10. ALDIZKARIA - 2007ko urtarrilaren 22a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

351/2006 EBAZPENA, azaroaren 21ekoa, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Fiteron 5 kW-ko 198 sorgailuko eguzki-parke fotovoltaikoa instalatzeko, Ingurumen ukipenen azterlanarekin bat. Parkeak 9,47 hektareako azalera izanen du, eta sortutako energia lur azpiko linea elektriko batetik eramanen da, han dagoen bide batetik. Sustatzailea Tudela Solar, S.L. enpresa da.

Jarduera hori Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 2.C eranskineko I) atalean sarturik dago. Beraz, Ingurumeneko ukipenetarako baimena behar du.

2006ko ekainaren 1ean Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuan sartu da goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera.

Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean, 28. artikuluan, ezarririk dago Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak ebazpen arrazoitua emango duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeko, eskaria aurkezten denetik lau hilabeteko epean.

Aurretik aipatutako martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeak, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzkoak, 25.2 artikuluan ezarri du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere jasoko duela, hirigintzako legediaren arabera hori ere eskatu behar den kasuetan.

Otsailaren 11ko 243/2006 Ebazpenaren bidez espedientea jendaurrean jarri zen, 2006ko 105. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, irailaren 1ean.

Jendaurreko aldian, "Gurelur, Fondo Navarro para la Protección del Medio Natural" elkarteak aurkeztutako alegazio bat jaso da. Bertan aipatu dute Ingurumen ukipenen azterlanean ez dela batere zehaztu animalia eta landare espezie berezien presentzia, aireko linea elektrikoaren eragina eta itxiturak animalien mugimenduan zer eragin izanen duen. Alegazioei erantzunez, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak jakinarazi du dauden landare eta animalien behar bezalako azterketa egin dela, eta egiaztatu dela jarduketa eremuan ez dagoela ez mehatxatutako landare bereziei ez habiak egiteko guneei kalte egiteko arriskurik. Energia ateratzeko aireko linea elektrikoari dagokionez, ez dago halako eraginik, baimena eskuratzeko baldintzetan azaltzen baita lurpean egonen dela linea hori. Gainera, itxiturako sareak neurri ertain eta txikiko animaliak pasatzeko moduko begiak izanen ditu.

Ikusirik Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren eta Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuaren txostenak, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak irailaren 27ko 537/2005 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Fiteron 5 kW-ko 198 sorgailuko eguzki-parke fotovoltaikoa instalatzeko, Ingurumen ukipenen azterlanarekin bat. Parkeak 9,47 hektareako azalera izanen du, eta sortutako energia lur azpiko 700 metroko linea elektriko batetik eramanen da, han dagoen bide batetik. Sustatzailea Tudela Solar, S.L. enpresa da. Ingurumenari dagokionez, proiektuak honako baldintzak bete beharko ditu:

_Ukituko dira, bakarrik, zimentazioak eta kanalizazioak egin ahal izateko ezinbestean ukitu behar diren eremuak; ahalik eta lur mugimendu gutxien egin beharko dira eta ez da inguruko topografia aldatuko. Lurzatien eta bertako landarediaren arteko bereizketa ezpondak mantendu egin beharko dira.

_Obra bukatutakoan landare tratamendu egokia egin beharko da, lurzoruaren higadura murrizteko helburuz. Tratamenduak egin beharreko jarduerarekin bateragarri izan beharko du, eta obrak ukitutako eremu guztiak berriz landareztatu beharko dira, Ingurumen ukipenen azterlanean zehaztutako hazi nahasketa erabiliz. Berriz landareztatu aurretik, Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertu eta Lehengoratzeko Atalean jakinarazi beharko da, gutxienez 48 ordu lehenago (telefono zenbakiak: 848 42 14 86 / 848 42 49 05).

_Gainera, landare pantaila bat egin beharko da, eguzki sorgailuak izanen diren lurren perimetroan, eguzki plantak eremu horretan ekarriko duen begi-inpaktua ahalik eta gehien murrizteko. Pantaila Ingurumen ukipenen azterlanean zehaztutako espezieek osatuko dute.

_Inguruko hesia ugaztun txikiak pasatzeko modukoa izanen da; beraz, beheko aldean horretarako toki nahikoa utzi beharko da (10 zentimetro inguru).

2. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu (lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura), hirigintza arloko honako baldintzekin:

_Hesiak hiru metroko bide-zorra utzi beharko du inguruan dituen bide publiko guztiekin.

_Zangak eta zimentazioa egiterakoan, zorupean horren berririk izan ez eta aztarna arkeologikoren bat agertuko balitz, gogoan izan horren berri eman beharko duzuela, berehala, Nafarroako Gobernuko Ondare Historikoaren Zerbitzuan, Ondare Historikoaren alorrean indarrean dagoen legeriarekin bat (Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/85 legeko 43.3 eta 44. artikuluak).

_Nolanahi ere, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik, bai proiektuan aurreikusten diren ekintzetarako, eta bai egin asmo diren instalazio eta jarduerek ukitu ditzaketen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta bide-zorrei dagokienez.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 45.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek konpondu edo txikiagotuko direla bermatzeko, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko Foru Legearen 69. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

5. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, Ingurumen Zaintzari, Fiteroko Udalari eta interesatuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2006ko azaroaren 21ean._Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0619952