Iragarkia
102. ALDIZKARIA - 2007ko abuztuaren 17a
I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak
211/2007 FORU AGINDUA, uztailaren 5ekoa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, elkarteen araubidea duten entitateek 2007-2010 denboraldian nekazaritzako ustiategietan makineria erosteko egiten dituzten inbertsioetarako laguntzen gaineko arauak ezarri eta 2007ko deialdia onesten duena.
Produkzio eta merkataritza prozesuaren eraginkortasun tekniko eta ekonomikoa ahalik eta handiena izan dadin, nekazaritza ustiategietako baliabideak erabiltzeko antolaketa sistemak egokitu egin beharko dira nekazaritzako produkzio sistema eta ereduen eboluzioaren arabera.
Hori horrela, funtsezkoa da gaur egungo egiturak egokitu eta berritzeko sustapena egitea eta produkzio aldiko zerbitzuak emateko proiektuetarako inbertsioei laguntzak ematea, unitateko kostuak murrizteko aukera eman eta nekazaritzako produkzio sistemek iraun dezaten eta lehiakorrak izan daitezen ziurtatzeko.
Alde horretatik, funtsezkoa da hiru alderdi bultzatzea, nekazaritzako ekoizpen sistemen lehiakortasuna, iraunkortasuna eta mantentzea bermatu ahal izateko. Hauek dira hiru alderdi horiek:
a) Nekazaritzako makineria handia elkartean erabil dadila bultzatzea, nekazaritza sektoreko baliabideak ekonomizatzeko, eraginkortasuna hobetzeko eta lanak nekazaritza modernoak eta, bereziki, industria eraldatzailera bideratutako nekazaritzak eskatzen dituen errendimendu eta egokiera mailen arabera eginen direla ziurtatzeko.
b) Diseinu berriko eta erregaiaren aprobetxamendu hobeko motorrak dituzten makinak bultzatzea.
c) Nekazaritzaren sektorean goi teknologiako makinak sartuko direla ziurtatzea; hots, nekazaritza modernoaren eskariei erantzuteko fidagarriak eta egokiak diren makinak, bai ingurumena babestearen aldetik bai laneko arriskuei aurrea hartzearen aldetik.
Xede horiek Nafarroako Nekazaritzaren Plan Estrategikoan (2006an onetsian) ageri diren helburuei lotuta daude, bereziki "Nekazaritzako egiturak eta azpiegiturak" izeneko 1. ardatz estrategikoan ageri direnei, non bi helburu nagusi zehazten baitira eta horietan sartzen foru agindu honetan ezarritakoa kontuan hartzen duten jarduketa ildoak eta neurriak: 1. helburua: "Ustiategien egokitzapena eta birmoldaketa sustatzea", 1.2. ildoa . "Ustiategien dimentsioa berrezartzen laguntzea, bereziki elkarteak sortzeari laguntza emanez", L. 1.2. B azpi-ildoa "Zerbitzuak elkartean erabiltzea", eta 4. helburua: "Ustiategien lehiakortasuna hobetuko duten zerbitzuak bultzatzea", L.4.1. ildoa "Ustiategiei laguntzeko zerbitzuak sustatzea, laborantza eta abeltzaintza errentagarriek dituzten eskari berezi eta berrietarako eta dibertsifikaziorako" eta L.4.2 ildoa "Kooperatibismoaren eboluzioari laguntza ematea", L.4.2.A azpi-ildoa "Kooperatiben lanari laguntzea, zerbitzuak ematen dituzten aldetik".
Bestalde, Gobernuak 2006ko maiatzaren 8an hartutako Erabakiaren bidez, Nafarroako nekazaritza kooperatiben sektorea birmoldatzeko Jarduketa Plana onetsi zen. Plan horretan zenbait jarduketa aurreikusten dira nekazaritzako kooperatiben sektorerako, horrela indartu daitezen bai dimentsioa handitzeko printzipioak eta lehiakortasuna hobetzeko sistemak, bai herri txikien egituratze sozio-ekonomikoari dagozkionak, jarduera ekonomikoa dinamizatuz eta biztanleria finkatuz.
Helburu horiek nahi bezain azkar bete ahal izateko, beharrezkoa da botere publikoek parte hartzea, helburu horietara berariaz zuzendatutako ekipo eta makinetarako inbertsioak egiteko laguntzak emanez.
Inbertsio horien errentagarritasuna ziurtatzeko, dirulaguntza horiek elkarteen araubidea duten entitateetara bideratzea komeni da, egiten duten inbertsioa mekanizazio zerbitzuak emateko izan dadin.
Gainera, eta Nafarroako nekazaritza kooperatibak berregituratzeko Jarduketa Planarekin bat, neurri hori lotuta dago entitate onuradunak kooperatiben integraziorako proiektu bat izatearekin, horrela inbertsioen egokiera eta bideragarritasuna berariaz justifika daitezen, besteak beste.
Deialdi honetako laguntzak Batzordeak abenduaren 15ean emandako 1857/2006 (EE) Erregelamenduaren 4. artikuluan xedatutakoaren araberakoak dira. Erregelamendu hori nekazaritzako produktuak ekoizten dituzten enpresa txiki eta ertainetarako Estatuko laguntzei EE Tratatuaren 87. eta 88. artikuluak aplikatzeari buruzkoa da, eta 70/2001 (EE) Erregelamendua aldatu du (DO L 358, 2006-12-16, 3-21 or.).
Laguntza hauek ondoko hauetan aurreikusten direnekin koordinatuta daude: Nafarroako Nekazaritza Garatzeko 2007-2013 Programaren barrenean "nekazaritzako ustiategiak modernizatzea" izeneko neurrian aurreikusitakoekin, eta abenduaren 30eko 280/2002 Foru Dekretuko 17. artikuluan onetsitakoekin, kasuan kasuko bateraezintasunak ezarrita. Dekretu horrek Nafarroako Foru Komunitatearen nekazaritza sektorearendako Estatuko laguntzei buruzko Erregelamendua onetsi zuen.
Nafarroako nekazaritza kooperatibak berregituratzeko Jarduketa Planarekin bat, laguntza hauek 2007ko ekitaldi honetatik 2010eko abenduaren 31ra arte aplikatzeko epea ezarri da.
Foru agindu honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeko 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. artikulua. Xedea eta helburua.
1. Foru agindu honen helburua da elkarteen araubidea duten entitateek 2007-2010 denboraldian nekazaritzako ustiategietan makineria erosteko egiten dituzten inbertsioetarako laguntzen gaineko arauak onestea.
2. Honako hau da foru agindu honetan ageri diren laguntzen xedea:
a) Nekazaritzako lanen eraginkortasuna handitzea, nekazaritzako makina handiak elkartean erabil daitezela bultzatuz.
b) Diseinu berriko eta erregaiaren aprobetxamendu hobeko motorrak dituzten makinak bultzatzea.
c) Nekazaritzan goi teknologiako makinak sartuko direla ziurtatzea; hots, nekazaritza modernoaren eskariei erantzuteko fidagarriak eta egokiak diren makinak.
d) Nekazaritzako elikagaien sektorean kooperatiben integraziorako prozesuetan laguntza ematea.
2. artikulua. Onuradunak.
1. Ondoko hauek jaso ahalko dituzte laguntzak:
a) Alorretako nekazaritza kooperatibak eta lurra elkartean ustiatzeko kooperatibak, Nafarroako kooperatibei buruzko abenduaren 11ko 14/2006 Foru Legearen 65. artikuluko a) eta c) ataletan ezarritakoaren arabera zehaztuak, bai eta bigarren eta ondoko graduko nekazaritza kooperatibak ere, lege horretako 81. artikuluan azaltzen direnak, kooperatiben erregistro ofizialetan inskribatuak eta kooperatiben integraziorako prozesu batean sartuak, dela kooperatiben arteko erabakiaren bidez, dela haien fusioaren bidez, Nafarroako Gobernuak onetsitako Jarduketa Planari jarraikiz.
b) Onuradun izaten ahalko dira, halaber, sozietate anonimoak, sozietate mugatuak edo sozietateak eratzeko beste edozein forma juridiko dutenak, kooperatiben integraziorako prozesu baten ondoriozkoak edo prozesu horretan sartuak, baldin eta entitate horien kapital sozialaren gehienekoa nekazaritzako kooperatibek badaukate.
2. Betiere, enpresek ETE izateko baldintzak beteko dituzte, 2001eko urtarrilaren 12ko 70/2001 (EE) Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritakoari jarraikiz. Hura enpresa txiki eta ertainetarako Estatuen laguntzei buruzko EE Tratatuaren 87. eta 88. artikuluak aplikatzeari buruzkoa zen.
3. Krisian dauden enpresen kategorian sartzen ez diren nekazaritza ustiategiei soilik ematen ahalko zaizkie laguntzak.
3. artikulua. Laguntza jaso dezaketen jarduketak.
1. Nekazaritzako makineria erosteko dirulaguntzak emanen dira baldintza hauek betetzen badira:
a) Nekazaritzako ITGren, abeltzaintzako ITGren edo EVENAren adostasun txostena izatea teknologia berriak sartzearen, energia gehiago aurreztearen, nekazaritzako oinarrizko lanen eraginkortasuna hobetzearen eta oraingo ekoizpen sistemak hobetzearen inguruko alderdietakoren batean.
b) Makina erabiliak badira, makina horiek lehenago dirulaguntzarik jaso ez izana, eta lau urte baino zaharragoak ez izatea eskaria aurkezten denean. Gainera, bigarren eskuko makinek dirulaguntza izateko ezinbestekoa da nekazaritzako ITGren, abeltzaintzako ITGren edo EVENAren adostasun txostena izatea, hain zuzen ere ondasun erabilia erostearen abantailari, material berriaren aldean kostuak gutxitzeari eta inbertsioaren helburuetan aurreikusitako baldintza teknikoei egokitzeari buruzkoa; ezinbestekoa da, halaber, saltzaileak espresuki adieraztea zein den makinaren jatorri zehatza, eta makinek edo ekipoak Estatuko edo Europar Batasuneko laguntzarik ez dutela jaso ere adieraztea.
2. Inbertsio hauek laguntzetatik kanpo gelditzen dira:
a) Nafarroan egiten ez diren inbertsioak.
b) Bakarrik aurreko batzuk ordeztekoak direnak.
c) Eskabideak aurkeztu aitzin hasiak.
4. artikulua. Dirulaguntzaren zenbatekoa.
1. Inbertsioaren %35eko laguntza emanen da gehienez, makina berriak lehenbizikoz erosten direnean.
2. Ondasun erabiliak izanez gero, laguntza %30ekoa izanen da gehienez.
3. Makina edo ekipo bakoitzeko diruz laguntzen ahal den gutxieneko inbertsioa 200.000 eurokoa izanen da material berria erosten denean, eta 100.000 eurokoa material erabilia denean. Gainera, espedienteak, guztira, 500.000 euroko inbertsioa gainditu behar du makinerian.
4. Onuradun bakoitzari ematen ahal zaion laguntza, gehienez ere, 400.000 eurokoa izanen da, hiru zergaldiko denboraldian.
5. artikulua. Eskabideak aurkezteko epea.
1. Eskabideak laguntzen diren inbertsioak egin baino lehen aurkeztu beharko dira.
2. Laguntza eskaerak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari zuzenduko zaizkio eta Departamentuko Erregistroan aurkeztu beharko dira. Halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan ezarritako edozein tokitan aurkez daitezke.
3. Eskabideak aurkezteko epea bi hilabetekoa izanen da, deialdi hau argitaratzen denetik hasita.
4. Eskabidea horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko da. Eredu hori Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Erregistroan, nekazaritza bulegoetan eta Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es webguneko atariko zerbitzuen katalogoan eskuratzen ahal da. Harekin batera, 7. artikuluan aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko dira.
6. artikulua. Dirulaguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.
1. Deialdi honetako laguntzak lehia bidez emanen dira.
2. Eskabideak baremo honen arabera lehenetsiko dira:
a) Bateratze motaren arabera:
_Kooperatibak bateratzea, bat egiteko edo xurgatzeko erabakien bidez: 5 puntu.
_Kooperatibak bateratzea, bat egiteko edo xurgatzeko erabakirik gabe:
_7 kooperatiba baino gehiago elkartuz: 3 puntu.
_4 kooperatibatik 7 kooperatibara bitarte elkartuz: 2 puntu.
_4 kooperatiba baino gutxiago elkartuz: puntu 1.
b) Zerbitzuari atxikitako kooperatiben kopuruaren arabera:
_20 kooperatiba baino gehiago: 5 puntu.
_10 kooperatiba baino gehiago: 3 puntu.
_5 kooperatiba baino gehiago: puntu 1.
c) Elkartu eta/edo atenditutako ustiategien kopuruaren arabera:
_100 ustiategi baino gehiago: 5 puntu.
_50 ustiategi baino gehiago: 3 puntu.
_20 ustiategi baino gehiago: puntu 1.
d) Makineria edo ekipamendu motaren arabera:
_Barazkiak biltzeko makinak: 3 puntu.
_Tratamendu fitosanitarioetarako eta hondakin organikoak (nekazaritzakoak eta/edo abeltzaintzakoak) kudeatzeko makinak: 2 puntu.
_Ereiteko eta landatzeko doitasunezko makinak: puntu 1.
3. Eskabide batzuek puntu berak badituzte, zein hurrenkeratan aurkeztu diren hartuko da kontuan.
7. artikulua. Eskatutako betebeharrak frogatzeko modua eta laguntzak emateko irizpide objektiboak.
Proiektua deialdiaren xedeen araberakoa dela frogatzeko, eskabidearekin batera ondoko agiri hauek aurkeztuko dira:
1. Kooperatiben kasuan, entitateko idazkariak luzatutako ziurtagiria, entitateko buruak ikus-onetsia, ondokoen berri emanen duena: bazkideen zerrenda eguneratua, sozietatearen kapitalaren banaketa eta zuzendaritza organoaren osaera.
2. 2. artikuluko 1.b) atalak aipatzen dituen entitateetako bat baldin bada, eraketa eskrituraren kopia, egungo bazkideen izenen zerrenda eta parte-hartzearen zenbatekoa, bai eta gobernu organoetako kideak ere.
3. Kooperatiben bateratze proiektua edo plana, besteak beste hazkundeko edo eboluzioko helburuak zehaztu beharko dituena, hala nola jarduera bateratuaren dimentsioa mantendu edo handitzea, ekoizpeneko ildo berriak irekitzea, industria lehengaiez hornitzeko sistema berriak ezartzea edo ekoizpen prozesuen efizientzia hobetzea. Bateratze Planak alderdi hauek bilduko ditu gutxienez:
_Bateratze Proiektuaren oinarria (kooperatiben bat-egitea, kooperatiben arteko akordioa edo 2. artikuluko 1.b) atalean aipatzen diren sozietateak).
_Bateratze prozesuan parte hartzen duten entitateen zerrenda, eta kooperatiben arteko akordioan edo sozietatearen kapitalean duten parte hartzea frogatzeko dokumentazioa.
_Bateratze prozesuak ukitzen dituen bazkideen kopurua, nekazari ekoizleak barne.
_Aurrekariak.
_Bateratze Planaren helburuak.
_Jarduketa ildoak (ekoizpena, antolaketa, kudeaketa, etab.).
_Epe laburreko planak.
_Epe ertain eta luzeko planak.
_Bateratze Proiektuko inbertsio plana kokatzea.
4. Inbertsio planaren memoria, ondoko alderdi hauek bilduko dituena:
a) Enpresa onuradunaren deskribapena, negozioaren bolumena, bestelako enpresekin duen menpekotasun maila eta guztira dituen langileak, kontratu motaren arabera sailkatuak (finkoak eta aldi baterakoak).
b) Eman nahi den mekanizazio zerbitzuari atxikitako kooperatiba kopurua frogatzeko dokumentazioa.
c) Elkartu eta/edo atenditutako ustiategi ekoizleen kopurua frogatzeko dokumentazioa.
d) Erosi beharreko makinen zerrenda zehaztu eta baloratua, makinen gaitasunei buruzko behar adina zehaztasun tekniko emanda.
e) Inbertsioak justifikatzeko memoria eta inbertsioen bideragarritasunari buruzko txostena.
f) Makina eta ekipo bakoitzaren proformako fakturak. Hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatzen dela bermatzeko, hiru hornitzaileren eskaintzak aurkeztu beharko dira, nahiz ez den hori beharrezkoa izanen merkatuan ondasun finantzagarria saltzeko behar adina entitate ez dagoenean edo hornitzailea irizpide teknikoei edo esklusiba-eskubideak babesteari buruzko irizpideei jarraikiz hautatu behar dela justifikatzen denean.
g) Hautatutako aurrekontua denetan merkeena ez bada, haren justifikazioa.
h) Finantziazio plana. Bertan, norberaren zein besteen baliabideen ekarpena adierazi eta dirulaguntzaren xede den jarduerarako diruaren jatorria eta aplikazioa kreditatuko dira.
i) Makina erabiliak badira, saltzaileak espresuki adieraztea zein den makinen jatorri zehatza, eta materialak Estatuko edo Europar Batasuneko laguntzarik ez duela jaso ere adieraztea.
5. Entitateko organo eskudunak inbertsioak egin eta dirulaguntza eskatzeko harturiko erabakia biltzen duen agiria.
6. Erantzukizunpeko aitorpena, xede bererako beste edozein laguntza eskatu edo jaso izanari buruzkoa.
7. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean onuradun izateko ezarritako ezein debekutan ez dagoela dioen erantzukizunpeko aitorpena.
8. Diruz lagundu diren ondasunak hirugarren batzuei ez eskualdatu, alokatu edo lagatzeko konpromisoa, gutxienez bost urtean, edo, gutxiago irauten badute, haien balio-bizitza osoan.
9. Laguntzak tramitatzeko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan eta Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuan dauden datu baseak kontsultatzeko baimena.
10. Gizarte Segurantzarekiko eginbeharrak eta zerga arlokoak beterik daudela egiaztatzeko baimena.
11. Eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz hartu behar dituenean edo laguntzak kobratzeko kontua aldatu nahi duenean, laguntzaren eskabidearekin batera transferentzia bidez kobratzeko eskabidea aurkeztu beharko du, behar bezala beterik.
8. artikulua. Ebaluazio organoa.
Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Nekazaritzako Ustiategien Zerbitzuak ebaluatuko ditu eskabideak.
9. artikulua. Deialdiaren antolamendua, prozedura eta ebazpena.
1. Eskaera harturik, eskatzaileak onuradun izateko ezarritako baldintzak betetzen dituen eta 7. artikuluan aipatzen diren agiriak aurkeztu dituen egiaztatuko da. Eskatutako agiri guztiak aurkezten ez baditu, interesdunari eskatuko zaio hogeita hamar egun naturaleko epean ekar ditzala, eta ohartaraziko, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta halaxe jakinaraziko zaiola.
2. Eskabidea osaturik, Kooperatibak Bateratzeko Batzordeari igorriko zaio irizpena eman dezan, horrela kooperatiben bateratze proiektua ebaluatzeko.
3. Batzorde horrek txostena emandakoan, Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Nekazaritzako Ustiategien Zerbitzuak ebaluazioa egin eta ebazpena proposatuko du.
4. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak edo, bestela, Landa Garapenerako zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du dirulaguntzei buruz, arrazoi eta guzti, eta espresuki adieraziko du zein diren ezetsi diren eskabideak.
5. Prozeduraren gainean ebazteko epea sei hilabetekoa izanen da. Epea ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskabidea ezetsitzat joko da.
10. artikulua. Onuradunaren betebeharrak.
1. Onuradunak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 9. artikuluan ezarritako beharkizunak bete beharko ditu.
2. Onuradunak laguntzaren azken ordainketaren aurretik inskribatu beharko ditu dirulaguntzaren xede diren makinak edo ekipoak, Nafarroako Foru Komunitateko Nekazaritzako Makineriaren Erregistro Ofizialean. Dirulaguntzaren xedea eta bost urteko epean berriz saldu ezina jasoko da artxibatutako dokumentazioan.
3. Helburu bereko beste dirulaguntzarik eskatuz edo eskuratuz gero, haien berri eman beharko dio onuradunak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari.
11. artikulua. Dirulaguntzaren helburua lortu dela eta harturiko dirua erabili dela frogatzeko epea eta modua.
Laguntzen xede diren jarduketak bukatu ondoren, eta betiere dirulaguntza ematen den urteko azaroaren 30a baino lehen, onuradunak ondoko agiriak aurkeztu beharko ditu:
1. Erositako makinen edo ekipoen fakturak, dirulaguntza eskatzeko aurkeztutako aurrekontuko epigrafeen arabera ordenatuak, BEZik gabeko prezio garbia zehaztuta.
2. Ordainketen frogagiriak, aurreko puntuko ordena berean. Jatorrizko agiriak eta fotokopiak aurkeztu beharko dira. Fotokopiak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan gordeko dira, jatorrizko agiriak entitate onuradunari itzultzen zaizkionean.
3. Makineriaren inskripzioa Nafarroako Nekazaritzako Makineriaren Erregistroan tramitatu dela frogatzen duten agiriak.
12. artikulua. Ordaintzeko modua eta epeak.
1. Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Nekazaritzako Ustiategien Zerbitzuak agiri guztiak aztertuko ditu, eta aurkezturiko gastuen hautagarritasuna, frogagirien balioa eta agiri guztien askitasuna onetsiko. Halaber, aipatutako Zerbitzuak egiaztagiri osagarriak eskatzen ahalko ditu, egoki baderitzo, aurkeztutako agiriak zehaztu, argitu edo osatzeko.
2. Halaber, behar den moduan egiaztatuko du ekintza berberak ez daudela bi aldiz finantzaturik, hain zuzen ere "Nekazaritzako ustiategiak modernizatzea" eta "Nekazari gazteak beren gain hastea" izeneko neurrietan inbertsioetarako aurreikusitako laguntzak jasoz (Landa Garapenerako 2007-2013 urteetarako Programan ezarriak), bai eta abenduaren 30eko 280/2002 Foru Dekretuko 17. artikuluan onetsitako laguntzak ere (dekretu horrek Nafarroako Foru Komunitatearen nekazaritza sektorearendako Estatuko laguntzei buruzko Erregelamendua onetsi ditu).
3. Laguntzak bi hilabeteko epean pagatuko dira, egoki diren egiaztapenak egiteko behar diren frogagiriak aurkezten direnetik hasita. Epe hori bertan behera geldituko da onuradunak eskatzen zaizkion agiri osagarriak aurkeztu bitarte.
13. artikulua. Interes publikoak bermatzeko neurriak.
Diruz lagundu diren ondasunak ez zaizkie hirugarren batzuei eskualdatu, alokatu edo lagatuko gutxienez ere bost urtean, edo, gutxiago irauten badute, haien balio-bizitza osoan.
14. artikulua. Laguntzen bateragarritasuna.
Foru agindu honetan araututako laguntzak, guztira 4. artikuluan aipatzen diren mugak gainditzen ez badituzte, legez ezarritako beste edozein laguntzarekin bateratzen ahalko dira, 12. artikuluko 2. atalean ezarritakoekin izan ezik.
15. artikulua. Onuradunen eginbeharrak publizitateari dagokionez.
Dirulaguntzen onuradunek finantziazioa izan dutela erakutsi beharko dute, laguntza izan duen makinan informazioko plaka bat jarriz.
16. artikulua. Kontzesioaren aldaketa, ezarritako baldintzak ez betetzeagatik.
Inbertsioetarako proiektua buruturik, egiazko inbertsioaren zenbatekoa onetsitako inbertsiotik beherakoa baldin bada, laguntzen zenbatekoa doitu eginen da, proportzioan gutxituz, inolako zehapenik gabe, baldin eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak oraindik ere teknikoki eta ekonomikoki baliozkotzat jotzen baditu gauzatutako planak.
17. artikulua. Baldintzak ez betetzearen ondorioak.
1. Arau hauetan ezarritako baldintza eta betebeharrak eta onuradunak bete beharreko gainerako guztiak betetzen ez badira, laguntza guztiak edo horien parte bat galdu eta oker jasotako dirua itzuli egin beharko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legean ezarritako moduan, eta zehapenak ere sortzen ahal dira horren ondorioz.
2. 13. artikuluak aipatzen duen ez-betetzeak berarekin ekarriko du laguntza osorik itzuli beharra, legez dagozkion interesak barne; bost urteko epea dirulaguntza ordaintzen den egunean hasiko da.
Xedapen gehigarri bakarra._2007. urterako laguntzen deialdia.
1. 2007. urterako laguntza eskaerak aurkezteko epea foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hasiko da.
2. 2007. urterako 350.000 euroko gastua baimendu da, 2007ko gastuen aurrekontuko "Kooperatiben berregituratzea. Mekanizazioko zerbitzu integratuak ezartzeko laguntzak" izeneko 21002-72230-7700- 412104 kontusailaren kargura. Diru hori foru agindu honen ondoriozko gastu konpromisoei erantzuteko izanen da.
Azken xedapen bakarra._Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2007ko uztailaren 5ean._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, José Javier Echarte Echarte.
Iragarkiaren kodea: F0711115
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
