10. ALDIZKARIA - 2007ko urtarrilaren 22a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

AZKARATE

Azkarateko Kontzejuaren mugapeko auzobideen eta mendi pisten erabilera arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Azkarateko Kontzejuko Batzarrak 2006ko irailaren 12an egindako bilkuran hasiera batean onetsi zen Azkarateko Kontzejuaren (Araitz) mugapeko auzobideen eta mendi pisten erabilera arautzen duen ordenantza.

Espedientea jendaurrean egon zen hogeita hamar egunean, azaroaren 8an iragarkia paratuta, 2006ko 134. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, eta Udal honetako iragarki oholean. Inork ez du erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu eta horren ondorioz ordenantza behin betiko onetsita dago.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/90 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoarekin bat, osorik argitaratzen da Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean.

Azkaraten, 2006ko abenduaren 26an._Kontzejuko burua, Antonio Tolosa Tolosa.

AZKARATEKO KONTZEJUAREN MUGAPEKO AUZOBIDEEN ETA MENDI PISTEN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Azkarateko Kontzejuaren mugapeko auzobideak eta mendi pistak erabiltzeko arauak ezartzea.

2. artikulua. Kontzejuari dagokionez bide eta pista horiek zaintzea, beharrezkoa da haien erabilera arautzea.

3. artikulua. Kontzejuari baimena eskatzera behartuta daude partikularrak, edozein izaera juridikoko sozietateak, eta baita elkarte eta entitate publiko zein pribatuak ere, ondoko artikuluetan ezarritako eran eta baldintzetan. Azkarateko Kontzejua da salbuetsirik dagoen bakarra.

4. artikulua. Hauek egiteko Kontzejuaren baimena beharko da:

a) Zurgai diren oihaneko gaiak pista eta bide horietan barrena ateratzea, baldin eta ibilgailu motordunen bidez ateratzen badira. Berariaz salbuetsi dira nekazarien produktuak eta etxerako egurra, horiek oso garrantzi txikikoak baitira.

b) Eraikuntzako materialak pista eta bide horietan barrena garraiatzea, baldin eta ibilgailu motordunen bidez egiten bada.

c) Makina astunak bide eta pista horietatik pasatzea, salbu eta Azkarateko Kontzejuak berak eskatuta erabiltzen badira.

Erabat debekaturik dago oihaneko gaiak eta eraikuntzako materialak arrastaka eramatea, dela ibilgailu motordunen bidez edo animaliak erabiliz, baldin eta gaiok behar bezala eta ibilgailu egokian kargaturik ez badaude. Debeku hau haustea zorrotz zehatuko da. Egindako kalte guztien ordaina eskatzeaz gain garraiatutako oihaneko gaiek edo eraikuntzako materialek baldio dutenaren halako bi joko duen isuna ordainaraziko da.

5. artikulua. Baimena nahitaez eskatu behar duten subjektuak:

a) Zura denean, zurketariak edo oihan gaiak ateratzeaz arduratzen den enpresak. Halakorik ezean, zuraren jabea izanen da erantzulea.

b) Eraikuntzako materialen kasuan, obraren sustatzaileak.

c) Makina astunak direnean, makina horien zerbitzuak kontratatzen dituenak.

6. artikulua. Bide eta pista horiek erabiltzeko asmoa dutenek aldez aurretik esan beharko diote Azkarateko Kontzejuari, eta orobat, bertatik zenbat zur garraiatu nahi duten adierazi beharko dute. Mendia ustiatzeko baimen ofiziala ere aurkeztu beharko dute. Hori guztia, zerga behar bezala ordaintzeko. Adierazi beharko da, halaber, zenbat eraikuntzako material garraiatu nahi den eta zenbat tona pisatzen duten makinek.

7. artikulua. Zuraren edo eraikuntzako materialen garraioa edo makina astunen pasatzea euri edo elur garaian egiten bada, Kontzejuari jakinarazi beharko zaio, pasatzea debekatu behar ote den ikusteko, kalte larriak galaraztearren.

8. artikulua. Bide horiek erabiltzen dutenak hauetara beharturik daude:

a) Honelako tasa bat pagatzera: euro 1 tona bakoitzeko.

b) Bere jarduerek egiten duten kaltea konpontzera. Hartara, jarduera hasi baino lehen, fidantza utzi beharko dute Azkarateko Kontzejuan. Fidantza hori 3 euro izanen da tona bakoitzeko.

9. artikulua. Kasu bakoitzean, eta jarduera, urte sasoia, ibilgailu mota eta horrelatsukoen arabera Kontzejuak egoki iruditzen zaizkion mugak eta fidantzak ezarriko ditu, ordenantza honetan biltzen direnen osagarri.

10. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzea arau-haustea izanen da. Orobat, arau-haustea izanen da baimenik ez eskatzea, edota, oro har, ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzea.

Arau-hausteak isunekin zehatuko dira. Isuna ezingo da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 52. artikuluan ezarritakotik gorakoa izan.

11. artikulua. Kalte-ordainak.

Bideetan eragindako kalteak konponduko dira ordenantza honetan ezarritako jarduketak egin dituenaren kargura. Kalteen balorazioa administrazio bidez eginen da.

12. artikulua. Isunak ez badira borondatez ordaintzen, premiamendu bidez ordainaraziko dira.

Iragarkiaren kodea: L0620460