10. ALDIZKARIA - 2007ko urtarrilaren 22a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

OLAGUE

Hirigintzako lizentziak emateko ordenantza fiskalak. Behin betiko onespena

Lizentziak emateagatik eta hirigintzako bertzelako jarduketak egiteagatik ordaindu beharreko tasak arautzen dituzten ordenantza fiskalak hasiera batean onetsi ondoan (2006ko 132. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, azaroaren 3koa) 30 eguneko legezko epean inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu ez duenez gero, ordenantza horiek behin betikoz onetsirik gelditu dira ondoko testuarekin bat:

LIZENTZIAK EMATEAGATIK ETA HIRIGINTZAKO BERTZELAKO JARDUKETAK EGITEAGATIK ORDAINDU BEHARREKO TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALA

Oinarria

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100.5.h) artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babespean ezarri da ordenantza hau.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Zergapeko egintza hirigintzako jarduketei dagozkien zerbitzu tekniko eta administratiboak ematean datza, etxegintzari eta lurzoruaren erabileraren arloko egintzak indarra duten hirigintza eta eraikuntza arauei egokitu ahal izateko.

3. artikulua. Kontzejuak tasa hauei loturiko egiten duena hirigintzako jarduketa hauetan gauzatzen da:

a) Etxe berriak egiteko obren lizentzien tramitazioa.

b) Eraikinak eraitsi eta husteko lizentzien tramitazioa.

c) Lurrak mugitu, zelaitu eta lurrerauzteko lizentzien tramitazioa.

d) Lurzatiketak eta banantzeak egiteko lizentzien tramitazioa.

Salbuespenak

4. artikulua. Tasen ordainketan ez da bertze salbuespenik onartuko Foru Lege honen borzgarren eta seigarren xedapen gehigarrietan ezarriak baizik Foru Komunitateko administrazioaren, mankomunitateen, batasunen eta beraiek sorturiko entitate juridikoen alde aipatu aginduetan aurreikusitako kasuetan.

Subjektu pasiboak

5. artikulua. Zergadun diren aldetik, tasen subjektu pasiboak dira pertsona fisiko eta juridikoak eta nortasun juridikorik gabeko entitateak, unitate ekonomiko bat edo ondare bereizi bat osatzen dutenak, baldin eta zerbitzuak edo lizentziak eskatzen badituzte.

Etxegileak eta obra kontratistak zergadunaren ordezkoak izanen dira.

Zerga ordaintzeko betebeharra

6. artikulua. Orokorrean, zergak ordaintzeko betebeharra lizentzia ematen den unean sortzen da. Uko egiten bazaio, betebeharra lizentzia eskatzen den unean hasten da.

Tarifak eta karga-tasak

7. artikulua. Aplikatu beharreko tarifa, tasa eta karga-oinarriak ordenantza honen eranskinean agertzen dira.

Kudeaketa arauak

8. artikulua. Lizentziak eta planeamenduaren gaineko espedienteak tramitatzeko ardura duten bulegoetatik, espedienteak kontu hartzaileari igorriko zaizkio, udal teknikariek adostasun txostena eman eta lizentzia udal organo eskudunak onartu eta gero. Kontu hartzaileak likidazioa eginen du, eta bertan honako hauek aipatuko ditu: subjektu pasiboaren izena, tasa zer kontzepturen arabera likidatzen den, tarifa eta haren zenbatekoa.

9. artikulua. Proiektu berean dauden obrak, ordenantza honetan ezarritako sailkapenaren arabera, kontzeptu bat baino gehiagori dagozkionean, tasaren zenbatekoa sortuko da tarifetan jarritako portzentajeak edo kopuruak aplikatzetik.

10. artikulua. Aginduzko lizentzia ematen denean, behin-behineko likidazioa eginen da. Haren zerga-oinarria behar den elkargo ofizialak ikus-onetsita aurkeztu den aurrekontuaren araberakoa izan daiteke, edo, aldiz, exekuzio proiektuaren kostuaren arabera, udal teknikarien kalkuluei jarraikiz.

Hasierako proiektua dagokion lizentzia eman ondoren aldatzen bada, lizentzia aldatzeko eskaera aurkeztu behar da, aurrekontu berriarekin batera, behin behineko likidazio berria egiteko, aurrekontuan izandako aldaketaren arabera, lehenbizikoa gainditzen duen kopuru berean.

Aipatutako kostua Udaleko edo Kontzejuko teknikariek aztertuko dute eta errealitateari ez zaiola egokitzen ikusten badute, egokitzen saiatuko dira. Behin-betiko likidazioa eginen da eta onesteko aurkeztuko.

Partikularraren aldeko diferentziarik izanez gero, itzuli eginen zaio; Kontzejuaren aldekoa bada, berriz, hura ordaintzeko hilabeteko epea emanen zaio. Ordaintzen ez badu, premiamendu bidera eraman eta han kobratuko zaio, bertzerik gabe.

11. artikulua. Ez dira tasaren zerga-oinarriaren zati izanen bertze elementu batzuk, hala nola, altzariak eta bertze, ezta obra proiektuan funtsezko ez diren bertze batzuk ere.

Ordenantza honen eranskinean erraten denaz gain, tasaren ezarpen oinarriaren zatitzat hartuko da barne urbanizazioaren proiektuaren zenbatekoa, aurrekontua eguneratua dagoela.

12. artikulua. Tasen likidazioa onetsi eta gero, interesatuari jakinaraziko zaio, erregelamenduzko epean tasak ordain ditzan.

Arau-hausteak eta zehapenak

13. artikulua. Hona hemen ordenantza honetako arau-hauste bereziak eta haien kalifikazioa:

a) Arau-hauste soila. Lizentzia onartua izan gabe obrak abiatzea, baina hura eskaturik izatea ordenantzek eta gainerako xedapenek eskatzen dituzten baldintza guztiekin.

b) Arau-hauste larria. Udal administrazioari egindako obrek balio handiagoa dutela ez jakinaraztea eta haien aldaketen edo aurrekontuen aldaketaren berri ez ematea.

Obrak lizentziarik gabe egitea edo abiatzea.

Karga-oinarria zehazteko funtsezko ezaugarriak aitortzean faltsukeria egitea.

14. artikulua. Gainerako arau-hausteetan eta zehapenei dagozkien guztietan, ordenantza fiskal orokorrari eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 93. artikuluan eta ondokoetan xedatutakoari jarraituko zaio.

Hirigintzako txostenak

15. artikulua. Partikularrek eskatzen dituzten obra lizentziak direla-eta dagokion organismoaren iduriko beharrezkoa baldin bada fakultatiboen txostenak eskatzea, behar den minuta kobratuko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa._Ordenantza honek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan eta ondokoetan ezarritako legezko izapideak bete ondoan hartuko du indarra.

Bigarrena._Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, Ordenantza fiskal orokorra, martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, uztailaren 6ko 6/1990 Foru Legea eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenak aplikatuko dira.

TARIFEN ERANSKINA

1._3. artikuluko a), b), eta c) idatz-zatien tarifa exekuzio materialaren aurrekontuaren %1 izanen da, zerbitzu-sari profesionalak barne eta BEZa kanpo.

Arestikoagatik ere, gutieneko tarifa bat ezarri da lizentzia bakoitza tramitatzeagatik, 12 eurokoa.

2._3. artikuluko d) idatz-zatia. Espediente bakoitzari lizentzia emateari dagozkion tasak likidatuko dira banantzen den finkaren azaleraren arabera, banantze hori lurzatiketa, birzatiketa edo batasunaren ondorioz bada, betiere ondoko tarifen arabera:

a) 5.000 metro koadro bitarteko lurzatiak: 30 euro.

b) 5.000 metro koadro baino gehiagoko lurzatiak: 42 euro.

3._Etxebizitza partikularren fatxadetan argien instalazioak desmuntatzea eta berriz ere muntatzea. 10 euro/metro lineala.

Olaguen, 2006ko abenduaren 20an._Alkate kontzejuburua, Araceli Eleta Larráyoz.

Iragarkiaren kodea: L0620495