10. ALDIZKARIA - 2007ko urtarrilaren 22a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

AZUELO

Azueloko bide publikoen erabilera arautzen duen udal ordenantza. Behin betiko onespena

Azueloko Udalak, 2006ko urriaren 7an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Azueloko bide publikoen erabilera arautzen duen ordenantza.

Onespenaren erabakia 2006ko 134. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, azaroaren 8an, eta jendaurreko epean ez da alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Azuelon, 2006ko abenduaren 22an._Alkatea, José Ignacio Crespo Vicente.

AZUELOKO BIDE PUBLIKOEN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Oinarria.

Ordenantza hau ezarri da Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legearen 25.2.B artikuluan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 29. artikuluan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan xedatutakoari jarraikiz.

Hemendik aitzina ibilgailuek Azueloko udalerriko bideetan bete beharko dituzten arauak ezartzea du xede ordenantza honek.

Landabideetako eta oihan-pistetako erabilera publikoa gero eta handiagoa denez, haien erabilera arautu beharra dago, hiru xede lortzearren:

_Azueloko natur ondarearen balioak zaintzea.

_Erabilera egokia bultzatzea haietan dabiltzan guztien artean.

_Erabiltzeko moduan edukitzea.

2. artikulua. Xedea.

Azueloko udal mugapean, bide publikoetarako arauak ezartzea du xede ordenantza honek.

3. artikulua. Bide motak eta definizioak.

Bide publikoak dira jende, ibilgailu eta animalien joan-etorrietarako lur publikoak, baita haien inguruko eremuak ere, ura garraiatzeko edo beste helburu batzuetarako erabiltzen direnak, hala nola, aparkalekuetarako eta abar.

Ordenantza honi dagokionez, honela sailkatzen dira bide publikoak:

a) Lurzatien berrantolamenduko bideak: lurzatiak berrantolatzeko prozesuen ondorioz sortzen direnak; harea eta legar trinkotuaz eginak izateaz gain, dagokien planimetrian agertzen dira.

b) Gainerako bideak: udalerriko beste bideak, lurrezkoak eta planimetrian agertzen direnak, baita lurzatiak berrantolatzeko prozesuetan sartu ez direnak, edo sartuak izanik aurrera eraman ez direnak.

c) Oihaneko bideak: arboladietara edo larreetara iristeko sarbideak, haiek zaindu, kontserbatu eta ustiatzeko direnak.

4. artikulua. Aplikazio eremua.

Ordenantza hau Azueloko udal mugapeko bide publiko guztietan aplikatuko da, baita areka eta gainerako azpiegituretan ere, bide publikoetan ibilgailuen joan-etorrietarako behar badira.

5. artikulua. Erabilera baimenduak.

Bideak erabil daitezke udalerrian dauden nekazaritza, abeltzaintza, oihangintza, industria edo aisiako jarduera guztietarako; betiere, ordenantza honetan ezarritako mugekin.

Bideetan erabiltzen ahal diren ibilgailuek trafiko arloan indarra duten xedapenen arabera zirkulatzeko baimena behar dute, baita hertsiki bete ere pisuaz eta tamainaz ezarritako zehaztapenak.

Udalak, salbuespen gisa, baimena ematen ahal du ibilgailu motordunen inguruko lehiaketa ofizialetarako eta turismo jardueretarako, taldeek edo entitateek antolatuak direnean.

Seinalerik ez duten bidegurutzeetan, trafikoari buruzko arau orokorrek aginduko dute eta, beraz, eskuinetik dabilenak izanen du lehentasuna.

6. artikulua. Mugak.

Muga hauek ezarri dira bideetan dabiltzan ibilgailu motordun guztientzat.

a) Pisua, gehienez ere: 30 tona.

b) Abiadura, gehienez ere: 30 kilometro orduko, ibilgailu berezientzat; 40 kilometro orduko, gainerako ibilgailuentzat; aldiz, bide estuetan edo malda gehiegizkoetan, 20 kilometro orduko.

Ur ibilguen gaineko pasabideetan muga ezartzen ahalko zaio pisuari, beharrezkoa balitz, kasu bakoitzerako gehieneko tona kopurua finkatuta.

Lehentasuna dute nekazaritzan eta abeltzaintzan dabiltzan ibilgailuek gainontzekoen aldean. Nekazaritzako ibilgailuak gurutzatzen direnean, karga handiena duenak izanen du lehentasuna.

7. artikulua. Erabilera debekatuak.

Azueloko bide publikoen azpiegituretan erabilera hauek espresuki debeku dira:

a) Bideetan dabiltzan ibilgailuen pisuari edo tamainari ezarritako mugak gainditzea.

b) Lurzatien berrantolamenduko bideetan, arekak eta bide publikotik erabiltzen ez den tartean landatzea.

c) Lurzatiak lantzen direnean, nekazaritzako makineriarekin bidera ateratzea itzulia egitera.

d) Ezpondak hondar-hondarreraino lantzea, lubetaren lurra erauzita.

e) Arbolak landatzea edo finken itxiturak egitea, bidearen kanpoko ertzetik hiru metroko zortasun eremua gorde gabe, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 112.2 artikuluan xedatuarekin bat.

f) Lasto metak egitea areketatik 4 metro baino gutxiagora edo finken sarreretatik hurbil.

g) Harriak eta nekazaritzako hondakinak (aihenak etab...) botatzea bide, areka eta erretenetara.

h) Areka eta hustubideetatik hurbil nekazaritza lanak egitean, haietara lurra bota eta estaltzea.

i) Debeku da nekazaritzako lurzatietako euri-uren azaleko saneamenduak beste bide edo lurzatien sarbideetara ateratzea, zuzenean erretenetara eraman behar baitira.

j) Hodiak estaltzea, areka gaineko pasabideeak barne.

k) Finketako ura ezpondetara ateratzea redajoen bidez; luiziak izanez gero, Udalak kenduko du lurra jabearen kargura.

l) Nekazaritzako hondakinak (aihenak, etab.) bide, areka edo erretenetan erretzea.

m) Lanabesak edo beste edozein makineria garraiatzea, bideetako zolaren kaltetan bada.

n) Udalerriko bide publikoetan jende, ibilgailu eta abarren joan- etorria erabat edo parte batean trabatzea.

ñ) Finketako harriak arekan botatzea.

o) Edozein lehiaketa, lasterketa edo jarduera turistiko motordun, non ez dagoen Udalaren baimena.

8. artikulua. Muga eta debekuen salbuespenak.

Erakunde eta entitate publikoek agindutako lanak direnean, ibilgailuek ez dute baimenik beharko beren eginkizunetan ari badira.

9. artikulua. Baimenak.

Ordenantza honetako mugetako bat hautsi behar bada, jarduera egin gogo duenak Udalari baimena eskatu beharko dio.

Kasu bakoitzean, eta jarduera, bideak erabiltzeko urte sasoia, baimendu behar diren ibilgailuak, etab. nolakoak diren, Udalak egoki iruditzen zaizkion mugak eta fidantza osagarriak ezarriko ditu.

10. artikulua. Baimenak ematea.

Eskabideak ikusita, Udalak onartu edo ukatu eginen du baimena, erabili beharreko bideetan sortzen ahal diren arriskuen arabera.

Baimenak urtebete iraunen du, salbu eta lan publiko baten esleipenaldirako eskatzen bada.

Baimen guztiek fidantza edo abal bat jartzera behartuko dute; Udalak bideen gain zenbatesten duen arriskuaren arabera kalkulatuko du, eta itzuliko da, hasierako egoera berreskuratuta, bidea kalterik gabe dela egiaztatzen denean.

11. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak.

Hauek dira finken erabiltzaile eta/edo jabeen betebeharrak:

a) Finketara sartzeko areka gaineko pasabideak jarri, aldatu edo handitzeko, Udalari eskatu beharko zaio eta baimena eskuratu. Eragiketa horiek partikularraren kontura eginen dira; hormigoizko hodiak jarriko dira, 40 cm-ko diametrokoak, gutxienez.

b) Areka gaineko pasabideak eta finketako arekak garbi mantentzea, ura aise pasa dadin.

c) Edozein inguruabar dela-eta, areka edo erretenak betetzen edo zikintzen badira, finkaren jabeak eta/edo erabiltzaileak izanen du haiek garbitzeko ardura, eta zehapena ezarriko da hala egin ezean.

d) Azueloko bideetan ibili nahi izanez gero, abiadura bideen egoerari eta haien ezaugarriei egokitu beharko zaie; ibilgailu berezirik, ibilgailu motelik, azienda saldorik edo oinezkorik agertuz gero, abiadura mantsotuko da, are gehiago idorraldietan, hautsa metatzen baita, bideetako goiko geruza desagertu ez dadin.

e) Bide bat konpondu, moldatu edo egokitu ondoan, bide publiko horretatik beren lurzatietarako sarbideak trabaturik edo hautsirik dituzten jabe guztiek hilabeteko epea izanen dute haiek konpontzeko.

12. artikulua. Arau-hausteak.

Arau-hausteak dira, indarrean diren xedapenetan ezarritakoez gain, ordenantza honetan xedatutakoa ez betetzea, Udalak edo alkateak idatziz edo bandoen bitartez agindutakoa ez betetzea, eta ordenantza honetan ezarritako baimenak ez eskatzea.

Arau-hausteak arinak edo larriak izan daitezke.

Arau-hauste arina izanen da: ordenantza honetan xedatutakoaren aurkako ekintza edo omisioak, baita Udalak edo alkateak idatziz edo bandoen bitartez agindutakoaren kontrakoak ere, eta ordenantza honetan aurreikusitako baimenak ez eskatzea.

Arau-hauste larria izanen da: ordenantza honetan xedatutakoa urratzeaz gain, pertsonei edota ondasunei ondorio ekonomiko txarrak ekartzen dizkien edozein ekintza edo omisio.

Beraz, besteak beste, bide baten ezaugarriak, haren planimetrian agertzen direnak, aldatzea arau-hauste larritzat hartuko da.

Halaber, arau-hauste larritzat hartuko da nekazaritza edo abeltzaintzako ustiategi bateko nahiz enpresa bateko kideek hiru arau-hauste arin bi urteko epean egitea.

13. artikulua. Zehapenak.

Arau-hauste arinei isuna ezarriko zaie, gutxienez 60 eurokoa eta gehienez 150ekoa.

Arau-hauste larriei isuna ezarriko zaie, gehienez ere 600 eurokoa, gehi kaltea konpontzeko behar diren gastuak.

Isunak ez badira borondatez ordaintzen, premiamendu bidez ordainaraziko dira.

Zehapen espedienteak ofizioz irekiko dituzte bai Udalbatzako kideek bai goragoko agintariek bai salaketa bidez. Izendatutako udalkideek, arau-haustea egiaztatutakoan, salaketa-orri bat jaulkiko dute eta hasiera emanen zaio zehapen espedienteari. Udalak osoko bilkura batean izendatzen ahal du nork hartuko dituen eginkizun horiek bere gain, aldi baterako edo betiko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena._Ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan, indarrean diren xedapenetan ezarritakoa aplikatuko da. Udalbatzak argituko ditu ordenantza honen interpretazioaz sor daitezkeen zalantzak.

Bigarrena._Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko guztiak sortuko ditu, haren testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoan.

Iragarkiaren kodea: L0620317