10. ALDIZKARIA - 2007ko urtarrilaren 22a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.3. BESTELAKO XEDAPENAK

2.3.3. Nahitaezko desjabetzeak

MURCHANTE

Aldaketa Murchanteko saneamenduko kolektorearen proiektuan, Charas bizitegi unitatea urbanizatzeko proiektuaren eranskina. Behin betiko onespena

Murchanteko Udalak, 2006ko abenduaren 28an egindako osoko bilkuran, besteak beste, hitzez hitz honela dioen erabakia hartu zuen:

"Murchanteko Udalak, 2006ko irailaren 28an egindako osoko bilkuran, aldaketa onestea erabaki zuen Murchanteko saneamenduko kolektorearen proiektuan, Charas bizitegi unitatea urbanizatzeko proiektuaren eranskinean. Orobat, erabaki zuen aipatu proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda hamabost egunean jendaurrean jarri eta Murchanteko Udal Planeko URC sektore urbanizagarri antolatuko Konpentsazio Batzordea desjabetzearen onuradun deklaratzea.

Hona hemen epe horretan jasotako alegazioak eta eman zaizkien erantzunak:

Desjabetze espedienteak egungo legedia hausten duela, desjabetzearen onuraduna Murchanteko Udal Planeko URC sektore urbanizagarri antolatuaren Konpentsazio Batzordea delako. Diotenez, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Legearen 162. artikuluan aurreikusitako kasuetan bakarrik izan daiteke Batzordea desjabetzearen onuradun, exekuzio unitate batean sartutako jabeek haren garapenean parte hartu nahi ez badute lurrak desjabetzeko eska baitezakete, eta betebeharrak eta kargak betetzen ez direnean, Lege horren 166. artikuluan jaso bezala.

Halaber, diote desjabetzearen xedea sistema orokor baterako lurrak eskuratzea bada, ezin direla Konpentsazio Batzorde bati lotuta egon, eta Batzordeak berak konpondu behar duela bere sektoreko saneamendua.

Bestalde, badela errentari bat finkan, Maria Elma Alegría Peña andrea.

Azkenik, balio justua zehazteko balorazio irizpide batzuk aipatzen dituzte.

Honela erantzun zaio alegazioari:

Konpentsazio Batzordeak modu bakarra du bere eginbeharra betetzeko planeamenduan aurreikusitako azpiegituren obrak egin behar direnean _kasu honetan bezala_ bere jarduketa esparrutik kanpo, hau da, hirigintzako legeriak eta LAHFLren 121. artikuluak espresuki onartzen duten desjabetze erakundea erabiltzea.

Bestetik, LEFIren eta LAHFLren 122. artikuluen arabera, pertsona naturalak edo juridikoak ere desjabetzearen onuradun izan daitezke, desjabetzeari buruzko legerian ezarritakoari jarraituz.

Horrenbestez, onetsitako hirigintzako planeamenduan sartutako obra publiko batzuk dira egin behar dira, eta Konpentsazio Batzordeak betearazi behar ditu, gero Administrazio Publikoari lagatzeko, hala agintzen baitie Hirigintzako Legeriak lurzoru urbanizagarrien jabeei. Legeria horrek zilegi egiten du eta justifikatzen du desjabetze prozedura erabiltzea (LAHFLren 121. eta 123. artikuluak) eta Konpentsazio Batzordea onuradun bihurtzen du, bera baita, legez, hirigintzako planeamendua garatzeko behar diren azpiegiturak betetzera eta ordaintzera behartua dagoen entitatea, gero administrazio titularraren esku uzteko.

Finkako errentariari dagokionez, espedientean aztertuko dela esaten da, baina haren posta helbidea zehaztu beharko dela.

Sortutako kalteen balorazioari dagokionez, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legeari jarraikiz, alderdiak ados jartzen ez badira ukituriko ondasun eta eskubideen balio justuari buruz, Nafarroako Desjabetzeen Epaimahaiak emanen du horri buruzko irizpena.

Hori horrela, bildutako udalkideek aho batez erabaki dute:

Lehenbizikoa._Behin betiko onestea Murchanteko saneamenduko kolektorearen proiektuko aldaketa _Charas bizitegi unitatearen urbanizazio proiektuaren eranskina_ aurkeztu diren alegazioei buruzko ebazpena emanda, azalpen zatian heldu den bezala; orobat, proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda onestea; gainera, onespenak berekin dakartza onura publikoaren deklarazioa eta haiek okupatu beharra.

Bigarrena._Nafarroako Gobernuari eskatzea, horretarako organo eskuduna baita, ukituriko ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa deklara dezala, Nahitaezko Desjabetzaeari buruzko 52. artikuluan eta hurrengoetan aurreikusitako ondorioetarako; izan ere, beharrezkoa baita Murchanteko Charas bizitegi unitatea azpiegituraz hornitzea, bere hondakin urak ebakuatzeko.

Hirugarrena._Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, Foru Komunitateko egunkari batean eta Udaleko iragarki oholean argitaratzea. Orobat, ukitutakoei jakinaraztea, eta ohartaraztea erabaki honen aurka errekurtso hauetako bat aurkez daitekeela, aukeran:

_Berraztertzeko errekurtsoa, Murchanteko Udalari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik hasita; edo, bestela,

_Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik hasita; edo bestela,

_Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik.

Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Murchanten, 2006ko abenduaren 29an._Alkate udalburua, Carlos Villafranca González.

Iragarkiaren kodea: L0700056