten bidez (2006ko 99. zenbakia, abuztuaren 18koa) proiektua jendaurrean jarri zen, jarduera sailkatuaren udal lizentziaren ondorioetarako. 2007ko otsailaren 27ko idazkiaren bidez Udalari jakinarazi zitzaion beharrezkoa zela espedientea jendaurrean jartzea, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren ondorioetarako. Hala egin zen 2007ko 40. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALaren, apirilaren 2koaren, bidez.
Bi aldi horietan bi alegazio jaso dira: bat Castejongo Udalarena, partikular batena biltzen duena, eta bestea Ignacio Puras Gilena, Valle del Ebro Solar, S.L.ren administratzaile den aldetik. IV. Eranskinean aurkeztu dira alegazio horien laburpena, sustatzailearen erantzuna eta Ingurumen Departamentuak horien gainean egindako ingurumen balorazioa.
Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak irailaren 27ko 537/2005 Foru Aginduaren bidez nire esku utzi dituen eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ingurumen eraginaren aldeko adierazpena egitea "La Sarda II (II.a eta II.b)" izeneko legar-hobia ustiatzeko eta lehengoratzeko proiektuari buruz. Castejongo (Nafarroa) udal mugapean izanen da, eta Aridos Gamen, S.L.k sustatu du.
2. Jarduera ingurumenaren arloan indarrean den legeriarekin bat eginen dela agintzea, eta izenburuan azaldutako espedienteari atxikitako dokumentazio teknikoko baldintzei jarraikiz. Gainera, funtzionamendurako baldintza hauek kontuan hartuko dira:
.Lur mugimenduak hasi aurretik, eta landare-lurreko geruza kentzen den bitartean, langile espezializatuek prospekzio arkeologikoa egin beharko dute ustiatzekoak diren lurretan, zerbitzu osagarrietan eta beharrezkoak diren azpiegituretan. Hori guztia Nafarroako Gobernuko Ondare Historikoaren Zerbitzuak 2006ko urtarrilaren 30ean egindako txostenarekin bat.
.Legarra aterako da, eta horrekin loturiko beste edozein jarduketa proiektuko lurzati hauetan soilik egiten ahalko da:
_"La Sarda II.a": Castejongo 5. poligonoko 335., 336., 332., 339., 344., 351., 348., 349. eta 362. lurzatiak.
_"La Sarda II.b": Castejongo 4. poligonoko 61., 62., 63., 64., 66., 68. eta 75. lurzatiak eta 5. poligonoko 369. lurzatia.
_Hala ere, ustiatuko den eremuaren kanpoko mugak (ongi ikusteko moduan balizatu behar dira), UTM koordenadetan, hauek dira:
1. (609.266-4.666.013); 2. (609.251-4.666.616);
3. (609.515-4.666.540); 4. (609.562-4.666.503);
5. (609.419-4.666.462); 6. (609.307-4.666.517);
7. (609.285-4.666.477); 8. (609.329-4.666.436);
9. (609.491-4.666.388); 10. (609.634-4.666.423);
11. (609.069-4.666.715); 12. (609.244-4.666.986);
13. (609.489-4.666.979); 14. (609.333-4.667.044);
15. (609.424-4.667.146); 16. (609.642-4.667.121);
17. (609.655-4.667.179); 18. (609.492-4.667.231);
19. (609.654-4.667.307); 20. (609.814-4.667.173);
21. (609.571-4.666.853); 22. (609.619-4.666.738);
23. (609.440-4.666.721); 24. (609.454-4.666.757);
Betiere, alde hauek utzi beharko dira:
.AP-15 autobideko zelaiaren kanpoko ertzetik 25 metroko zerrenda ustiatu gabe mantenduko da. Horrela, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren zuzentarauak betetzeaz gain, autobidearekin parez pare dagoen bidea errespetatuko da. Era berean, 5 metroko zerrenda bat ustiatu gabe mantenduko da honako bide hauen bi aldeetan:
Valdelafuenteko bidea (64. eta 369. lurzatiak).
El Lisioko sakaneko bidea (348., 362., 363. eta 364. lurzatiak).
Castejon eta Tutera arteko muga egiten duen bidea.
.Proiektuan jasotzen den gisan, ustiatu gabe mantenduko dira Castejongo 5. poligonoko 350., 357., 359., 360. eta 361. lurzatiak. Horien inguruan hesia jarriko da, El Lisioko sakanean eta Ojo de Valdelafuenteko urtegian inolako ukipenik ez izateko. Dena dela, ustiategiak ukitutako azalera guztiaren ingurua hesitu beharko da, meatzaritza arloan indarrean den legeriak eskatzen duen moduan.
.Gehienez ere 1.305.648 m³ aterako dira, eta horretarako 16 urteko epea dago gehienez ere, lehengoratzeko denbora barne. Ez da inola ere 317 m-ko kotatik behera lan eginen bi eremuetako bakar batean ere, horixe izanen baita harrobiko plazaren behealdeko kota.
.Ingurumen eraginaren azterlaneko 9. kapituluan proposatutako babes, zuzenketa eta konpentsazio neurri guztiak aplikatuko dira, baita lehengoratze planean jasotako jarduerak ere (11. kapitulua), txosten honetan adierazten diren aldaketak barne.
."La Sarda II.a-ko" lur metaketen bidez El Lisioko sakanera erortzen den ezpondaren inbasioa saihestuko da. Landaredi naturala duten azaleren okupazioa eta jarioak gertatzeko arriskuaren aurrean, horiek kokapena aldatzea gomendatzen da. Ildo horretatik, "La Sarda II.b-ko" metaketak ez dio eraginen Castejongo 4. poligonoko 66. eta 75. lurzatietako landaredia naturalari. Kasu horretan lur metaketen bidez pantaila eratuko da, AP-15 autobideko ikusleentzat.
.Ingurumen eraginaren azterlanean proposatzen diren neurri eta jokabideetatik honako hauek nahitaezkoak dira:
_Tratamendu instalazioa eta legar-hobia lotzen dituen bidea asfaltatzea.
El Lisioko sakanaren inguruan lurrak edo bestelako materialak botatzeko debekua. 332. eta 351. lurzatietako iparraldean metaturik dagoen landare-lurra, sakanera erortzen den ezpondaren gainean, kendu eginen da, eta orain ustiatzen den gunea lehengoratzeko erabili. Ezpondari profila aldatuko zaio, jatorriko erliebea lortu arte.
Azken ezpondek 10H/1V gehienezko malda izanen dute, eta ustiategia zeharkatzen duen linea elektrikoaren euskarriena 3H/1V. Euskarri horien inguruan 5 metroko azalera mantenduko da ustiatu gabe.
_Azken azaleretatik 40 cm-ko geruza kendu eta horren ordez landare-lurra jarriko da.
Jardueretako bi eremuetarako proposatu diren lehengoratze faseak betetzea.
Drainatze sarea lehengoratzea, bere horretan mantentzeko azaleko isurketetatik El Lisioko sakanerako eta Ojo de Valdelafuenteko urtegirako ur ekarpenak.
El Lisioko sakaneko goiko aldean proiektatutako bidea erabiliko da "La Sarda II.b-n" sartzeko. El Lisioko sakana eta Ojo de Valdelafuenteko urtegia bereizten dituen pista (Castejongo 5. poligonoko 344. lurzatia) erabiltzea saihestuko da horrela.
.Zainketa plana. Ingurumen eraginaren azterlanean adierazitakoez gain, hona hemen beste zehaztapen batzuk:
Egiaztatuko da El Lisioko sakaneko eta Ojo de Valdelafuenteko urtegiko inguruen erliebea aldatzeak ez diela ur ekarpena aldatuko.
Gasbidean, linea elektrikoan edo nekazaritza bideetan ukipenik ez izatea kontrolatuko da.
Hauts isurpena eta atmosferako hauts maila kontolatuko dira. Horretarako, induskatzeko eta materiala garraiatzeko makinek erabiltzen dituzten sarrera-pistak aldian behin ureztatuko dira.
Urtero, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari aurkeztuko zaizkio Ingurumena Zaintzeko Planean jasotako jarraipen txostenak. Plan hori sustatzaileak urtez urte prestatzen duen lanen planean bilduko da. Bertan modu berezian kontrolatuko da ustiapen lanen eta lehengoratze lanen aldiberekotasuna, proiektatutako bukaerako morfologiaren lorpena eta proposatutako landareztatze neurrien eraginkortasuna.
.Landare-estalki berria zaindu eta mantentzeko lanak eginen dira landareak ongi sustraitu arte, landaketaren ondoko bizpahiru hazkuntza aldietan behintzat. Sustatzaileak hartuko ditu bere gain, eta dagokien aurrekontu saila izanen dute. Isurketa eta hondakin solidoei dagokienez, Udal ordenantzei eta indarra duen araudiari jarraituko zaie.
.Hotsak eta dardarak: ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuko 15., 16. eta 18. artikuluek ezartzen dituzten funtzionamendu baldintzak eta hots eta dardaren baldintzak bete beharko dira beti.
.Isurketak eta hondakin solidoak: Udal ordenantzei eta indarra duen araudiari jarraituko zaie.
.Keak, gasak, lurrunak eta hautsak: Atmosfera Babesteari buruzko Legean, urtarrilaren 14ko 6/2002 Foru Dekretuan eta horrekin bat datorren araudian ezarritakoari jarraituko zaio.
.Legar-hobia lehengoratzeko plana gauzatuko dela bermatuko da honako arau hauek aplikatuz: urriaren 15eko 2994/1982 Errege Dekretua eta abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretua, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duena (109. artikulua). Bestela eskudiruzko fiantza aurkeztuko da Nafarroako Gobernuaren Ekonomia eta Ogasun Departamentuan, 161.439 euro guztira, alegia, lehengoratze planaren aurrekontuko zenbatekoa, eta hori egin izana Udalari adierazi beharko zaio, hark irekitzeko baimena eman baino lehen. Bermea bost urtean behin eguneratu beharko da, kontsumorako prezioen indizearen bilakaeraren arabera.
3. Ingurumen eraginaren adierazpen hau egin bada ere, jarduera sailkaturako lizentzia lortzeko tramitazioa ere egin beharko da.
4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen eta interesdunek, administrazio publikoak izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari zuzendua, hilabeteko epean.
5. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 23. artikuluan ezarririkoari jarraikiz.
7. Ebazpen hau igortzea Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, Ingurumen Zaintzari, Castejongo Udalari eta sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2007ko uztailaren 5ean._Ingurumen zuzendari nagusia, Juan José Grau Las Heras.
I. ERANSKINA
Aurretiazko kontsultak
Hona hemen aurretiazko kontsulten tramitean jasotako erantzunen laburpena. 2006ko urtarrilaren 24an Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariak eskatuta egin zen kontsulten tramitea, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuarekin (Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duena) bat.
Ebroko Konfederazio Hidrografikoa.
Uren ikuskatzailetza horretako Ingurumena kudeatzeko arloak landu duen irizpenak honako hau adierazi du:
405 zenbakiko unitate hidrogeologikoa (Ebro, Lodosa eta Tuterako alubioia) ez du ukitzen.
Prebentzio eta zuzenketa neurriak aplikatu behar dira, indusketarekin maila piezometrikoa ez aldatzeko.
Drainatze sistema egokia eraiki behar da, honako hauekin: babes-arekak, zorrotenak, areka perimetralak eta dekantazioko dikeak sakan igorleetan. Soberako urak jasotzeko putzuak eraiki behar dira.
Ibilguetara jarioak egin behar badira, zuzenean nahiz zeharka, beharrezkoa den arroetako erakundeak emandako baimena aurkeztuko da.
Jabari publiko hidraulikotik eta horren zortasun eremutik kanpo eraikiko dira bideak. Zeharkako drainatze egokia izanen dute bideek.
Laneko istripuei eta erregai, olio edo bestelako substantzien jarioei aurrea hartzeko makinak berrikusi behar dira. Uretan izaten den eragina neurtzeko kalitate estandarren adierazleak erabiliko dira, urei buruz indarrean den araudiaren arabera.
Lurrazpiko urei dagokienez, proiektuko eremuko plano hidrogeologikoa jasoko da, baita aurretiazko faseei dagozkien lurrazpiko uren maila piezometrikoen mapa ere. Ingurumena Zaintzeko Planak lurrazpiko uren mailari eta kalitateari segimendua egitea barne hartuko du.
Ondare Historikoaren Zerbitzua.
Zerbitzuak jakinarazten du jarduera lekuan ez dagoela katalogatutako aztarnategirik, ezta inguruan ere. Beraz, ondareari dagokionez ez dago eragozpenik baimena emateko. Hala ere, adierazi dute ustiapena martxan jarriz gero katalogatu gabeko ondare arkeologikoa babesteko eta ikertzeko neurriak hartu beharko dituela sustatzaileak: lanetan eta landare-lurra kentzen denean arkeologiaren gaineko segimendua egitea, obran bertan. Egitura edo hondakin arkeologikoak agertzen badira mugatu eta balizatuko dira, kontrol faltaren ondorioz kalterik izan ez dadin.
Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzua.
Habitaten Atalak honako hau jakinarazten du:
Ustiapenetik hurbil daude Ojo de Valdelafuenteko urtegiko hezegunea, El Lisioko sakana eta Nafarroako Naturgune Babestuen Sareko eta Natura 2000 Sareko zenbait naturgune.
Arestian aipatutako hezeguneetan badira lertxun gorria eta apoarmatu istilzalea. Habitataren aldaketak espezie horiei eragiten ahal die.
Bada estepako eta ehizako fauna, ukitutako eremua honako hauen habitata baita: ganga, ganga azpibeltza, atalarra, untxia, ganga azpizuria eta eper gorria.
Eremu horretan garatzen diren jardueren eragin metakorra aintzat hartu beharko da.
Katalogatutako ingurumen balioak (flora, fauna eta ehizako espezieak) lehengoratzeko ekintzak eta aurrekontua jasoko ditu lehengoratze planak.
Oihanak Kudeatzeko Atalak jakinarazten du oihan arloko ikuspuntutik ez dagoela eragozpenik.
Tuterako Udala.
Tuterako Udalak adierazten du konponbide bat eman beharko dela Tuterako 23. poligonoko 73. lurzatian dagoen agregakinak tratatzeko instalaziora sartzeko.
Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentua.
Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Zainketa Zerbitzuak honako zehaztapen hauek ezartzen ditu:
N-232 errepidetik legar-hobirako sarrera zuzenean egin beharko da, ezkerretara bira egin gabe. Hori debekaturik dago.
Errepide horretan, ezkerreko bazterrean, dezelerazio eta azelerazio bideak jarriko dira, legar-hobira sartzeko eta handik ateratzeko.
Legar-hobirako sarrerak %4ko malda izanen du lehen 10 metroetan, eta aglomeratuarekin zolatuko da. Areka gaineko pasabideak eginen dira eta argiztapena egokia izanen da.
Legar-hobiaren ustiapena AP-15 autobidearen zortasun eremutik (autobidearen zelaiko kanpoko ertzetik 25 metro) kanpo eginen da. Neurriak hartuko dira legar-hobiko materialak autobideari ez eragiteko.
N-232 errepidea bitan banatu ondoren, zerbitzuko bidea izanen da sarbidea.
Ibilgailuei sarea jarriko zaie, errepidera materiala eror ez dadin.
Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuan legar-hobia ustiatzeko behin betiko proiektua aurkeztuko da, exekutatu aurretik.
Proiektu, Trenbide eta Lan Hidraulikoen Zerbitzuak adierazten du N-232 errepidea, 1. tartean, bitan banatzeari ez diola ukipenik eragiten kontsultagai den jarduerak.
Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertu eta Lehengoratzeko Atalak adierazten du paisaian izan daitekeen inpaktua aintzat hartu behar dela, jarduera eremua AP-15 autobidetik hurbil dagoela kontuan hartuz. Inpakturik izanez gero, Ingurumen eraginaren azterlanak zuzenketa neurri nahikoak eta egokiak jasoko ditu, ondorio negatibo hori arintzeko.
Gainera, dokumentazioa azterturik, eta eremua ikuskatzeko bisita eginik, ikusi da agregakinen erauzpenak ustiapenerako proposatutako lurzati asko ukitzen dituela (Castejongo 5. poligonoko 335., 336., 352. eta 356. lurzatiak), orain arte baimendutako jarduerarengatik. Hortaz, jakinarazten da legeztapen baten eta jarduera sailkatu baten zabaltzearen ondorio dela jasotako proposamena.
II. ERANSKINA
Proiektuaren deskribapena
"La Sarda II (II.a eta II.b)" ustiapen proiektua Castejongo udal mugapean kokatzen da, hirigunetik hegoaldera, 5,5 kilometrora. Urtarrilaren 21eko 109/2000 Ebazpenaren bidez onetsi zen Castejono 5. poligonoko 308., 311., 329. eta 333. lurzatietarako baimena, eta orain baimen hori zabaldu nahi da. Alde batetik, dagokien baimenik gabe ustiatzen ari diren honako lurzati hauek legeztatu egiten dira: 335., 336., 332., 339., 344. eta 351. lurzatiak (Castejongo 5. poligonoa, "Sarda II.a"). Eta honako hauetarako baimena ematen da: 348., 349. eta 362. lurzatiak (Castejongo 5. poligonoa, "Sarda II.a"), eta 61., 62., 63., 64., 66., 68., 75. eta 369. lurzatiak (Castejongo 4. eta 5. poligonoa, "Sarda II.b").
Ustiapena hiru fasetan eginen da, bi jarduera eremuko bakoitzean ("La Sarda II.a" eta "La Sarda II.b"). Gaur egun "La Sarda II.a-rako" zehaztu diren hiru faseetatik bi gauzatu dira jada.
Eremu bakoitzaren azalera eta bolumen osoa hauek dira:
_"La Sarda II.a": 130.881 m² eta 523.524 m³. Altuera: 325 m eta 317 m artekoak.
_"La Sarda II.b": 195.531 m² eta 782.124 m³. Altuera: 324 m eta 320 m artekoa.
Espediente honi hasiera eman zion laburpen-memorian aurkeztutako lurzati batzuk ustiapenetik kanpo geldituko dira, hezeguneak hurbil baitituzte, eta horietan ingurumen ukipenik ez izateko. Honako hauek, hain zuzen: Castejongo 5. poligonoko 350., 357., 359., 360. eta 361. lurzatiak.
Zazpi urteko ustiapena kalkulatzen da "La Sarda II.a-rako" eta 9 urte "La Sarda II.b-rako".
Bi ustiapenetan errekarriak aire zabalean aterako dira, atzerainduskailu bidez ezponda eginda. Lehenik landare-lurra kenduko da eta ustiapeneko ertz batean metatuko, silizio agregakineko banku bakarra hasten den tokian. Sortutako ezpondak 2H:1V malda izanen du. Materiala zuzenean kamioietan sartuko da. Kamioietan sartu ondoren, Aridos Gamen, S.A.k handik hurbil duen xehatzeko lekura garraiatuko da materiala.
Sarbideak moldatu eta eraikitzeari dagokionez, Castejon eta Tutera arteko mugan dagoena erabiliko da. Asfaltatu eginen da. Barne pisten bidez joanen da legar-hobia hasten den tokietaraino. Pista horiek aurretik eginen dira, makinak pasatzeko.
Ustiapena bukaturik, honelaxe geldituko da eremua: azalera lau samarra izanen da, lehorreko belarkien laborantzarakoa. Horretarako, aurretik metatutako landare-lurra jarriko da. Ustiapena bukatutakoan gelditzen diren ezpondek 10H/1V malda izanen dute, salbu linea elektrikoaren euskarriak inguratzen dituztenak; horiek 2H/1V izanen dute.
Aurkeztutako dokumentazioak, besteak beste, honako hauek hartzen ditu: ustiapen proiektua, Ingurumen eraginaren azterlana, uki daitekeen ingurunea lehengoratzeko plana(jarduketak eta egutegia barne) eta ingurumena zaintzeko plana.
III. ERANSKINA
Ingurumen eraginaren azterlanaren laburpena
Proiektuari buruzko Ingurumen eraginaren azterlanak ondokoak biltzen ditu: kokalekuaren eta haren ingurunearen deskribapena eta balorazioa; eraginen identifikazioa, ezaugarriak eta balorazioa; alternatiben azterketa; prebentzio eta zuzenketa neurriak, horien aurrekontua eta ingurumena zaintzeko programa.
Ingurumen inbentarioa osoa eta nahikoa da. Hartan nabarmentzen da ustiapenerako bi eremuen ("La Sarda II.a eta II.b") artean El Lisioko sakana eta Ojo de Valdelafuenteko urtegia daudela. Ojo de Valdelafuenteko urtegia El Lisioko sakanak elikatzen du, Lodosako Ubidetik hurbil. Urtegiak Ubidetik jasotzen du ekarpenik handiena, eta isurketen ekarpenek garrantzia txikia dute.
Ebroko terraza eseki batean dago ustiapena; beraz, akuifero esekiei egiten ahal zaien ukipenak garrantzia hidrogeologiko txikiagoa du.
Ustiapenaren zabaltzeak ukitutako azalerak lehorreko laborantzakoak dira. Faunari dagokionez, gizakiak asko eragin du eremu horretan, AP-15 autobidea eta N-232 errepidea hurbil baititu. Hala ere, badakigu estepako faunak inguru hori erabiltzen duela, eta Ojo de Valdelafuenteko urtegiko eremuan espezie babestuak badirela. Horregatik, hezegune horien inguruan babes zerrenda ezartzen da. Inpaktua ez da oso handitzat hartzen.
Ingurune biotikoari egindako inpaktuari dagokionez _kasu honetan inpaktu metagarritzat har daiteke_, ez da erabakigarria, zeren lurrak pixkanaka lehengoratzen dira, eta epe laburrean erabiliko ditu faunak, lugorrietako eta mugetako espezieak eta laboreak azkar ezarrita.
Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Ondasun Higigarri eta Arkeologi Atalak aldeko txostena eman du, dagozkion zuzenketa neurriekin.
Paisaiaren gaineko inpaktua ez da oso handia, zeren N-232 errepidetik ustiapena begiratzen denean lur lehengoratuak ikusten dira, almendrondoak eta olibondoak dituztenak. Eta ustiatu behar den eremuak, AP-15 autobidetik begiratuta, aleppo pinuzko pantaila du. AP-15 autobideko 8. eta 9. k.p.en artetik ere ez da ikusten, lurraren geomorfologiarengatik.
Bideak eta linea elektrikoak ere ez ditu ukitzen, eta gasbidea egoki balizatuko da. Tratamendu instalaziora sartzeko bidea asfaltatuko da.
Ustiapena utzi ondoren ukitutako azalerak lehengoratuko dira, horiek moldatuz, azaleko urak egun bezala joan daitezen erreketara. El Lisioko sakana eta Ojo de Valdelafuenteko urtegiak balizatuko dira eta lekune horien inguruan lurrak edo bestelako materialak isurtzea debekatzen da. Lurpeko urei dagokienez, gai toxikoak eta olioak ez daitezela isuri kontrolatuko da eta edukiontzi iragazgaitzetan bilduko dira.
Lurzoruko lehenbiziko 40 cm-ak kendu eta gordeko dira, gero erabiltzeko, eta bideak eta azpiegiturak errespetatuko dira.
Ustiapenarekin batera, pixkanaka, eginen da lehengoratzea; fase bakoitza bukatuta, lehengoratu eginen da. Lurgaineko urei begira, bideen mantentzea eta landare lurreko pilaketak aurreikusi dira, gai finak azaleko isurketa urak eraman ez ditzan. Ingurune biotikoari dagokionez, neurri hauek hartuko dira: ondoko habitaten kontserbazioa, horretarako ukituko den eremuan hesia jarrita, edafologikoki egokia den lurzoru bat berrezartzea eta ondoren laborea jartzea. Zuhaizti mediterraneoko landaketa ere eginen da. Ezpondetako maldak 10H/1V izanen dira, salbu linea elektrikoaren euskarrietan; horietan 2H/1V izanen da.
Arkeologiaren aldetik segimendua eginen da landare-lurra kentzeko fasean.
Ingurumena Zaintzeko Programaren arabera, prebentzio eta zuzenketa neurriak bete behar dira, eraginak egiaztatu eta zenbaterainokoak izanen diren zehaztuko da, eta azterlanean kontuan hartu ez diren beste eragin batzuk detektatu beharko dira. Horretarako, ura eta lurra ez kutsatzeko neurriak zaintzea proposatzen du. Lur geruza zuzen kentzen dela egiaztatuko da, eta El Lisioko sakanaren eta Ojo de Valdelafuenteko urtegiaren balizajearen egoera zainduko. Lehengoratze fasean landaketen egoera zainduko da, eta egoki denean birlandatu eginen da.
IV. ERANSKINA
Alegazioen laburpena
.Castejongo Udalak eta Mariano Arellano Sanzek alegatzen dute herrilurreko lurzatiak eta 5. poligonoko 339. lurzatia ukitzen direla jardueraren ondorioz. 339. lurzatia Mariano Arellano Sanzena da.
Alegazio horrek ez du ingurumen arloko edukirik; beraz, ez da bidezkoa Departamentu honek erantzutea.
.Ignacio Puras Gilek, Valle del Ebro Solar, S.L.ren izenean, alegatzen du Vadesolar-ek Tuterako Udalari eskatua ziola Tuterako 23. poligonoko 95., 96., 97., 98., 99. eta 100. lurzatiak erabiltzea eta bere eskura jartzea, eguzki-parke fotovoltaiko bat instalatzeko (espediente hori, txosten hau idazteko unean, jendaurrean jartzeko fasean dago). Aridos Gamen-ek legar-hobia ustiatu eta lehengoratu nahi duen tokiarekin muga egiten omen du eremuak. Gertakari horien aurrean, alegazio egileak dio instalazio fotovolatikoa ukitzen ahal dela legar-hobiko hauts isurpenengatik, eta ustiapen horrek Atmosferako Ingurumenaren Babesari buruzko araudia (38/1972 Legea) bete behar duela, hartan ezartzen diren isurpen mailak errespetatuz. Horregatik, kutsadura atmosferikoa kontrolatzeko eta konpentsatzeko neurri hauek proposatzen ditu:
Lurzatien arteko bereizketa mugatik 500 metro urrunduko da legar-hobia.
Sarbideak moldatzea, aldian behin ureztatzea eta baldintza ezin hobeetan mantentzea.
Makinak garbitzea, eta kamioiak, harat-honatean, materiala olana batekin estaltzea.
Landare-pantaila sortzea legar ustiapenaren eta eguzki parkearen artean.
Ingurumena Zaintzeko Planean (legar ustiapeneko Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluaziokoa) jasotako hauts isurpen mailarengatiko alerta maila murriztea, eta kutsadura atmosferikoaren adierazletzat honako hau jartzea: legar-hobitik hurbilen eta urrutien dauden plaken errentagarritasun desberdintasuna.
Eguzki instalazioan galdutako produkzioarengatik konpentsazio ekonomikoa jasotzea legar-hobiaren titularrarengandik.
Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioan jasotako neurriei arestikoak eranstea.
.Gainera, honako hauek exijitzen ditu: lehengoratze plan bat, dagokion baimen administratiboa eman aurretik eta fiantza bat jartzea, edo jardueraren titularrak erantzukizun zibileko aseguru nahitaezkoa sinatzea, jarduerak sor litzakeen kalteen aurrean bermea emateko.
Hona hemen sustatzailearen erantzuna:
1. Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariaren 81/2007 Ebazpena deuseztatzeko eskaera egin zuela (81/2007 Ebazpena, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariarena, Tuterako 23. poligonoko 95., 97., 98. eta 100. lurzatietan zati batean eguzki-parke fotovoltaikoaren ezarpena jendaurrean jartzen zuena), espedientea behar ez zen lekuan (Murchanteko Udaletxea) jartzeagatik jendaurrean. Gainera, argudiatzen du mugakide den jarduerak aurretik zegoen meatzaritza jarduerarekin bateragarri dela dioen txostena behar duela, indarrean den legeriarekin bat, meatzaritza arlokoarekin bat batez ere, eta, azkenik, ez zaiola entzunaldi tramitea eskaini, interesduna den aldetik.
2. Vadesolar ez dela berak eskatutako lurzatiekin mugatzen duten lurren titularra, eta, hortaz, ez zen nahitaezkoa Castejongo Udalak bere garaian entzunaldia eskaintzea.
3. Vadesolar-en eskubideak babesturik daudela, sustatzaileak eskatutako jarduera bat datorrelako indarrean diren tramitazio eta legeriarekin eta 4/2005 Foru Legearen eta hura garatzen duen Erregelamenduaren helburuak eraginkorki betetzea dakarten neurri, betebehar eta eskubide guztiekin.
Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak jakinarazten du arestian aipatutako akatsa antzeman duela, hau da, parke fotovoltaikoari buruzko proiektua behar ez zen lekuan jarri zela jendaurrean, eta, hori ikusirik, ebazpen berria eman zuela (148/07), aurrekoa (81/2007) zuzentzeko.
Bestalde, Ingurumen eraginaren azterlanak "La Sarda II.a" eta "La Sarda II.b" legar ustiapenak zuzen funtzionatzeko baldintzak ezartzen ditu, lurzoruan, urean, atmosferan, biodibertsitatean eta paisaian sor dezaketen inpaktua egoki kontrolatuz.
Iragarkiaren kodea: F0711089
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
