10. ALDIZKARIA - 2007ko urtarrilaren 22a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

V I L L A F R A N C A

Villafrancako 0-3 urtekoendako Haur Eskola arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz, argitara ematen da Villafrancako 0-3 urtekoendako Haur Eskola arautzen duen ordenantzaren testu osoa. Ordenantza hori Udalak 2006-06-29ko erabakiaren bidez onetsi zuen hasiera batean.

Legearekin bat eta 2006-11-17an 138. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoan, ez baita inoren erreklamaziorik jaso haren kontra, aipatu erabakiari eta Nafarroako Toki Araubidea eguneratzeko 11/2004 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, behin-behineko onespena behin betikoa bilakatu da.

Villafrancan, 2006ko abenduaren 21ean._Alkatea, José Miguel Sola Lafraya.

VILLAFRANCAKO 0-3 URTEKOENDAKO HAUR ESKOLA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Villafrancako 0-3 urtekoendako Haur Eskolan umeen izen emate eta onarpena arautzea du xede, baita haren funtzionamenduko hainbat alor arautzea ere.

2. artikulua. Norendako eta zenbat toki.

Haur Eskolan tokia eska dezakete umeen gurasoek edo tutoreek, baldin eta 0-3 urtekoendako hezkuntzako lehen ziklorako umeak badituzte, eta ikasturtea hasi baino 16 aste lehenago jaio badira edota jaiotzea espero bada.

Ume onartuak Haur Eskolara sartu ahal izateko, 16 aste beteak izan behar dituzte.

Ikastetxe baten barnean maila batetik bertze batera igarotzeko ez da onarpen prozesurik egin behar.

Hautapen Batzordea izendatuko da, Haur Eskolarako onarpen prozesurako beharrezkoak diren inprimaki ofizialak egiteko eta deialdia ebazteko.

II. KAPITULUA

Sarrera 0-3 urtekoendako Haur Eskolan

3. artikulua. Eskabideak eta epeak.

a) Tokia gordetzeko eskabideak.

Aurreko ikasturtean Eskolan izan diren umeen gurasoek edo tutoreek hurrengo ikasturterako tokia gordetzeko eskabidea aurkeztu beharko dute Haur Eskolako Zuzendaritzan, betiere ikastetxean ematen duten eredua beteta, eta horretarako epearen barrenean.

b) Bete beharreko tokiak argitaratzea.

Tokia gordetzeko eskabideak jaso ondoan, 3086/2001 ebazpenean finkatutako ratioak kontuan hartuz, Hautapen Batzordeak argitara emanen ditu Udalaren iragarki oholean bete beharreko tokiak eta onarpen prozesuan aplikatuko den baremoa, eta ikasturte hartan aplikatuko diren tarifak.

c) Lehen aldiz sartzeko eskabideak.

Lehen aldiz sartzeko eskabideak Udaleko bulegoan eta Haur Eskolan biltzen ahalko dira, baita beterik itzuli ere, hartarako jarritako epean.

4. artikulua. Agiriak.

Lehen aldiz sartzeko agiriak eredu ofizialean egin beharko dira, ondoko agiriekin batera:

A._Lan egoera eta/edo ikasketak frogatzeko agiriak.

_Eskaera egiten den urteko otsaileko nomina, aitarena eta amarena, edo lan egoera erakusten duen ziurtagiria edo gizarte segurantzan _dela araubide orokorrean dela autonomoenean_ kideturik daudela frogatzen duena. Lanaldi partzialean jardunez gero (lanaldi erdia bitarte), horren ziurtagiria.

_Autonomoa izanez gero, urteko otsaileko kuotaren ordainagiria eta zinpeko aitorpena, lanaldia zehazten duena.

_Ikasten arituz gero, matrikularen frogagiria, ikasturteko egutegia eta ordutegia.

_Salbuespenez, behar diren agirien bitartez lanean ari dela ezin frogaturik badu, eskatzaileak zinpeko aitorpena egin beharko du, eta haren egiazkotasuna Udalak egiaztatuko du. Horrez landa, lan bila dabilela frogatu beharko du, INEMeko bulegoetan lana aurkitzeko izen emanda dagoela dioen ziurtagiria aurkeztuz.

B._Familiaren osaera frogatzeko agiriak.

_Familia Liburuaren fotokopia.

_Familia larriaren dokumentu ofizialaren fotokopia.

_Semea edo alaba kenduta, familia unitateko bertze edozein kideren elbarritasunaren ziurtagiria.

_Banantze edo dibortzioko akordioa.

C._Errenta mailak frogatzeko agiriak.

_Aitaren eta amaren azken errenta aitorpenaren fotokopia. Aitorpena egitera beharturik ez izatera, horren frogagiria aurkeztu beharko da eta azken urte fiskalaren dirusarreren gaineko zinpeko aitorpena.

_Oinarrizko Errenta hartuz gero, horren frogagiria.

D._Aitaren nahiz amaren etxearen edo lantokiaren frogagiriak.

_Aitaren edo amaren erroldatze agiria, baita seme-alabarena ere, Udalak luzatua.

_Enpresa Villafrancan bada, aitaren nahiz amaren lantokiaren gaineko ziurtagiriak.

E._Zuzenean sartzeko baldintza bereziak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa.

_Nafarroako Gobernuaren zaintzapeko edo babespeko haurrak: hori frogatzen duten agiriak.

_Arrisku sozialean dauden umeak: Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuaren edo Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoen txostena.

_Bertzelakoak: haurraren elbarritasuna zehazten duen ziurtagiria eta/edo profesional batek egindako txostena, dituen ezaugarriengatik hezkuntza berezia behar duela dioena.

F._Jaio gabeko haurrak: gutxi gorabehera, noiz jaiotzekoa den zehazten duen ziurtagiria. (Beranduenez ere ikasturtea hasi baino 16 aste baino lehenago).

G._Bertze edozein inguruabar berezi baloratzeko, medikuaren, psikologoaren, gizarte-langilearen edo zerbitzu espezializatu ofizialen txostena aurkeztu beharko da, inguruabar hori frogatzeko.

Alegatzen den egoerari buruzko ziurtagiriak aurkezten ez badira, 0 bat jarriko da onarpen baremoan dagokion atalean.

Eskabidean edo gainerako dokumentazioan jarritako datuak faltsuak badira, emandako tokia kentzen ahalko da.

Izen emateko epea bukatua bada eta oraindik agiriren bat aurkeztu ez bada, 5 eguneko epean aurkezteko eskatuko da.

Hautapen Batzordeak zilegi izanen du edozein momentutan ziurtagiri gehiago eskatzea hautapen baremoan puntuazioa duten egoerei buruz.

III. KAPITULUA

Hautapena eta tokien esleipena

5. artikulua. Hautapen arauak.

Eskabideak baloratu eta tokiak esleitzeko, haurren guraso edo tutoreek aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Hautapen Batzordeak ondoko baremoa aplikatuko du:

Baremoa

A._Gurasoen lan egoera (15 puntu gehienez).

1 Haurren gurasoak edo tutoreak ondoko egoeretako batean daudenean, 15 puntu.

_Gurasoak edo tutoreak lanaldi osoan biak.

_Guraso edo tutoreetako bat lanaldi osoan eta bertzea dedikazio handia behar duten ikasketa arautuak egiten ari denean, eguneko ordutegian, behar bezala frogaturik.

_Aita eta ama dedikazio handia behar duten ikasketa arautuak egiten ari direnean, eguneko ordutegian, behar bezala frogaturik.

_Guraso bakarreko familietan, adin txikikoaren hezkuntzaz eta mantentzeaz arduratzen dena lanaldi osoan lanean ari denean.

2 Haurren gurasoak edo tutoreak ondoko egoeretako batean daudenean, 11 puntu.

_1 atalean zehaztutako egoeretan, baina dedikazio partziala izanik.

_Aita edo ama lanean edo ikasten, bata jardunaldi osoan eta, bertzea, partzialean.

3 _Aita edo ama lanean edo ikasten, eta bertzea egiazki lan bila, INEMeko bulegoetan lana aurkitzeko inskribaturik dagoela dioen ziurtagiria aurkeztuz frogaturik: 7 puntu.

B._Familiaren osaera (gehienez ere 8 puntu).

_Bikiak, hirukiak, laukiak...., edo 6 urtez beheitiko hiru seme-alaba edo gehiago: 6 puntu.

_Guraso bakarreko familiak: 6 puntu.

_Adin ezberdinetako bi anai-arrebarentzat edo gehiagorentzat tokia eskatzea deialdi berean (tokia gordetzea sartzen da): 4 puntu.

_Familia larria izatea: 1 puntu.

_Haurraz aparte, famili unitateko edozein kideren elbarritasuna onartua izatea: puntu bat.

C._Errenta maila (gehieneko puntuazioa, 12 puntu). Urteko per capita errentaren ariora baloratuko dira.

2.499,99 eurotik beheitiko per capita errenta: 12 puntu.

2.500 - 3.199, 99 arteko per capita errenta: 11 puntu.

3.200 - 3799, 99 arteko per capita errenta: 10 puntu.

3.800 - 4.499, 99 arteko per capita errenta: 9 puntu.

4.500 - 5.199,99 arteko per capita errenta: 8 puntu.

5.200 - 5.999,99 arteko per capita errenta: 7 puntu.

6.000 - 6.999,99 arteko per capita errenta: 6 puntu.

7.000 - 8.399, 99 arteko per capita errenta: 5 puntu.

8.400 - 9799,99 arteko per capita errenta: 4 puntu.

9.800 - 11.299,99 arteko per capita errenta: 3 puntu.

11.300 - 12.799, 99 arteko per capita errenta: 2 puntu.

12.800 edo hortik goitiko per capita errentak: puntu 1.

D._Villafrancan bizitzea (gehienez ere 50 puntu).

_Aita eta/edo ama Villafrancan bizi baldin bada, Haur Eskolan izen eman baino hamar urte lehenagotik edo are lehenagotik: 50 puntu.

_Aita eta/edo ama Villafrancan bizi baldin bada, haur eskolan izen eman baino hiru urte lehenagotik edo are lehenagotik: 30 puntu.

_Aita eta/edo ama Villafrancan bizi baldin bada, haur eskolan izen eman baino bi urte lehenagotik edo gutiago: 20 puntu.

_Aitaren eta/edo amaren lantokia Villafrancan bada: 5 puntu.

E._Bertzelako irizpideak. Hautapen Batzordeak bertze premia batzuk, pertsonalak, familiakoak edo sozialak, behar bezala frogatuak eta aurreko ataletan bildu gabeak hartzen ahal ditu kontuan, eta haiei 10 puntu eman gehienez.

F._Baremoaren ataletan xedatutakoa gorabehera, arriskuan eta babesik gabe dauden haurrak eta hezkuntza premia bereziak dituztenak zuzenean sartuko dira 0-3 urte bitarteko haur eskoletan.

G._Baremoa aplikatuta, adin talde bakoitzeko azken tokia eskaintzean berdinketa gertatuz gero, irizpide hauek aplikatuko dira, bata bertzearen ondoren:

_Adin handiena.

_Per capita errenta txikiena.

6. artikulua. Onartuak eta tokien esleipena

A._Behin-behineko zerrendak.

Udalaren eta Haur Eskolaren iragarki oholean argitaratuko dira onartuen behin-behineko zerrendak eta behin-behineko itxaron zerrendan daudenak, betiere baremoa aplikatu ondoren lortutako puntuazioaren ordenaren arabera.

B._Erreklamazioak egiteko epea.

Erreklamazioak egiteko epea 10 egunekoa izanen da, behin-behineko zerrendak argitaratzen diren egunetik hasita.

Erreklamazioak idatziz aurkeztuko dira Herriko Etxean, behar bezala arrazoituak, Hautapen Batzordeari zuzenduta, eta bertan behin-behineko zerrendetan agertutako puntuazioa berrikusteko zergatik eskatzen den azalduko da.

C._Behin betiko zerrendak.

Onartuen eta itxaron zerrendan daudenen behin betiko zerrendak Udalaren eta Haur Eskolaren iragarki oholean argitaratuko dira, erreklamazioak egiteko epea bukatu eta ondoko zazpigarren egunean. Zerrenda horiek ere, izan daitezkeen erreklamazioak ebatzi ondotik lortutako puntuazioaren arabera eginen dira.

IV. KAPITULUA

Matrikula egitea, bajak eta epez kanpoko eskabideak

7. artikulua. Matrikula egitea.

A._Matrikulak Haur Eskolan formalizatuko dira, agintzen den epean. Matrikula egiteko honako hauek aurkeztu beharko dira:

_Aitaren eta amaren NANaren, IFZaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia.

_Gizarte Segurantzako kartillaren fotokopia, haurra inskribatua dela frogatzeko.

_Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren azken urte fiskaleko aitorpenaren fotokopia, aitarena eta amarena. Agiri hori aurkezteko epea uztailaren 1era arte luzatzen ahalko da.

_Ordainagiriak helbideratuko dituen banku entitateko kartilla orriaren fotokopia, titularra eta zenbakia agertuz.

_Jateko edo osasun aldeko behar bereziak izanez gero, medikuaren txostena horien gainean.

B._Ezarritako epean egiten ez diren matrikulen ondorioz, bertze esleipen bat eginen da itxaron zerrendako ordenari jarraituz.

C._Matrikula egiteak, borondatezko bajen kasua kenduta, haurra eskolara bidaltzeko eta ikasturtearen hamaika hilekoak ordaintzeko konpromisoa dakar. Matrikula ikasturtea hasitakoan eginez gero, kuoten ordainketa haurra ikastetxera joaten hasten denetik abiatuko da.

8. artikulua. Bajak.

A._Haurren gurasoek edo tutoreek idatzita jakinaraziko dizkiote ikastetxeko zuzendaritzari ikasturtearen barnean gertatzen diren borondatezko bajak, kuotak ordaintzeari noiztik aitzinera utziko dioten finkatzeko.

B._Ikasturtea hasi eta hamabortz egun natural iraganik ikastetxera azaltzen ez den haurrari baja emanen zaio; orobat, ikastetxean hasi eta, jakinarazpen edo frogagiririk gabe, hamabortz egun naturalean jarraian agertzen ez denari.

C._Aurreko egoera horietan, Zuzendaritzak idatziz jakinaraziko dio familiari ikastetxean baja eman zaiola haurrari. Hamar egun iragan eta ez badago familiaren jakinarazpenik, hutsik gelditu den tokia beteko da, itxaron zerrendako ordenari jarraikiz.

9. artikulua. Epez kanpoko eskabideak.

Ezarritako ohiko epeaz kanpoko eskabideak aurkezten ahalko dira baldin eta eskabidea egiten denean haurrak 16 aste beteak baditu. Eskabide horiek kontuan hartuko dira tokiren bat hutsik gelditzen bada, onarpen prozesu arruntean sortutako itxaron zerrenda agortu ondoan. Tokiak eskabidea aurkeztu ziren egunaren arabera esleituko dira.

V. KAPITULUA

Laneko egutegia eta lan orduak

10. artikulua. Egunak eta orduak.

A._Haur Eskolan ikasturtea irailean hasiko da eta uztailaren azken egunarekin bukatuko.

B._Eskola zabalik egonen da astelehenetik ortziralera bitarte.

C._Tokia eskatzeko epean, gurasoek eska dezakete ikasturte bakoitzean eskaintzen diren ordutegiak.

D._Haurrak gehienez ere zazpi orduz egoten ahalko dira ikastetxean, ordutegia arrazoi justifikatuengatik malgua izanen bada ere haurraren sarrera-irteerei dagokienez.

VI. KAPITULUA

Ordainketak eta tarifak

11. artikulua. Ordainketak.

A._Dirubilketaren arduradunak gehienez ere hilabeteko epean eman beharko dio ordaindu gabeko kuoten berri Hautapen Batzordeari, eta horrek haurrari ikastetxetik baja emateko erabakia hartzen ahal du.

Bi kuota ez ordaintzeak berekin ekarriko du dagokion familiari idatziz errekerimendu egitea.

Hiru kuota ez ordaintzeak berekin ekarriko du haurraren baja Ikastetxean.

B._Behin hartarako onartua izanez gero, jantokiagatik ordaindu beharra zerbitzua egitetik beretik sortzen da, erabili ala ez.

Jantoki zerbitzua aldian behin eskatzen dutenek bi egun lehenago jakinaraziko diote zuzendaritzari; tarifa ezberdin bat aplikatuko da eta hura hurrengo hileko kuotarekin batean ordainduko.

C._Ikastetxean matrikulaturik dauden haur guztiek dagokien kuota ordaindu beharko dute, justifikaturiko arrazoiak direla kausa Ikastetxera joaten ez badira ere. Matrikula egiteak, borondatezko baja eskatzen den kasuetan izan ezik, ikastetxera joateko eta ikasturtean hamaika kuota ordaintzeko konpromisoa dakar berarekin.

12. artikulua. Tarifak.

Tarifak Udalak onetsiko ditu, Udalaren 0-3 urtekoendako Haur Eskolako zainketa eta egonaldi zerbitzua emateko prezio publikoak arautzen dituen arau fiskalean.

VII. KAPITULUA

Udalaren informazio batzordea eta Hautapen Batzordea

13. artikulua. Udalaren informazio batzordea.

Udalean ordezkaritza duen udal talde politiko bakoitzaren udalkide batek osatuko du.

14. artikulua. Hautapen Batzordea.

Hautapen Batzordeak onarpen deialdia ebatziko du, baremoan ezarrita dauden irizpideei jarraikiz.

Haur Eskolako zuzendaritzak, Udalaren informazio batzordean parte hartzen duten ordezkariek eta Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoko teknikari batek parte hartuko dute Hautapen Batzordean.

VIII. KAPITULUA

Tokia gordetzea, epeak, esleipena, matrikula eta baremoa

15. artikulua. Baldintzak.

Villafrancako Udalak ikasturte bakoitzean umeendako tokia gordetzeko epea eta prozedura finkatuko du. Orobat, epeak egokituko ditu eskari berriei, tokien esleipenari, matrikulari eta baremoari dagokienez. Baremoan hauek aipatuko dira:

A._Gurasoen lan egoera.

B._Familiaren osaera.

C._Errenta mailak, matrikula egiten den unean famili unitateko kideen kopuruaren arabera.

D._Villafrancan egiazki bizitzea.

E._Aitaren eta/edo amaren lantokia, Villafrancan.

16. artikulua. Baremoa aplikatzeko arau eta oinarriak.

A._Lan egoera:

A.1. Gizarte Segurantzan alta eman edo Lizentzia Fiskalik izan gabe egindako lana ez da kontatuko.

A.2. Nominarik edo Gizarte Segurantzarik ez duten lanbide liberalen kasuan, lanbidean aritzeari buruzko frogagiria edo Lizentzia Fiskala aurkeztuko da.

A.3. Nominarik edo lanaren frogagiririk ez izanez gero, lan jardueraren frogagiria onartuko da: lan-kontratua, Gizarte Segurantza, etab. edo bertzenaz, lan bizitzaren ziurtagiria.

A.4. Eszedentzian baldin badago, eszedentziaren jakinarazpena aurkeztuko da eta idatziz azalduko da lanera itzuliko dela ikasturtea hasteko aurreikusitako data baino lehen. Seme-alaba baten jaiotzagatik lanera ez itzultzea, lanpostu finkorik gabe, hau da, ordezkoen zerrenden eta gisakoen kasuetan, denbora hori ez da eszedentziatzat hartuko.

A.5. Lanaldi mota baloratzeko, lanaldi osotzat hartzen da lanaldi erdia baino gehiago hartzen duena.

A.6. Ikasketak baloratzeko, titulu akademiko ofizialak eskuratzera bideratuak daudenak hartuko dira ikasketa araututzat.

B._Familiaren osaera.

B.1. Familia-unitatearen kideen kopurua Familia liburuaren bidez egiaztatuko da. Familia gunean Familia liburuan ageri ez diren seme-alabak baldin badaude, bertzelako dokumentuen bidez egiaztatu beharko dira, adibidez, jaiotza agiri, banantze edo dibortzioko epai eta abarren bidez.

B.2. "Bi anai-arrebaren edo gehiagorendako tokia eskatzea deialdi berean" kontzeptuagatik emandako puntuazioa galdu eginen da matrikula egiterakoan berresten ez bada.

C._Errenta mailak.

C.1. Kasu guztietan, aitaren eta amaren aitorpenak hartuko dira aintzat, salbu eta bereizi nahiz dibortziatzeko epaia edo ezkontzaz kanpoko seme-alabarendako legezko neurriak daudenean. Kasu horietan haurraren zaintza eta ardura duen gurasoaren aitorpena hartuko da aintzat, eta haren zerga-oinarriari epaian ezarritako urteko diru kopurua erantsiko zaio.

C.2. Aitorpenik ez bada, Ogasuneko bulegoaren agiria aurkeztuko da, aitorpena aurkeztera beharturik ez dagoela egiaztatzeko eta, gainera, matrikula egin aitzineko urte fiskalean izandako dirusarreren frogagiria (nominak, oinarrizko errenta, zinpeko aitorpena, etab.).

C.3. Urteko per capita errentatzat hartuko da familia-unitatearen (aitaren eta amaren) dirusarrera garbi guztiak familia kideen kopuruarekin zatitzearen emaitza. Dirusarrera garbitzat hartzen da P.F.E.Z.aren aitorpeneko zerga-oinarria (zerga-oinarriaren oinarri orokorra gehi, horrelakorik bada, oinarri likidagarri berezia).

D._Sarbide zuzena.

D.1. Sarbide zuzena izateko, edozein kasutan, beharrezkoa izanen da Hezkuntza Departamentuak adostasun txostena ematea, alde batera utzita eskabidearekin batera aurkeztu diren txostenak.

17. artikulua. Udalak tokiak gordetzea.

Udalak lau toki gordeko ditu beretako, udalerriko bizilagunek izan ditzaketen larrialdi, kasu berezi edo beharraldietan erabiltzeko.

IX. KAPITULUA

Haur Eskolako funtzionamendu eta bizikidetza arauak, betebeharrak eta eskubideak

18. artikulua. Elikadura.

_Otorduak ikastetxeko hezkuntza jarduerak dira.

_Menuak adituek prestatzen dituzte.

_Haurrendako menuak iragarki oholean egonen dira ikusgai, eta arrazoi berezirik ez bada ez dira aldatuko.

_Haurrak elikadura berezirik behar izanez gero (alergiak, jasanezintasuna, etab.) medikuaren txosten batekin arrazoiturik egon behar du haurraren aita-ama, tutore edo erantzuleen bidez, eta ikastetxeko zuzendaritzari horren berri emanen zaio, behar diren neurriak har ditzan.

_Tutoreak edo zaintzaileak ere horren berri izan beharko du, elikaduraren kontrola eramateko.

_Ez da haizu eskolara litxarreriak, opilak, etab. ekartzea.

19. artikulua. Osasuna.

_Ez da haizu haur eskolan umeak egotea, sukarrik edo eritasun kutsakorrik badute. Haur bat eri dagoela ohartuz gero, haren guraso, tutore edo erantzuleei jakinaraziko zaie berehala, laster batean ikastetxetik ateratzeko.

_Sukarra izateagatik ikastetxetik atera behar izan den haurrari ez zaio itzultzera utziko harik eta bi egun iragan arte eskola horregatik utzi zuenetik.

_Debeku da edozein motatako sendagairik ematea, ohikoak izan gabe gerta daitezkeen salbuespenak kenduta.

_Eritasun kutsakorra izan duen haurraren guraso, tutore edo erantzuleek umea artatu duen pediatraren txostena ekarri beharko dute, delako eritasuna inori kutsatzeko arriskurik ez dagoelako segurantza jasotzen duena.

_Haurrari dagozkion txertoen egutegiaren fotokopia ekarri beharko zaio ikastetxeko zuzendaritzari, nahitaez ekarri ere.

_Larrialdirik edo istripurik gertatuz gero, ikastetxearen arduradunek haurra artatuko dute lehenik eta gero familiari gaztigatuko.

_Haurrak gutieneko baldintza higieniko sanitarioetan eduki behar dira eta hala eskatuko da, bai gorputzari bai erabiltzen ohi duten arropari dagokionez.

_Haurrek azkazalak mozturik eta zaindurik ohi dituztela joan beharko dute ikastetxera.

_Izurrite edo bizkarroi aroetan, haurren guraso, tutore edo erantzuleek kasu handia emanen dute umeen gorputz higienean, eta arazoa konpontzeko produktuak emanen dizkiete.

_Haurrek, nahitaez, ahalik eta arroparik erosoena eraman beharko dute, eta kontuan hartu beharko da galtzak, botoiak, gerrikoak etab. traba direla haurrak arropa aldatzeko eta mugimenduetan bere gain moldatzeko tenorean.

_Haurrek zaku bat izan behar dute, beren izenarekin, eta horren barrenean: aldagarri mota guztiak, aldatzeko zapata eta galtzerdiak eta guzti.

_Arropa guztiek (berokiak, txanoak, lepokoak, etab.) markaturik egon beharko dute, haurraren izen-deiturekin; galduz gero, ikastetxeak ez du galera bere gain hartuko.

_Pixoihala erabiltzen duten haurrek sorta bat ekarri beharko dute ikastetxera eta horiekin batean bertze bat toallatxoena; gehiago ekarri beharra dagoenean ikastetxeko begiraleek gaztigatuko diete haurren guraso, tutore edo erantzuleei.

20. artikulua. Ordutegia.

_Debeku da haurrak ikastetxean zazpi ordu baino gehiago egotea.

_Eskola astelehenetik ortziralera egonen da irekia, 7:30tik 18:00etara.

_Haurra zer ordutan sartzen den, halakoa izanen da ateratzeko ordua.

_Debeku da ikastetxeko haurrak normalean biltzen ez dituzten jendeek biltzea, salbuespenez ez bada; halakoetan, haurren guraso, tutore edo erantzuleek ohar bat igorriko dute ikasturtearen hasieran eta hartan agertuko dira haurrak biltzeaz arduratuko direnen izen-deiturak, haurrekiko ahaidetasun maila zehaztuta. Salbuespenez normalean biltzen ez dituzten jendeek bildu behar badituzte, dagokion hezitzaileari idatziz gaztigatuko zaio, behar bezain aitzinetik, eta halakoetan zehaztuko dira egunak, ahaidetasuna, eta ikastetxetik haurra salbuespenez bilduko duenaren izen-deiturak.

_Ikastetxearen funtzionamendua egokia izan dadin, puntualtasuna nahitaezkoa dute haurren guraso, tutore edo erantzuleek haurra ekarri nahiz biltzean.

AZKEN XEDAPENA

Behar den tramitazio prozesalaren ondotik, ordenantza honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean osorik argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/90 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen.

Villafrancan, 2006ko urtarrilaren 21ean._Alkatea, sinadura ulertezina.

Iragarkiaren kodea: L0620229